Baserritik kanporatuak

Sainzigarreneak bizi egin nahi du

  • Hondarribiko Sainzigarrenea baserriak bere jabeen kontra borrokatu beharko du, sasiaren, asunen eta goroldioaren kontrako dema etsian bukatu nahi ez badu. Etxearen jabeek maizterrak bota nahi dituzte, eta hutsik hiltzen utzi. Azken urteetan nagusi berek beraien baserrietan bizi ziren beste hainbat familia ere kanporatu dituzte eta alferrik galtzen utzi dituzte etxaldeak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2012ko uztailaren 15a
Dani Blanco

105 urte eta gero hau. Mari Carmen Gurutxetek, Hondarribiko Sainzigarrenea baserriaren atariko mahaian eserita, atzera egin behar du familiako zuhaitz genealogikoan hona bizitzera noiz etorri ziren esplikatzeko: “Historia 1907an hasten da. Nire aiton-amonak ezkontzen dira eta baserrira etortzen dira. Han jaiotzen dira nire ama eta nire osaba-izebak. Eta gero ama aitarekin ezkontzen da, jaiotzen naiz ni, nire anai-arrebak, denak. Ama baserrian geratzen da aitarekin eta osabarekin. Bost seme-alaba dauzka eta ni geratzen naiz hemen. Gero ni ezkontzen naiz… Guk ez genuen inoiz arazorik izan nagusiarekin; nagusia etortzen zen errenta kobratzera, gustura egoten zen, beti esertzen zen mahai honetan, jaten zituen sagarrak, ibiltzen zen, ikusten zuen negutegia… Oso gustuko gauza zuen eta hilero etortzen zen”. Darabilen hitz egiteko moduak erakusten du ezin sinetsizkoa zaiola bizi duen egoera: hiru belaunaldi bertan hazi dira eta orain, goizetik gauera, kale gorrian gera daitezke.

Baserriaren jabea zen Josetxo Jauregi Laborda gaixotu ondoren hasi zen egoera nahasten, Gurutxetek kontatu duenez. Errenta kobratzeko baserrira ezin igo, eta bera hasi zela kalera jaisten. “Bazuen denda bat eta hilero jaisten nintzen pagatzera. Pagatzen nion, pagatzen nion… eta momentu batean berak esaten dit gehiago ez duela kobratu behar errentarik; eta nik esaten diot errentak pagatu behar direla. Berak lasai egoteko, errentak ez direla pagatu behar. Baina ni errenta guztiak hasten naiz sartzen epaitegian. Eta han egon ziren urte eta erdi. Gero dirua handik atera eta kartilla batean sartu nuen. Eta hilero nire kontutik kartilla horretara joaten zen errenta guztia”.

Duela hiru urte, Josetxo Jauregi artean bizi zela –iazko azaroan hil zen– haren seme-alabak agertu ziren baserrian, Itziar, Isabel eta Juan Jauregi Rodriguez. Kontua gaiztotzen hasi zen. “Esan zuten ni ari nintzela beraien jabetza okupatzen. Nik esan nien ez nuela deus okupatzen, nire ama jaioa zela hemen, ni jaioa nintzela hemen, errenta guztiak pagatzen nituela; eta kartilla erakutsi nien”. Baietz erantzun zioten orduan, baina kontratua egin behar zutela; bi aldeen abokatuak elkarrekin hitz egitekotan geratu ziren.

Epaitegiko laharrak

“Baina abokatuek ez zuten hitz egin. Pasa zen hilabete eta erdi eta deitzen dit semeak, esanez joan behar nuela bere abokatuaren bufetera, han zegoela kontratua eta nik sinatu behar nuela. Eta klaro, ni ez nintzen pasa”. Zer sinatu behar zuen, dio Gurutxetek, ezer adostu gabe baldin bazegoen. “Eta iristen da demanda. Eta demanda horretan esaten didate egin dudala txalet bat igerilekuarekin eta bizi naizela ezer ordaindu gabe”. Negutegirik ez daukala zioen salaketak, ezta baratzerik eta animaliarik ere; laborantza teknikaria inspekzioan etortzen zenean auzotik ekartzen zituztela aziendak itxura egiteko. Funtsean, Gurutxet eta bere familia ez zirela nekazaritzatik bizi, ez zutela ordaintzen errentarik eta lehenbailehen joan behar zutela.

Hortik aurrerako korapilo judizialak asko estutu du Sainzigarreneakoen lepoa. Epaiketa galdu zuen Gurutxetek; sententziaren arabera, bere aurrekoek eduki zuten alokairu mota –Landa Errentamenduen Legeari loturikoa– ezin zaio berari aplikatu, ez omen delako “nekazaritza alorreko profesionala”.  Jauregi familiaren salaketa ontzat eman zuen epaileak, Sainzigarreneara joatea nahikoa den arren ikusteko han lurra lantzen dela eta abereak zaintzen dituztela.

Abokatuak zereginik ez zegoela esan zion eta moldatuko omen zela jauregitarren abokatuarekin, sikiera bizpahiru hilabetez baserrian geratzea lortzeko, gero alde egiteko baldintzapean. Ez ziotenez baserriko animalientzat aterabide onik lortzeko denbora ere eskaini, helegitea aurkeztea erabaki zuen beste abokatu bat hartuta, baina bigarren epaia lehenbizikoa baino mingarriagoa izan da: prozesu judizialeko alderdi tekniko batean oinarrituta, Jauregi familiari eman dio epaileak arrazoia berriz ere; gainera, kalte-galera gisa kobratu dituzte Gurutxetek jasoak zituen errentak. “Nik helegiteekin ez jarraitzeko kentzen dizkidate errenta guztiak”. Epaiaren paradoxa ere seinalatu du: “Beraz, ez naiz maizterra, baina errentak ordaindu ditut” dio suminduta.

Erosteko bidean sasitza

Ez zen halakorik gertatuko familiak baserria erosteko aukera izan balu. Eta zabaltzen ari den zurrumurrua da Jauregi familiak eskaini ziela Sainzigarreneako maizterrei aukera hori, baina uko egin ziotela –erreportajea egiteko galdezka hasita bi iturri desberdinetatik entzun du kazetariak bertsio hori–. Gurutxetek ukatu egin du halakorik eta baserriaren historian atzera egin du, azalpen zehatza emate aldera: “1980an ateratzen da lege bat esaten duena eskubidea dugula baserria erosteko” esplikatu du. Artean, bere aita baserrian bizi zen, eta jabeari behin baino gehiagotan gogorarazi zion etxea erosi nahi zuela. 1982an, baserriaren eta inguruko lurren tasazioa eginda mahaian eseri ziren; horien arabera, orduko milioi eta erdi pezeta balio zuen jabetzak. “Nire aitak esan zion: ‘Zenbat eskatzen duzu?’. Eta berak erantzun: ‘Hamar milioi’. Eta aitak esan zuen: ‘Ez, bost milioi’”.

Prezioa adostu zuten noizbait: zazpi milioitan Sainzigarreneako maizterrak jabe izango ziren azkenik. “Baina tratua ez zen itxi”, dio Gurutxetek. Hiru aldiz errepikatu du hori, ez zutela akordioa ixterik lortu, jabeak saihestu egin zuela baserria eskuz aldatzea, baina “zuek lasai, zuek lasai” esan ziela; antzeko zerbait abokatuak ere, bizi bitarteko errenta zeukatela eta ez kezkatzeko.

Goroldioa, baserriak jaten

Bazen kezkatzeko arrazoirik: orain etxerik gabe geratzeko zorian daude. Beraien egoera ezagutzera eman zenetik Hondarribiko bizilagunen babesa jaso dute Sainzigarreneakoek. Baserriaren etorkizunarekin kezkatuta dauden hainbat lagunek Sainzigarrenea Bizirik plataforma sortu dute eta maiatzetik hona 5.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Gurutxet familiaren alde; kopuru esanguratsua, Hondarribiak 16.000 biztanle dituela kontuan izanda.

Herriko lehen sektorea ikusten dute arriskuan horietako askok, baita Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek ere. Apirilaren 20an aho batez onartu zuten adierazpenak aferaren “aspektu soziala” azpimarratzen du. Baserriko maizterren lanak herriari “onura objektiboa” egiten diola dio adierazpenak eta kanporatze honek Sainzigarreneako nekazal jardueraren amaiera ekar lezakeela, baita baserria bera hondatzea ere.

Susmoa baino gehiago da Udalaren adierazpen horretan jasotakoa, ez baita herriko baserri bateko maizterrak etxetik botatzen dituzten lehenbiziko aldia. Nagusi berdinek, Jauregi familiakoek, antzeko prozedurekin hustu dituzte lehenago beste hainbat etxalde ere. Eta hustu ondoren, belarrak, sasiak eta goroldioak irentsi ditu, inork zaintzen ez dituelako.

Autoa hartu eta Sainzigarrenea inguruko mendi-bideetatik ibiliz gero ez da zaila horietako batzuen egoera zein den ikustea: Bekoborda, Kostonea, Maikinenea... Miserebea baserrian hasi dugu ibilbide desolagarria. Baratzetik hasi eta etxeko eskaileraraino sasiak hartua dago, laharrek etxe parean dauden arbolak ito behar dituzte. Katu gris bat, bisitaren lekuko bakar. Baserriko maizterra, Josefina Amorrortu, prozedura judizialik gabe kanporatu zutela azaldu du Gurutxetek, senarra hil zitzaionean bertan bizitzen jarraitzeko eskubiderik ez zeukala esanda.

Maria Angeles Garmendia Bekobordan bizi izan zen familia bateko hirugarren belaunaldikoa da, baina Sainzigarreneakoei gertatu bezala, Jauregi familiak ez zien etxea erosteko aukerarik eman. “Esan bai, eta gero zer? Gero berriz ere atzera. Esposatu ginen eta hiru edo lau urtera senarrari eskaini zion terreno bat, gure etxea egiteko. Guk etxebizitza bat genuen erosia, eta hura saldu genuen, pentsatuz gizon honek aukera emango zigula”. Baina notaritzara joan ondoren, atzera bota zen Jauregi.

"Ez zen posible ezer egitea. Egun batean hitza alde batera ematen bazuten, ondoko egunean beste aldera, eta azkenerako senarrak esan zuen ‘hortxe geratuko zara ba, baserriarekin’. Eta hor dago, ia erorian”. Bederatzi urte pasa dira orduz geroztik eta Garmendia bizi zen baserria ere egoera oso txarrean dago. Horman gora doan huntzak denborarekin eraikin osoa jan behar duela dirudi. Garmendiaren familia han bizi zen bitartean lan asko egin ziren etxean, denak ere maizterren patrikatik ordainduak. “Ura ere guk sartu genuen baserrian” azaldu du. “Eta etxeko itoginak eta teilatuak eta dena nire senarrak konpondu du”.

Déjà vu

Maikinenea baserriari aurpegia garbitu diote salgai dagoelako, baina lehen begi kolpean antzematen zaio ez duela inork bizi. Bi negutegi handi edukitzen zituen ondoan, baserrian lan egiten zuten maizterrek Eroski supermerkatuari saltzen zizkioten han landutakoak. Bekobordakoek eta Sainzigarreneakoek bezala, Maikineneakoek ere hitz egin zuten Josetxo Jauregirekin baserria erosteaz. Historia bera kontatu digute: tasazioak egin eta prezioa negoziatzeraino iritsi zirela. Gero jabeak atzera egin eta maizter jarraitu zuten. Eta goizetik gauera, kalera. Sainzigarreneakoak orain  pasatzen ari direna duela hamar bat urte jasan zuen Kontsuelok: “Amona bizi zen artean errespetatu gintuzten” azaldu du telefonoaren beste aldetik. “Baina amona hil zen eta zortzi egunera, atera behar genuela esaten hasi ziren, bidali gintuzten arte”.

Saiatu ziren bizilagunekin elkar hartuta zer edo zer egiten, baina ez zuten lortu. “Oraindik denbora bazegoen, baina jendea ez zegoen ados. Abokatua ez genuela hartu behar, txarrean ez genuela ezer aterako; baina onean ere ez genuen ezer lortu. Ezin izan genuen ezer egin”. Baserria garbi utzi behar zutela esan zieten, negutegiak eta denak kenduta. “Egia esatea nahi baduzu, ezin dut hara joan” dio Kontsuelok, baserria nola dagoen ikusteko inoiz itzuli ote den galdetuta. “Atera ginen bezala atera eta gero... Ez, ez naiz izan, nire seme-alabak joaten dira batzuetan, baina nik ez dut batere gogoko”.

Baserri horietako maizterrentzat berandu da honezkero. Ez dira itzuliko urtetan biziz bete zituzten etxeetara. Jabeek lortuko dute agian horiek saltzea; txarrenera, Kostonearen patua izango dute eta hemendik urte batzuetara zaila izango da desberdintzea non hasten den baserria eta non bukatzen den landaretza –ikusi aurreko orrialdeetako argazkiak–. Hondamendi hori epaitegien babespean gertatzen ari da, jabetza pribatuaren eskubidea lehenesten delako eraikinen eta lurren erabilpenak gizarteari ekartzen dion onuraren aurretik. Zerbait gaizki, oso gaizki dabil Sainzigarreneakoa bezalako aferak sortu eta 105 urtez baserria eta bere lurrak zaindu dituen familia inolako babesik gabe, herri-mobilizazioak lor dezakeenaren menpe geratzen baldin bada. Baina hala ere Gurutxetek ez du esperantza galdu. Baserria du bizitza eta bizirik iraun nahi du Sainzigarrenea baserriak ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude