“... Kantatu nahi dut bizitza, usteltzen ez bazait hitza…”.
Zer oroitzapen duzu Fiteroko serorekin solfeoan eta kantuan hasi zen neskato hartaz?
Fraideak eta serorak ziren musikaren ateak ireki zitzaketen bakarrak. Heziketa musikala heziketa orokorraren zati ezinbestekotzat zeukaten. Eliza katolikoak mantentzen zuen jakintza horren taupada bizirik, nahiz eta Alemaniara ikastera joandakoan, eliza protestantea musikaren alde eliza katolikoa baino askoz sutsuago ari zela jabetu. Oso gizarte mugatua zen. Fitero bezalako herrixka batean ez zegoen operaren berri izateko modurik, inork ez zuen irudikatzen zer zen kantu karrera bat edo ibilbide artistiko profesional bat. Gurean ez zegoenez, amonarenera joaten ginen telebista ikustera, baina denbora pasatzeko beste jarduera batzuk zeuden. Jendea irekiagoa zen, kantura ateratzen zen, eta muinean, mementoa partekatu nahia zegoen. Orain oso indibidualistak izan nahi dugu, oso gurekoiak, baina ahaztu zaigu kantatzea konpartitzea dela, eta txitean-pitean, harremantzearen onurak galtzen ari gara. Harremanen gainbeherak etika galtze orokorra ekarri du, eta ikusi besterik ez dago zenbat diru-desbideratze eta ustelkeria eskandalu lehertzen diren. Bere onura eta kalteekin, beste gizarte bat zen hura. Nik beti izan ditut kanturako berezko gaitasunak, baina 17 urterekin Iruñera kontserbatorioan izena ematera abiatutakoan, klinika unibertsitarioko puerikulturan ere matrikulatu nintzen. Orduan, jendeak musika osagarritzat zeukan, inork ez zuen pentsatzen ezer serioa zenik, ukitu exotikoa zeukan profesionala baino gehiago. Espainiako Estatuan, gainera, musikak ez zeukan irteera profesionalik: ez zegoen orkestrarik, ez zegoen kontzertu gelarik, ez zegoen operarik…
Eta ez zen gaur bezainbateko zarata eta zalapartarik izango.
Okerrena da ez garela konturatzen. Beste herrialde batzuetan kontzientzia handiagoa daukate, baina Espainian nabilelarik afrusa da. Hitz egin ere ozenago egiten da, bolumena igo gabe elkar ulertzerik ez dagoelakoan. Ez gara kutsadura akustikoaren kalteez jabetzen, ez gara ohartzen arreta zenbat mugatzen digun, zenbateraino eragozten digun musikaren altxor txikietara iristea. Hariari tiraz, zergatik da gutxiengo bat musika klasikoaren zalegoa? Inork ez duelako hori bultzatzen, medioetan ez delako musika klasikoaren berri ageri, zentro komertzialetako ildo musikaletan modako taldearen txunba-txunba entzuten delako... Noizko musika klasikoa? Jendea hezi behar da, eremu zenbait deskubrituarazi, begi-buruak ireki. Eguneroko albistegietan ez balego ordu laurdeneko futbol tarterik nor joango litzateke futbolera? Tristea da heziketa musikala eta kulturala tokian tokiko zale apasionatuen borondatearen esku uztea. Talante politikoari lotutako irizpide sorta zehatza sustraitu behar litzateke, politikariak etekinak bere legegintzaldian nahi dituela ahaztuta. Kontua ez da dominak paparrean jartzea, denen onura lantzea baizik. Politikariei argi esan behar zaie areto bat kulturaren esku jartzea ez dela meritu bat, euren eginbeharra baizik. Ez al ditugu ongizatea sortzeko aukeratzen?
Espainiako Estatuan, antzoki, auditorio eta kontzertu gela anitz eraiki ziren orain urte batzuk. Orain hiru laurdenak hutsik daude, ezer programatzeko sosaren zain.
Krisi honek argi erakutsi du adreiluak kulturak baino gehiago balio duela. Pentsa, berehalako etekinaren grinak orain erabili ere egiten ez diren aireportuak eraikiarazi dizkigu. Zer premia zegoen? Ez zen hobea bi antzoki egin beharrean bakarra sortu baina programatzeko txanponak ukaitea? Inork ez du ezer aurreikusten. Inork ez du eraikitzera zihoan aretotzarrean zer programatu zitekeen hausnartzen segundorik galdu. Helburua ez zen programatzea, antzokia egitea baizik. Baina zertarako balio du antzoki huts batek? Bi edo hiru urtean lanpostuak sortu eta jende hori langabeziara bidaltzeko? Zer gertatuko da langabezia sariak ordaintzeko txakur txikirik geratzen ez denean? Denak langabeziara baldin bagoaz, ez da langabeziarik egongo. Nora goaz bultzatzen ari diren austeritate politikekin? Martxa honetan, leize-zuloan sartu eta gauzak aldatu arte bertan egotea tokatuko zaigula ematen du, baina gauzak ez dira berez irauliko. Ez baduzu hazirik ereiten nekez jasoko duzu uztarik.
Eskolan artea eta sormena lantzen den bezala landuz jaso liteke taxuzko uztarik?
Musika matematika purua da, sentimenduak, sentsibilizazioa, teatroa, arte plastikoak... Ez da soilik zer gustatzen zaizun eta zer ez, zer eragiten dizun baizik. Musikak heziketa pertsonala garatzen du, eta berehalako onurarik ez badakar ere, arrasto oso sakonak uzten ditu gugan. Derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke, baina ez musikak bakarrik, baita pinturak, idazkerak eta artearekin zerikusia duen orok ere. Eskolan lantzen eta indartzen dira gerora gizartean oihartzuna izango duten sentiberatasunak. Gizarteak kontserbatorioaren ikuspegi karratua dauka, eta ezin liteke kartzela bat izan, norbere dohaina zukutu ahal izateko leihoa baizik. Alemanian, DNAn daramaten diziplina neureganatu nuen, eta uste dut latinook daukagun ekimenarekin nahasita koktel perfektua dela. Diziplina hori gabe alferrik da ahots ederra, ez duzu aurrera egingo, baina diziplinak ez du zertan kafkiarra eta egurrean oinarritutakoa izan.
Zer harreman duzu zure bozarekin?
Etengabekoa, betierekoa, eta inoiz izugarri astuna egiten zaidana. Beti zabiltza zure gorputz osoa kontrolatzen, zure fisikoa zaintzen, zure egoera fisikoaren araberakoa baita zure instrumentuaren funtzionamendua. Atletikoa izan behar duzu, egunero ibili, soinketa ariketa jakin batzuk egin, gure motorra hauspoa eta diafragma direlako, eta horiek indartu ezean noiznahi pott egin dezakegulako. Ezin zara parrandan atera, kontzertu egunetan oso isilik igaro behar duzu eguna zure ahots-kordak ez nekatzeko, egunero jarri behar duzu makinaria martxan bokalizazio eta memorizazio ariketak eginez... Zaintzeak zorroztasun itzela eskatzen du. Hori gutxi ez eta, denborarekin ahotsa aldatu egiten da, ispiluak baino zitalago salatzen dizu zahartzea, eta nahi ala ez, muga batzuk onartzea baino ez zaizu geratzen. Tira, badaude 70 urtera arte oholtzan luzitzen diren kantariak, 40 urterekin zeukaten ahots gaitasunik ez izan arren, euren musikalitate eta transmititzeko senarekin gabezia fisikoak gainditu dituztenak. Nik beti izan dut argi iraun nahi nuela, eta horregatik egin ditut ekoizpen luzeak. Garbi neukan bi egunez bidaiatu, kantatu eta berehala alde egiten banuen, ez nuela errenditzen. Bidaiek trapu eginda uzten naute, nagoen lekuan pausatu behar izaten dut, lasai egon, atmosfera arnastu, bestela nekez eman nezake ehuneko ehuna. Nire kasuan, hiri berean luze egotea aziertu bat izan da, baina bakoitzak atzeman behar du zer komeni zaion eta zer ez. Batzuek esango dizute intxaurrak jatea txarra dela bozarentzat, esnekiek flema dakartela, baina bakoitzak garatzen duen sentiberatasunaren berri duen gisan jakin behar du zerk eragiten dion herrena.
Ahotsak eramaten zaitu pertsonaia zenbait interpretatu eta beste zenbait baztertzera?
Ahotsa da zure ibilbidearen gida, ezin duzu ez behartu, ez manipulatu. Behartzen baduzu jai daukazu, goiz ala berandu krak egiten du. Zer gertatzen zaie atletei? Behartzen duten unetik arriskuan daude. Horregatik, beste deus baino lehen, pertsonaia nire gaitasun bokaletara egokitzen den aztertzen dut, ez dadila nire mugetatik at ibili. Hori ziurtaturik, garbi izan behar duzu musika eta konpositorea sakratuak direla, obra bakoitzaren atzean intentzio bat dagoela, eta behin musika landurik, testua eransten hasten natzaio. Premiazkoa zait obra bat emanaldia baino urtebete lehenago lantzea, eta hilabete batzuetan pausatzen uztea. Harrigarria da pertsonaiak berez-berez zure baitan egiten duen bidea. Eboluzio horren jabe izateak konfiantza itzela ematen dit. Hori hala, korrepetidore batekin entseatzen hasten naiz. Operaren giltzarriak dira, obraren elementu guztiak kontrolatzen dituzte, pertsonaia oro daukate buruan, eta testua, teknika eta estiloa etengabe bideratzen dizkizute. Pauta horiek ez dute esan nahi zure baitatik ezer sortu behar ez duzunik, pauta horien barruan zure artista izaeraren arabera mugitu behar zarela baizik. Hori da artistaren ondasuna. Ez da ahantzi behar kantatzen duzun momentutik ari zarela antzezten, antzeztea ez baita eskuak mugitzea, pertsonaia hori zugan sentitzea baino. Pertsonaia barneratuta badaukazu, ez duzu apaingarri handirik behar, berez aterako zaizu dramatizazioa, berez teatralizazioa.
Ez al da gailentzen ari ahotsaren gainetik irudia jartzen duen joera?
Bai, lehentasunak eta baloreak aldatzen ari dira. Nik eszena zuzendari handiekin egin dut lan, oholtzaratze aitzindarien parte izan naiz, baina sinetsita nago opera batek ez duela irudia ahotsaren gainetik jarri behar. Kantariek ez badituzte pertsonaiak erraietatik sentitzen alferrikakoak dira eszena arranditsuenak. Ahaztu zaigu instrumentu musikaletan datzala operaren arrakasta, eta kantariak direla ezinbestekoak, ez eszena zuzendariak. Ez nago ados eszena ahotsaren kaltetan indartzearekin. Lepoa jarriko nuke askoz hobea dela opera bat kontzertu bertsioan ematea estilistikoki errotik landuz, sekulako oholtzaratze distiratsuak muntatu eta musika baldar tratatzea baino. Horretarako antzerki aitzindari bat ikustera noa, ez opera bat. Musika da arte guztien osagarria, eta osagarri horren lanketan eta adierazpenean datza operaren borobiltasuna. Ni ez naiz oholtzan geldi egoten den sopranoa, izugarri gustatzen zait eszena, baina ezin dugu operaren esentzia bide ertzean utzi.
Kritikak eta programatzaileek bide ertzean utzi zaitzakete?
Kritikak zorroztasuna galdu du. Batzuetan kritikariek ez dakite musikaz, eta gehienak musika munduaren inguruan badabiltza ere, ez dago alderatzerik musikaz dakien batek egiten ahal dizun ekarpena, errealitate teknikoa usaindu ere egiten ez duen batenarekin. Horregatik, azkenaldian kritikariak askoz gehiago mintzatzen dira arlo teatralari buruz. Sentitu dutena aipatzen dizute, baina subjektibitate maila horretan murgildurik, kritikariaren aldartea ere baloratu behar genuke. Nola azaldu bestela obra berari buruzko lau kritikek elkarrekin zerikusirik ez izatea? Hala, kritika bere neurrian baloratu behar da, betazalak erre gabe irakurri, interesgarria zaizuna gorde, eta kito. Ez da kritikaririk jainkotu behar, eta zorionez edo zoritxarrez, lehen baino gutxiago baloratu eta kontuan hartzen direlakoan nago. Internetekin, gainera, edonork esan dezake edozer, edonoiz eta edonola, eta bakoitzak bere iritzia izatea berebizikoa bezain ondradua den arren, katedra beste zerbait da. Horregatik, uste dut kritikak baino botere zanpatzaileagoa daukatela programatzaile eta artista agentziek. Agenteak eta laguntasun harremanak sartzen dira tartean, eta gure merkatuan ez dute beti irizpide objektiboek agintzen. Marketinak zeresan handia dauka, eta artistak antzokia betetzeko gaitasunean neurtzen diren garaiotan, are handiagoa. Nik sinetsi nahi dut gonbidatzen den artista zinez merezi duelako gonbidatzen dela, baina badakit, batzuetan, onena ez dagoela egon behar lukeen lekuan.
Krisiak are gaiztoago bihurtzen ditu oihaneko legeak.
Lehenbiziko aizkorakadak kulturarentzat izaten direnez, askoz proiektu gutxiagorekin gabiltza. Diseinatutako proiektu gehienek ez dute aurrera egiten, eta egindako batzuk ez dizkizute ordaintzen ekoizleei hitzemandako sosek agertu gabe segitzen dutelako. Ez dira gutxi ordaintzen ez duten udalak, eta asko dira dirua sekulako berantarekin sartzen dizutenak. Nik, zorionez, asko kantatzen dut kanpoan, Varsoviatik nator eta Boliviara noa, baina Espainiako panorama oso beltza da.
1958ko maiatzaren 28an sortu zen Fiteron. Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan hasitako ikasketak Alemaniako Detmold-eko Hochschule für Musik eskolan borobildu zituen. Errepertorio zabal bezain anitzeko soprano entzutetsu honek lan izugarria egin du obra ez hain ezagunen berreskurapenean, bere ahots eta sentiberatasun artistikoak munduko antzoki ospetsuenetara eraman dutelarik. 2002an Vianako Printzea saria jaso zuen, 2009an Espainiako musika Sari Nazionala, eta 2011n Eusko Ikaskuntza saria.
Musika-eszena antikomertzialean alea jartzeko asmoz sortu dute Aurka kolektiboa. Martin eta Katalin kideekin hitz egin dugu arlo horretako kolektiboen loraldiaz, musika politizatuaz eta musikaren potentzialitateez, industria musikalaz, makrojaialdiez eta beste.
Lizarrako Udalak udarako antolatu dituen bost musika ikuskizunetan eta beste horrenbeste film emanaldietan bat bera ere ez da euskaraz izanen; datorren astean hasiko diren festen egitarauan haurrentzako ekitaldi bat dago euskaraz programatua, justu, erraldoi eta buruhandien... [+]
Abu Youssef Al-Najjar Ospitaleko zuzendari Marwan Al-Hams kanpainako ospitaleen arduraduna da eta Gazako Osasun Ministerioko bozeramailea. Uztailaren 21eko arratsaldean atxilotu dute Israelgo Indar Armatuek.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta eta Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzapean egindako entzuketa prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte uztailaren 23 honetan. Museoa eraikitzearekin sustatuko... [+]
GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.
Bihotzak eztanda egin arte biziko da Aloña Erauskin (Berrobi, 1999), beste guztiok bezala. Besteon aldean, ordea, presente dauka aukera hori.
Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.
Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]
Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]
"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.
Kezka, ezinegona eta... [+]
Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.
Miope bezain itsu,... [+]
Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.
Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]
Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria... [+]
Zazpigarren urtez, Adunako (Gipuzkoa) Zabala sagardotegian egin dute Ja(ki)tea sarien banaketa, euskal gastronomia tradizionala oinarri duten jatetxeen artekoa. Besteren artean, Getariako Kosta Aroak irabazi du bertako ekoizle onenaren saria, Tafallako Tubalek plater... [+]
Migratzaileak deportatzeko neurriez mintzatzeko, EB Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetako Barne eta Migrazio ministroak bildu dira asteartean, Kopenhagen. Ondorioztatu dute EBko herrialde gehienek babesten dutela etorkinak deportatzeko neurriak gogortzea... [+]