"Hainbeste harrri eta menhirrr artean latexezko irribarrea behar dugu euskaldunok"

  • Asiskorekin solasean aritzean, irudiak etengabe heltzen zaizkizu burura: ile kosmonautiko eta perla Majoricak daramatzaten atso upenianoak, eskuak poltsikoetan imantatuak dauzkaten bertsolariak, 80 urteko Asisko xahar bat gazteen musika kritikatuz…
    Euskararen maitale gartsua, mingaina eskua bezain trebea du, irudimena borborka eta irri karkaila beti aireratzeko prest. Biba zu!

Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Google maps-en aginduetara, bide laburrenetik etorri eta bazter ezin ederragoetan barna, ozta-ozta iritsi gara Hozta herriraino. Nola eta zu hemen?

Oztibarre ezagutu nuen aspaldian –orain gauza gehienak guretako jada aspaldian gertatuak dira eta!–. Duela 20 bat urte Izura herrian antolatzen zuten Marrazkirri izeneko marrazki umoristikoen erakusketa. Garai hartan Napartheiden ari ginen eta deitu gintuzten parte hartzeko. Etorri, eskualdea ezagutu, adiskideak egin eta geroztik urte oroz Marrazkirrira etorri eta urte oroz lagun oztibartarrak Sanferminetara joan. Eta jada duela urte batzuk ere, lan inguruan eta bizimoduan, krisi bat izan nuen. Bizimodu petrala oso, kalitate gutxikoa neraman: lan dezente, kontrakoa badirudi ere, eta gaupasa asko bai lanerako baita festarako ere. Nik ez dut fatalitatean sinesten. Ez dut uste hiritar jaio eta izan garelako, hiritar hiltzera kondenaturik gaudenik. Ni beti oso hippy izan naiz eta mendira eskapatzen nintzen ahal nuen guztietan. Gauza batzuk elkartu zitzaizkidan eta ikusi nuen aski nuela Iruñea, marrazkigintza eta Euskal Herri osoan barrena hitzaldiz hitzaldi ematen ibiltzea. Orduan telefonatu nuen nire hemengo adiskide bat, baserritarra dena, eta esan nion behar baldin bazuen hiritar inutil perfektu bat, iniziatibarik gabea, edozein lan xume egiteko, ni prest nengoela nire puskak bildu eta harengana joateko. Garai hartan behi eroen krisiaren ondorioz, baserritarrek oso zaila zuten behi edo txahala osorik saltzea eta puskaka jarrita egin behar izaten zuten. Horretarako Mauleko hiltegira maiz joan beharra zen, aldi berean, baserriko lana eginik utzi gabe eta horretarako bai behar zuela nire profileko hiritar inutil bat. Etorri egin nintzen eta ondoko herrian, Ibarlan, pasa nuen negua. Eta halako batean deskubritu nuen neure burua lanean eta gustura.

Maka-rena egiten zenuen? [Iruñerrian lantokietan mandatuak egiten zituen mutiko laguntzaileari maka esaten zitzaion].

Bai, bai, makarena. Donapaleuko biltegira joan eta artoa erosi, hiltegira, traktorea gidatzen ere ikasi nuen, baina nire goreneko lana behi gorotza, kaka, behitegitik ateratzea zen. Horrelakoetan orduak eta orduak: palataraka atera eta gero eskuorga bete eta hori eraman… eta horrela denbora desagertu egiten zen. Atseden ikaragarria izan zen niretzat. Iruñean nire bizia zen sortu, pitokeriak egin, marraztu, igorri, telefonatu, hitzaldiak eman… Askotan sartzen nintzen ohean burua irakiten eta gorputza batere nekatu gabe. Orduan insomnioa, ezin lokartu. Hemen, aldiz, lan fisiko ikaragarria eta lan intelektual gutxi egiten nuen, kaka nola antolatu era inteligente batez gehienez, eta halako batean sendatu egin nintzen. Ohartu nintzen traktorean fistuka nindoala. Urteak ziren ez nintzela ni lanean ari eta fistuka!

Horrekin guztiarekin erabaki genuen hona etortzea bizitzera. Ez zen erraza izan bizitokia aurkitzea dena sobera garestia edo sobera eroria baitzegoen eta halako batean hemen, Hoztan, etxe hau topatu genuen. Gainera saltzaileak ez zuen espekulatu nahi. Hark erosia zuen hamar urte aitzin eta saldu nahi zion prezio horretan hemen herrian biziko zen euskaldun bati. Noizbait sortzen dira halako mirakuluak.

Bizimodu berria, aitatasuna… Aldaketa sakonak.

Ez dut uste bata bestearen ondorio denik, baina sartzen zara hau bezalako proiektu batean, hasten zara zure sare sozialak eratzen, kokatzen, eta ondoko urratsa, oso modu naturalean, etorkizunean pentsatzea da. Ainizeri planteatu nion, seguru aski arrazoi biologikoengatik, ni, jada, aita gabe aitatxi izateko puntuan bainengoen. Nik beti leporatu nion gure aitari zergatik eduki gintuen hain zahar eta ni bide beretik nindoan. Konjuntzio planetario egokia eman zen eta orduan haurrak heldu ziren. Arras kontent nago.

Satelite bidezko Internet konexioa eta autoa atean. Horrela bai bizi daitekeela herri txiki batean, ezta?

Urtez urte herri hauek husten joan dira eta batzuendako kondena latza izan da etxeko premua izatea, baserriari segida eman beharra, abereekiko lotura nahitaezko hori… eta hau, aldiz, hautu librea izan da. Nik nire marrazkiak egin eta Internetez igortzen ditut, berdin hirian bizi edo Hoztako plazan bizi, eta hemen aise hobeki. Hemendik joandako jendeak oraindik ez du ulertzen zer ari garen gu hemen, lotzen baitute herria kondena horrekin, nik neuk hautsi dudana hiritar izatetik herritar izatera pasatuz. Soziologikoki arras interesgarria da hori ezagutzea. Herri euskaldun batean bizitzea ere niretzako bizi kalitatea da eta batzuek hori ere kondena gisa bizi izan dute, “zibilizazio” frantsesaren aldean. Hemen egunero ikasten ari naiz. Zerbaitez ohartu banintzen hasiera-hasieratik zen hemen bizia eta herioa askoz ere presenteago daudela hirian baino. Hirian ez ditugu ikusten biziaren bi muturrak. Adina eta baloreak ere oso desberdinak dira. Hirian 40 urterekin, ezkongabea bazara, “a zer animalea! Nola ateratzen dion zukua bizitzari!” Eta hemen, berriz, 30 urte badituzu eta ez baduzu harreman bat bideratua, mutilzaharra, “gaizo haurra, gaizo baserria eta familia!”.

Ez naiz Euskal Herritik atera. Ez naiz Nafarroatik atera ere, eta hemen nago etengabeko bidaia batean bezala. Supermerkatura joan eta produktu guztiak frantsesez daude, beste erdara batean, niretzako hori bidaia batean ibiltzea bezalakoa da, baina etxean egonik. Niretzako perfektua!

Eta euskararen egoera nola ikusten duzu hemen?

Kronika pertsonaletik abiatuz: Aste guztiz gure alaba nagusia, Gexi, Pagolara joaten da kirola egitera, Joseikan Budo egiteko euskaraz. Gaur arratsaldean bertso-frust bilera dugu Maulen. Hor bertsolari frustratuak biltzen gara eta dena kantatuz egin behar da. Eta, kasualitatez edo, noizbait norbaitek bertso on bat egiten badu deskalifikatzen dugu eta BECera bidaltzen. Honetaz gain Askaot! izeneko gazte talde bat antolatu da Oztibarren, eta Donaixtin bada oso gaztetxe aktibo bat… Hegoaldean euskara noizbehinka ikusten duzu, entzuten duzu… Publikoa da. Hemen, aldiz, hizkuntza pribatua. Euskaldungoa ez da agerikoa, baina gero hemen biziz ohartzen zara lurpe horretan badela sare underground bat eta gauza dezente. Euskara ez da publikoa eta hori da Frantziako Estatuak ederki egin duen errepresio isil eta pozoitsuaren ondorioa. Arrozte eta kolonizazio ikaragarria lortu arte.

Umorea garrantzitsua da zure bizitzan.

Ironia izugarrizko arma da, lanabesa, eta baita filosofia, bizirauteko eta aitzina segitzeko makulu bat. Hemen Euskal Herrian laxatzeko beharra dugu alde guztietatik: negar egiteko, irri egiteko… Ikustekoa da nola, adibidez, Flandrian Waloniakoak atakatzen dituzten umoretik, kontzesiorik gabe. Guk espainolen kontra edo frantsesen kontra ez dugu ezer muntatua. Ez eta gure buruaz trufa egiteko ere. Beste edozein herrik badu bere aldizkari satirikoa. Euskal Herrian ez. Umore xehea interesatzen zait niri, ez lodia. Umore xeheez edozein gai azter daiteke, baita minberenak ere: presoena, biktimena, independentziaren beharra, torturak… baina ez dugu asmatzen. Batzuetan parrokia batekoek egiten dute barne kontsumorako, baina ez da plazara ateratzen. Gainera edozein gauza ezin da publikatu, hor baitago apologia legea. Ez gara Disneylandia. Eguneroko bizian badakigu zer den euskalduna izatea, baina horri umorez buelta ematea lortzen ez dugun bitartean, gaizki. Hegoaldean mito eta gai sakralizatu gehiegi dago, elizaren eraginez edo. Oso espainola, oso, latinoa egiten zait hori, eta euskararekin ere hori ikusten da. Hizkuntza ez da Balentziagaren museoko perlaz eginiko soineko bat, baizik eta egunero erabiltzen dugun kamiseta erosoa. Mihiluze saioaren arrakasta, adibidez, zergatik? Jendea, eta bereziki gazte jendea, horren egarri delako. Sobera zurrun gaude. Euskal Herriko bertsolarien aurrean txapela kentzen dut nik, baina ikustekoa da galbanizazioa, eskuak sakeletan imantatuak. Ez dugu hezur bakarra, bertebrazioa eta kartilagoak ere omen dauzkagu. Hainbeste harrrri eta menhirrrren artean latexezko irribarrea behar dugu euskaldunok.

Zergatik marrazten duzu?

Ez dakidalako besterik egiten eta beti gustatu izan zaidalako. Aitak ere margotzen zuen eta marraztuarazten zigun. Ni ez naiz margolaria. Gauzen kontatzeko bi makuluren beharra dudala sentitzen dut: marrazkia eta hitza. Komikian aurkitu dut nire adierazpide egokiena eta berrikiago marrazki bizidunetan. Sekulako suertea izan dut.

Zuen aita Miguel Javier Urmeneta oso pertsona ezaguna zen: Iruñeko alkatea, diputatua, kultur gizona eta euskaltzale handia. Haren itzalak presiorik ekarri dizue?

Urtetan, nonbaiten izena eman behar nuenean askotan galdetzen zidaten: “Aizu, ez duzu zerikusirik izanen alkate izan zenarekin”, “bai, aita”. Eta orain: “Aizu, ez duzu zerikusirik izanen kamiseta egilearekin”, “bai, anaia”. Aita ezaguna izateak, nolabait bultzatu gintuen zerbait egitera, ez fama bila, baina bai gure memoria propioa egitera, inoren itzala izan gabe. Zaharrei ez dut deus leporatzeko, baina bai bitxia egiten zaidala aitak ez zigula transmititu abertzalegoari buruz informazio zehatzik. Leiho batzuk, pista batzuk uzten zituen baina oso lausoak. Haren aita abertzalea zen eta gerra hasi orduko prozesatu egin zuten. Gure aita gerrara joan zen, Division Azul-ean aritu zen naziekin orpoz orpo sobietarren aurka borrokatuz, militar karrera egin zuen Estatu Batuetan, eta abar. Garai batean niri hori dena onartzea oso zaila egiten zitzaidan. Nafarzale ilustratua, euskaltzalea, katolikoa izanda, nola zen posible? Zein kontraesan ikaragarria izan zen hori dena harentzat, berak ere ez zekien oso ongi azaltzen. Oso adin tarte handia zegoen gure artean eta hil zelarik ni 23 urteko gaztetxoa nintzen. Garai hartan egun batean batek esan zidan kalean entzun ziela bi atso upeniano, ile kosmonautiko eta perla Majoricak zituztenei: “Fíjate qué mal estarán las cosas, que hasta el hijo de Urmeneta está pegando carteles de HB”. Niretzako hura izan zen gerra oihu bat bezalakoa. Orain pena dut gehiago ezagutu ez, eta berak ere ni ezagutu ez izana. Pena, liburu eta prentsa artikuluen bidez ari naizelako aita eta gure aitatxi ezagutzen. Hori nik uste dut drama bat dela. Zerbait transmititu nahi badiet alabei eta gazte jendeari hori da: ezagutu agure-atsoak bizi direno.

Nortasun agiria

Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) marrazkilaria eta marrazkijalea. Magisteritza ikasketak egiten hasi zen “gehienbat aita izorratzeagatik, berak nahi baitzuen nik lauzpabost karrera egitea”. Garai hartan hasi zen euskara ikasten eta ondoren euskara irakasle aritu izan da urtetan. 1988an Napartheid fanzineko sortzaileetako bat izan zen. Zenbait komikiren egilea da: I’m Pellot! Biba festa!, Erraondo, Gartxot eta Okatxu, besteak beste. Kukuxumusu marrazki faktoriako kidea da. Zazpiak Batman kolektiboarekin batera gazte hizkeraren inguruko hainbat “hiztegi” kaleratu ditu: Mantxut?, Mantxut-mantxut? eta FreeeeExkue. Hamaika hitzaldi eskaini ditu, horietako askotxo Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera. Azken urte hauetan Munduari bira doan eta Gartxot, konkista aitzineko konkista animazio filmen egile eta sustatzaileetako bat dugu. Orain Hoztan bizi eta bi alaba txikiren aita da, Gexi eta Leixa.

Azken Hitza
Pablo Antoñana, José Mari Jimeno Jurí­o eta Jorge Cortés Izalen irakasle

“Duela zenbait urte Iruñeko Catachu taberna hartu genuen lagun batzuek. Oso onak ginen marketin kontuetan, ez horrenbeste ostalaritzan, eta lortu genuen Bertatik bertara, ETBko saiokoak inauguraziora etortzea. Lagunak gonbidatu genituen eta nik nire jainkoak deitu nituen. Batzuendako Indurain zen bezala, nireak Pablo Antoñana, Jorge Cortés Izal euskaltzalea eta José Mari Jimeno Jurío ziren. Hirurak han agertu ziren eta gaizoek sufritu zuten ezin zutelako euskaraz adierazi barnean zeukatena. Orduan neure burua eskaini nien irakasle moduan. Lehen Zaldikon eta gero Catachun bertan biltzen ginen astero. Oso saio bereziak ziren. Niretzako pribilegio bat. Nik uste dut hiltzen naizen momentuan, nire azken neuronekin izanen ditudan azken ostiko elektrikoetan topaketa horien oroitzapena izanen dudala”.


Azkenak
“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileek ez dute euskara jakin beharrik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera

Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.


Eguneraketa berriak daude