Merkatu legeen menpeko irtenbide faltsuak

  • Mundu honetako lurren herena estaltzen duten basoek gizakion erasoa jasan behar izan dute azken mendeetan. Orain, mehatxu berriak ari zaizkie gehitzen aurrez zeudenei. Nazio Batuen Erakundeak, deforestazioari aurre egiteko eta karbono emisioak gutxitzeko xedez, REDD estrategia jarri nahi du abian, baina ingurumen arloko GKE askok ohartarazi du hori ez dela benetako irtenbidea, eta gainera kalte ugari eragingo diela basoetako biztanleei.

Egurra eskuratzea da oraindik baso sailak desagertzearen arrazoi nagusia, baina azken urteetan indarra hartzen ari dira beste batzuk.
Egurra eskuratzea da oraindik baso sailak desagertzearen arrazoi nagusia, baina azken urteetan indarra hartzen ari dira beste batzuk.newnaturefoundation.org
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Planeta honetako bizidunontzat, basoak funtsezko ekosistema dira. Klima erregulatzen dute, biodibertsitate gordailu dira eta urez hornitzen gaituzte, besteak beste. Elikagai iturria ere badira, eta gizakiok, gainera, jateko ez ezik beste hainbat gauzatarako erabiltzen ditugu basoetako landareak: egurra lortzeko, sendagaiak egiteko... WRM elkarteko (Baso Tropikalen Aldeko Mundu Mugimendua) Teresa Pérezek gogorarazi duenez, milioika pertsona bizi dira basoetan, edota basoari esker. NBEren Batzar Nagusiak Basoen Nazioarteko Urte izendatu zuen 2011, eta horren karietara plazaratutako datuen arabera, 300 milioi lagun bizi dira munduko oihanetan, Hegoalde globaleko herrialdeetan batik bat, eta orotara 1.600 milioi lagunek ateratzen dute bizimodua oihan horietatik. “Basoak babestea ezinbestekoa da pertsona horien interesak defendatzeko”, dio Pérezek, “baina komunitate horiek ez dituzte bermatuta beren eskubideak basoekiko. Gobernuentzat, eta basoetan interes ekonomikoak dauzkatenentzat, milaka urtez hor bizi izan direnak kanporatu beharreko arrotzak dira. Haiei egotzi nahi diete deforestazioaren errua, argi dagoen arren arrazoiak beste batzuk direla”. Esperientziak erakusten du, dio Pérezek, bertakoen eskubideak errespetatu diren lekuetan gor de dela ondoen oihana.

Egurraren industria eta meatzaritza dira, WRMko kidearen berbetan, basoen galeraren erantzule nagusiak. FAOk (Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea) egindako txosten batek dio 2000 eta 2010 urteen artean 130 milioi hektarea baso galdu zirela munduan. Frantziako Estatuaren edo Espainiakoaren gainazalaren hiru halako baino zerbait gutxiago. Galera handienak Hego Amerikan eta Afrikan gertatu ziren. Aurreko hamarkadan, 1990etik 2000ra, are gainazal handiagoa galdu zen, 160 milioi hektarea. Basoaren atzerakada moteldu bada ere –eta berehala ikusiko dugu tentuz hartu beharreko datua dela hori–, kopuruak oso kezkagarriak dira FAOren beraren esanetan.

Zer da basoa?

WRMren webgunean irakur dezakegu honakoa: “FAOk dioenez, 2000-2010 tartean baso galera txikiagoa izan zen landatutako baso kopuruak gora egin zuelako. Landatutako zuhaitz sailak munduko baso guztien %7 dira”. Baina WRM ez dago ados FAOk erabiltzen duen basoaren definizioarekin, Teresa Pérezek azaldu digunez: “Orain dela urte batzuk kanpaina bat abiatu genuen FAOk bere definizioa alda dezan. Haientzat, zuhaitzen monolaborantza sailak ere basoak dira, eta horrek hobetu egiten ditu deforestazioari buruzko estatistikak. Baina monolaborantza eremuak ez dira basoak, ez dituzte betetzen basoen funtzio ekologikoak”. Aitzitik, arazoak sortzen dituzte, Pérezen iritziz. Batetik, biodibertsitate galera eragiten dute; bestetik, ur kontsumitzaile handiak dira, eta benetako basoa, aldiz, ur hornitzailea da. Horrez gain, monolaborantza eremu bat jabetza pribatua da. Halako bat landatzeko asmoz lurra erosten duenak aurrez bertan bizi zirenak bota ditzake, eta izan ere halaxe gertatzen ari da munduko leku askotan.

Zuhaitz landaketak mundu osoan areagotzen ari dira, eta deforestazio datuak  zuritzen dituzte. Esate baterako, monolaborantza sailak kontuan hartuz gero, azken urteotan AEB eta Europako baso gainazala handitu egin da, Ekologistak Martxaneko Jaume Grauk dioskunez. Alta, WRMk adierazitako irizpideei jaramon eginez gero, zuhaitz monolaborantza bera da deforestazioaren eragileetako bat. Izan ere, batzuetan oinarrizko basoa –aipatutako funtzio ekologiko guztiak betetzen dituena– erauzten da haren lekuan landaketa egiteko. Helburuak egurra, papera eta, azken urteotan batez ere, bioerregaiak eskuratzea da.

REDD estrategia

Azken urteetan, basoen kontserbazioaren arazoa klima aldaketarekin lotu izan da. Hainbat arrazoi daude horretarako. Jaume Grauk azaldu digunez, karbono dioxido emisioen zergatietako bat –emisio guztien heren bat guztira– deforestazioa da. Lehenik eta behin, deforestazioaren bitarteetako bat basoa erretzea delako. Bestetik, zuhaitzak desagertzean eguratseko CO2-a atzemateari uzten diotelako. Eta hirugarrenik, zoruan milaka urtetan pilatutako CO2-ak errazago ihes egiten duelako atmosferara zoru horrek basoak ematen dion egonkortasuna galdu eta gero.

2005ean aipatu zen lehen aldiz, Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioan, REDD estrategia. Siglen esanahia hau da: deforestazioak eta basoen degradazioak eragindako emisioen gutxitzea. Hiru urte geroago, hasierako ideiari beste helburu batzuk erantsi zitzaizkion: kontserbazioa, erabilpen jasangarria eta basoetako karbono erreserben handitzea. Harrezkeroztik, REDD+ siglak erabiltzen dira estrategia izendatzeko. Momentu honetan ehunka proiektu pilotu daude martxan munduan, denak edo ia denak herrialde tropikaletan, eta epe zehatzik adierazi ez bada ere, espero da oso epe laburrean REDD+ ofizialki abian jartzea. Emisioak gutxitzea eta deforestazioa geldiaraztea helburu txalogarriak dira, baina elkarte ekologista askok uste dute REDDek mesede baino kalte gehiago egingo duela, abiapuntu okerra baitu. Ekonomia ardatz daukan abiapuntua, salatu dutenez.

WRMk bere agerkariaren zenbaki oso bat eskaini zion REDDi, iazko abuztuan. Bertan, kritika zorrotza egiten dio estrategiari. Los pecados del enfoque REDD+ (REDD+  ikuspuntuaren bekatuak) artikuluan diotenez, deforestazioak askoz eragin txikiagoa dauka klima aldaketan erregai fosilen errekuntzak baino, eta gainera, oso eragin desberdina da. “Deforestazioak askatzen duen karbonoa eta erregai fosilek askatutakoa maila berean jartzea premisa faltsua da, klima aldaketaren arrazoi nagusia erregai fosilen konbustioaren gorakada baita. Milioika urtez lur azpian pilatuta egon den eta landareen ziklo naturalean parte hartzen ez duen karbono horrek eragin du berokuntza globala. Deforestazioaren emisioak galarazteak erregai fosilen emisioak konpentsatu ditzakeela esatea gezurrezko argudioa erabiltzea da. REDD karbono iturri bakarraz arduratzen da, bigarren mailako iturria dena gainera, eta ez die heltzen deforestazioaren sakoneko arrazoiei”.

REDD+ estrategiako proiektuek neurketa konplexuak behar dituzte, baso batek zenbat karbono gordetzen duen zehazte aldera. Aurreikusten denez, dirua ordainduko da baso hori kontserbatzearen truke, baina Teresa Pérezek salatu du ez dagoela garbi diruaren mugimenduak nondik norainokoak izango diren. “Ustez, eta hori da REDDen alde erabiltzen den argudioetako bat, basoan bizi diren komunitate pobreek dirua eskuratu ahal izango dute baso hori kontserbatzeagatik, baina egiazki oso zaila izango da talde horiek dirurik lortzea, besteak beste basoko karbono kopurua neurtzea oso zaila delako, eta lan hori nekez egin ahal izango dute bertako komunitateek. Aldiz, Mendebaldeko enpresak izango dira horretaz arduratuko direnak”. Horrek dakarren arazoa da enpresa horiek basoaren jabetza eskuratuko dutela aurrena. Dagoeneko REDDen zenbait proiektu pilotutan behatu denez –ikus goiko koadroa–, ondorioa negargarria da basoetako biztanleentzat, kontserbazioaren aitzakiarekin euren betiko bizimodua egitea eragozten baitzaie.

Basoak pribatizatzeko bidean

Gaur egun, munduko basoen %80 jabetza publikokoak dira, baina REDD bezalako estrategia batek pribatizazioa areagotu dezake. Ekologistak Martxaneko Jaume Grauk ohartarazi digunez, “proiektuetarako diru funtsak borondatearen araberakoak dira. Nork ipiniko ditu sosak? Mendebaldeko gobernuek, dagoen krisiarekin? Ez, enpresek ipiniko dute, baina trukean zerbait irabaztekotan, bestela ez. Besteak beste, Hegoaldean baso bat kontserbatzearen truke Iparraldean karbonoa emititzen jarraitu ahal izango dute, batak bestea berdintzen duelakoan”.

Testuinguru berriak, arazoa moteldu beharrean, handitu egiten ditu Teresa Pérezen iritziz: “Ekonomia berdea kontzeptu berriaren ardatzetako bat basoak izango dira. Basoaren funtzio guztiak merkatugai bihurtu badaitezke, mehatxu berriak gehituko zaizkie dagoeneko existitzen direnei. Baliteke, esaterako, etorkizun ez oso urrunean basoak pribatu bihurtzea bertan dagoen ura merkaturatu ahal izateko”. WRMkoaren ustez, lehentasunezkoa da basoetan bizi direnen eskubideak bermatzea. “Haiei esker gorde da oraindik daukaguna, eta haiek eduki behar lukete basoaren jabetza eta kontrola”. Hori litzateke Pérezen ustez basoen mesederako hartu beharreko lehen neurria, pribatizazio mekanismoak albo batera utzita. Momentuz, ordea, merkatuaren oihana gailentzen ari da.

REDDen adibide bat: Kongo

WRM elkarteak REDD estrategiaren proiektu pilotu biren berri eman zuen 2011ko abuztuan argitaratutako buletinean. Horietako bat Kongoko Errepublika Demokratikoan dago abian, zehazki, Tayna eta Kisimba-Ikobo erreserba naturaletan. Conservation International (CI) GKEa da proiektuaren sustatzailea, Walt Disney konpainiak emandako finantzazioarekin. Zazpi milioi dolar, guztira. Diru guztia ez dagokio Kongoko proiektuari, ordea, Peruko zenbait baso babestea ere akordioaren barruan baitago. 500.000 hektarea baso kontserbatzea da helburua. Horrela, ustez, 900.000 CO2 tona emititzea galaraziko litzateke.

Internetez lortu zitekeen informazioa urriegia zelakoan, WRMko zenbait kide Kongora joan ziren, egitasmoaren nondik norakoak bertatik bertara behatzeko asmoz. Teresa Pérezek gogoratzen duenez, bertakoek ezer gutxi zekiten REDD estrategiaz. “Hitz eman zieten diruarekin eskolak, osasun zentroak eta abar eraikiko zizkietela, baina momentuz ez da horrelakorik gauzatu. Gauzatu den bakarra da ehizarako, landareak biltzeko... lehen sartzen ziren lekuetara sartzeko debekua”. 2009an sinatu zuten akordioa CIk eta Walt Disneyk, baina proiektuaren inpaktua neurtzeke zegoen WRMk bere buletina argitaratu zuenean, horregatik ez zen dirurik inon ageri. Neurketak egiten ez diren bitartean, ez dago ordainketarik. Lehen emaitzak aurten edukitzea espero zuten.

Proiektuaren sustatzaileak bertakoak “sentsibilizatzeari” ekin zioten hasiera-hasieratik. Alegia, basoa kontserbatzearen garrantzia ikusarazi nahi zieten, hark gordetzen duen karbonoa dela eta. Bertako buruzagi bik sinatutako agiri batek frogatzen ei zuen bertako komunitateek aldez aurretik emana ziotela onespena egitasmoari, baina WRMkoek ikusi ahal izan zutenez, onespen hori ez zen hain erabatekoa. Izan ere, buruzagi bi horiek talde askoren iritzia kontuan hartu gabe sinatu zuten onespena. Hala, eskualdeko biztanle ugari aurka agertu dira, REDDen proiektuak beren betiko lur eta basoekiko eskubideak kentzen dizkie eta. Gainera, gardentasun falta salatu dute: bertako inork ez dauka CI eta Walt Disneyren arteko akordioak dioenaren berri zehatzik. Sustatzaileak entzungor agertu dira aldarrikapen horien aurrean, eta ez dute inolako pausorik eman gatazka konpontzeko, WRMren esanetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


2025-03-24 | Irati Diez Virto
Lamia oinak bueltan dira

Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]


2025-03-24 | Garazi Zabaleta
Koloreko
Landareetatik eratorritako ile-koloratzaile natural eta ekologikoak

Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina... [+]


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-24 | Jakoba Errekondo
Ilargiko borda, lurra eta ilintia

Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak 25º12’S 46º31’E dira; inguruan 11 krater satelite ditu. Akizen jaiotako Jean Charles Borda de... [+]


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-19 | ARGIA
“Proiektu honi ez!” Arratzua-Ubarrundiako plataformaren adierazpena

Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan. Izenburu hau darama testuak: "EH Bilduren moketako politika edo Iparra nola galdu".


2025-03-19 | ARGIA
Dimititu egin duten Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek herritarrei zuzendutako agurra

Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.


2025-03-19 | Estitxu Eizagirre
Bizi Baratzea Orria: ARGIAk abiatu duen aldizkari berria, Bizi Baratzea proiektuaren 10. urteurrenean

Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta zabaldu ahala poster handi bat agertuko zaigu barnean. ARGIAk sostengatzen du Bizi Baratzea... [+]


Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria “berdea”

Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude