Ahozko ondarearen gordailu irekia

  • Aurten beteko dira 20 urte Joxemiel Barandiaran hil zela eta bere izena daraman museoak oraintxe bete du lehen urtea. Ataunera hurbildu gara eraikina bisitatzera eta berehala konturatu gara, Barandiaranen museoak eraikina gainditzen duela, askoz zabalagoa dela.

Joxemiel Barandiaran
Joxemiel BarandiaranBarandiaran Museoa

Kondairak dioenez, Ataungo herritarrak eliza egiteko asmotan zebiltzan, eta gaur egungo hilerria dagoen Mendiola gaintxoa iruditu zitzaien horretarako lekurik egokiena. Harriak haraino gurdiz garraiatzen hasi ziren, baina egunez bertaraino igotako harriak, gaur egun San Martingo eliza dagoen lekuan agertzen ziren goizean. Hurrengo egunean kristauek harriak atzera gurdian kargatu eta Mendiolara eramaten zituzten, baina gauez, behin eta berriro, norbaitek leku berera eramaten zituen. Jakin-minari ezin eutsita, alboan zegoen Zaindegi Etxeko atsoa zelatan egoten zen eta, halako batean, harriak gauez jentilek eramaten zituztela ikusi zuen. Jentilak ere konturatu ziren atsoak ikusi zituela eta biraoa bota zioten: “Aida zurie, aida gorrie, zelatan dagon andra horri ataiok ezkerreko begie”. Atsoak begia galdu zuen, eta San Martingo eliza jentilek nahi zuten lekuan dago gaur egun.

Hortxe hasten da Barandiaranek hain maitea zuen herri-bidea, San Gregoriora eta, beraz, museora garamatzana. Baina museo berrira iritsi baino lehen Peruenezar baserria dago. Hantxe jaio zen Barandiaran, 1889ko azken egunean. Eta aurrerago, herri-bidetik aldendu gabe, Sara Etxea dago. Han hil zen 102 urte bete baino hamar egun lehenago. Joxemielek berak eskatuta, gorpua herri-bide horretan aurrera eraman zuten San Gregorioko hilerriraino. Eta Barandiaranen etxe berria, iaz zabaldu zuten museoa, Sara Etxearen eta hilerriaren artean dago, XVI. mendeko Larruntza errota zaharberrituan.

Duela ia 20 urte, Joxemiel hil eta berehala sortu zen haren omenezko zerbait egiteko asmoa. Bittor Oroz Ataungo jarduneko alkatearen hitzetan, “Barandiaran oso garrantzitsua izan zen Euskal Herrirako nahiz Ataunerako. Elite intelektualaren parte izan arren, herrian oso txertatua zegoen. Ezinbestekoa zen hari oroitza egitea, eta bere ekarpena ez galtzea”. Ataun bitarteko ekonomiko txikiko herria izaki, bitarteko horiek bildu eta azken bi legegintzalditan gorpuztu da egitasmoa. San Martin eta San Gregorio auzoen artean eraikin berri bat egitea pentsatu zuten arren, bisitariek beste azpiegiturak balia zitzaten egokiagoa iritzi zioten auzoetako batean kokatzeari. Barandiaran San Gregoriokoa zen eta, beraz, auzo horretan egitea zen egokiena. Larruntza errota zaharra hantxe zegoen, Sara Etxearen eta hilerriaren artean eta, bide batez, eraikina berreskuratuko zuten.

Museoaren edukiak erabakitzeko Jexux Altuna, Barandiaran pertsonalki eta profesionalki ederki ezagutu zuen arkeologoa buru zuen lantaldeak erabaki zituen. Informazioa biltzen bi urte eman zituzten, eta museoa antolatzen, beste lau. Eta, horrenbestez, museoak duela urtebete zabaldu zituen ateak, iazko ekainaren 12an, hain zuzen.

Museo betea

Museoko atarian errotarriek ematen diete ongietorria bisitariei eta, atean, eguzki-loreak. Bisita goiko solairuan hasten da, sabaiko egurrezko habeen azpian, 15 bat minutuko ikus-entzunezkoarekin. Barandiaranen bizitza eta ekarpena laburbiltzen ditu: kristautasuna eta sustrai paganodun mitoak naturaltasun osoz nahastu ziren haurtzaroa; apaiztegiko garaiak; Leipzigeko unibertsitatean, psikologia zientifikoaren sortzaileetako batek, Wilhem Wundt irakasleak Joxemielen herrian, hizkuntza eta kultura bakanak zituen herrian ikertzen hastea gomendatu zionekoa; inguruan entzundako kondairan oinarrituta Aralarren lehen trikuharria aurkitu izana; Aranzadi, Eguren eta hiruak, indusketa lanetan murgildu eta “hiru troglodita goibelak” bihurtu zirenekoa; Gerra Zibilak behartutako erbestaldian, New Yorkeko Columbia Unibertsitateko katedra bati muzin egin eta Saran aho ondarea eta aztarnategiak ikertzen jarraitzea erabaki zuenekoa....

Alboko gelara sartu eta Barandiaranen liburutegia dugu aurrez aurre. Ez berak bildutako liburu sorta, berak idatzitako lanen bilduma baizik: 575 idazlan argitaratu zituen 75 urtez lanean arituta. Gainera bere egunkaria dago kontsultagai, zortzi liburukiz osatutako egunkari digitalizatua. Ez da egunkari pertsonala, egindako ikerketen xehetasunak jasotzen dituen eskuizkribua baizik. Gela berean, 100 urte zituela etxeko sukaldean grabatutako elkarrizketa ikus daiteke. Txoko hori Barandiaranek euskararekin zuen harremanari eskaini diote, eskolan hasi eta gaztelania inposatu izanaren kontuez ari baita solasaldian. Aita Barandiaranek bospasei hizkuntza menderatzen zituen eta egia da, eskolan hartutako ohiturak eraginda-edo, gehienetan gaztelaniaz idazten zuela. Baina une jakin batzuetan, esaterako Gerra Zibila piztu zenean, egunkarian bere errebindikazio pertsonalak jasotzerakoan, euskarara jotzen zuela. Azkenik, museoaren atal honetan egin zizkioten omenaldien berri ere jasotzen da.

Induskatu eta entzun

Aita Barandiaranek ahozko aztarnak nahiz arrasto materialak aztertu zituen, eta bi eremu horien isla da museoaren beheko solairua.
Lehenik Euskal Herriko mapa bat dago, puntu gutxi batzuk piztuta dituen mapa. Puntuek Barandiaran arkeologia lanetan hasi baino lehen induskatuta zeuden aztarnategiak adierazten dituzte. Maparen alboko botoiari sakatuz gero, Joxemielek induskatutakoak pizten dira, eta mapa puntu gorriz betetzen da, Gipuzkoan eta Iparraldean batez ere. Ondoren, aztarnategi zati baten erreplika dago, induskatzeko tresnak eta guzti, Barandiaran eta enparauek nola jarduten zuten erakusteko. Eta aztarnategitxoa “hiru troglodita goibelen” argazkiez inguratuta dago. Barandiaranen beraren esanetan, trogloditak zirela esan zitekeen, kobazuloetan aritzen zirelako, baina goibelak, inola ere ez. Goibeltzekotan, Gerra Zibilak goibeldu zituen, 1936tik aurrera Aranzadi, Barandiaran eta Eguren ez zirelako sekula berriro elkarrekin arituko. Beste lankide batzuk izango zituen ordea; argazkietan, esaterako Jexux Altuna gaztea agertzen da.

Ondoren, teknologia taktila erabiliz, hegaldi birtuala egin daiteke Aralarretik. Alegia, hatzak pantaila gainean mugituta Aralarko megalitoak hegan bisitatu ditzakegu, horiei buruzko azalpenak jaso bitartean.

Ahozko aztarnen eremuan, aurikularrak jarri eta Joxemielek bildutako hainbat kondaira Barandiaranen beraren ahotsean entzun ditzakegu. Eta, ondoren, bere museoak ez ezik Joxemielek ere teknologia berriak erabiltzen zituela baieztatuko du bisitariak: 1928an berak grabatutako bideo bat dago ikusgai. Bertan, baserriko atarian gizon bat ageri da hainbat jardun magikori buruzko azalpenak ematen. Joxemielen aita izan daitekeela uste dute eta, besteak beste, tximistaren kontra zer egiten zuten azaltzen du.

Larruntzako hormez harago

Larruntzaren alboan beste eraikin bat dago, harrera gunea. Beheko solairuan harrera zerbitzua, turismo bulegoa eta denda prestatu dituzte eta, aurki, goiko solairuan Joxe Martin Apalategi dokumentazio zentroa zabalduko dute, Joxemielen lanean sakondu nahi dutenentzat.

Larruntzaren atzean, aldiz, Errotatxo dago. Bere garaian zerratokia eta errota izan zena eraberritzea erabaki zuen Udalak. Gaur egun bisitariak berriro ere martxan ikus dezake. Gainera, Barandiaranek jasotako zenbait ipuin entzuteko aukera ere badago. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da errotan, Ataungo erretirodun talde batek hamabostean behin, auzolanean, kanala garbitu eta errota martxan jartzeko konpromisoa hartu baitute.

Museoaren egitasmoa bultzatu zutenek argi zuten ez zutela eraikinaren lau hormetara mugatu behar. “Ataunen, ahozko transmisioa ez da erabat galdu, eta hori oso leku gutxitan dagoen altxorra da”, dio Bittor Orozek. “Elementu etnografiko asko gorde dira gainera. Etxeetan elorri zuriz egindako gurutzeak eta eguzki-loreak ikusten dira. Inguruan megalito mordoa dago... Erakusketa puntu bat beharrezkoa zen, baina ez genuen bisitariak inguruko altxor horiek galtzerik nahi”. Hala, museo hedatuaren kontzeptuari jarraiki prestatu dute museoa eta bisitariak ingurua ezagutzera bideratzen dituzte.

Geografikoki ez ezik, museoak era guztietako publikoarengana zabaltzea du xede. Barandiaranen bizitza eta lana laburbiltzen ditu, baina badira bertan azaltzen den informazioa aurrez ezagutzen dutenak eta horregatik zabalduko dute dokumentazio zentroa. Horrez gain, haurrengana ere iritsi nahi dute eta tailer bereziak prestatu dituzte haientzat: Historiaurreko lanabesak egiteko tailerrak, sua nola egiten zuten erakusten dutenak, ipuin kontalarien saioak.... “Gaurko haur gehienek ez dakite Barandiaran zein zen. Gainera, orain dela gutxi arte ahozkotasun, tradizio, kultura ez-material aberatsa eta berezia izan dugu eta hori ere transmititu behar zaie, ez soilik Joxemielen figura” dio azken zortzi urteetan Ataungo alkate izan denak.

“Joxemieli sekula ezin izango diogu ordaindu egin zuen guztia. Sekula ez gara konturatuko egin zuenak zer garrantzia izan duen guretzat”, dio Orozek. “Gaur egun daukagun globalizazio basatiak gure kultura uniformizatzeko arriskua dakar. Eta honaino iritsi izan bagina inork ondare hori jaso gabe, arazoak izango genituzke gure identitatea nabarmentzeko”. Eta museoaren xedea, informazio hutsa emateaz gain, sentimenduak sorraraztea ere badela gaineratu du.

Museotik San Gregorio hilerrira joan gara, hantxe daude ehortzita Joxemiel eta Pilar Barandiaran, Sarako erbestalditik hil arte alboan izan zuen iloba. Eta triangelua atzera Sara Etxera joanda osatu dugu. Amaitzeko, Sara Etxeko ataritik errepidera abiatu gara, sagarrondoak ezker-eskuin. Behin, latineko azterketa ederki egin ondoren, Joxemiel gaztea etxera harro-harro itzuli zen. Semearen harrokeria baretzeko, amak baserriko atera eraman zuen. Peruenezarreko ate aurrean ere sagarrondoak zeuden, fruituen pisuaren eraginez adarrak makurtuta zeuzkaten bi sagarrondo. Orduan, amak zera esan zion adarrei buruz: “Zenbat eta beteago, orduan eta apalago”.

Barandiaran Museoa eta bere etxea fisikoki atzean utzi arren, Barandiaranek, beti apal, edukiz bete zuen etxea udalerriaz harago, jentilek nahi zuten tokian eraikitako elizaz harago hedatzen da, ikusi berri dugun mapan pizten diren argi gorri guztietara, kondairen bila ibili zituen txoko guztietara iritsi arte.

Harriak ez dira isiltzen, ahotsak bai

Museoaren aurkezpen ekitaldietako batean Jexux Altunak esan zuen Barandiaranek, arkeologian lan izugarria eginagatik, arlo horretan bere lanak ez duela hainbesteko garrantzirik. Aztarna materialak, berak aurkitu edo induskatu ez balitu beste norbaitek egingo zukeela, gero ere han egongo zirela, alegia. Altunaren ustez, Barandiaranen garrantzia ahozko ondarea bildu eta gorde izana da.
XIX. mendean euskal mito eta kondairak galtzen hasiak ziren. XX.eko bizimoduak ia erabat desagerraraziko zituen eta, Aita Barandiaranek Wundten gomendioari jarraitzea erabaki arte, ondare hura ez zegoen inon jasoa. Museoko ikus-entzunezkoak dioen moduan, “handik gutxira inork ez zion Ilargiari Ama deituko”. Euskal kultura erasotzen eta ukatzen zen garaian, ahoz transmititutako ondareak zeukan garrantziaz konturatzeko gai izan zen. Bere kezka nagusia ez zen bildutakoa interpretatzea, horren inguruan teoriak sortzea; desagertu baino lehen biltzea zen lehentasuna. Antzinako euskal kultura, ordura arte soilik ahoz transmititu zena, jaso eta ondorengo belaunaldien esku utzi zuen, azter zezaten.

Eta, gainera, bilketa lan erabat sistematikoa eta zehatza burutu zuen. Esandakoa hitzez hitz transkribatzen zuen, eta ahalik eta informazio zabal eta zehatzena lortzeko prestatu zuen galdetegia gaur egun berak sortutako Etniker taldeak erabiltzen du oraindik.

Esamolde ezagun batek dio herri indigena bateko zahar bat hiltzen den bakoitzean liburutegi bat desagertzen dela. Bada, Joxemiel Barandiaranek herri honen sustraiak eta mitoak heriotzatik erreskatatu eta liburutegi bihurtu zituen.
 


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude