Esku zuriak kanpora Hegoafrikatik

Joan zen abuztuaren 16an albiste izugarri bat zabaldu zuten albistegi guztiek, gupidarik gabeko eguzki ahaltsu batek mantentzen gintuen lozorrotik esnaraziz: Hegoafrikako poliziak bertako 34 meatzari hil zituela aipatzen zuen berri izugarri hark. Albistearekin batera eskaini ziguten bideoan garbi-garbi ikus genezakeen poliziak, zuriak gehienak, greban zeuden meatzariak nola hiltzen zituzten banan-banan ehizean baleude bezala.

Langileek bi aste zeramatzaten platinoa lurreko erraietatik atera gabe, haizetan, meategiko inguruko lurraldeetan eserita jornal igoera eskatzen, ez baitzaie jateko ere iristen, bada, tiroz isildu nahi izan zituzten.

Apartheid –bazterketa afrikaner hizkuntzan– garaiko legea berrezarriz –hilketaren lekuan zegoen edonor hiltzailea zela leporatuz– poliziak 260 meatzari espetxeratu zituen beren lankideen heriotzaren erantzule bezala harturik.

Horrela bat-batean ohartu gara XX. mendeko erreboltarik justuenetako bat ez dela amaitu oraindik. Hala ere, irailaren zortzian ehun bat preso aske utzi zituen kargurik gabe Hegoafrikako Gobernuaren presidenteak. Orain,  Zuma presidenteak meatzariak espetxeratzeko agindua eman zuen fiskala auzipetzeko eskaera egin beharko du, akaso.

Bere 100. urteurrena ospatu duen ANCek –Afrikako Kongresu Nazionalak– apartheida une gogorrenean zegoenean nahitaezko jokabide historikoa izan zuen Nelson Mandelaren zuzendaritzapean, baina ez du jakin izan bazterketaren aurkako helburuak azkenetaraino eramaten, oraingoz behintzat. Azken hemezortzi urte hauetan aginte ekonomikoa zurien eskuetan geratu baita.

Gogoratu ANCen baitan alderdi politiko bat baino gehiago batzen direla, joera desberdinetako pentsaerak elkarturik.

Nire ustez memento odoltsu haietan Nelson Mandelaren lehentasun garrantsitzuena Hegoafrikako gehiengoentzat botere politikoa lortzea izan zen, joera desberdinak, zauri ikaragarriak areagotu ez zitezen.

Hala ere, hemezortzi urte hauetan apartheid ekonomiko eta soziala ukitu gabe geratu da, errekurtso gehienak, aberastasunak, gutxiengoak diren zurien esku ilunpetsu, madarikatu, krudeletan geratu dira.

Winnie Madikizela-Mandelak, Nelson Mandelaren emazte ohiak, 2010eko ekainean argi esan zuen botere ekonomikorik gabe ez zegoela askatasun politikorik.

Madikizelak Soweton –Johannesburgoko langile auzoa– bizitzen jarraitzen du. Bera izan zen, Nelson Mandela eta ANCko beste buruak espetxeratuta edo erbesteratuta zeudela, apartheiden aurkako borroka aurrera eraman zuena, askotan bere bizitza eta alabena arriskuan ipiniz. Guztiz txundigarria da, Nelson Mandelaren irudia begirune handiarekin erakusten diguten bitartean, emakume ausart, borrokalari honen etxura aldiz, deabrutua ezagutarazi nahi dutela, mendebaldeko komunikabideek behintzat.

Hegoafrikarrek bazterketaren beste erronka bat daukate orain aurrez aurre. Ekonomia neoliberal hau errotik aldatzea.

Platino meategiaren jabe den Britainia Handiko Lonmin enpresak sua piztu du, grebalariak erail eta bizirik geratzen direnei eguneroko bizitza duina ukatuta.

Bakoitzari berea ematea da bake guztien oinarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude