Leopold Eyharts

"Espazioaren esplorazioan ‘Harriketarren’ aroan gaude"

  • Imajinatu al duzue inoiz satelitea astronautari galdezka?

Sustrai Colina
2011ko apirilaren 24a
Leopold Eyharts
Leopold EyhartsDani Blanco

Astronauta… Umetako ametsa dirudi.

Astronautok ume handi bat daramagu barruan. Biarritzeko haurtzaro zoriontsu hartatik, 10-12 urteko begiekin, estatubatuarrak ilargian pausatzen ikusi zituen ume hura bizi-bizirik dago nigan. Hortxe ernatu zitzaidan lanbide honekiko harra, eta astronauta izateko aukerak urriak zirela jakin arren, ikasketetan zein ibilbide militarrean beti izan dut asmo hori buruan iltzatuta. Armadako eliteko pilotua nintzen, eta jarraipen logikotzat neukan espaziorako jauzia. Bizitzaren une batean edo bestean, gizaki orok izaten du atmosferatik jalgi eta Lurraren inguruan itzuli-mitzulika ibiltzeko ametsa. Gure lana ordea, ikuspegi magiko eta fantasioso horretatik askoz harago doa. Ikerkuntza txertatuta daramaten aktibitate teknikoetan murgilduta bizi gara. Ikerketa zientifikoaren garapena dugu xede. Batzuetan, zientzia desberdinetako arlo fisiologikoen esperimentuetako subjektuak izan gaitezke, bestetan operadore hutsak gara. Zailtasun izugarriko lanak dira, zehatz eta taxuz egin beharrekoak, hutsegin ezinak.

Zertan datza astronautaren egunerokoa?

Lurrean gaudelarik, biziki aldakorra da. Misio bat agindu eta espaziora bidaia programatzen digutenean entrenamenduak areagotzen dira. Hegaldia hurbildu ahala, entrenamendu fase oro fintzen joaten gara, misioaren alderdi guztiei buruzko etengabeko formakuntzan azken hari muturreraino sakonduz. Misiorik ez daukagunean, taigabeko aitzinamenduen xerka dabiltzan ingeniariekin kolaboratzen dugu, gure esperientzia eta lan-moldeak ekarriz. Astronauta batek ulertu behar du kate luze bateko kate-begi estrategikoa dela. Etengabeko froga eta testak gainditu behar ditu, beti ibili behar du goian gauzak nahi-erara egiteko gai dela erakusten. Izan ere, Lurrean esku artean darabilgun sistema itzela izan daiteke, baina behin espaziora igota ez bagara gai sistema hori instalatu, martxan jarri eta ondo funtzionatzen duela konprobatzeko, kate guztia eteten da. Urteetan luzatzen joan den kateak zentzu guztia galtzen du. Gurean, akatsak barkaezinak dira.

Ez al gara zientziarekiko geroz eta interes gutxiago duen gizartean bizi?

Bai eta ez. Astronauta gisa, egindakoa erakustea dagokigunean, begi-bistakoa izaten da jendearen arreta eta lilura. Hori hala, egia da, Europan batez ere, duda-muda anitz dagoela espazio ikerkuntzan inbertitzeko. Beste gai batzuetan bezala, hemen ere gizartearen interesa eta politikari eta inbertitzaileen eskuzabaltasuna deskonektatuta daude, ahalak eskas ditugula esatea erlatiboa den arren, argi baitago borondate politikoen menpe gaudela. Esaterako, Europako Espazio Agentziak Nazioarteko Estazioaren aurrekontuaren %8a baizik ez du bere egiten. Estatubatuarrek eta errusiarrek askoz gehiago inbertitzen dute, baita japoniarrek ere. Europak baditu partaide esanguratsuagoa izateko medioak, baina ez du beste munduko interesik ageri, eta ondorioz, sistemaren muinetik oso urrun gaude. Espero dut geroan garatuko ditugun asmoak ezinbestekoak izatea espazioko ikerketan. Horrek soilik kokatuko gaitu posizio estrategiko batean. Ez daukagu besterik, sosaren gabezia talentuarekin estaltzera behartuta gaude.

Posible da hain interes politiko desberdinak dituzten estatuen arteko kooperazio osasuntsua?

Nazioarteko Estazioaren adibidea eredugarria da horretan. Teknikoki zein zientifikoki arrakastatsua izateaz gain, kooperazioaren sinbolo bihurtu da. 1998an hasitako eraikuntza aurten bururatuko da, eta tarte horretan ez da estatuen arteko inolako arazorik sortu, ez eraikuntzari ez erabilerari dagokionean. Partaide guztiek bete dituzte hitzartutako konpromisoak eta hastapeneko dudak denborak isildu ditu. Geroari begira, lehen harri sendoa izan daiteke, denak ohartu baitira etorkizuna estatuen arteko kooperazioan oinarritzen dela. Esaterako, hurrengo hamarkadetarako diseinatzen ari diren egitasmo guztiak nazioarteko konferentzietan zehazten ari dira, eta bukatu da helburura auzokoa baino lehenago iristeko grina lehiakor eta politiko hori. Horrek ez du esan nahi kooperazioaren barruan bakoitzak bere tokia egin eta gorde nahi ez duenik. Denek izan nahi dute rol estrategiko bat, baina gaur egun, ez dago orbitaz haragoko esplorazio lanetan bakarrik abiatuko den herrialderik. Nazioarteko Estazioko partaideok bat eginik irudikatzen dugu geroa.

Zer da espazioan bilatzen duguna?

Astronautok denetik xerkatzen dugu. Espazioan bizi, bidaiatu eta lan egiteko medioak garatzea dugu xede. Espazioak eskaintzen dituen ingurumen baldintza harrigarriek ikerketak parametro esklusiboetan gauzatzea ahalbidetzen dute. Noiz ez dakit, seguru aski uste duguna baino askoz beranduago, baina helduko da gizakia Lurra ez den beste ingurune batean biziko den eguna. Gurea ez da alta orain mende batzuk Ameriketara mundu berria eraikitzera joatea, hori baino askoz konplexuagoa da. Ez dugu ahantzi behar hemendik urte askotara eguzki sistemaren esplorazioa deituko denaren lehen kate-begiak garela. Espazioaren esplorazioan ‘Harriketarren’ aroan gaude. Lurraren orbitan gabiltza oraindik, eta ditugun medioak izugarriak izanik ere, arkaiko bezain errudimentarioak dira eguzki sistemaren eskalan neurtuz gero. Esaterako, ez daukagu Lurraren orbitaz kanpo edo espazioaren sakonenera errazki bidaiatzeko modurik. Hastapeneko ilusioak bizi ditugu eta hastapeneko ilusioek bizi gaituzte.

Nola ikusten da Lurra espaziotik?

Aski ikusmira harrigarria da, bakana. Atmosferaz kanpo gaude, Lurraren itzulia ordu eta erdiz egiten dugu, hamabost aldiz ematen diogu itzulia egunero, hamabost aldiz ikusten dugu eguna argitzen, hamabost aldiz gautzen, 2.500 kilometroko horizontea besarkatu dezakegu... Izugarria da. Hala ere, azaleko ikuspuntua da nirea, eta ilargira iritsi zirenek oso bestelako ikusmira deskribatuko lizukete, Lurra euren espazio-ontziko leihoan kabitzera iritsi zirelako. Egoera hori bizi duzunean une izugarri eta hunkigarritzat daukazu, baina era berean, etengabe zabiltza urrunago joanez gero zer ikusiko zenukeen irudikatzen. Agian, helduko da unea joan eta joan, Lurra ikusiko ez duguna. Horrek dena aldatuko luke, bai bisualki, eta bai psikologikoki. Gaur egun, orbitan egonik ere, Lurra oso presente dago, bertatik oso gertu zaudenaren sentsazioa daukazu, ez daukazu urrunago joateak ekarriko lukeen bakardade eta galbidezko itolarririk. Oraindik orain, kontinenteak minutu batzuetan zeharkatu edo negutik udara zenbait segundotan pasatzea iruditzen zaizu harrigarri eta magikoa.

Zergatik desagertzen da magia gizakiaren begietatik behin helburuak beteta? Ilargiari askoz gehiago begiratzen zitzaion bertara heldu aurretik.

Gizartearen begirada da hori. Ilargian egon zirenak elkarrizketatuko bazenitu konturatuko zinateke errepikatu nahiko luketen abentura zoragarria dela beraientzat, eta seguru aski, beste inork ez bezala eta beste inork baino gehiago begiratzen diotela ilargiari. Espazioko edozein proiektutan parte hartzen duenari arrasto emozionalak geratzen zaizkio betiko. Hain dira une intentso, motibagarri eta pasioz beteak. Alabaina, egia da aktualitatea xurgatzaile bezain zapaltzailea dela, notiziak datozen bezala doazela, eta behin joanda, inork gutxik oroitzen dituela. Baina horretan ari garenok badakigu zenbat kostatzen diren gauzak, zenbateko ahalegina eskatzen duten, eta guretzat ez dute garrantzirik galtzen. Alderantziz. Beti dugu miresmen puntu bat iraganarekiko, eta horri esker mantentzen dugu geroan lortu daitekeenarekiko ilusio magiko hori. Ez gara nekatzen, ase ezinak gara.

Baina hedabideen interesa pizteko ez al zaudete “mirariak” gauzatzera kondenatuta? Zertan baldintzatzen du horrek zuen lana?

Ahaleginak eta bi egiten ditugu gure lana zabaltzeko, baina egia da gurea ez dela egunero albistegietan agertzen den gai bat. Ez gaitezen engaina, historian mugarria izango den ez-ohiko gertakari batekin edo istripu lazgarriekin baizik ez gara titularretan ateratzen. Pena da, prentsaren interes ezak zerikusi zuzena baitu gure aktibitateen finantzaketan. Apoloren garaian nola, medioetan eguneroko presentzia izango bagenu, politikariek beste bitarteko batzuk eskainiko lizkigukete. Gertatzen dena da gure proiektuak hamar-hogei urterakoak izaten direla eta ez dago hain epe-luzerako ikuspegi politiko eta ekonomikorik egingo duenik. Politikariei kapitalizatu dezaketena baizik ez zaie interesatzen, eta krisi garaiotan, aitzakiek diz-diz egiten diete hortzetan. Pena da, ez dugulako neurriz kanpoko dirutzarik behar, eta orainaldian itota egon arren, arnasa geroan inbertitzea datzalako. Azken hamar urteotan, Nazioarteko Estaziorako europar biztanle bakoitzeko euro bat gastatu dugu urteko. Asko edo gutxi den bakoitzak pentsa dezala, baina ez dira gutxi dirutza handiagoak modu lotsagabeagoan gastatzen dituzten arloak. Sorgin-gurpil bat da dena, eta nekeza da gurpilari norabidea aldatu eta nahi duzun tokira eramatea. Saiatu zaitezke zure herrialdeko politikariei beste herrialdeetan zer egitera doazen azaltzen, eta ez dira gutxi atzean ez gelditzeagatik gurdira igo nahi dutenak, baina gurea bisio lan bat da, oso aurretiaz landu behar dira asmoak, eta anitzetan, politikariak konbentzitzen dituzunerako beranduegi da.

Konbentzitu behar ez direnak, espaziora joateagatik dirutzak ordaintzeko prest dauden aberaskiloak dira. Zer pentsatua ematen dizute?

Hastapenean, jokoz kanpo harrapatzen zaitu albisteak, baina aztertu behar dena da errusiarrek zergatik zabaldu dizkieten euren espazio-ontziko ateak ordaintzeko prest daudenei. Errusiarren gastu industrialak gureak baino askoz apalagoak dira, eta dirutza horiek jartzeko prest dagoen turistaren inbertsioa guretzat itsasoan tanta bat litzatekeen arren, tartaren zati esanguratsua da errusiarrentzako. Horrek 90eko hamarkadan izan dituzten zailtasun guztiak atzean utzi eta puntaren puntan mantentzeko aukera eman die. Horretaz gain, eta notizia irakurtzean hala dirudien arren, garbi gera bedi aberaskilo horiek ez direla zoro kapritxoso batzuk edo jet-setaren ohiko pertsonaiak. Ez, oinarri zientifiko bat daukan jendea da, oso motibatua, eta behin espaziora joanda, bere ahalen araberako esperimentuak egiten dituena. Joera horren jarraipena zail ikusten dut, ordea. Hurrengo urteetako hegaldi guztiak zientifikoentzako gordeta daude, errusiarrek ezingo dute misio horiek saltzen segi, eta kostuak gora egitera, litekeena da aberatsenek ere ezin ordaindu ahal izatea.

Zu bi aldiz izan zara espazioan. Itzultzeko asmorik bai?

Lehen niotsun gisan, Europak parte-hartze aski txikia du Nazioarteko Estazioan, eta gure esku dauden hegaldi kopuruak horren araberakoak dira. Gainera, oraintsu, sei astronauta berri errekrutatu ditugu eta lehentasuna daukate. Horrek esan nahi du, hurrengo sei hegaldietan berez ez zaidala tokatzen, eta horrek 2020ra garamatzanez, printzipioz espaziora itzuli gabe erretiratuko naizela. Baina nork daki, astronauten korpus aktiboan nago, eta edozein unetan egokitzen ahal zait misio bat. Gaur egun, Lurretik hegaldien jarraipena egiten dut, eta gerora begirako proiektuen diseinuan buru-belarri inplikatuta nago. Ez naiz nire zorteaz pleinitzen, bi misio zoragarri izan ditut, Columbus Nazioarteko Estazioko europar modulua instalatu eta inauguratzeko ohore izugarria, eta gutxi gehiago nire ametsak bete ditut. Horrek ez du esan nahi itzuli nahi ez dudanik, baina badakit Lurretik ere badagoela zeregina eta geroa lantzeko modua.

Nortasun agiria

Biarritzen sortu zen 1957ko apirilaren 28an. Frantziako armadako eliteko hegazkin pilotua izan zen lehenik, eta Europar Espazio Agentziako astronauta da egun. Birritan izan da orbitan, eta bera izan zen Nazioarteko Estazioan dagoen Columbus laborategian sartzen lehena.

OFF THE RECORD
Orbitan

Negozioak egin berri dituen enpresaria, herrira datorren ikaslea, presoa bisitatu berri duen senidea, bilera nazionala izan duen ordezkari sindikala, turista holandesa, elkarrizketa bat egitetik datozen kazetaria eta argazkilaria... Bakoitza doa bere orbitan Paristik Hendaiarako trenean. Bordelen trenaren hiru laurdenak husturik, txikitu egiten da orbita hori, eta behin Hendaiara iritsirik, handiak dira norbere orbitan dabilen jendea gurutzatzeko aukerak. Gu pozaren orbitan gatoz, ostera. Lurtarra iruditu zaigu astronauta, gertukoa urrutietan ohitutakoa. Ederra da euskalduna izateak Parisen ere gauzak erraztu ditzakeela sentitzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-25 | ARGIA
2017ko 'Pohang' lurrikara frackingak eragin zuela aitortu du Hego Koreako gobernuak

2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna ikertzeko izendatutako aditu taldea ondorio horretara iritsi denean.


2019-03-25 | Itzea Urkizu
Fatimetu Zenan: "Feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutakoa"

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Joan den martxoaren 8ko indar kolektiboa dario, oraindik, bere hitzei, eta feminismoa urte, herrialde, klase eta pertsona guztiengana iristeko modua aurkitu nahi du. Emakume sahararren nortasuna eta garrantzia plazaratzeko eguna antolatu dute bihar, herrian.


2019-03-25 | Txerra Rodriguez
Herri mugimendu hezeak

Allartean blogari txit handiari irakurri nion Txepetxek esan zuela militantzia “erotizantea” izan behar zuela, hau da, sormena eta gozamena dakarren militantzia, konpromisoarekin batera. Beste batean (non demontre? Tomas Villasanteri?) irakurri nuen herri mugimendu eraldatzaileak “hezeak” izan behar zirela.


2019-03-25 | Etzi.pm
"Erraustegiarekin hemendik urte batzuetara gertatuko da amiantoarekin gertatu dena"

Bego Zuza Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1960an. Bertan bizi da eta herriko gizarte mugimenduetan inplikatutako emakumea da. Zero Zabor taldeko kidea da. Argia aldizkariko lehendakaria da, baina ez dio karguari garrantzirik ematen. Ikusten dituen bidegabekeriei ematen die garrantzia gehiago. Halakoen aurrean, ez da hitz soiletan edo geldirik geratzen den horietakoa.


Ekozinemaldia 2019: aurten ere erauzketa-goseari hozka

Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegirada berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinitoaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora. (Ikusi Ekozimenaldiaren egitaraua osorik).


Sorgin izan, sorgin esan

Asteburu honetan, Sorgin Ehizaren Historiari buruzko I. Topaketa Feminista egin dugu Iruñeko Katakraken. Zuek lerro hauek irakurtzen ari zaretelarik, topaketan parte hartu dugunok Zugarramurdiko eta Sarako leizeetan egonen gara, hango museoak sorginei buruz helarazten duen mezuaren inguruan hausnartzen eta sorginen iruditeriarekin egiten den komertzializazioa salatzen.


Erabileraren aroa: begirada bat Ipar Euskal Herritik
MULTIMEDIA - solasaldia

Biarritzeko euskara teknikari Eneko Gorriren hitzaldia 2019ko Topaldian.

Hitzaldiaren sinopsia

Urteetako galtzearen ondotik, azken datu soziolinguistikoen arabera badirudi hiztun kopuru absolutua egonkortzen hasia dela Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Zenbaki ofizialek 2011 eta 2016 artean 100 hiztun irabazi ditugula agerian ematen badute, ez dute islatzen jendartean sakonki aldatzen ari den prozesu bat: gaitasunen eraldaketa, familia transmisioaren etenaldia, erabileraren... [+]


2019-03-25 | Uztarria
Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak izan dituzte gogoan

Pasaiako segadaren 35. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin zuten joan den larunbat arratsaldean Azpeitiko azoka plazan. Hamaika kasu, aldarri berbera lelo hartuta, aurtengo ekitaldian Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte.

 


Artea irekita

Mundu honetan mugarik ezagutzen ez duen bakarra kapitala dela dirudi. Gainerako kontuentzat araudi, kontrol, debeku eta zentsura neurriak non-nahi eta nolanahikoak dira. Ikuspegi honen beste lagin bat erakutsi du Eusko Jaurlaritzak azken egunotan: urtean 12 kultur emanaldi egiteko muga ezarri nahi zien taberna eta areto txikiei.


2019-03-25 | Amaia Ugalde
Hilekoa plazara, artelanen bidez

‘Hilekoa gorria ote’ erakusketan artista eta idazle feministek hilekoari buruz egindako lanak batu eta plazaratu dituzte. Elorrion izan du lehen aldia erakusketak, eta herriz herri zabaltzea da antolatzaileen asmoa.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude