Jakintsuaren bertso berriak kazetariei jarriak

  • Bi Fukushima daude munduan 2011ko udazkenean. Bata, kasik ahantzia, udaberrian mundua ikaratu ostean udazkenerako normaldua... jendeen gehiengoarena. Beste Fukushima, berriz, larrialdi betean bizi da, oraindik kontrolatu gabeko hondamendia martxan duela; honen berri hedabide minoritarioek ematen dute soilik.

Ondoko irudian eskubikoa da Christopher Busby kimikari nuklearretan aditua, beti euskal boneta buruan. Argazkia 2008an egina dago, Suitzako Geneban, Munduko Osasun Erakundearen atarian zientzialariek, medikuek eta hainbat jende militantek erakunde horren
Ondoko irudian eskubikoa da Christopher Busby kimikari nuklearretan aditua, beti euskal boneta buruan. Argazkia 2008an egina dago, Suitzako Geneban, Munduko Osasun Erakundearen atarian zientzialariek, medikuek eta hainbat jende militantek erakunde horren eta zentral nuklearren jabeen arteko lotura salatzeko astero egiten duten protestan. Ulsterreko unibertsitatean egiten duen lanaz gain, ingurumen gaietan aholkuak ematen dituen Green Audit elkartean parte hartzen du Busbyk, Galesko Aberystwyth hirian. Asko ikertu du erradiazioek dosi txikietan eragiten dituen kalteetan; orain artean bere ideiak gutxiengoan geratu dira zientzialarien artean. Fukushimak Txernobylek adina erradiazio isuri zuela salatzen lehenetakoa izan zen Busby joan den udaberrian, eta hilabeteak aurrera joan ahala gero eta datu gehiagok diote hala izan zela.

Bideoa laborategian grabatuta dago. Sartuko da euskaldun txapela jantzitako aitona, gitarra hartu eta kantatzen hasiko da I pitty the newspaperman (“Erruki diot kazetariari”). Abeslaria Christopher Busby kimikaria da, 66 urteko gizona, Txernobylgo istripuaz geroztik zentral nuklearren kontrako kanpainan ari dena.

Argiaren gunetik ikus-entzun daiteke bideoa. “Erruki diot kazetariari / Ez daki nola heldu den / Gezurretan aritzera / Metodo maltzurrekin / Iturritzat hartuz gezurrak / Heriotza trapitxeroenak / Gauzen egiak estaliz / Arnas ustel bakoitzean”. Ai Koldo Izagirrek har baleza Busbyrena eta kopla txukunetan jarri, Tapiaren Québec hartako kantariekin egin legez. Busbyrena oinarrituta dago Bob Dylanek aspaldi errun eta beste askok, tartean Joan Baezek eta Planxty taldeak, beren eran abestutako I pitty the poor emmigrant famatuan.

“Erruki diot kazetariari / Bizi den ordu bakoitzean /Hain dago bakarrik / Hain da huts eta boteretsu / Iritziemaile hori… egunero / Umeak hiltzen ari dena / Bere burua zaintzeko / Ihesi ezkutatzen dena”. Zeinetaz ari da doktore polemikoa?

The Guardian egunkariko George Monbiot datorkio bati burura. Honek, kontatua dugu beste Net Hurbil batean, artikulu famatu bat plazaratu zuen Fukushimako leherketen biharamonean aldarrikatuz justu orain bihurtu dela bera nuklearren aldeko, demostratu delako hitzontzikeria hutsak zirela ekologistek eta zientzialari katastrofistek energia horretaz egindako aurreikuspenak. Hitz batez, inor ez duela hil Fukushimak, balioko duela zentralen segurtasuna hobetzeko eta beharrezkoak direla nuklearrak klimaren aldaketari aurre egiteko.

Monbiotek ahoberoen eredutzat aipatu zuen Chistopher Busby zientzialaria. Elkarren aspaldiko ezagunak, honek desafioa bota zion: zu eta ni aurrez aurre mahai-inguru publiko batean, epailea zuk hautatzera. Arerioak demari uko egiten dionez, kaskoan beti euskaldun txapela daraman Busbyk herri kirolarien moduan egin dio erronka berria: bertso jarrietan. Komunikazioan aditu denari, kopla motzetan.
Hala ere, kimikari kantariak –dozena bat kanta inguru dauzka Interneten, Care Free taldearekin– esplikatu du kazetari askoz ari dela, ez denez baina. Lobby nuklearrarekin elkarlanean ari diren kazetariez eta zientzialariez. Kantuaren azken kopletan dio: “Doala sasi-kazetarien artera / Doala bere lagunetara / Uranioaren akzioak eta / Beren etekinak zaintzen ari direnetara / Salgai dauden adituen artera / Arnas adina gezur dagitenengana / Mundu osoa pozoitzen dutenetara / Heriotza erradioaktibitatearekin”

Christople Busby fisikan eta kimikan doktore da. Urte luzez Britainia Handiko Berdeen buruzagitzan aritu da, politikan eta militantzian. Hala ere Londresko Gobernuak behin eta berriro deitu izan du erradioaktibitatearen arriskuaz aztertzeko osatu dituen adituen batzordeetara. Iraken eta Kosovon izana da uranio pobretuzko armen ondorioetan ikertzen. Metal astunen toxikotasuna ere asko landu du. Batzorde akademiko horietan ia beti geratu da gutxiengoan.

Atomoak ez du lekukorik nahi

Gure bilobek jakingo dute Busbyren eta bera bezala energia nuklearraren kontrako militante sutsuak diren Alexei Iablokoven eta beste hainbat adituren aurreikuspenak zuzenak ala katastrofikoegiak diren. Baina dagoenekoz badakigu Fuku­shimakoaren larritasunean asmatu zutela, “dena kontrolpean dago” ziotenek ez bezala. Bigarrenekoz asmatzen du Busbyk salatzean kazetari eta aditu askoren saldukeria.
Hona adibide bat, joan den astekoa. Urriaren 7an Energy News agentzia amerikarrak zabaldu zuen honakoa: martxoaren 22rako AEBetako agintariek bazekiten Fukushimako 4. unitateko piszinan zegoen erregai usatu guztia (%100) airean joan zela, 3. unitatekoaren erdia (%50) eta 2.ekoaren laurdena (%25) bezala. Gutxienez 336 tona atmosferara isuriak, tartean plutonioa daraman MOX erregaia 3. unitateak zeukana. Gainera, Alaskako haurren tiroideetan hautemanak zituzten erradioaktibitate aztarnak. Informazioa administraziotik filtratutako e-postetan oinarrituta dago, osoki fidatzekoa da, beraz. Eta galdera: posible al da komunikabide nagusiek hori ezkutuan gordetzea?
Honetara helduta, zentsura aipatu behar. Fukushimakoaz zentsura darabilte herrialde askotan. Errusian, esaterako. Errusiako estatuak diru publikoetatik milioika euro xahutzen ditu energia nuklearrari buruzko albisteak erauzten komunikabideetatik eta atomoaren aldeko public relations kanpainak pagatzen. Vladimir Slivyak, Alisa Nikulina eta Maria Kaminskayak Bellona gunean erakutsi dute nola ordaintzen duen gobernuak Rosatom energia konpainia zuritzeko ahalegina.

Baina Japonian agintariak urrunago heldu dira. Jakina zen martxoko krisiaren ondotik han zer nolako manipulazioak burutu dituzten: urtean herritarrek jasan dezaketen erradiazio dosia legez handitu, informazioak ezkutatu, erradioaktibitatearen neurketarik ez egin edo oker egin aparatuak lurretik aparte jarriz, eta abar luzea. Orain informazioen kontrol zorrotza legez arautzeraino iritsi dira.
“Japoniak lege bat onartu du poliziari eta zentralen jabeei Interneteko jarduera mugarik gabe behatu eta Internetetik Fukushimako erradiazioei buruzko informazio ‘txarrak’ eliminatzeko”. Alexander Higginsek plazaratu zuen uztailean. Higginsek badaki zentsuraz zerbait, aste batzuetarako berari ere itzali egin baitzioten webgunea.

Bide batez esanda, Fukushimako albisteak segitzen dituzten kazetari eta boluntarioen artean bada ohitura berri bat: bideo edo idatzizko agiri interesgarri bat azaltzen baldin bada, norbera saiatzen da saretik jaitsi eta gordetzen, bada ezpada ere. Hala lortu da salbatzea eta berriro sareratzea material oso garrantzizkoak. Tartean telebista publikoek noizbait eman eta gauetik goizera desagertu zirenak.
Gauaren eta egunaren artekoa adinakoa da Fukushimaz egunkari eta telebista nagusietan dagoen omerta zorrotzaren eta Interneten dagoen iturri aniztasunaren arteko aldea. Japonian bertan sortzen diren albisteak hainbat hizkuntzatan zabaltzen dituzte, agiri ofizialak bildu eta sailkatzen, uhartean aste betean ihartuko liratekeen kronika mamitsuak bizirik atxikitzen.

Hedatzaile horiengana jo beharko dute informazio bila kazetari alferragoek Fukushimatik hurrengo astinaldia zabalduko denean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude