Kalaz kala bizikletaz

  • Sekulako astindua hartu gabe bizikletan lasai ibiltzea atsegin dugunontzat, irla aproposa da Menorca. Egunean 30-50 kilometro artean eginda, laster zeharkatzen da Balearretako uhartea, eta paraje ederrez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Kalaz betetako uhartea da Menorca. Ezkerreko irudian, Cales Coves (irla hegoaldean). Eskuinean, mendebaldeko kostaldea: Cala Santandria, Cala Blanes eta Cala Blanca.
Kalaz betetako uhartea da Menorca. Ezkerreko irudian, Cales Coves (irla hegoaldean). Eskuinean, mendebaldeko kostaldea: Cala Santandria, Cala Blanes eta Cala Blanca.Amaia eta Edurne Gartzia

Bizikletaz gain, oinez, kayak-ean edo katamaranean zeharkatzeko ere irla egokia da Menorca. Halako txangoak eta urpekaritza edo surf saioak antolatzen dituzten agentzia ugari daude uhartean, eta gehienetan harremana dute beraien artean. Gu iparraldean dagoen Fornells herriko agentzia batera jo dugu eta e-posta bidez alokatu dugu bizikleta. Nahi izanez gero, kaskoa, kanpin-denda eta bestelako materiala ere alokatu daiteke –etxetik eraman ditugu guk–, baina alforjak norberak eraman behar ditu.

Hondarribian hegazkina hartu eta Madrilen geldialdia eginda, ordu pare batean Maóra iritsi gara, Menorcako hiriburura. 30 kilometro ingurura dagoen Fornellsera autobusean egin dugu bidaia. Abiapuntuan gaude dagoeneko, eta komeni da hurrengo egunerako deskantsatzea.

1. etapa: Fornells-Ciutadella
Hurrengo goizean, agentzian agertu gara 9etarako. Ezusteko atsegina hartu dugu, oso bizikleta onak eskaini baitizkigute, baita oso ondo etorriko zaigun material osagarria ere. Alabaina, ibilbide eta mapa argigarrien ordez, aholkua baino ez dugu jaso: “Itsasoa beti eskuinean utziz, ez dago galtzerik”. Bidea bizikletaz egiteko ez dela zaila eta edozein kalatan zakua atera eta lasai lo egin daitekeela azaldu digu agentziako arduradunak. Hasteko, informazio horrekin moldatu beharko gara.

Pisua bizikletan ondo orekatu eta Ciutadellarantz abiatu gara, mendebalderantz. Hasi eta berehala, bidearen nondik norakoak azaltzen dituzten seinaleak ikus daitezke. Irlari kostaldetik bira ematen dion Camí de Cavalls bide ezaguna ondo seinaleztatuta dago eta ibilbide horri ekin diogu. Xendan barrena, zaldi gainean doazen turista ugari topatu ditugu; ez da hautu txarra. Lehenengo etapa honetan bideak dituen malda, arroka eta pareta gogorrak aise gainditzen dituzte zaldiek, baina ez guk daramatzagun bizikleta astunek. Hala ere, gogotsu hasi gara, sei orduz ibili gara gora eta behera, eta aldaparik latzenetan, txirrinda bakoitza bien artean igo behar izan dugu. Lehen etapan ez dugu iturririk aurkitu eta ura agortu zaigu.

Kalatxo batera iritsi eta uste baino atzerago gaudela ohartu garenean, nekatuta, urik gabe eta sasiek hankak zartatuta, gizon bat hurbildu zaigu. Txabola baten jabe da, kala ondoan. Ur freskoa eskaini digu, esertzeko tokia eta elkarrizketa bikaina. Argitu digu lehenengo etapa zaila dela bizikletaz egiteko, normalean errepidez egiten dela eta aukera dugula bizikletentzako bidera atera eta berau jarraituz Ciutadellaraino jarraitzeko. Gure kanpin-denda ikusi duenean, kanpaldi librerik ez egiteko gomendatu digu. Debekatuta omen dago irlan, eta poliziak maiz begiztatzen ditu kalak, hondartzak eta basoak, horietan kanpatzen dutenei 300-600 euro arteko isunak ezarriz. Zertxobait beldurtuta, laguna agurtu eta berriz ekin diogu hankak astintzeari, asfaltoa zapaltzeaz pozik. Bide berritik, azkar iritsi gara helmugara.

Herri polita da Ciutadella, kostaldean. Portua txikia eta ikusgarria da, garai bateko trazak mantentzen dituena. Oraindik kezkatuta, herriko gazte batzuei galdetu diegu eta denak ados daude: guztiz debekatua eta kontrolatua dago kanpaldi librea. Egitekotan, hegoaldean dauden kalatxo bakartiren batean probatzeko aholkatu digute, baina ez, noski, Ciutadellan. Beraz, ondo afaldu eta hotelean igaroko dugu lehenengo gaua. Aurretik turismo bulegora joan eta ohartu gara bizikletentzako bidez josita dagoela uhartea. Hala ere, Camí de Cavalls-i beste aukera bat ematea dugu buruan.

2. etapa: Ciutadella-Cala Mitjana
Zaldien bide deiturikoari ekin diogu bigarren etapa honetan, hegoaldean dagoen Cala Son Boura ailegatzeko asmoz. Oraingoan ere primerakoa da seinaleztapena, inongo arazorik gabe jo dugu aurrera, eta gainera ez dugu aurreko eguneko aldaparik izan. Hondartzan geratu eta ur gardenetan bainu ederra hartzeko parada eskaini digu ibilbideak.

Arratsalde partean ohartu gara mendi bidea jarraitzeak gauza txar bat daukala: ez dugu nahi beste aurrera egiten. Camí de Cavalls ibilbide polita da oso, eta gogor dabiltzan eskarmentudun txirrindularientzat aproposa, baina alforjekin eta gure mailan ibiltzeko egokia ez dela erabaki dugu. Bideari agur esan eta bizikletentzat prestatuta dauden besteetan barrena murgildu gara. Txirrindulari ugarirekin egin dugu topo ibilbide hauetan. Lasaiago eta erritmo onean, Cala Galdanara iritsi gara. Hotelak, tabernak, jatetxeak, turistei zuzendutako zerbitzuak… Denetarik du leku honek. Orokorrean, ondo zainduta dago Menorcako kostaldea, itsasertzean ez dago eraikin handirik edota hondartzaraino sartzen den apartamenturik, baina herri hau salbuespena da, esplotatuta dago turistikoki, eta irlako jendea kritikoa da horrekin. Ogitarteko pare bat erosi eta Cala Mitjanara segitu dugu. Hor pasako dugu gaua.

Gertu dago kala, baina ez da bertaraino errepiderik iristen, eta kanpatzeko leku egokia dela esan digute. Ilundu duenean hurreratu, alforjak desegin, ahal dugun moduan gure burua garbitu eta gauean etzateko toki onena bilatzen ari garela, gose diren lagun berriak ezagutu ditugu, kaioak. Ohartzerako, ogitartekoen poltsa irekitzea lortu dute mokoka. Afaria berreskuratu eta hondartzan egokitu garenean, bi pertsona iritsi dira kayakean. Beraiek ere euskaldunak dira eta kala honetan bertan egingo dute lo. Solasaldi animatua izan dugu, elkarren abenturak kari. Bizikleta, kayak eta kanpin-dendaz inguratuta, gure egin dugu hondartza. Gaur bai, izarrei begira hartuko dugu lo.

3. etapa: Cala Mitjana-Maó
Hirugarren etapan bizikletentzako prestatuta dauden ibilbideetan barneratu gara zuzenean. Gustura ibili gara, erosoak izateaz gain ondo adierazita daudelako eta tankera ezberdineko xendak zeharkatzen dituztelako, mendi aldekoak batzuetan, pistakoak bestetan, errepidetik hainbatetan. Gainera, Menorcako txoko interesgarri askotatik pasatzen da.

Bezperan ezagututako lagunen aholkuei jarraiki, Cales Coves-era gerturatu gara eta ez gara damutu. Itzela da kala, pareta bertikalez eta kobez josia. Aparteko txoko honetan bazkaldu dugu, bakarrik, eta bidaia abiatu dugu ondoren, hiribururantz. Goiz heldu garenez, arratsalde osoa izan dugu Maó bisitatzeko. Hiri atsegina da, etxe txikiz eta denda ugariz jantzia, eta alde zaharra da, dudarik gabe, txokorik ederrena. Erdi Aroko etxe burgesez, eraikin historikoz eta komertzio txikiz josia, porturaino eraman gaituzte bertako kaleek. Ostatu eskaintza zabala da, prezio merkean, eta horietako bat hautatu dugu gaur lo egiteko.

4. etapa: Maó-Fornells
Bira guztia eginik, hasierako puntura bueltatuko gara laugarren etapan. Bezperan egin bezala, bizikletentzako bideetan jarraitzea erabaki dugu. Kasu honetan, gainera, Camí de Cavalls Albuferako Natur Parketik igarotzen da eta debekatua dago bizikletaz ibiltzea. Hortaz, Zaldien Bidea aukeratzen duten txirrindulariek jakin dezatela azken zati honetan bizikletatik jaitsi eta oinez burutu beharko dutela Parkea zeharkatzen duen tartea. Guk, txirrindularientzako ibilbide anitz eta erosoetatik, beste behin ere Menorcako paisaia atseginaz gozatuz amaitu dugu ibilbidea. Hedadura txikiko irlan (702 kilometro koadro), denetarik ikusi dugu: amildegi zirraragarridun inguru menditsua iparraldean, arrokek eta landareek hartutako bista lauagoa hegoaldean, hondartza zoragarriekin.

Zailtasun maila ezberdineko ibilbide ugari dituenez, norberaren prestakuntza eta gogoen araberako bidaia mota antolatzeko aukera ematen du balear uharteak. Guk behintzat, gure neurrikoa atondu dugu, askatasun osoz ibili gara irlan, eta kale nahiz hondartzetan lasaitasuna eta bakea aurkitu ditugu. 

Bizikletatik kayakera

Euskal Herrira itzuli aurretik, Menorcako ur gardenak aprobetxatu ditugu. Fornellsen kayak pare bat alokatu eta itsasoratu gara, badian barrena. Zakar samar dago itsasoa, haize bolada bortitzak izaten baitira Menorcan, baina esperientzia atsegina izan da. Urpekaritzarako tartea ere hartu dugu: bataioa izenekoa probatu dugu, lehen aldiz bonbonarekin urperatzea. Hozberak garela esan eta hiruna neopreno jarri dizkigute! Bizkarrean 18 kiloko aire-bonbona hartu, hondoratzeko gerri bueltan pisu batzuk zintzilikatu eta uretan barneratzen lagundu digu monitoreak. Sei bat metro behera murgilduta, ikusgarria da begien aurrean duguna, kolore biziko koral, arrain eta alga artean.
 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude