Inork ordainduko al du nire diskoaren truke?

  • Dendara joan, diskoei begiratu bat eman, gustukoa aukeratu eta dendariari ordaintzea. Guztiz normala dirudien ekintza hori pertsona gutxi batzuek mantentzen duten erritual zaharkitua bihurtzen ari da urteak pasa ahala. Iraultza iritsi da musika salmentara eta liderrak Internet du izena. Baina, ba al dago modurik entzuleek diskoen truke zerbait ordaintzeko?

Internetek eskaintzen digu musika sarean ipintzeko edota deskargatzeko aukera, baina arteak behar du euskarri fisiko propio bat, pertsonalitate gabeko artxibo bat gehiago izan beharrean.
Internetek eskaintzen digu musika sarean ipintzeko edota deskargatzeko aukera, baina arteak behar du euskarri fisiko propio bat, pertsonalitate gabeko artxibo bat gehiago izan beharrean.

Zale erromantikoen, melomano amorratuen, frikien esku geratzen ari da, nolabait esatearren, diskoak erostea. Disko dendez hitz egin beharrean, merkatalgune handiez hitz egin beharko genuke gainera, musika denda txikiak desagertzeko zorian dauden espezieak baitira gaur egun.

Egoera horretara eraman gaituen bilakaera azaltzea ez da erraza, baina gauza bat behintzat argi dago; aldaketaren ardatza Interneten leherketa izan da. Eta, aldaketa diogu, ez arazo, musika industriak sarea etengabe demonizatzeko joera izan duen arren. Internet etsai moduan ipintzeko saiakera hori industriaren akats handienetakoa da, ez baitute ulertu sarea, azken finean, jendea dela, audientzia, denok maila berean gauden gunea. “Disko industria krisian da jendeak legez kanpo musika jaisten duelako Internet bidez”. Ideia hori behin eta berriro errepikatu digute, burmuinean txertatu eta errudun sentiarazi nahian. “Diskoak erosi behar ditugu, musika eta sortzaileak salbatzeko” esaten digute. Kulturaren salbazioa predikatzen duten arren, industriaren, interesen, diruaren salbazioa nahi dute. Haiek sortutako salmenta eredua nahi dute, ia konpetentziarik gabea, urteetan zehar gutxi batzuen tartean banatu duten mauka.

Aldaketa teknologikoak eragin dio industriari, baina ez musikaren osasunari. Sarea agertu denetik, inoiz baino talde eta proposamen gehiago daude, askoz eskaintza zabalagoa, eta hori da diskoetxe handiek nahi ez dutena. Antza denez, Internet uste zutena baino askoz gehiago jendarteratu zen pasa den hamarkadan eta leherketa iritsi zenean, ez zuten jakin zer egin. Eta ez dakite oraindik ere. Baina 60 urte inguru dituen salmenta eredua betiko mantendu nahi izateak ez du zentzurik.

Testuinguru berria ulertu ezinik, iraganean errotutako enpresariek ez dute kulturaren alorrean inoiz gertatu den elementu iraultzaileena aprobetxatzeko gaitasunik izan, oraingoz behintzat. Oraingoz, izan ere sareko deskargak gure artean zabaldu zirenetik jada hamar urte inguru pasa badira ere, ez da ahaztu behar Internet oraindik gauza nahiko berria dela, eta hasi besterik ez dela egin iraultza.

Dena den, azken urteetan musikaren industriak behin eta berriro sinestarazi nahi izan digu sareak sortzaileen eta kreatibitatearen aurka egiten duela eta ezin dute okerrago egon. Internet izugarrizko erreminta da musika hedapenerako, interakziorako, ezagutzarako... Lehen diskoetxe baten babesa ia ezinbestekoa zen. Orain, musikari hasiberri edo ez profesionalek badute aukera aurrera egiteko.

Audientziarekiko kontaktu zuzena, independentzia, erabiltzaileen boterea dakar iraultza honek. Horren aurrean, diskoetxeen papera birplanteatzen da, jada ez baitira ezinbestekoak. Bitartekari lana sareak egiten du orain eta horregatik zentsuratu nahi du industriak. Musikarentzat ordea, zaila da hau baina konpletoagoa izan litekeen erremintarik aurkitzen. Mugimendu askea, desinteresatua, mugarik gabea eta oraindik aukera ugari eskainiko dituena da Internet eta industriari komeni zaio lehenbailehen hori onartzea, iraultza hau atzera bueltarik gabea baita.

Euskarriaren garrantzia

Sareak gauza txarrak ere ekarri ditu ordea. Zerbait doakoa izateak, azkenean, balioa kentzen dio eta ohiturak aldatzearekin, diskoak erostea gutizia balitz bezala ikustera iritsi da asko. Internetek eskaintzen digu musika sarean ipintzeko edota deskargatzeko aukera, baina arteak behar du euskarri fisiko propio bat, pertsonalitate gabeko artxibo bat gehiago izan beharrean. Presente izan behar den gauza da hori, bai sortzaile eta bai kontsumitzaile bezala.

Datorrena beraz, ez da arrosaz beteriko bidea izango, batez ere euskarri fisikorako grabaketez hitz egiten badugu. Internetek ezagutarazteko eta hedatzeko aukera paregabea eskaintzen badigu ere, musikariek ekimen propioaren bidez lan fisikoak finantzatzeko irtenbide egonkorrik ez dute aurkitu oraingoz. Garai digital hauetan, badirudi disko bat edozeinek egin dezakeela, gauza erraza dela, musika demokratizatu dela, salbatu dela azkenik. Neurri handi batean hala da, baina gaur egun diru galerarik izan gabe disko fisiko bat ateratzea gutxi batzuen esku dago.

Autoekoizpena gauza positiboz beteta dago, baina era berean arriskua dakar artistarentzat. Gehigarriak, gauza berriak eskaintzera behartzen ditu sortzaileak, bai salmenta ereduari dagokionean, bai formatuan… Azken finean artistak dirua galdu gabe beren sorkuntza plazaratzea lortzeko formulen bila dabiltza, soilik bizirauteko bideen bila, askok ulertu baitute jada musika ezin dela negozio moduan ulertu. Dirua ez galtzeko bideak dira, ez negozio estrategiak. Sortzaile independenteek badakite aurrera egiteko bidea zuzenekoak direla, egiteko gai direna ikusleari zuzenean eskaintzea da musikariaren funtsa, esentzia, pertsonen arimara benetan iristeko bidea. Baina kontzertuak emateko, diskoa eduki behar…

Berrikuntza garaia dela urteetan entzuten ari garen kontua da, baina saiakera ugariren zurrunbilo honetan, norabide argirik gabe jarraitzen du musikaren produkzioak.

Motibazio ezberdinak

Nahaste borraste horren barruan, sortzaileek beraien bideari ekin diote, bakoitza bere pentsamendu eta helburuekin.

Giorgio Bassmatti kantautore donostiarrak esaterako, apustu berezi bezain umila egin du Canciones para un duelo sin espadas lanarekin. Ez du Interneten ere eskegi. “Egia esan, nire helburua ez da jendearengana iristea izan, hori gogaikarria da. Ezaguna izateak ez ditu buruhausteak besterik ekartzen. Txikia izatea gustatzen zait. Nahi dudana egitea, askea izatea”, dio Bassmattik. Etxean bertan grabatuta, 40 ale baino ez zituen jarri salgai 3 eurotan, MiniCD formatuan eta bere webgunearen bidez eskaerak jaso zituen; bakoitzari ale pertsonalizatu eta bereziak bidali zion. “Hasieran ez nuen publikatu nahi, Thee Brandy Hips taldeko Asierren ekimenak ahalbidetu du dena. Azkenean ale guztiak egun bakarrean saldu nituen”, azaldu du. Musikari donostiarrak “intimitatean” kaleratu nahi izan ditu kanta “pertsonal” hauek: “Pentsatu lehen biran zeuden artistek kaleratzen zituzten zazpi hazbeteko single-etan. Gero ez zen ezer gehiago jakiten kanta horiei buruz, hor geratzen ziren. Nirea antzeko zerbait da”. Etorkizunari begira, Bassmattik jendearen ohiturekin lotzen du diskoen produkzioa; “Zoritxarrez, jendearen musika kontsumitzeko moduei lotuta joango da. Deitu Applera”, dio, umorez.

Kokein talde eibartarrak beste bide bat hartu du, hau ere gure artean behintzat gutxi jorratua. Beraien azken lana, Izan, webgunean eskegi dute deskargatzeko moduan, trukean bakoitzaren borondatea eskatuz. “Gure musika ahalik eta gehien zabaltzearen ideia muturrera eraman nahi izan dugu”, azaldu du Jatsu Argarate baxu jotzaileak. Gure artean ikusi ez dugun eredua da hau, baina ez da berria, Argaratek dioenez: “Nazioartean Radiohead eta Nine Inch Nails taldeek egin zuten ezagun diskoa banatzeko modu hau, baina badaude hainbat eta hainbat talde txiki beraien musika horrela banatzen dutenak. Etorkizuna heldu da, eta gu konturatu gara jada”. Formatu fisikoari dagokionean, Kokeinek hasieratik baztertu zuen CD formatua, haien ustez “iraganeko formatua” da, eta biniloa aukeratu zuten, zaharragoa, baina gaur egun musika zaleen artean indar handia izaten jarraitzen duena. Musikaren argitalpenak hartuko duen bideari buruz galdetuta, beraiek egindako hautuak beste talde batzuei ere norabide berriak zabalduko dizkiela uste du Argaratek: “Espero dut iraultza digital honek talde txikiei aukerak emango dizkiela eta herri honetan urte askotan ditugun musikari dinosauroen eraberritzea ere ekarriko duela. Freskotasun musikalaren aldekoa izango dela espero dut, behintzat joera hau arrunt bilakatzen denean.”

Argitalpenak kaleratzeko eredu berri hauek ordea, ez dira soilik sortzaile independienteen kontua. Musikari famatu “egonkor” asko ere saltzeko modu berrien bila dabiltza, industriak etorkizunik ez duela jakinda. Argaratek aipatu bezala, Radiohead eta Nine Inch Nails taldeak dira bide berriei ekin dieten sortzaile ezagunenak. Kaiser Chiefs talde britainiarrak ere, adibidez, diskoa eskuratzeko modu kuriosoa proposatu zuen pasa den urtean, The Future is Medieval lana erosle bakoitzak nahieran pertsonalizatzeko aukera eskainita.

Pixkanaka bada ere, musika kaleratzeko bide berriak agertzen ari dira. Iraultza gertatu dela onartu eta formula egokienak aurkitzen dituztenek baino ez dute egingo aurrera.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude