Haurrez beteta ikusi dugu aurtengo Kilometroak jaia antolatzeaz arduratu den Azpeitiko Ikasberri Ikastolako baratzea. Gerturatu garen egunean, gelako hazitegian eduki dituzten landare eta barazkiak landatzen ari dira. Ikasleak naturara hurbiltzea eta berau errespetatzen ikastea dute helburu.
Esku ahurra mugurdiz beterik eskaini digu Leirek, eta ahoratzera gindoazela “lehenbizi garbitu!” oihu egin digu. Lezioa ongi ikasia dauka. 4 urte ditu, eta baratzean aurrera eta atzera ibiltzea asko gustatzen zaio, ikastolako ume gehienei bezalatsu. Gorka Vesga du hezitzaile, bera da baratzearen arduraduna. Argi dauka baratzeak haurren ikaste-prozesuetan eragin positiboa duela: “Baratzean parte hartzen dutelarik, ingurunea zaintzeko kontzientzia barneratzen dute”. Haur Hezkuntzako ikasleez gain, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek ere laguntzen dute baratzearen osaketan.
Baratzea lantzen orain dela bederatzi urte inguru hasi zirela gogoratu du Vesgak: “Orain arte baratzearen ardura zeramanak hasi zuen proiektua, DBH 4ko teknologiako klaseetan erabiltzeko. Ikastola Agenda 21 egitasmoan sartuta dagoenez, han lantzen diren gaiak baratzean ere jorratzeko erabili izan dira”. Egun, Urtxintxa eta Txanela ikastoletako ikas-materialak dituzte gainera, eta landu beharreko gaiei buruzko ariketak agertzen dira liburuetan. Horiek aitzakiatzat hartuta ikastola kanpora irteten dira baratzean teoria praktikara eramateko. “Adibidez, babarrun magikoaren ipuina irakurri ostean, babarrun bat landatzeko eskatzen duten ariketak egoten dira. Guk jarraibide gisa hartu, eta landatu egiten ditugu”. Horrela osatu zuten ortu barruan dagoen lorategia. Orain seigarren mailan daudenek ondo gogoan dute nola izan zuten ikasgelan hazitegia: “Jogurt potoetan eduki genituen hasieran, pixka bat hazi bitartean, eta gero hemen landatu genituen”. Ariketa horiekin, landareen sailkapena eta ernalketa landu zituzten.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik laugarren mailakoak dira baratzera joan-etorri gehien egiten dituztenak, natur zientziei eta teknologia gaiei lotutako alorrak jorratzeko. Oro har, mantentze lanetan aritzen direla argitu du Vesgak: “Belar txarrak kentzea edota uraren errailea aldatzea izaten da besteak beste haien lana”. Batxilergoa eskaintzen dute Ikasberri Ikastolan, baina hauek ez dute baratzean parte hartzen.
Ez dute produktu kimikorik erabiltzen. Lurra ongarritzeko konposta botatzen dute, hau ere ikastolan bertan egina. Vesgak azaldu duenez, konpostak lurra “gozo” mantentzen du, eta horrela haurrei errazagoa zaie manipulatzea. “Aitzurtu beharrik ez dago, eskuekin zulotxoak egin ditzakete eta han sartu hazia edo landarea”. Hurreratu garen egunean, baratzean dauden zuhaitzak udareondoa, gereziondoa, intxusak, kainaberak, eta sagarrondoak dira. Patatak, tomateak, tipulak, kalabazatxoak eta babarrunak ere badituzte; eta horrez guztiaz gain, loreak daude. Dena lau zatitan eta mailatan banatuta dago. Haur Hezkuntzakoei partzela oso bat uzten diete Ikasberrikoek: “Gustura hasten dira ureztatzen baina badakizue nola diren haurrak, gutxi behar izaten dute jolasean aritzeko”.
Guztiak maite dute baratzean aurrera eta atzera ibiltzea, dela ureztatzen, dela landatzen. Seigarren mailakoek lan ugari egiten dute. Baratzeko arduradunak baieztatu digu: “Gogoan dut, Lehen Hezkuntzakoak beren tutoreekin loreak landatzera etorri ziren eguna. Lurra aitzurtzen hasi nintzen ni, eta berehala ikasleak galdezka hasi ziren beraiek zergatik ez ziren ari aitzurrean. Azkenean denek lagundu zuten. Argi dago, beraiei gustatu egiten zaie, aulkitik altxa eta zerbait egiten egotea”. Laguntza eskaini zuten ikasleek eta auzolanean loratu zuten ortua. Horixe du, hain justu, helburuetako bat: elkarlana bultzatzea.
Badu beste kontakizunik Vesgak: ardiek baratzeko itxitura gainditu zutenekoa. Baratzea izorratuko zietela-eta ikasleak “ardiak bidaltzeko eta bidaltzeko” eskatzen aritu zirela gogoan du. “Ikusten da zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta gehiago zaintzen dutela baratzea. Beraiena den zerbait da, hortaz, zaindu egiten dute”. Era horretan, zaborra bertan ez uzten eta ingurua txukun mantentzen saiatzen dira. Hori da lortu nahi duten beste balioetako bat: ingurunea zaintzea. “Kontzientziatu egiten dira nolabait. Ezagutu dezatela natura, fruituak eta barazkiak nondik datozen, baita nola landatzen diren. Ez dezatela pentsatu dena supermerkatuan dagoela”.
Gehienbat udaberrian lantzen dute lurra, eguraldiak orduan laguntzen duelako batik bat, baina baita ikas-materialak horrela bideratzen duelako. Neguko joan-etorri apurrak ikastolako helduenek egiten dituzte. Pasa den neguan ilarrak eta baratxuria sartu zituztela adierazi digute.
Ikasgelatik kanpoko jarduna izaten dute baratzera joatea, eta horregatik ere dute gogoko. “Gelan sartuta egon ordez, alde ederrean gaude hemen” esan digu ikasle batek; besteak gaineratu du “ingelesa ikasten egon baino nahiago hemen, behintzat zikindu egin gaitezke-eta”. Ikasleei lanerako, ikasteko eta laguntzeko gogoa pizten die baratzeak. Vesgak azaldu digunez, ebaluatzeko unean ikasleek agertutako “interesa eta motibazioa” hartzen dituzte kontuan, baina ez da hori garrantzitsuena: “Askoz ere garrantzi handiagoa du, gure ustez, ikasleek ongi pasa izana, elkarlanean aritzen ikasi izana eta horrelakoak”.
Udazken aldera, barazkiak eta fruituak biltzeko unea iristen da. Oro har, irakasleen artean banatzen dute, baina badago ikastolako letxuga probatu duen ikaslerik.
Datorren igandean, Kilometroak jaira Azpeitira gerturatzen denak egin dezake bisitatxoa ikastolako baratzera. Txorimalo baten zaintzapean dago, ez dezatela txolarreek bertako uzta hondatu. Haur Hezkuntzako umeek dotore-dotore jantzi dute, egun handirako.
Teknologizatuta dator aurtengo Kilometroak. Ordenagailuekin erabat lotua dagoen leloa aukeratu dute: Klik! Horrela “ikastolak, herri honek, euskarak aurrera egin behar duela” adierazi nahi izan dute antolatzaileek. Play ikurra hartu dute leloa indartzeko ikur gisa. Abestian ere hala diote: “Klik bat egin eta aurrera goaz”.
Baina klik hori ez da abestian bakarrik entzun, ezta Kilometroen aldeko publizitatean soilik ikusi. Ikasberri Ikastolakoek herritarrak bultzatu dituzte benetan klik egin dezaten. Klikmetroak egitasmoa jarri zuten abian, Kilometroak jaiaren osaketan jendeak parte har zezan. Roman Azkue Ikasberri Ikastolako koordinatzaileak eta Igor Elortza Kilometroetako koordinatzaileak azaldu digutenez, hasierako ikastolen aldeko jaiak antolatzeko erabiltzen zen funtzionamendua hartu dute abiapuntu, hori bai, gaurkotuta. Ibilbide birtuala osatu dute horretarako, eta jendeari metroak doan erosteko gonbita egin. “Diru kopuru jakin bat lortzeko babesleak bilatu ditugu. Aurten jendeari esfortzu minimo bat eskatu diogu. Jendeak metroak bere izenean jarri ditzala, eta hala ibilbide birtualean egindako metro bakoitzeko babesleek ordaindu egingo dute”. Lagundu nahi duenak formulario bat bete behar du eta argazki bat igo, gero parte-hartzailearen irudia babeslearen ondoan agertzeko. Twitter, Facebook, e-posta bidez edota klikmetroak.com webgunean egin daitezke metro birtualak.
Kilometroen hasierako edizioetan benetan egiten zituzten kilometroak eta kontrol guneetan zigilua jartzen zitzaien. Pertsona ezagunek egiten zituzten ibilaldiak, eta horiek egindako kilometroak ordaintzen zituzten babesleek. Azken urteetan ordea, ez da horrelakorik behar izan, ikastolen aldeko jai erraldoi bilakatu delako, eta babesleak ordaintzeko prest daudelako. Antolatzaileek ordea, hasierako filosofiari heldu nahi izan diote. Elortzaren esanetan, “berez Kilometroak zergatik eta zertarako egiten den adierazteko egin dugu hau. Uste dugu berezko esentzia erakutsi behar diogula jendeari, eta batez ere, gazteei”.
Ibilbide birtuala alde batera utzi eta errealitatezkoan ibiltzeko aukera izango da datorren igandean. Sei kilometro luzeko ibilbidea izango du aurtengo edizioak, Azpeitia osoa igaroko duena. Guztira lau gune nagusi izango ditu, eta bosgarren bat ere egongo da, herriko plaza hartuko duena.
Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.
Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]
Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".
Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.
Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]
Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko.
Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]
7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.
Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.
Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa.
Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak
Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.
Data: abuztuaren 8a.
-------------------------
Biarritz Piano Festival... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]