José Bové

"Demokrazia berrasmatu behar da"

  • “Non hago? Zein larretan...”

Sustrai Colina
2011ko ekainaren 12a
José Bové
José BovéDani Blanco

Larzac-eko eremu militarraren hedapenaren aurkako ia hamar urteko borroka kontatzen duen Tous au Larzac filma aurkeztu berri duzue Cannes-en. Nola gogoratzen duzu borroka hura?

Armadaren aurka ezin duzu batailarik planteatu, beraiek baino aztiagoa izan behar duzu nahitaez. Borroka hura irudimenez eta sormenez irabazi genuen, orduan ekintza molde aski berriak zirenak erabilita. Oso hezitzailea izan zen niretzat, 18 urterekin murgildu bainintzen bertan, eta nire formazioaren ezinbesteko aroa suertatu zen. Garaipen hark aitzina jotzeko grina piztu zuen nigan, jendearen arteko batasuna eta inplikatuez haragoko interesa pizteko gai ginen momentutik indar harreman positiboa barreiatzen zela ohartu nintzelako, eta horri esker soilik irabazi dezake Davidek Goliaten aurka. Ez dakit protesta eta aldarrikapena senean daramatzadan, baina gauzak nire kontzientziaren edo nire ustez izan behar luketenaren aurka egiten direnean hil ala bizikoa zait erreakzionatzea. Hala hezi ninduten, hala eraiki dut nire nortasuna, eta hala egin dut aurrera. Zentzu horretan, biziki arrakastatsua izan zen Larzac-eko borroka. Ez guretzat soilik, sasoi hura ezagutu ez zuten anitzentzat ere motorra izan dela esango nuke.

Norena behar luke lurrak?

Ez dut horrekiko dogmatismorik, ez dago kasuistika idealik. Maxima bakarra dago, lurra lurra landu nahi dutenen esku egotea, eta ororen gainetik laborantza lehenestea. Nekazal lurrek laborari anitz enplegatuz elikagaiak ekoizteko balio behar dute, lurraren egoera kontraktuala edozein dela ere. Izan liteke jabetzan, alokairuan, jabetza kolektiboan... Ez zait inporta. Lurraren erabilera da garrantzitsuena, ez lurraren jabetza. Izan ere, ez badugu nekazal lurren erabilera ziurtatzen, zer gertatuko da hurrengo belaunaldia laborantzari lotu beharrean lur horietan etxeak eraikitzen hasten bada? Horrexegatik bermatu behar da nekazal lurren nekazal erabilera. Ez daitezela espekulazio tresna izan.

Laborari gazteak ezin plantaturik dabiltza.

Lurrak eros ditzakeen laborari gazterik ez dago. Alogeraren hedapena erraztu behar dugu, eta batez ere, lur-jabe batek bere lurrak alokatzea erabakitzen duenean, sistema klasiko zein berritzailean plantatu nahi duen gaztea hobetsi dezala jadanik soro andana duten laborari industrialengana jo beharrean. Ezinbestekoa iruditzen zait alokairuan plantatzeko irizpidea finkatzea, denok baitakigu jabetzan hastea ezinezkoa izateaz gain iraingarria dela gaur egun. Zer zentzu dauka lur batzuetan dirutza inbertitzeak gero hurrengo belaunaldiari saltzeko, eta hurrengoak hurrengoari, eta... Hori bankuari baizik ez zaio interesatzen!

Laborari ttipien geroa beltz ikusten du askok.

Egungo nekazal politikaren erreformaren erronka nagusi bat da. Europan dauden 14,5 milioi laborarietatik 12,5 milioik bost hektarea baino gutxiago ditu. Zer esan nahi du horrek? Errealitatearen zati itzel bat dela laborari ttipiena. Ez dakidana da gai izango garen mahai gainean ukabilkada jo eta esplotazio horiek etorkizun ekonomiko, sozial eta ingurumen mailakoa dutela onartarazteko. Baietz espero dut, horiek baitira enplegu lokalak sortzen, geruza sozial koherenteak ehuntzen eta biodibertsitate kultibatua ahalbidetzen dutenak. Prozesu osoa ipurdiz gora botatzeko tenorea da. Orain arteko Europako nekazal politikak hori bakarrik babestu duen arren, laborantza industrialaren logikatik atera behar dugu, gertuko laborantza bultzatuz, zirkuitu laburrak zainduz eta unitate txiki eta ertainak mimatuz. Horretarako ezinbestekoa da gizartean ematen ari den mentalitate aldaketa akuilatzea. Denok ikusten dugu inportazioaren logika jendearen, eta bereziki jende xumearen interesen aurka doala. Horregatik, ez gaitezen engaina, ez dago Europarik laboraririk gabe. Ez badago nekazaririk, nola izango gara burujabe? Nola garatuko dugu gure subiranotasuna, multinazionalen eta gurera inportatzen duten herrialdeen menpe bagaude? Laborari eta laborantza ttipien defentsa hil ala bizikoa da elikagaien subiranotasuna lortzeko, edozein proiektu politikoren ezinbesteko oinarria horixe dela jakinik.

Multinazionalak eta laborantza industriala aipatzen dituzuno, nola borrokatzen da genetikoki edo jitez aldaturiko organismoen aurka?

Deus baino lehen, jitez aldaturiko organismoak irtenbidea ez izateaz gain, pestizida ekoizle erraldoientzat euren pestizidei egokitutako haziak saltzeko modua direla jabetu behar gara. Bestalde, gaur egun genetikoki eraldaturiko organismoen aurka borrokatzea hazien pribatizazioen aurka jazartzea da, haziak kontrolatu nahi dituzten multinazionalen rol zapaltzailearen aurka egitea, eta multinazional horiek gure ingurumena eta osasuna arrisku gorrian jartzen dutela konturatzea. Geroz eta ikertzaile eta mediku gehiago bat datoz esaterakoan pestizidei loturiko minbizi kasuak areagotzen ari direla, eta, ingurumenak osasunean geroz eta pisu handiagoa duenez, eritasunak kale-kantoian zain dauzkagula. Horregatik, jitez aldaturiko organismoen aurkako borroka ingurumen suntsitzearen aurkako borroka da, baina baita pertsonak xehatzearen kontrako borroka ere. Guda global bat da, laborantza arautu dezaketen lege agronomoei bizkarra eman dien laborantza produktibistaren aurkakoa. Baina kontzientzia hartzetik hasten da dena. Hortik soilik isuri daiteke moratoria bat erdietsi dezakeen indar-harreman bat. Etengabeko eta betiereko arreta eskatuko digun gaia da, firma erraldoi horiek beti baitaude atezuan, parean jartzen zaiena baztertu eta merkatua irensteko prest.

Funtsean, ez al gara botere ekonomikoa botere politikoa baino indartsuagoa den sisteman bizi?

Argi eta garbi. Botere ekonomikoak botere politikoekiko autonomizatu dira, eta euren kasa aurrera jotzeko arauak sortu dituzte, estatuen zein estatu multzoen gainetik pasaz. Egungo multinazional handiek estatu askorenak baino aurrekontu handiagoak dituzte. Kontra-botererik ez dagoen bitartean beraiek aginduko dute, beraiek erabakitzen eta erabakiarazten duten munduan biziko gara. Horri modu desberdinez egin dakioke aurre. Batetik, herritarren boterea dago, bakoitzak hautatu dezake zer jan, zer erosi, zer boikotatu. Bestetik, monopolioaren logika puskatzen duen edo multinazional horiei haziak pribatizatzea zailtzen dien Europa mailako politikak diseinatu daitezke. Hazien pribatizazioa debekatzen badugu, sistema espekulatzaileak ezingo du funtzionatu eta multinazionalen orain arteko eskema guztiak irauliko dira. Baina hori borondate politiko baten menpe dago, eta normalean, borondate politikoak herritarren borondateak bultzatuta baizik ez dira agertzen. Horregatik herritarrei dagokie indarra erakustea, politikariek botere ekonomiko horiek makurrarazi ditzaten.

Lobby ekonomiko horiek ez dira hain erraz makurtzen, ordea. Mundu guztiak daki Monsantok zer egiten duen eta hortxe jarraitzen du.

Lobby ekonomikoek euren lana egiten dute, une oro ahal bezainbat diru irabazten eta ahal beste botere eskuratzen saiatuz. Joko-arau batzuk inposatzen saiatzen dira, euren interes ekonomikoentzat onuragarriak direla jakinik. Horren aitzinean ez zaigu inurri lanean jarraitzea besterik geratzen. Haziak pribatizatzerik ez duten egunean jitez aldaturiko organismoak desagertuko dira, inbertsioen osteko etekinak desagertuko direlako. Pribatizatze horrek ahalbidetzen die Monsanto eta besteei haziak saltzen dituztenero laboraria hurrengo urtean hazi horiek erostera behartzea, bere uzta berriz erein beharrean. Gertatzen ari dena izugarri larria da, eta horri aurre egiteko, ez dago mobilizatu eta gain-gainean egotea besterik.

Azken hilabeteotan munduan gertatu direnak ikusirik, mobilizazioen urrezko garai batean sartu garela dirudi.

Krisi garaian gaude, urtetik urtera jende gehiago kolpatzen duen egoera batean, eta garbi dago goiz ala berant nazkak gaina hartzen duela. Esanguratsua iruditzen zaidana da, udaberri arabiarrean kasu, belaunaldi berri bat altxa dela eta berak lortu duela diktadurak makurtzeko mugimenduak abiaraztea. Hori hala, Espainian edo Europako beste estatu batzuetan, jendea nazka-nazka eginda dago eta ez du inolako etorkizunik ikusten. Espainian bezala, 25 urtez azpikoen %48a langabezian dagoenean, ez dago errebolta beste biderik, ez bada fatalismoan jaustea. Eztabaida politiko klasikoenganako sinesmen osoa galdurik, gure patua berriz gure esku hartzeko kontzientziatzen ari gara. Bistakoa da demokraziaren giderrak berreskuratzeko nahikeriaren aurrean gaudela, bukatu dira demokrazia besteen esku uzten genituen garaiak, eta ernetzen ari den itxaropena handia bezain benetakoa da.

Genetikoki eraldaturiko organismoz osaturiko plantazioen xehatze ilegalak, Millau-ko McDonald’s-aren aurkako ekintza... Diskurtsotik harago jo duzu sarri.

Beti saiatu naiz koherentea izaten, eta ekintzak beharrezkoak zirela sentitu dudanean, nire ardurak nire gain hartuta burutu ditut ustez egin beharrekoak. Horrek borroka modu bat, bizitza ikuspegi bat, islatu dezake, baina bakoitzari dagokio bere eztabaida eta erronkak bereganatzea. Argi dagoena da demokrazia berrasmatu behar dela, demokraziaren hodiak estalita daudenean, instituzioak izoztuta eta gaindituta daudenean, herritarrei dagokielako interes kolektibo eta komunaren aurkako legeekiko desobedientzian erreakzionatzea. Zilegitasunaren auziak legalitatearen markoa gainditzen du, eta zilegia ilegala izan denean ere nik ez dut sekula dudatu. Baina hori aukera kolektibo batean kokatzen den hautu pertsonala da, eta funtsean, halaxe sortzen dira desobedientzia zibil mugimendu antolatu zein bote-lasterrekoak. Zentzu horretan, XX. mendeak erakutsi du biolentziak ez dakarrela aurrerapenik, ez duela ezer desblokeatzen, eta biolentzian oinarritzen ziren mugimenduek beraien xedeak bete dituztenean ere, gizarte bortitzak sortu dituztela gerora. Aspaldi esan zuen Gandhik arbola hazian nola, helburua bitartekoetan zetzala. Hori gogoan, heldutasun itzela ikusten dut mugimendu sozial anitzetan, eta arabiarrek mugimendu baketsu eta herrikoiekin diktadurak kanporatu dituztela frogatu badigute, dena da posible.

Fukushimakoaren ostean, energia nuklearraren azkenak posible zirudien, baina enegarrenez, hautsak tapiz azpian gorde, eta denak berdin jarraitzen du.

Txernobylen ondoren gertatutakoa normaltzat hartzeko eskatu ziguten, hiltzear zegoen sobieten sistema komunistan gertatu zelako, eta gu gaitz guztietatik salbu geundelako. Baina Fukushima Japonian dago, herrialde industrializatu eta teknologikoki aurreratuenetako batean, eta horrek garbi frogatzen du inor ez dagoela hondamendi teknikoa dakarren arazo naturalen pilaketatik libre. Orain, esaterako, Frantzia lehorte handia pairatzen ari da, bertako 52 zentral nuklearretatik 38 ibai bazterretan daude, eta agian udan zentral horiek itxi beharko dira hozte sistemek kale egingo dutelako. Hori hala, auskalo zer gerta daitekeen erreaktoreekin. Urrunago joanez, Frantzian hamar zentral arrakala sismikoen gainean eraikita daude, eta orain arte lurrikararik egon ez izanak ez digu bermatzen geroan izango ez denik. Horrek nuklearraren segurtasunaren eztabaida pausatua uzten du, eta halako hondamendien ingurumen eta giza kostua ikustean argi dago nuklearrak ez duela merezi. Hori bakarrik aski da energia nuklearrari bizkarra eman behar zaiola esateko, alternatiba energetikoen bila joan eta kontsumoa gutxitzen duen garapen eredu bat plantan ezartzeko.

Betiko interesak agertu dira, alabaina, fracking edo eskisto gasaren aferaren azpian.

Hori ere, Frantzian gertatu arren, mundu mailako borroka bat da, munduko petrolio eta gas enpresa erraldoien esplotazio eta ustiapenen aurkako borroka baita. Lur andana berenganatzen saiatzen ari dira beraien mesedetan erabiltzeko. Orain arte, modu ia klandestinoan lortu dituzte lur horiek eskuratzeko baimenak, eztabaidarik gabe, azken gas edo petrolio tantaren xerka joan behar genuen plaza publikoan deliberatu gabe. Hori gutxi ez eta arazo demokratikoaz gain, problema teknologiko batekin egiten dugu topo, frakturazio hidrolikoa baita produktu horien bila joateko modu bakarra eta hori biziki arriskutsua da lurraren hainbat geruzarentzat. Jendea arras fite mobilizatu da, eta argiki hautatu du ura eta petrolioaren artean. Jendeak badaki deus egin ezean, hemendik gutxira ura kutsatua izanen dela eta bere herriak abandonatu beharko dituela.

Mobilizazioak mobilizazio eta ekintzak ekintza, batzuek esango zizuten kalea dela lider altermundialista baten lekua eta ez Europar Parlamentua.

Ez nago inori leziorik emateko, baina Europako nekazal politikaren aurka 30 urtez borrokatu ostean, benetako aukera bat daukagu instituzio horietan sartu eta gauzak errotik aldatzeko. Bistakoa dena da, alta, lorpenak instituzioetan eta instituzioetatik kanpo egin dezakegunarekin bat egitetik jinen direla. Espero dut gai izango garela letrak aldatu eta lerro nagusiak berridazteko eta salatu beharrekoak beste oihartzun batekin salatzeko. Gure borroka moldea ez da aldatu. Gu parlamentu honetara indar korrelazio berriak sortzera gatoz, eta horretarako, mobilizatuta segitzen duten mugimendu autonomoak behar ditugu. Horien lanak bihurtzen gaitu eraginkor.

Nortasun agiria

Talence-n (Frantzia) sortu zen 1953ko ekainaren 11n. Urtetan Nekazarien Konfederazioko eta Vía Campesinako sindikalista, egun eurodiputatua eta mugimendu altermundialistaren aurpegi ezagunenetakoa da. Liburu zenbaiten egile, Cannes-en aurkeztu eta udazkenean aretoetan izango den Tous au Larzac filmaren protagonistetako bat ere bada.  

Azken hitza
Aitzakia

 “Estatuek arazoak Europatik datozela eta eurak gure interesak babesten saiatzen direla saltzen digute herritarroi. Hori gezur handia da. Estatuek Europa aitzakiatzat erabili arren, beraiek daude Europaren eraikuntza eta kudeaketaren aurrean”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude