"Txikitatik ikasi eta ikasi, baina ekintza ere behar da"

  • Kapitalismoak garaitutako mundu batean Etchegaray anarkista zaharra, Vilenkin militantea eta sandwich lantegi batean lan egiten duen poeta ekintzara pasa dira. Pertsonaiok erabilita bost lan labur argitaratu zituen fanzineetan Irkus M. Zeberiok (1982, Donostia) eta hau lehen lan luzea du: Jean-Baptiste Baigorri 1, Cramond Island. 36 orrialde, 4 kolore eta 2.000 aleko edizioa Baigorri poetak koldarkeriatik ekintzara ematen duen jauzia kontatzeko.

Santa Klara uhartera doa Zeberio, Baigorri Cramond Islandera doan bezala.
Santa Klara uhartera doa Zeberio, Baigorri Cramond Islandera doan bezala.

Etchegaray nor da?

Bigarren Mundu Gerrako anarkista bat, heroi bat. Konspirazio talde batekoa da eta ekintzaile berrien bila dabil. Jean-Baptiste Baigorriren amona talde hartan egon zen. Gero burua zentratu zuen eta taldetik alde egin zuen. Halere, Etchegaray eta Baigorriren amona lagunak dira.

Amonak iloba galduta ikusten du, Baigorri poeta da. Sos gutxi irabazten du. Amonak zerbait egitera bultzatu nahi du eta talde anarkistan sartuko du.

Baigorrik sandwichak egiten ditu infernuan. Infernua infernua da?

Ez. Infernua lantokia da. Metafora bat da. Autobusaren azken geltokiak infernu du izena. Esklaboen lan-kontratua du. Halako kritika bat da. Nire alter egoa da Baigorri. Edinburgon bizi nintzenean lan hori nuen.

Edinburgoko fabrikan katu janaria jartzen zenuen sandwichetan?

Ez, kar, kar. Baina bertan egiten genuen zopak pixa zirudien, eta enpresaburua Arzak gisa ikusia zegoen ia. Catering enpresa bat zen. Han ikusi nuen, immigrantea nintzenez, zer zen immigrantea izatea. Hango gazteak ere ikusi nituen, hemen 1990eko hamarkadan bezala, behin-behineko lana eta prekarioa egiten zutela. Komikia egiteko irrika piztu zidan. Komikiko Cristof bera existitzen zen; hango puteatua zen. Eta gustatu zitzaidan, ez puteatua egotea, bere izaera eta nortasuna baizik.
 

Pentsatu nuen baldintza txarretako kontratuak esklabotza direla. Gaur egun legeari buruz ere asko hitz egiten da. Esaterako SATekoek (Andaluziako Langileen Sindikatua) Andaluzian egin duten ekintza poetikoan gertatzen ari da. Supermerkatutik janaria hartu dute. Zer da desjabetzea edo lapurreta? Egiten duzuna egiten duzula, nola interpreta daiteke? Jendeak dio «hori ilegala da», baina legeari noraino jarraitu behar diozu?

Legeez ari garela, Cristofek Bibliako aipuak esaten ditu. Hala egiten zuen?

Ez, baina oso kristaua zen. Poloniarra zen eta alde hori erabili nuen komikirako. Kristoren esaldi ezkertiarrenak hartu nituen, gertakizunean ondo sartzen zirenak. Gainera Cristof ez da piztu oraingoz. Oso esklabo da, psikologikoki menperatuta dago. Orduan txori bat etorri zaio, Cristofek uste du Jainkoa dela eta harreman bipolarra dute, eskizofrenikoa. Ez dakigu txoria existitzen den edo proiekzioa den. Txoriak errieta egin dio: hau egin, bestea pentsatu. Komikiko beste barne istorio bat da.

Hasieran Cristofen barne ahotsa garrantzitsuena da, gerora txoriak hartzen du indarra...

Bai. Komikian 36 orri daudenez ezin izan dut eboluzio handirik egin, baina hiru edo lau orrialdetan ikusten da nazkatzen hasi dela.

Bi pertsonaiak dute barne ahotsa: Cristofek eta Baigorriren bikotekideak.

Nire nahia zen. Tira. Hau ikerketa da niretzat. Ni ez naiz eruditua. Ez naiz ikuspegi marxistan aditua. Ez nekien ildo nagusia hasieratik komunista ala anarkista izango zen. Eta Bibliarena ere sartu nahi nuen –kristaua ez naizen arren– interesatzen zaizkidalako esaldi ezkertiarrak. Cristofek agian ez du Biblia behar bezala irakurri. Eskuindarrek ez dakit nola irakurtzen duten Biblia. Agian gaur egun Jesus kartzelan egongo litzateke. Gero ez nekien Marx edo Bakunin jarri. Eta azkenean Marx jarri nuen, komunismoaren aita... edo semea. Agian aurrerago agertuko da Bakunin.

Hasieran Marxen begiak azaltzen dira neskaren titietan. Titiak begiak dira finean. Eta gero ahotsa eta aurpegia agertzen dira. Neskak ez daki zer gertatzen zaion barrutik eta azti batenera doa. Urduri dago. Aztiak barnekoa atera nahi du, demonioa duela uste du, madarikatuta dagoela, baina berez Marx da.

Biblia irakurri zenuen propio?

Teknika internauta daukat. Buruz esandakoak edo aipuak Wikipedian begiratzen ditut batzuetan. Eta irakurritakoa gustuko badut handik jarraitzen dut istorioa. Edo alderantziz, egiten ari naizen istorioa Googlen bilatzen dut.

Baigorrik ez du barne ahotsik?

Ez. Den bezalakoa da. Poeta da, baina ez du ezer bukatzen. Etxean egiten du lan. Bizi erosoa du, lan gogorraz aparte, eta larritasun momentuetan ateratzen zaio poesia eta balio duena erakusten du. Nire ustez hori gertatu da gure belaunaldian, asko ikasi eta gero langabeziara. Porrot sentimen handia dago. Eta txikitatik ikasi eta ikasi, baina akzioa ere behar da.

Adibidez, biolentzia erabil daiteke edo ez? Euskal Herrian gaia landuta dago, baina Occupy Wall Streeten berriro atera da eztabaida. Komikikoek akzio poetikoak egiten dituzte, baina Agatha Vilenkin biolentziaren alde dago. Norbait haiek hiltzera etorriko balitz nola salbatuko ditu biolentziarik gabe? Etchegaray nahiko txoriburua da eta Baigorri hasiberria.

Hau egiten ari nintzela lagun batek Mark Legasse aipatu zidan eta biografia irakurri nuen. Doctor Etchegaray bere antzekoa zela ikusi nuen. Anarkista, naif xamarra. Lucio Urtubiaren dokumentala ere ikusi nuen eta Stu, irlako tipoa, hasieran Lucio deitzen zen. Baina gero pentsatu nuen, zer egiten du Luciok Eskozian bizitzen. Stu deitzen bada ere, berez Lucio da.

Stu izena Stuart Christie anarkistaren omenez jarri nion. 18 urterekin Madrila joan zen Franco akabatzera. Baina atxilotu zuten. Orain argitaletxe bat dauka, editorea da. Berarekin harremanetan jarri nintzen, komikia irakurri zuen. Kontentu jarri zen.

Halako beste pasadizo bat gertatu zait Vilenkinekin. Abizen arraroa da, Ukrainakoa. Pertsonaia egin ondoren Vilenkin nirekin harremanetan jarri zen. Esan nion Alexander Vilenkin ikusi nuela “Redes” programan, unibertso anizkunei buruzko saioan. Istorio bat egiteko oso interesgarria. Haren alabak gutuna bidali zidan e-postaz, kasualitatea. Ea norengan oinarritu nintzen galdetu zidan.

Baina nola aurkitu zintuen?

Beste komiki bat egin nuen letoniar fanzine batean, Le jardin de mademoiselle Vilenkin, eta hori ikusi zuen. Praktikatzeko istorioa zen, hemengo pertsonaiak daude: Jean-Baptiste, Agatha eta Etchegaray.

Kapitalismoak irabazi duen egoera azaltzen duzu. Baina halere badaude bortizkeria erabiltzen duten eskuin muturrekoak. Nortzuk dira?

Poliziak, CIA, zerbitzu sekretuak. Haietako batek arrano inperiala du buruan, laguntzailea ere badu. Umoristikoa da, bikoteek funtzionatzen dute.

Baigorrik buru txiki bat darama idunekoan. Hartatik indiar baten espiritua ateratzen da. Zer da, alde mistikoa?

Kar, kar. Ez naiz batere mistikoa. Shuar hizkuntza hitz egiten du, jibaroen hizkuntza. Jibaroek gerra irabazten zutenean galtzaileen burua hartu, txikitu eta lepoan jartzen zuten, besteen alde onak berenganatzeko. Amonak jibaro burua eman dio Jean-Baptisteri, eta horri esker salbatzen du.

Amonak laguntzen du baina Baigorri ez da bere burua defendatzeko gauza.

Hala da. Horregatik du jibaroaren burua. Esaldiak shuar hizkuntzan daude, umeentzako eskuliburu batetik atera ditut. Uste dut «oilaskoa patatekin» esaten duela.

Ez duzu shuar hiztunen feed-backik jaso, ezta?

Ez. Kar, kar. Hizkuntza galtzen ari da.

Emakume potoloa ere hor da, enpresaburua.

Bai. Istorioak nahasten ditut, ez zen nire enpresaburua. Hasieran potolo, gero argal agertuko da, operatu ostean. Ezagun bat da. Operatu ostean esaten zuen polit zegoela, baina nazkagarria da. Azala zintzilik zuen. Gainera ez zitzaidan atsegin.

Kontrapuntuzko esaldiak erabiltzen dituzu. «Jainkoen liburua pertsonek idatzi dute» adibidez.

Bai. Jainkoa berez ez da kristaua. Hasieran oso marxista egin nahi nuen, ez nekien oso ondo nola, baina alde mistikoa sartu dut azkenean. Ondo etorri da. Jainkoa tarteko.

Cramond Island zer da?

Eskoziako uharte bat, Edinburgotik iparralderantz dago. Marea jaistean joan zaitezke, marea gora ez. Rave jaiak egiten ziren, oso giro anarkista. Bigarren Mundu Gerran arsenala izan zela uste dut. Han bizitako gauzak jarri ditut: bizitoki izan nuen etxea. Patatak jatea gustatzen zitzaidan lekua.

Collagearen sistemarekin eraiki duzu, ezta?

Bai. Ezin ditut gauzak asmatu, oro har. Buru gabeko katua, adibidez, sorgina da berez. Ilbetean sorginaren gorputza berreskuratzen du. Ataungo istorio bat da, aitona Ataungoa dut. Sorginak eta buru gabeko katuak. Hitzaurre gisa erabili dut, komikia hasteko. Hitzaurre amaieran txoria agertzen da. Erlijio zaharra eta berria: paganoak eta monoteistak. Laboaren kanta bat erabili nuen giroa osatzeko: Haize hegoa.

Etsaientzat Baigorri-Etchegaray-Vilenkin kriptokomunistak dira.

Bai argitaletxeak esan zidan hala iraintzen direla ingelesez. Nik gaztelaniazkoa proposatu nuen, COPEn entzuna, “tardocomunista”.

Halako batean, hauxe dio Baigorrik: «lumatik ezpatara pauso bat dago. Prest al nago?». Pausoa eman du komikian?

Modu sinbolikoan bai, akziora pasa da. Bera etxean dago, lasai. Bat-batean abenturen mundua deskubritzen du. Poeta aspirazioak ditu. Zer gehiago poeta batentzat poemak akzio bihurtzea baino?

Ekintzetako poemak nolakoak dira?

Akzio bakarrekoak ikusten dira. Lehen ale hau ez da bere lanaren adibidea oraindik.

«Zergatik egin nahi digute min? Poemak dira, ez besterik» dio Baigorrik. Zergatik?

Gaur egun poemak ez ditu inork irakurtzen. Baina zentzu zabalean sinbolo bat da, hitza albo batera utzi da. Baigorri oso inozoa da «poesia besterik ez dugu egiten» dio. Vilenkinek badaki hitzen potentzia. Occupyn ikusten da, jendeak ez daki funtzionatuko duen, hitz soilak ote diren. «Akzioa egin behar dugu?» dio batek. «Zerbait erreta zerbait lortuko dugu?» besteak.

Sententziak bilatzen ditut askotan. Ikasi beharko dut elkarrizketa irekiak egiten. Kosta egiten zait. Nire erreakzio bat da, eguneroko elkarrizketak sorkuntzarik gabekoak balira bezala sentitzen ditut. Iruzurra balitz bezala. Ikasi behar dut naturaltasunez egiten. Ez dut zertan emaitza eman, nahiz eta joera dudan.

Baigorriren lehen ekintza poetikoan ikusten denez, Eskoziako Bankuko bileteetan erregina gillotinatuta dago eta irakur daiteke «buruei koroa jartzea bezain erraza da koroadunei lepoa moztea», lema ezagun bat da?

Kar, kar. Nik asmatu nuen.

Zergatik da lehen ekintza?

Libertarismoaren sinboloa da. Hemengoa izanda, gai inportantea iruditu zitzaidan, agian han ez zen hain inportantea. Batzuetan gauzak grafikoki ateratzen zaizkit. Ez naiz gogoratzen baina, agian, marrazten hasi eta Isabel II.aren buru moztua atera zitzaidan. Batzuetan istorioa marrazkitik datorkit. Esaldia bukaeran etorri zitzaidan.

Amonak borroka alboratu zuen eta gizartean integratu zen, baina gero bere ilobak borroka jarrai dezan nahi du.

Nik sentitu dudan gauza bat da. Jende asko ezkertiarra zen lehen, trantsizioan, ondoren gero eta gutxiago, agian Euskal Herrian ez hainbeste baina Bartzelonan nabaritzen da. Heziketa politikorik ez izateak armarik gabe uzten zaitu. Orain bat-batean denak ezkertiarrak gara, Acampada Barcelonan adibidez, eta ezagun da hori hasiera besterik ez dela. Hemen ez gaude inoren gainetik, baina halere lehenagotik aipatu izan dira gai batzuk.

Acampada Barcelonako Assemblea de Barrin 60 urteko anarkista bat ezagutu nuen. Hasieran zalantzatia zen. Baina gero jabetu zen denbora utzi behar ziela iritsi berriei, hasieran barregura zuen, pazifismoarekin bereziki. Baina bera ere ohartzen zen bere lanabesak zaharrak zirela. Besteak ez daude prest eta zu garaiz kanpo zaude.

Hurrengo komikia noizko?

Bigarren eta azken atala datorren urtean. Irailerako porno queera egin dut fanzine batean. Orain euskaldun futuristen komiki bat egiten ari naiz, Norvegia Berrian gertatzen da. «Libre eta Tropikala» leloa Norvegiara daramat. Klima aldaketarekin desertua handitu da. Euskaldun bat hara joan da eta Euskal Herrian gelditu den lagun bat dauka. Euskal Herria herrialde sahararren batasunean dago. Etorkizun urrunean dago kokatua, utopia bat da.


ASTEKARIA
2012ko irailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude