Jatearen arriskua

  • Janari faltaren arazoa ez dugunoi, jaten duguna bihurtu zaigu problema. Otordu bakoitzean substantzia kimiko kutsagarriak sartzen ditugu gorputzean; mokadu batek ez digu kalte egingo, baina substantzia horietako asko luzaroan geratuko direnez gure organo, ehun, zelulei itsatsita, zalantza da ea zenbatgarren mokaduaren ondoren ordainduko duen faktura gure osasunak. Elikadura-industria handiaren metodoek eta araudi bigunegiek daukate errua, askok salatzen dutenez.

Terry Darc

Dieta osasungarria egiteko gomendatzen digute etengabe agintari sanitarioek, familia-medikuak eta hedabideek, esku artean duzun honek barne. Begira ezazu zure hozkailuan, edota jakiak gordetzen dituzun armairuan: ontzi eta estalki askotan idatzita aurkituko dituzu elikadura egokiaren gakoak. Ontzi eta estalki horien barruan dauden substantzia kutsatzaile askoren aipamenik, berriz, letrarik txikienean ere ez zaizu agertuko. Honenbestez, gomendatzen diguten dieta osasungarri hori egitea posible ote den galdetu behar diegu geure buruei.

Herrialde garatuetako biztanle gehienok supermerkatuetan erosten dugu jaten eta edaten dugun gehiena. Horrek esan nahi du elikagaien enpresa erraldoiek kontrolatzen duten prozesu industrialaren azken kate-begia dela gure mahaira iristen dena. Sistema horren ondorioetako bat –esparru sozioekonomikoan ematen diren zenbait injustizia ere aipa genitzake– elikagaietan agente kutsatzaileak agertzea da.

GRAIN, nekazari txikien defentsan diharduen nazioarteko GKEak, sakon aztertu du arazoa joan den ekainean argitaratutako txosten mardulean: Elikagai-osasuna norentzat? Enpresen oparotasuna jendearen osasunaren aurka. Merezi du dokumentuaren hasiera bere horretan ematea:

“2009an, bakterio arriskutsu batekin kutsatutako 200.000 kilo okela iritsi ziren estatubatuar eskola askotako umeengana, herrialdeko bigarren paketatze-enpresa handienak pozoitutako haragia erretiratzea lortu aurretik. Urtebete lehenago, Txinan, sei haur txiki hil ziren, eta beste 300.000k giltzurrunetako gaitz larria izan zuten, esneki ekoizlerik handienetako batek bere esne-erreserbei produktu kimiko industrial bat gehitu ziolako. Mundu osoan jendea gaixotu eta hiltzen da jaten duenaren ondorioz, sekula aurretik ezagutu ez den eskalan. Gobernuen eta enpresa handien erantzuna era guztietako arau eta erregulazioak dira, baina horietako gutxik dute benetako zerikusia osasun publikoarekin”.

Datuek adierazten dute elikadurarekin zerikusia duten intoxikazioak ohikoak direla herrialde gehienetan. Kanadan, esaterako, 2008-2010 epealdian populazioaren %40 gaixotu zen urtero arrazoi horrengatik, NBEren iturrietatik GRAINek jasotako estatistiken arabera. Muturreko kasua da, txostenean aipatutakoen artean. AEBetan %15ekoa da portzentajea, eta Europar Batasunean %10 baino gutxiagokoa. Bitxia da Singapurreko kasua: gaixoen portzentajea %0 da, elikadura-osasun sistema oso zorrotz bati esker. Asiako herrialde horretako agintariek zabaldu dute, hain zuzen, GRAINek emandako datu hau: urtero, mundu osoan, 1.500 milioi lagun gaixotzen dira jaten dutenaren erruz. Horietatik, hiru milioi hil egiten dira.


Kimikak inbaditu du gure menua

Gure dietan leku hartu duten kutsatzaile gehienak konposatu kimikoak dira. Osasunaren Aldeko Europako Ituna eta Générations Futures elkarteek egindako ikerketa baten arabera, agintariek gomendatu ohi dituzten jakietan –osasungarri jatearen sinonimo diren horietan, beraz– dozenaka produktu kimiko kaltegarri aurkitu daitezke. Zehazki, 128 substantziaren zantzuak atzeman zituzten; horietatik 47, kantzerigenoak edo ustez kantzerigenoak. Dioxinak, metal astunak, pestizidak... Janari eta edarietan bakarrik ez, haiek gordetzeko erabiltzen diren plastikozko ontzietan ere agertzen dira kutsatzaileok. Zenbait kasutan, berotzearekin batera plastikotik askatu eta elikagaietara igarotzen dira.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, 100.000 molekula berri asmatu dira, eta kopurua etengabe doa gorantz. Substantzia horiek gure ingurumena inbaditu dute eta elikagaietan ez agertzea izango litzateke harrigarriena. Inork ez du zalantzan jartzen horietako asko gure gorputzetara ailegatzen direnik jaten eta edaten dugunaren bitartez, baina industria kimikoko bozeramaileak saiatzen dira horri garrantzia kentzen, substantzia horien kopuru txikiegiak hartzen ditugula argudiatuz. “Dosiaren araberakoa da zerbait kaltegarria izatea ala ez”, Parazelsoren esaldi ospetsua ekartzen dute gogora halakoetan.

Pilatuz doazen kutsatzaileak

Parazelso, XVI. mendeko medikua, zur eta lur geratuko litzateke gure jendarte modernoak sortutako produktu arriskutsuen katalogoa ezagutuko balu. Horietako asko biometagarriak dira, hots, gorputzean pilatuz doaz, behin gugan sartuta oso zaila delako iraiztea. Dosi batek ez digu kalterik egingo, egia, baina zenbatgarrenetik aurrera hasi behar genuke kezkatzen?

Joan den martxoan Net Hurbil atalean (Argia, 2.267 zbkia.) azaldu genizuenez, Marie-Monique Robinek gai hau aztertu du Notre poison quotidien (Gure eguneroko pozoia) dokumentalean. Bertan, besteak beste, Eguneko Dosi Onargarriaz mintzo da frantziar kazetaria. Elikagaien arrisku maila zelatatzeko sortu diren erakundeek asmatu dute kontzeptua, “industriari aitzakia emateko”, Erik Millston, Brighton-eko Unibertsitateko irakasleak Robini adierazi zionez: “Kontzeptu sasi-zientifiko horren beharra zuten, gai kimiko toxikoak usatzeko eskubidea zutela erabaki dutenek”. Esan gabe doa Eguneko Dosi Onargarriak ez daukala zentzu handirik organismoan etengabe metatuz doan konposatuez ari garenean. Kutsatzaile toxiko iraunkor (KTI) esaten zaie, eta elikagaiak ez ezik, mota guztietako kontsumorako artikuluetan daude.

KTI ezagunetako bat dioxinak dira. Osokonposatu kutsagarriak dira, kantzerigenoak, eta hainbat prozesu industrialen ondorioz sortzen dira, baita erregai fosilak erretzean edo hondakinak erraustean ere. Oso egonkorrak dira eta nonahi daude. Aurtengo urtarrilean, Alemaniako agintariek 4.000tik gora abere-etxalde itxi zituzten, enpresa batek dioxinekin kutsatutako 200.000 tona pentsu saldu zituela jakin bezain laster. Eskandalu galanta izan zen, baina larriagoa da pentsatzea zenbat dioxina jaten ote dugun konturatu gabe. Arestian aipatutako ikerketan, Osasunaren Aldeko Europako Itunak egindako hartan, dioxinak aurkitu zituzten aztertutako gurinean eta izokinetan, esaterako.

Zer egiten dute gobernuek?

Alemaniakoa bezalako gertakari zehatz baten aurrean, agintariek 4.000 etxalde ixtea bezain erabaki zorrotza har dezakete, baina, GRAINek salatzen duenez, ez dute hain zorrotz jokatzen –ez Alemaniakoek ez inongoek– elikagaien kutsadura sistematikoari aurre egiteko. “Oro har, ez dute ezartzen industria handientzat galga izan daitekeen inolako neurririk. Gobernuek legeak egiten dituzte, baina industria da irizpideak finkatzen dituena”.

Miquel Portak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Osasun Publiko katedradunak, honakoa esan zuen joan den maiatzean, XL Semanal espainiar aldizkarian: “Gobernuek neurriak hartzen dituzte, baina oso astiro”. Frantziako Osasun Ministerioak ikerketa bat hasi berri du, 20.000 lagunen gaixotasunak zein agentek eragiten dituzten jakiteko. Pertsona horietako bakoitza jaiotzen den unetik 20 urte bete arte behatuko dute. Eta bitartean? “Gauza batzuez ez gaude oraindik seguru”, zioen maiatzean Portak, “baina beste batzuez bai; KTIen eraginaz dakiguna nahikoa litzateke askoz politika eraginkorragoak ezartzen hasteko, eremu publikoan zein pribatuan”.

Kimikarekin ezkondutako industria

Dioxinak industriatik ingurumenera eta handik gure platerera doazen KTIen adibideetako bat dira. Beste askotan, mota horretako konposatuen presentzia zuzenean da elikagaien industriaren jokabidearen ondorioa. Orain dela urte batzuk definitu zen “hamabikote zikina” izeneko zerrenda, osperik txarrena zuten KTIek osatua. Lehen hamabi horietatik –zerrenda handituz joan baita–, hamaika pestizidak dira.

Jane Goodall-ek, Harvest for hope (Itxaropenerako uzta) liburuan, honakoa dio pestiziden bilakabideaz: “Bigarren Mundu Gerratik aurrera, zientzialariei otu zitzaienean gerran erabilitako gas toxikoa laboreetako intsektuen aurka erabil zitekeela, nekazaritzaren industria gero eta gehiago egon da kimikaren menpe. (...) Pestizidak lehen aldiz erabiltzean, intsektuak berehala hiltzen ziren. Baina gutxika-gutxika erresistentzia garatu zuten, eta ondorioz sarriago eta pestizida toxikoagoak erabilita fumigatu behar zen. Gaur egun [liburua 2005ekoa da], nekazariek orain 40 urte baino hiru aldiz produktu kimiko gehiago erabiltzen dute, intsektu berdinak hiltzeko”. Gero, geuk jaten ditugu pestizida horiek. Eta herbizidak, eta fungizidak...

Isabelle Saportak, Manger peut-il nuire à la santé? (Jatea kaltegarria izan daiteke osasunerako?) dokumentala zuzendu zuen kazetari frantziarrak, honakoa esan zuen produktu kimiko horien erabileraz XL Semanal-eko erreportaje berean: “Gure ikerketan agerian geratu da laboreak gordetzeko siloetan intsektizidak eta fungizidak erabiltzen direla. Hori saihestu liteke siloetan tenperatura baxua mantenduta, baina hozte-sistemak ezartzeko 13 euro gehiago gastatu behar da labore tona bakoitzeko, eta industria, gehiena behintzat, ez dago hori ordaintzeko prest”.

Antibiotikoak, etxalde handietako eguneroko ogia

Produktu kimikoak ez dira arazo iturri bakarra. Hor daude, nola ez, transgenikoak. Dagoeneko landu izan dugu gaia, eta landuko dugu etorkizunean ere, beraz ez dugu erreportaje honetan horietaz jardungo. Bai, ordea, antibiotikoez.

Munduko antibiotiko kontsumitzaile nagusiak ez gara gizakiok, etxaldeetako aziendak eta haztegietako arrainak baizik. Herrialde askotan, abeltzantza intentsiboa egiten duten enpresek sistematikoki ematen dizkiete antibiotikoak abereei, gaixo egon ala ez, janariarekin batera. Arrazoi birengatik egiten da hori: elikadura eskasak eta bizi-baldintza eskasagoek eragindako gaitzak prebenitzeko, eta azkarrago hazteko, itxuraz hori ere lortzen baita antibiotikoekin. GRAINen txostenean irakur dezakegu AEBetan aziendek kontsumitzen dituztela antibiotikoen %80a. Txinan, %50a. Europar Batasunean debekatuta dago gaixo ez dauden animaliei ematea, baina hala ere abereek gizakiek baino gehiago hartzen dute.

Erabilera sistematiko horrek ondorio larriak ditu. GRAINen txostenean irakur dezakegunez, superbakterioek –ohiko antibiotikoekiko erresistentzia garatu duten bakterioek– txerri haztegi industrialetan aurkitu dute garatzeko leku ezin aproposagoa. Bertan, oso aldaera arriskutsuetara eboluzionatu dezakete, eta nahiko azkar gainera, animalia kopurua handia izateak hala egitea errazten dielako batetik, eta antiobiotikoak barra-barra erabiltzea erresistentziaren garapena azeleratzen duelako bestetik. “Medikuak gero eta kezkatuago daude”, dio GRAINek, “honek guztiak giza-osasunari eragin diezaiokeen kalteaz, antibiotikoek eraginkortasuna galdu dezakete eta”. Osasunaren Munduko Erakundeak esan du egoera hau dela “giza-osasunerako mehatxurik handiena”.

Tamainaren arazoa

Elikagaiak sortzeko sistema industriala da elikadura-osasunaren eremuan arazo gehienen jatorria, GRAINen ustez. Batetik, jarduera intentsiboagatik; pestizidek, herbizidek, antibiotikoek... dagoeneko aipatu ditugun ondorio kaltegarriak dauzkate. Bestetik, tamainagatik: kalitate txarreko okela ekoizten duen etxalde txiki batek inpaktu txikia edukiko du; produkzio eredu industrialak, bere etxalde erraldoiekin, arriskua handitzen du, sortzen dituen elikagaiak kontsumitzaile askorengana iristen direlako. Begira, bestela, erreportaje hasieran aipatu ditugun zifrei: 200.000 kilo okela kutsatuta AEBetan, 300.000 ume gaixotuta Txinan.

Ez da harritzekoa, honenbestez, gero eta ahots gehiagok esatea elikagaien kutsadura dela azken hamarkadetan hainbeste gaitzen intzidentziak gora egitearen zergatia, edo zergatietako bat behintzat –bestelako kutsadurek ere bai baitute erruaren zati bat–. Minbizia, gaitz neurodegeneratiboak, ugalketari lotutakoak, obesitatea, diabetesa eta gaixotasun autoimmuneak ugaritu egin dira. Munduaren alde aberats honetan bizi-itxaropena handitu izana elikaduraren hobekuntzari –besteak beste– egozten zaio, baina baliteke elikaduraren erruz –besteak beste– kontrakoa gertatzea hemendik aurrera. Behinik behin, hala iragarri zion Linda Birnbaum medikuak Marie-Monique Robini, Notre poison quotidien filman.

Metilmerkurioa, arrainarekin batera jaten dugun neurotoxina

Espainiako Ecologistas en Acción elkarteak zabaldutako prentsa-ohar baten arabera, merkurioa gero eta ugariagoa da munduan. Industria da haren igorle nagusia, batez ere ikatzarekin funtzionatzen duten zentral termikoak eta, hein txikiagoan, kloroa ekoizten duten fabrikak. Zenbait prozesu naturalek ere, sumendien erupzioek berbarako, merkurioa emititzen dute, baina askoz kopuru txikiagoetan.
Oso lurrunkorra denez gero, erraz zabaltzen da airetik, eta emisio-puntutik oso urrunera iritsi daiteke. Zati handi bat, azkenik, itsaso, ibai eta lakuetako uretara doa. Han, urarekin kontaktuan, metilmerkurio bihurtzen da, eta horixe da hain justu metal astun honen formarik toxikoena.

Leticia Baselga Ecologistas en Accióneko kideak dioskunez, “metilmerkurioa aurkitu daiteke jaten dugun arrain eta marisko guzti-guztian”. Konposatua pilatu egiten da animalien gorputzetan, eta gero, arraina edo mariskoa jaten dugunean, gurean. KTIei buruz esan dugunak balio du hemen ere: behin barruan dugula, bertan geratuko da. Izan ere, merkurioa ez da sekula desagertzen ingurumenetik. “Edozein pertsonak bere gorputzean daukan metilmerkurio kopuru arrunta milioiko 3-4 partekoa izaten da; zazpitik gora hasten dira arazoak”, azaldu du Baselgak.

Arazo horiek era askotakoak izan daitezke, baina metilmerkurioak, gehienbat, umeei eragiten die. Neurotoxina bat da, alegia, erraz sartzen da burmuinean, eta adin txikikoenen kasuan, haren hazkunde normala oztopatzen du. Hala, atzerapenak eragin ditzake garapen kognitiboan. Aurtengo ekainean, urtetako atzerapenez ekologisten ustetan, Espainiako Elikadura-segurtasunaren Agentziak arrain kontsumoari buruzko hainbat gomendio egin ditu publiko, merkurioaren presentzia dela eta. Arrisku taldeei ohartarazi diete batez ere; kontua da arrisku taldeak populazioaren zati handia direla: umeak, umeei bularra ematen ari zaizkien amak, eta haurdun dauden edo noizbait egoteko asmoa daukaten emakumeak.

Arrain guztiek daukate metilmerkurioa, baina askoz kopuru handiagoak agertzen dira urte asko bizi diren harrapari handietan: atuna, ezpata-arraina, marrazoa... Horiek bereziki saihesteko gomendatzen zaie arrisku taldeei.

Hain kutsatzaile zabaldua eta arriskutsua izanagatik, zaila da haren eragina norainokoa den esatea. “Espainian, konparazio baterako, ez dago merkurioz kutsatutakoen daturik”, dio Leticia Baselgak, “eta horren arrazoia sinplea da: norbera txarto sentitzen hasten denetik diagnostikoa egin arte urteak igaro daitezke. Ez da erraza merkurioa atzematea gorputzean, eta behin hor dagoela jakinda ere, ez dakite oso ondo nola kendu”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude