"Ama, artista izan nahi dut!"

  • Ez da gaur goizeko kontua. Ez da krisia deituriko arpilatze honen ondorio zuzena ere. Aurretiazko errealitatea da euskal sortzaileak sortze lanetik bizimodua ateratzeko ia aukerarik ez duela, bere jarduna bestelako lanekin osatzen ez badu. Egoera horrek sortzen dituen buruhausteak ezagutu nahian, hiru sortzaile gazterekin hitz egin dugu.

Uxue Alberdi (ezkerrean), Ainara Azpiazu
Uxue Alberdi (ezkerrean), Ainara Azpiazu "Axpi" (eskuinean goian) eta Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza (argazkian lehena da ezkerretik hasita). Hiru sortzaileek beraien bizi-baldintzez eta kulturak oro har bizi duen egoeraz hitz egin digute.

Euskal Herrian kulturak ez du instituzioen aldetik behar beste sustapen jaso gaur arte. Egoera hori okerragotzeko, Eusko Jaurlaritzak 2012rako %12 inguru jaitsi du kulturaren aurrekontua. Erakunde publikoek aplikatutako murrizketak hemen dira: Nafarroako Antzerki Eskola hilzorian, Gasteizko Montehermoso kulturuneko aurrekontua aizkoraz moztua, bi kasu ezagun aipatzearren, eta elkarte-ekimen txikiei eragin galerak ahaztu gabe. Herri mugimendutik abiatutako zenbait sortzailek gure errealitate kulturalari erantzun nahian, Euskal Sortzaileak Gara izeneko dokumentua plazaratu zuten 2011ko maiatzean Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren abaroan. Euskal kulturak babesa eman dion erakunderik ez duela ezagutu salatzen zuten eta Kulturaren Batzorde Nazionalak eratzeko proposamena zekarten, auzolanean erabakitako kultur politika berrien bila.

Hain zuzen, sortzaileen testigantzak ezagutuz egiten zaio argi errealitate horri. Adibide bat A la deriva por los circuitos de la precariedad femenina (Traficantes de Sueños, 2004) liburuan daukagu. Irudia lantzen duen sortzaile batek sufritu prekarietatea, azpiratzea eta zentsura aipatzen ditu Ama, artista izan nahi dut! izenburu daraman lanean. Guk hurbilagoko sortzaileen iritzia ezagutu nahi izan dugu eta Euskal Herriko hiru lagunekin mintzatu gara horretarako. Ainara Azpiazu “Axpi” (Hernani, 1980) ilustratzailea da. Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) Willis Drummond musika taldeko kidea. Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazlea eta bertsolaria. Hirurei beren sortze lanaz, lan baldintzez eta sorkuntzaren funtzioaz galdetu diegu.

Zenbat lan egiten duzu erabakitako sorkuntza lanean? Zer lan dira bizirauteko burutu beharrekoak?

Uxue Alberdi: Bi sorkuntza lan konbinatzen saiatzen naiz: idaztea eta bertsogintza eta bakoitzari eskaintzen diodan denbora aldakorra da; batari gehiago eskaintzen diodanetan besteari gutxiago, eta alderantziz. Idazteaz eta bertso-saioak egiteaz gain, kazetari lanak egiten ditut. Aldizka, itzulpenak ere bai, hitzaldiak han-hemenka, irakurle-taldeak gidatu, inoiz idazketa-tailerren bat eman, enkarguak... Beharren arabera lan egiten saiatzen naiz, ahalik eta gustuko gauza gehien egiten eta ahalik eta konpromisozko gutxien. Orain amagintzari eskaintzen diot denbora dezente, eta gainerakoa sorkuntzari eskaintzen saiatzen naiz.

Ainara Azpiazu: Erabakitako sorkuntza lanaren nolakoak definitzen du erantzuna. Baina zer da erabakitakoa? Nik ilustrazioak, komikiak edo muralak egitea erabakitzen dut. Batzuetan, askatasun handia ematen didate bezeroek, eta beste batzuetan, txikiagoa. Askatasun maila eskariaren arabera aldatzen da. Gaia, normalean, emana datorkit. Adibidez, haur baten logelarako mural bat margotu. Edo Martxoaren 8rako kartel bat egin. Hala ere, niretzat beharrezkoa da %100 nireak diren lanak egitea, sormena ito ez dadin. Horregatik beti dut nire-nirea sentitzen dudan zerbait labean.

Jurgi Ekiza: Willis Drummond-eko taldekideon elkarlana eta bakoitzaren ekarpena, biak dira garrantzitsu. Kolektiboaren eta norbanakoaren arteko oreka da gure berezitasuna. Niretzat musika ez da lana, ezta lanbide ere. Baina horrek kontraesanak dakartza. Alde batetik, kultura ezin da neurritu eta ezin zaio balore ekonomikorik eman. Baina, aldi berean, gure bizitzetako aktibitate nagusia da. Momentuz ez gara musikaz bakarrik bizi. Iraganeko lanen paroa jasotzen duenik bada, edo lan ttipiak hartzen dituenik, noizbehinka. Gero eta gehiago lortzen dugu gure kontzertuez bizitzea baina, esan bezala, musika ez da lana. Ezin da zenbatu zenbat ordu pasatzen diren sorkuntzan. Ezin da horren bidez kalkulatu zenbat diru irabazi behar den. Ez. Musika da gure bizitza.

Kulturak ez du instituzioen aldetik behar beste laguntza jasotzen. Zer aterabide ikusten diozu egoera honi?

U. Alberdi: Badirudi beharrizan kulturalak beharrizan burgesak direla, baina Amurizak esan bezala “pertsona ez da ogiz bakarrik bizi”. Ogi erdia eta liburu bat eskatzen zituen Lorcak herriarentzat. Frantziako estatuan sortzaileek badute beren soldata, baina Espainiakoan hori eskatzeak erokeria dirudi. Nik kulturari duen garrantzia ematen dion herri batean bizi nahi nuke. Gurean ere, beti izan dira kontu garrantzitsuagoak, hil ala bizikoak, eta gainerako gaiei duten pisua kendu gabe, bada garaia gure herria kulturalki eraikitzen hasteko. Ezkerreko politika kultural bat zer den pentsatu behar genuke lehenbizi, eta martxan jartzera ausartu.

A. Azpiazu: Estimazioan ikusten dut gakoa nik. Lan grafikoaren garrantzia eta balorea azpimarratzea inportantea da. Kontuan hartu irudia oso erakargarria eta baliotsua dela edozein gizakiren garapenerako. Adierazpen estetikoa oso baliotsua da norberarentzat zein ikusten duenarentzat. Gainera, herri bezala dugun ikuspegiaren oinarri-oinarrian dago kultura. Mundua begiratzeko dugun modu kolektiboa da, janzten ditugun betaurrekoak. Horretan dihardugunoi errespetua eta babesa ematearen garrantziaz ohartarazi behar ditugu instituzioak, batetik. Eta bestetik, frogatu kultura ekonomikoki oso errentagarria dela. Produktu bezala errentagarria baita.

J. Ekiza: Kultura oso inportantea da gizartearentzat, eta beraz, gauza biziki ona da diru publikoa bertan erabiltzea. Arazoa diruaren erabileran datza. Batzuetan, iruditzen zait laguntzak lortzen dituztenak ez direla obra onenak egiten dituztenak, baizik diru laguntzak lortzeko eskaera-orriak behar bezala betetzen dituztenak. Instituzio publikoek martxan jarri behar lituzkete azpiegiturak. Adibidez, kontzertu gelak edo makro-festibalak subentzionatu baino, 200-300 lagunentzako kontzertu gelak sortu, behar den guztiarekin, antolatzaileei eskaintzeko. Hartara, talde guziei aukera berdinak ematen zaizkie, eta kulturaren beste ikuspuntu bat garatzen da, ez kontsumista, baizik aktiboa.

Okerragotua ikusi duzue zuen egoera krisia izendatu zenetik?

U. Alberdi: Oro har, kultura bigarren mailako beharrizantzat hartzen da. Gurean, gainera, bigarren mailako beharrizana eta bigarren mailako hizkuntza elkartzen dira. Udaletan, ekintza kultural asko kultura batzordeetatik bideratu beharrean euskaratik bideratzen dira eta, beraz, bi aldiz jasaten du krisia euskarazko kultur sorkuntzak. Euskal sortzaileak ohituta daude baldintza pobreetan sortzen. Kasu askotan lana doan edo ia doan egiten dute. Antolatzaile askok ere errazera jotzen du: ekintza kulturaletarako dirua aurrezten edo lortzen ahalegin handiagoa egin beharrean, sortzaileei merkeago lan egin dezaten eskatzen diete.

A. Azpiazu: Azken urteetan barne lanketa handia egin dut eta horri esker momentu onean nago orain. Nire lana geroz eta ezagunagoa da, nahiz eta oraindik oso maila txikian izan. Krisia dela eta nabaritzen da inguruan tentsio puntu bat, komentario negatiboak eta etsipenerako joera. Baina aurrera begiratzen jakin behar da ingurukoari garrantzia handirik eman gabe, gehiegi kutsatu gabe.

J. Ekiza: Gu ez gara asko ibiltzen zirkuitu instituzionalean, beraz, kulturaren aurrekontua jaistea ez dugu sentitu, oraindik. Baina seguru aski gehiago sentituko dugu heldu den udan. Instituzio handietan murrizketak badira, herri eta hirietan kulturan ipinitako dirua ere murriztu eginen da. Autofinantziazioan ibiltzen garenok ere ondorioak sentitzen ditugu, beraz. Gizarteak, orokorrean, diru gutxiago gastatzen du kulturan, eta aitortzea pena bada ere, ulergarri zait.

Zer garrantzia du sorkuntzak jendartean?

U. Alberdi: Uste dut pertsonon beharrak direla fikzioa, abstrakzioa, sormena, estetika eta arteak eskaintzen duen oro. Beharrezko zaizkigu gure autoirudia sortzeko, pertsona eta jendarte bezala. Sinbolo kolektiboak sortzeko balio du. Komunikatzeko kode konpartituak sortzeko. Artea errepikapen modu bat da, gure izate iragankorreko sentsazioak, gertakariak finkatzeko modua. “Hemendik pasatu ginen” esateko modua. Beharrezkoa da gogoratzeko eta etorkizuna irudikatzeko.

A. Azpiazu: Garrantzi handia du niretzat eta ingurukoentzat. Baina, zeri deritzogu artea. Gauzak egiteko modua da niretzat, barrutik kanporakoa, zerbait oso ondo egiteko grina. Norberaren muinetik datorren gogoari jarraitzen dion ekiteko modua. Ikusi ditut artistak nekazaritzan, sukaldaritzan, pinturan, bertsogintzan. Ez da arloari dagokion zerbait, moduari dagokio. Bizitzarekin berarekin dator. Aldaketa da, integrazioa, fusioa. Tradizionalki artetzat jo izan diren esparruek (pintura, eskultura, dantza...) etengabe lantzen dituzte ezaugarriok, eta gizarte bat benetan garatzeko, bere esentzia adierazi eta fintzen joateko, ezinbesteko papera betetzen dute. Transformazioa da. Hobetzea. Soluzioak eskaintzen dizkigu. Arnasa bezain premiazkoa.

J. Ekiza: Artea bitan banatuko nuke. Kontsumitzen den artea, batetik, nahiz ez niokeen zentzu negatibo erabatekorik atxiki nahi. Ongi ikusten dut jendea arte ekitaldietara joatea. Mundua ikusteko ikuspegi zabalagoa dakar eta kuriositatea handitzen du. Bestetik, maila pertsonalean, arteak beste zerbait dakar. Horretan, biziki garrantzitsua da arte aktiboa bultzatzea: klaseak, tailerrak, aktibitate parte-hartzaileak. Musikaz, pinturaz, poesiaz… Bakoitzak adierazten ahal du eguneroko bizitzan adieraztea lortzen ez duena. Eta horrek frustrazio asko ken dezake eta plazer pertsonal handia eragin. Azkenik, kale kultura sustatu behar dela uste dut. Jendeari erraz parte hartzeko aukera ematen baitio, eta batez ere, jende orori zuzentzean dimentsio soziala ematen dio arteari.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude