"Erbestetik etorri ginenean, kendua ziguten Bilboko etxea!"

  • Argazki bat. Neskatila gaztea du ageri. Atzeko aldean, guraso batek entzun litzakeen berba ederrenak, alabak amari bidalitakoak. “Maitasunaren erakusgarri, zure alabak. Maite zaitut benetan. 1938-VI-6. Wight”. Rosario Beaskoetxeak Ingalaterrako kanpamenduan zegoela bidali zien gurasoei. Egun ez du beste oroigarririk, oroitzapena da osterantzean.

Agurtzane Beaskoetxea
Agurtzane BeaskoetxeaZaldi Ero

Lehengo batean irakurri nuen, eta hona aldatu dizut berriz, gerrako haurren berririk ez duenak jakin dezan, dakienak gogoan gorde dezan: “Britainia Handira etorri ziren haurren kopurua ez da zehatza. Baina iturri ofizialen arabera, 3.840 haur heldu ziren, 80 irakasle, 120 laguntzaile eta 15 apaiz katolikorekin batera. SS Habana itsasontzia Santurtziko portutik irten zen 1937ko maiatzaren 22ko gauean Southampton aldera”.

Bai, Habana itsasontzira sartu ninduten ni ere. Gure ama, nire neba Jon, ahizpa Julita… eta amama eta izekoak Santander aldera joan ziren, gerratik ihesi. Gure aita beste non edo nondik joan zen, Iparraldera. Bakarrik bidali ninduten. Ingalaterrara. Haiek berton geratu ziren. Ez dakit zergatik ipini ninduten ni barkuan. Bonbardaketek izututa nengoelako-edo. Ez dakit. Habanara sartu nintzen, anabasa handiaren erdian. Aita auzoko eskola bateko andereño batekin berba eginda zegoen, nire kargu egiteko, baina niri ez zitzaidan andre hura gustatu, eta hanka egin nion. Eta bakarrik geratu nintzen. Txartela nuen paparrean. 550. zenbakiduna nintzen. Kartoizko txartel bat zen. Barkuan, zeharo zorabiatu nintzen. Gogoratzen naiz bizkotxo handiak banatzen zituztela. Haiek ikusi eta goxoak iruditzen zitzaizkidan, baina orduan eta handiagoa zen nire zorabioa. Gogoratzen naiz egunak iraun zuela bidaia hark. Eta barku bat ere irten zitzaigula bidera. Erasoko zigula esan zuten, torpedoak jaurtiko zizkigula... baina ez zen horrelakorik izan.

Southamptonera heldu zineten...

Eta Georges VI.aren koroatzea zela-eta apaingarriak ikusi genituen zintzilik, portuan. Guri harrera egiteko zela pentsatu nuen nik! Apaingarriak kentzen ari ziren ordurako. Barkuan bakarrik ibili nintzen, ostera andre harengana itzuli nintzen arte. Hark jagoten ninduen, eta Ingalaterrako kanpaina-dendetan ere berak jagon ninduen. Hiru kanpamendu egin zituzten. Abertzaleok lehenengoan, eta besteak beste bietan. Karpa handi bat zegoen, eliza, eta gu hara bidean baldekada ur jaurtitzen ziguten beste kanpamenduetakoek; komunista, sozialista edo ez dakit, bada, zer ziren haiek. Southamptonera iritsi eta horixe da nire gomuta: kanpamenduan ikusten dut nire burua. Zortzi-bederatzi haur ginen kanpaina-denda bakoitzean. Ondo organizatuta zegoen hori. Diziplina gogorra zegoen. Ni jagoten ninduen andre hura-eta... Maria Legarreta, horixe zen haren izena. Zuzena zen, gero! Ez dut uste lagun handirik egin nuenik. Wight uhartera joan nintzela gero, hori badakit, eta Maria Legarreta hura ez zela etorri. Ez dakit zenbat denbora egin nuen lehenengo kanpamendu hartan. Uhartean urte bi egon nintzela badakit.

Wight uharteko egonaldiaren gaineko oroitzapenik?

Bai, bai! Iritsi ginen eta manor eder bat zen han. Soro ikaragarriak, belardi ikusgarriak… Guk, umeok, olgetarako eta jolas egiteko leku handiak genituen. Mojak genituen gu jagoten, St. Joseph-ekoak, irlandarrak. Urrun ez joateko esaten ziguten, belarra ez zapaltzeko, nagusiak belar hura saldu egiten zuela, baina gu, ume, ez genien kasurik egiten. Zer ez egiteko agindu, huraxe egiten genuen guk. Berton belarretan etzaten ginen eta itzulipurdika ibiltzen ginen. Egun batean, Ama Nagusia behin ere ez bezala haserretu zen, denok biltzeko agindu eta errieta eman zigun. “I have no money!”, esan zigun. Alegia, belar hura saltzeko zutela eta kontu egin beharra geneukala. Ingeles apur bat ere ikasi nuen. Apaiz bi ere bagenituen gurekin: On Pedro Atutxa eta On Benito Larrakoetxea. Aita Atutxa Durangoko Santa Mariako parroko izana zela uste dut. On Benitok ingeles eskolak ematen zizkigun. Gerora jakin nuenez, Shakespeare ekarri zuen euskarara. Matematika eskolak ere bagenituen, katekesia… Hainbat gauza. Beste irakasle bat Lezamako medikuaren alaba zen, eta beraren logelara eraman ninduen, bi ohe zituen-eta. Han hobeto, betiere. Ehunka ume izan ginen han, eta, laster lagunak egin nituen.

St. Josepheko mojen ardurapean zineten.

Haiek jagoten gintuzten. Estuak ziren moja haiek, gero! Katarroa zabaltzen zenean, Sister Fideliak ez zuen barkatzen. Moja ilegorria zen –ile apur bat uzten zuen agerian–, eta han gehien agintzen zuena. Katarroa harrapatzen genuenean, limoi-ura ematen zigun, azukreaz gozatua. Baina baten bat berbetan harrapatzen bazuen, ohearen kontra belauniko ipintzen zuen, eta ostean ematen zion pontxe hura. Gero, ohera sartzen uzten zion. Oso xelebrea zen moja hura. Neguan, bakailao gibeleko oliotik ematen ziguten. Hartu koilara eta ilaran ipintzen ginen. Baina, nonbait, batzuek jaurti egiten zuten olio hura, mojak jakin zuen batzuek ez zutela hartzen, eta, harrezkero, denok ilaran paratu eta eskura ematen genion koilara. Berak betetzen zuen eta ahora sartzen zigun. Eta “Thank you, Sister!”, esan behar izaten genion. Garbitokia geneukan. Bertan garbitzen genituen hortzak eta osterantzekoak. Astean behin, bainua genuen. Arropa garbitzea ere, geure kontu zen. Gure arteko batzuk arduratzen ziren arropa lisatzen eta josten. Sukaldea oso handia zen. Ostirala beti zen barau, eta sardinzar keztatuaren usaina zabaltzen zen goizean goizetik kanpamenduan. San Patrizio eguna berezia zen: hirugiharra, arrautzak eta bestelakoak ematen zizkiguten jaten egun hartan. Eta horrela… Gu Wight uhartean geunden, eta mutilak Southamptonen –batzuk, behintzat–, St. Josepheko mojekin haiek ere. Umezurtzak jasotzen zituzten mojek, eta mutiko euskaldunak ere jaso zituzten, Habanan joandakoak, esan gura dut. Abuztuak 2 zituen egun batean –Bank holiday zen–, festa handia egin genuen etxe handi hartan. Jolasak paratu zituzten, eta bozgorailuak esaten zuen: “Come on, one penny!”, penike bat, parte hartzekotan. Southamptonen zeuden mutikoak ere etorri ziren, eta ezpata dantza egin zuten bertako zabaldu batean. Gu, ostera, irule jantzi ginen, sagar dantza egin genuen, kantatu… Festa ederra izan zen.

Gurasoen berririk bazenuten? Haiek bazuten zuen albisterik?

Bai, eskutitzak idazten genituen etxera, eta jasotzen ere egiten genituen etxekoen berriak. On Benitok banatzen zizkigun eskutitz haiek. Ez dut batere gorde. Behin, argazki bat bidali nuen etxera. Berton azaltzen ginen Begoña Gerrikaetxebarria –gizen-gizena zegoen–, Teresa Beaskoetxea, besteren bat, eta laurok. Delako Teresak gure deitura bera zeukan, baina ez ginen senide. Teresa beti zebilen agintzen. Gurasoek bidaltzen zizkiguten eskutitzak goitik leitu behar zirela esaten zigun. Argazki hura etxera bidali eta bueltan jasotako eskutitzean, ahizpak esan zidan: “Ondo lagun potzoloak dauzkan!”. Eta ozen leitu behar izan nuen. Kar, kar, kar. Ume kontuok. Paseatzera ere irteten ginen, edo mendira, Needles aldera, Totland-era, Alum Bay-ra… Hondartza denak harrizkoak ziren. Ez ginen bainatzen, ibili baino ez genuen egiten. Bada, irtenaldi haietan beti egiten genuen topo Salvation Army-ko jendearekin. Leku guztietan zeuden. Ibili egiten ginen, hazi ere bai, eta etxetik eroandako oinetakoak gastatu genituen eta zapata gogorragoak eman zizkiguten, azpian iltzeak zeuzkatenak. Behin, zapatak estreinatu eta auzo batetik igarotzen ari ginela, handik berriz ez pasatzeko esan ziguten, zapata hots ikaragarria egiten genuelako, nonbait.

Halako batean familiarekin bat egin zenuen berriz…

Gurasoek eskatu zuten gu etortzeko. Wight uhartetik Londresera joango ginen, Frantziara gero, eta trenez heldu ginen Akizera. Bila etorri zitzaizkidan etxekoak geltokira, aita izan ezik, Baionan ari zen-eta beharrean. Akizera joan-etorrian ibili ohi zen. Roselle ospitalea konpontzen ibili zen, eta Capbretonen ere egon zen beharrean. Baina Akizen bildu ginen denok. Gurasoak errentan bizi ziren, bi gelatan, moja batzuen txaletean, Georges Clemenceau hiribidean. Akizen ez nuen ezer egin, ez eskolara joan, ez besterik. Babeslekura joan eta jatekoa hartu, amari laguntzen-edo. Etxean gelditzen nintzen eta Ingalaterrako kanpamendutik ekarritakoak aztertzen jarduten nuen. Ahizpak esaten dit franelazko azpiko gona gorri bat neukala, kanpamenduan eman zigutena ez hozteko, eta jantzi egiten nuela Akizen ere, nahiz eta han tamainako hotzik ez egin. Bizarzuri itxurako xaboia ere banuela maletan, eta haiei begira ematen nuela denbora, dio ahizpak. Etxepeko Mademoiselle Levip-ek, ostera, zioen ea kirola egiten nuen, zarata egiten nuelako, nonbait. Nik kirola ez, maletatik gauzak atera eta sartu egiten nituen. Hiztegi bat nuela oroitzen naiz, ingeles hiztegia, On Benitok Ingalaterrako kanpamenduan erosteko gomendioa egin ziguna. Behin, Akizera etorri zitzaigun Aita Benito. Herrian bazen euskaldunen lagun handi bat, taberna zuena. Hantxe egon zen Aita Benito, eta haraxe egin genion bisita aitak eta biok. Orduantxe jakingo nuen Shakespeare euskaratzen ari zela. Akizen urtebete egin genuen. Gero, Mundu Gerra hasi zenean Tarbesera joan ginen, han armategi bat zuten, eta denontzako beharra. Ahizpak ere han egin zuela beharra esan gura dut. Aitak marrazkiak egiten zituen, eta bertako arkitekto batek han behar egiteko eskaintza egin zion. Baina etorri ziren alemanak eta kito, pikutara dena. Haiek etorri orduko alde egin genuen handik, beste errefuxiatu askorekin batera. Denera lau urte egin genuen Euskal Herritik kanpora.

Bigarren Mundu Gerrarekin Bilbora itzuli zineten.

Bai, etortzeko moduan izan ginen, beste errefuxiatu askorekin batera. Canfranc-etik igaro ginen. Gau bat Zaragozan egin eta Bilbora etorri ginen, izeko baten etxera, gurea kendua ziguten-eta. Ez genuen etxea atzera eskuratu, jakina. Izekoren etxetik Areilza Doktorea kaleko beste etxe batera joan ginen, eta hantxe geratu ginen. Aita jeltzale handia zen, eta, gogoratzen naiz itzuli ginenean ez zela zinemara joaten, irudietan Franco agertzen zenean zutundu beharrik ez izateko. Amak joan gura izaten zuen, aitak ez. “Ni ez noa zutuntzen!”, esaten zuen… 16 urte nituen Bilbora itzuli nintzenean.

Nortasun agiria

Maria del Rosario Maria de Begoña Estanislada Beaskoetxea Gabiria (1924, Bilbo) ditu izen-deiturak, baina ‘Agurtzane’ izango zen Primo Riveraren diktadura garaian jaio izan ez balitz, senideen izenen legean. Begoña aldekoak zituen aita Arsenioren aldeko aitaita-amamak. Arabako Moretakoak, berriz, ama Amparoren partekoak. Ikastetxe batean baino gehiagotan izan zen txikitan, eta euskarazko eskolak jaso zituen. “Gure aitak guk euskaraz ikastea gura zuen. Beharbada, berak galdua zuelako”. Gerrak eten zuen hura. Atzerrian egin zituen 12 urtetik 16ra bitartekoak. Itzuli zenean berrosatu zuen bere burua. Takigrafia eta Mekanografia ikasketak egin eta bateko kontsulatuan eta besteko banketxean egin zuen lan. Ezkondu zen arte. Gerrako haur, lekuko bizia.

Aita

“Delineatzailea zen. Auzoko eskolak egin zituen, Zamudioko zoroetxea... Amaitu barik utzi zuten Zamudiokoa. Hura egiteko, Suitzara joan zen, hainbat medikurekin batera, instalazioak zelakoak egin aztertzeko. Denboralditxoa egin zuen kanpoan. Gerra hasi zenean, Jaurlaritzarentzat egin zuen behar, kartzelak sendotzen, haien kontra ez egiteko. Horiexek gure aita zenaren merituak. Eta hemen geratu izan balitz, harrapatu izan balute, seguru da hilko zutena”.

Ama

“Gure amak ez zuen joera politikorik erakutsi bizian. Biak, hala aita nola ama, odol berokoak ziren, eztabaidak izaten zituzten noiznahi, baina gerra garaian banatu beharra izan ostean, Bilbora esku-hutsik itzuli, kendua zigutelako gure etxea, kendua ziotelako lana aitari diputazioan –hutsetik hasi behar izan zuen ostera–, bada, amak, behin ere, behin ere, behin ere ez zion errurik leporatu: ‘Hiregatik ari gaituk gorriak ikusten!’. Behin ere ez zion horrelakorik esan”.

Azken hitza
Gerrako haurra

 “Gerrako haurra? Ez dakit zer esan gura duen ere. Orduan inork ez zuen horrelakorik esaten. Nik ez daukat nire burua gerrako umetzat, gurasoekin egon nintzen-eta denbora gehiena, Ingalaterran igaro nituen urte bi haiek izan ezik. Frantzian ere, gurasoak eduki nituen ondoan”.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude