"Gauzetatik askatzeak izugarrizko askatasuna ematen dizu"

  • Eider Elizegi, mendizale alderraia. Bidez bide, haitzez haitz dabil arin, isil, apal eta alai. Mikroskopioa argazki makinarengatik trukatuta, orain irudiak bildu eta hauek hitzetara itzuliz bizi da bere furgonetxean. Motxila bete poesia.

Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Dena utzita mendira joan zinen, besterik ez. Zergatik?

Momentu batean konturatu nintzelako aste osoa hirian ematen nuela asteburua iritsi eta Pirinioetara alde egiteko zain. Iruñean bizi nintzen orduan, han lana nuelako, eta lana nuen han etxea nuelako. Zirkulu itxi bat bezalakoa zen eta ikusi nuen jada horrek ez zidala hainbeste betetzen. Asko kostata eta ondo pentsatu ondoren, etxea eta dena utzi eta alde batetik bestera modu sinpleago batez bizitzen hasi nintzen.

Blogean diozu zeure “dekonstrukzioa” egin zenuela.

Bai. Normalean gure gizartean gehiagotzera jotzen dugu: gehiago izatera, gauza gehiago edukitzera, haztera… baina nik uste dut beharrezkoa dela atzeranzko bidea egin eta gauzak sinpletzerantz jotzea. Gauza gutxiago edukitzera eta gauza txikienetara jotzea, aldi berean.

Deshazkundea?

Bai. Nik uste dut oro har aurreranzko ihesean goazela eta, gainera, nora goazen oso ondo jakin gabe. Askotan gauza gutxiago izateak aberastasuna ematen dizu. Denbora gehiago izatea ere oso garrantzitsua da dena mantsoago dastatzeko eta gauza txikiei arreta eman ahal izateko. Oso zaila da gure gizartean gauzak ez metatzea, inguruak horretara bultzatzen baitzaitu. Nik behintzat, ahalegin handia egin behar dut horretan ez erortzeko. Bestalde, gauza materialak oso pisutsuak dira eta asko lotzen zaituzte leku batera eta egoera batera. Horietatik libratu naizenean, arinago mugitzen naizela nabari dut. Gauza txikiak dastatzen ikasi behar da eta horretarako arrazionalki ikasi dugun gauza asko ahaztea komeni da.

Zeren arabera, zer irizpiderekin mugitzen zara?

Asko inprobisatzen dut. Saiatzen naiz oso luzerako planik ez egiten. Momentuak eta une bakoitzean ditudan proiektuek eskatzen didatena egiten dut. Ez daukat erabaki itxirik. Egoera honek ez dakit zenbat iraungo duen eta horrek ez dit axola. Irekita nago. Inprobisazio puntu horrek asko erakartzen nau, batzuetan bertigoa ematen didan arren. Nire bizitza oso aldakorra da. Segun zertan nabilen, egoera aldatzen zait eta egoera desberdin horiek dastatzea asko gustatzen zait. Saiatzen naiz lasai egoten, baina gero ez naiz gehiegi gelditzen. Denbora falta zait beti. Une honetan proiektu asko dauzkat buruan eta denbora asko eskaintzen ari natzaio idazteari eta gauza berriak pentsatzeari. Oso gustura nago.

Txikitatik harreman estua izan duzu naturarekin, ezta?

Herritik aparte eraikitako etxe batean bizi ginen gurasoak eta hiru anai-arrebak. Oso paisaia ederra zegoen eta ondoan harizti bat. Nik uste dut etxe horrek eta naturatik oso gertu, animaliez inguraturik bizitzeak, asko baldintzatu nauela. Oso haurtzaro polita izan nuen.

Argazkizaletasuna aitarengandik jaso zenuen?

Aitak argazki asko egin du. Etxean laborategi bat zeukan eta txikitan ordu asko ematen nuen han. Ez dakit gauza hauek zein neurritan diren genetikoak edo ikasiak, baina nik asko jaso dut. Esango nuke nire pentsaera oso bisuala dela. Idazten dudanean ere, asko jotzen dut irudietara. Irudiak hitz bihurtzen ditudala iruditzen zait beti.

Askotan azalpenak eman behar izaten dituzu zure bizimoduagatik?

Nik neure burua ikusten dut eta esaten dut “arlote, kaleko bat naiz”, neurri batean, nire lagunak eta nire familia, niretzako oso garrantzitsua dena, gertu eduki arren. Aldi berean inoiz baino gertuago nago nire funtsetik eta nik uste dut hori kanpotik ere nabari dutela eta horregatik jendea ez dela horrenbeste harritzen. Ikusten dute gustatzen zaizkidan gauzetatik gertu bizi naizela eta gustura nabilela. Horrek guztiak indarra ematen dit.

Jende askoren ametsa da zuk egin duzuna.

Bai, askok esan didate hori, baina nik ez dakit zein neurritan den hori erreala. Hau bizimodu aukera bat da eta aukera guztiak bezala, baditu oso alde onak eta alde oso txarrak. Eta alde oso gogorrak ere bai. Nik hori onartu dut eta betetzen ez nauen egunean utziko dut. Jendeak esaten duenean “zer inbidia!”, seguru asko alde on horiek baino ez dituztela kontuan hartzen, eta txarrak ez dituzte ikusten edo onartzen. Norbaitek benetako inbidia baldin badauka, egin dezake nik egin dudana. Ez daukat ezer berezirik. Egia da une honetan ez dudala karga familiarrik, ez seme-alabarik… baina horiek guztiak ere aukerak dira. Ez dakit hainbeste jende prest ote dagoen horretarako.

Zer da inoiz falta ez dena zure furgonetan?

Ordenagailua, argazki makina eta janaria. Asko gustatzen zait jatea. Su txiki bat daukat eta hor egiten ditut gauzak.

Eta ordenagailurako argindarra?

Entxufeak dauden tokietan saretik hartzen dut elektrizitatea. Badut furgonetan ordezko bateria bat eta horrela moldatzen naiz.

Ekonomikoki zertaz bizi zara?

Egia esan gastu asko ez daukat. Noizbehinka hitzalditxoak ematen ditut, udan aterpetxe batean aritu nintzen lanean, noizbehinka artikuluak edo argazkiak eskatzen dizkidate aldizkariren batetik… Egunean egunekoa bizi dut.
Mont Blanceko Goûter aterpean aritu zinen lanean mendira bizitzera joan baino lehen. Proba moduan piszinara bota baino lehen?
Bai, uraren tenperatura ikusteko eskua sartzea-edo izan zen. Eszedentzia eskatu nuen eta lau hilabetez han aritu nintzen. Oraindik ez nuen ausardia dena uzteko. Dena ondo joan zen, handik nire lehen liburua sortu zen eta orduan animatu nintzen urrats hau ematera.

Mendi aterpeak ere bikain ezagutuko dituzu honez gero…

Asko gustatzen zaizkit, oso leku bereziak izaten dira. Dena den orain hasi dira aterpetxe erosoagoak egiten jendeak hala eskatzen duelako. Mendira igo eta dutxatzeko ur berorik ez badute kexatu egiten dira batzuk. Horrek pena ematen dit. Batzuetan iruditzen zait mendi batera igo eta mendi gailurrean hotel batekin topo egin behar duzula. Nik goian ez ditut behar behean dauden erosotasunak, horretarako behean gelditu eta kito. Leku haietan halako erosotasunak edukitzeak ingurumenerako ere ondorio kaltegarriak ditu eta hain eroso ibili nahi izate horrek ni behintzat naturatik bereizten nau. Dena den, furgoneta daukadanetik ez dut horrenbeste jotzen aterpetxeetara.

Itxurakeria asko mendi giroan?

Badirudi mendian muturreko gauzak bakarrik baloratzen ditugula. Eta ematen du gauza zailak, konplikatuak ez badituzu egiten ez duela merezi. Ni azken bolada honetan atzera noa horri dagokionez eta bidexketan ibiltzea atsegin dut. Gure gizartean oso lehiakorrak gara eta hori mendian ere ikusten da.

Mendiak beldurrik ematen al dizu?

Beldurtia naiz eta mendiak errespetu handia ematen dit. Nire ustez askotan jendeak ez du baloratzen mendia oso handia dela eta gu, aldiz, oso txikiak. Errespetu hori mantendu behar da. Goûterren nengoenean ia egunero genuen hildako bat. Ezin dugu dena menperatu, eta eskerrak. Mendian hori oso garbi ikusten da. Hemen behean uste dugu nahi duguna egin dezakegula eta hori ez da egia, oker gabiltza. Hori ikustea oso polita da.

Eta zeure buruarekin zer moduz bizi zara?

Ondo. Guztiok bezala. Batzuetan oso gustura, besteetan ez horren gustura, denetarik, baina ondo.

Egunetan inorekin hitz egin gabe egotea gogorra egiten zaizu?

Nahiko bakartia naiz, neurez. Ez zait gustatzen jendetza, baina baditut nire lagunak eta familia, eta oso presente dauzkat oso garrantzitsuak direlako niretzat. Dena den, boladak daude. Azkenaldi honetan ez nago jendez inguratuta baina baditut lagun batzuk inguruan. Orduak pasatzen ditut bakarrik egunean zehar baina ez nago erabat bakarrik.

Bikotea duzu, baina ez zarete elkarrekin bizi.

Bikote bizitza ikusteko modu asko daude. Orain pertsona honekin harremanak eta bizimodua ikusteko moduan bat nator. Furgoneta auzo lagunak ginela ezagutu genuen elkar. Bidaiak elkarrekin egin ditugu Andeetan, Marokon, eta bakoitzak bere bizimoduan dituen tarteetan elkartzen gara. Oso polita da. Horrela dena beti berria da eta aspertzeko aukera gehiegi ez dugu. Egun bakoitza opari bat bezala bizitzeko aukera da.

Eta amatasuna, adibidez, zure proiektuen artean dago?

Oraingoz behintzat, nire bizimodutik urruti gelditzen zait. Umeak izateko gutxieneko azpiegitura bat behar da eta nik ez daukat. Gainera neure burua beste gauza batzuetan dago orain. Oso ederra iruditzen zait amatasuna eta asko baloratzen dut. Oso presente daukat, baina bizitzan aukeratu egin behar da eta nik, oraingoz, beste gauza asko ditut egiteko.

Beatxi gure bihotzean: Vignemalen hildako lagun baten omenez eginiko proiektuaren barruan Marokora egin berri duzu bidaia. Zuk egin dituzu horren inguruko testu eta argazkiak.

Hilabetez ibili gara. Nire lagun batek eskalada bide bat ireki nahi zuen eta beste lau pertsona joan gara berarekin. Zoragarria izan da. Nik azkenean ez nuen batere eskalatu. Bertako jendearen bizimoduak eta jendeak berak asko erakarri ninduten eta bukatu nuen herrixketako jendearekin haien etxeetan bizitzen. Beraz, paretak ez nituen ukitu ere egin eta gainera sekulako hotza egiten zuen.

Nortasun agiria

Lasarte-Orian jaioa, 1976ko abenduaren 2ko gau haizetsuan. Iruñean Biologia ikasi, doktoratu eta lanean aritu ondoren, orain dela bi urte inguru, aurreko guztia utzi eta mendira joan zen bere furgonetarekin, lehenbizi Andeetara eta Pirinioetara gero. Denbora tarte horretan bi liburu kaleratu ditu: Mi montaña, 2010ean Desnivel mendi literatur saria lortu zuena, eta orain berriki El hilo gris, eskaladaren ingurukoa. Vagamontañas bloga da munduarekiko bere zilbor hestea.

Azken Hitza
El hilo gris

“Niretzat pintura katalogo moduko bat da. Harkaitzak estetikoki oso politak dira eta eskalatzen ari garenean jende gehiena ez da horretaz ohartzen, baina mantso joanez gero, eta arreta jarriz gero, izugarrizko irudiak ikusten dira. Hitzek eta irudiek islatzen dute eskalatzerakoan izan daitezkeen bizipen eta sentsazio txikienak. El hilo gris tonu poetikoan dago idatzita. Eskalatzeari buruzko definizio desberdinak bildu ditut liburuan: harriaren gainean brodatzea, eskailerak asmatzea edota harkaitzean margotutako pinturen museoan paseo bertikal bat dastatzea, adibidez. Azken finean, norberak eskalatzea izatea nahi duen hura da eskalatzea.

Nire etxekoak, eta bereziki nire ahizpa Rebeka eta bere bikote Víctor, oso garrantzitsuak izan dira idazten hasi nintzenetik. Diseinatzaile grafikoak dira eta asko laguntzen didate niretzat arrotza den arlo honetan”.


Azkenak
Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya,... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


2025-08-11 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


Eguneraketa berriak daude