Bobby Sands eta beste bederatzi lagunek orain 30 urte Irlanda iparraldean heriotzaraino egin zuten gose greba aski ezaguna da. Horren ezaguna ez bada ere, emakume errepublikanoen borrokak ere garrantzi itzela izan zuen gatazkaren bilakaeran, baita presoen estatus politikoa berreskuratzeko kanpainetan. Armagh-eko espetxean (Irlanda iparraldea) 1980ko gose greban parte hartu zuen emakumeetako bat da Mary Doyle.
Mary Doylek ongi asko dakizki garai haietako xehetasun guztiak. Denbora luzez mobilizatu ostean, lehen grose greban parte hartu zuen Armagh-eko espetxean. Soldadu britainarrek 1988an Gibraltarren hildako IRAko kide Mairead Farrel zuten buru preso errepublikanoek Armaghen eta 1980ko abenduaren lehenean hiru emakumek egin zuten bat Long Kesh-eko espetxeetako H-Blokeetan hasi zuten gose grebarekin. Doyle izan zen horietako bat, 25 urte zituen. “Oso urte gogorrak izan ziren, ilunak, baina merezi izan du; harro nago egindako guztiaz. Orain 30 urte baino askoz hobe gaude gaur egun”.
Heldu den maiatzaren 5ean –Sands hil zeneko 30. urteurrenean, hain zuzen ere– Irlanda iparraldean hauteskundeak eginen dituzte. Sinn Feinen eskutik, Doyleren izena Belfasteko Udaleko hautagaien zerrendan ageriko da. Pozik dago, ilusioz.
Zer aldatu zuten gose grebek Irlandako gatazkan?
Greba horiek egin ez bagenitu, ez ginateke egonen gaur gauden moduan. Hamar lagun hil behar izan ziren mundu guztiak jakin zezan errepublikanoak preso politikoak zirela.
1974an, 18 urte zenituela, Armagheko kartzelan sartu zuten lehen errepublikanoa izan zinen. Nola oroitzen dituzu urte haiek?
Oso urte gogorrak izan ziren. 1975 bereziki iluna izan zen niretzat. Urte horretan UVF talde armatuak nire ama hil zuen. 24 ordu aske utzi ninduten hileta elizkizunetara joateko, oso momentu zaila izan zen. Gero, 1976ko martxoan, estatus politikoa kendu ziguten preso errepublikanoei. Urte horretako irailean aske utzi ninduten baina 1977an berriz ere espetxeratu ninduten. Bigarren aldiz sartu nindutenean argi aski utzi zidaten zer zegoen: “Kriminal arrunta zara”.
Garai horretan hasi zenituzten mundu guztian ezagunak diren protestak.
Gure estatus politikoa berreskuratzeko, lehenbizi espetxeko lanak egiteari uko egin genion. Bisitak murrizten hasi zizkiguten eta arropa kentzen ziguten miaketak egiteko. Arropa kentzeari uko egiten bagenion, lurrera bota eta jo egiten gintuzten. H-Blokeetan manten protesta hasi zutenean, presoak kartzelako uniformea eramatera behartu zituztenean, guk nahi genuen arropa jantzi genezakeen oraindik ere. Protesta gisa, IRAko uniformeak eraman eta gure burua ez garbitzea erabaki genuen. Ziegetan isolatuta mantentzen gintuzten, ez ziguten komunera joaten uzten eta gure gauzak, argazkiak eta abar, apurtu egin zituzten. Espetxea oso zaharra zen eta hotz ikaragarria pasatzen genuen.
Nola gauzatu zen gose greba egiteko ekimena?
Komunikazio bikaina geneukan H-Blokeekin eta mugimendu errepublikanoarekin oro har. Egoera jasangaitza zela argi zegoen. Gose greba egiteari buruzko eztabaida hasi genuenean, kalean zegoen jendeak ez zuen proposamena babestu. Baina zerbait egin beharra zegoen gure bost eskariak bete zitezen [nahi zuten arropa eraman; kartzeleko lanak ez egin; beste presoekin taldeak sortzeko eta astero bisita bat izateko eskubidea izan; eta protestak egiteagatik galdutako eskubideak berriz ere jasotzea]. Hala uste genuen Armaghen eta baita H-Blokeetan ere.
Urriaren 27an H-Blokeetan lehen gose greba hasi zuten eta abenduaren 1ean, Mairead Farrel, Mairead Nugent eta zuk grebarekin bat egin zenuten. Familiari berria eman zenion momentua gogoan duzu?
Jakina. Greba egiteko erabakia asko kostata hartu nuen, familia zen kezka nagusia. Nire ama lau urte lehenago izan zen eraila eta nire aita gaixo zegoen. Nire bi anaiak oso txikiak ziren orduan. Asko pentsatu nuen familiaregan, baina grebarekin aurrera egitea erabaki nuen. Gogorra izan zen albistea eman nien unea. Hala ere, ez naiz inolaz ere damutzen, oso harro nago egin genuen borrokarekin. Urte gogorrak izan ziren, baina fruituak jaso ditugu. Familiak, gainera, %110 babestu ninduen.
Nola igaro zenituzten grebak egunak?
Greba hasi genuen egunean bertan, hirurak ziega berean sartu gintuzten. Gela bakarrik bi pertsonentzako bazen ere, primeran etorri zitzaigun elkarrekin egotea. Morala igotzeko balio izan zigun. Ordura arte, janaria oso txarra eta eskasa zen, baina greba hasi bezain pronto gauza izugarri onak ekartzen hasi zitzaizkigun. Uneoro geneukan janaria parean. Bigarren astean ospitale-arreta zeukan beste gela batera aldatu gintuzten eta han sartzeko derrigorrezkoa zen bainatzea. Abendua zen eta otsailetik ez garbitzearen protestan geunden, beraz, pentsa nolako momentua izan zen hura. Hori bai, dagoeneko ahul geunden, kementsu, baina fisikoki ahul. Gogorrena gure adiskideen berri jasotzea zen. H-Blokeetan denbora gehiago zeramaten greban eta batzuk dagoeneko oso gaixo zeuden. Sean Mckenna, batez ere. Abenduaren 18an irratiaren bitartez enteratu ginen gose greba bertan behera geratu zela. Hurrengo egunean, amaitu zela konfirmatu genuenean, guk ere utzi genuen.
Ordea, Britainia Handiko Gobernuak zuen eskakizunei muzin egin zien.
Bai, hala izan zen. Gabonak pasa zirenean bigarren gose greba bat egiteko aukera eztabaidatzen hasi ginen. Beste lagun batzuekin batera, greba egiteko izena eman nuen berriro. Orduan, baina, lehen greba bukatu ondoren aitak egin zidan bisitarekin hasi nintzen gogoratzen. Ez dut inoiz bere begirada ahaztuko. Buelta asko eman ostean, nire izena ezabatzea erabaki nuen. Buruari eragin genion eta azkenean Argamghen preso gutxi ginela eta, pentsatu genuen ez genuela izanen indar aski bigarren gose greba bati aurre egiteko. Bobby Sandsek greba hasi zuenean, martxoaren lehenean, lan ez egitearen protestarekin jarraitzen genuen Armaghen; beraz, isolatuta jarraitzen genuen.
Maiatzaren 5ean Bobby Sands hil zenean, zein zen sentsazioa Armagheko espetxean?
Hori baino lehen, Sands Westminsterreko parlamentari izan zen hautatua. Ederki gogoratzen dut albiste hori jaso genuen eguna. Hunkigarria izan zen. Oker geunden, baina une horretan argi geneukan Thatcherrek ez ziola utziko hiltzen. Goiz batean jakin genuen Sands hil egin zela. Zaila da deskribatzea sentitu genuena. Haserre geunden, zapuztuta, bihotza apurtuta geneukan. Ez genuen ulertzen Gobernu britainiarrak Sands hiltzen utzi izana; ez genuen ulertzen Eliza katolikoak eta Estatu libreko agintariek behar adina presio egin ez izana. Gainera, ezin genuen protestarik egin ziegatik ezin ginelako atera. Beste lagunak hiltzen hasi ziren heinean, mina handituz joan zen. Hala ere, bizkarra harresiaren kontra duzunean, nonbaitetik indarra eskuratzen duzu.
Emakumeek egindako protestak ez dira oso ezagunak izan.
Hala da. Baina emakumeon protestek ekarpen handia egin diete borroka errepublikanoari. Emakumeen ekintzak ez dira oso mediatikoak izan; gose grebetan, adibidez, ez zen hildakorik egon Armaghen eta horrek erantzukizun mediatikoa txikitzen du. Halere, emakumeen papera Irlandako borrokaren zutabeetako bat izan da, eta bada oraindik ere. Urte gogorrenetan, komunitateari kemena emateko giltza izan ziren emakumeak.
Oraindik ere gutxi dira Irlanda iparraldean bizitza publikoan eta politikan parte hartzen duten emakumeak.
Berdintasuna lortzea erronka handia da oraindik ere, baina orain errazagoa da emakumeontzat politikan aritzea, ez dugu zertan etxean egon behar umeak zaintzen. Sinn Feinek, adibidez, emakumezko zinegotzi eta parlamentari ugari ditu.
1983. urtean atera zintuzten espetxetik, harrezkero haimaka gauza gertatu dira Irlandan. 1998an bakea sinatu eta gaur egun Sinn Feinek unionistekin konpartitzen du Gobernua Stormonten.
Gauzak asko aldatu dira, hobera, gainera. Adibide bat jarriko dizut: guk ez genuen izan aukerarik gaelikoa ikasteko, baina gure ilobak eskola gaelikoetara joaten dira. Oraindik ere egunero egiten dugu borroka; egunero ditugu batailak Stormonten, udaletan… Guretako asko daude orain instituzioetan, gure ahotsa entzun egiten da, ez gara ikusezinak.
Irlandako hegoaldean otsailaren 25ean hauteskundeak egin zituzten. Fianna Fail hondoratu eta Fine Gaelek eskuratu du Gobernua Alderdi Laboristarekin koalizioa eginez. Era berean, Sinn Feinek emaitza historikoak lortu ditu, lau aulki izatetik hamalau izatera pasa baita. Zer nolako hausnarketa iradokitzen dizu Gobernu aldaketak?
Errepublikanoek oso emaitza onak eskuratu zituzten eta hori hasiera besterik ez da izanen. Hemendik aurrera, Sinn Feinek oposizio handia egin ahalko dio Dublingo Gobernu berriari.
Hegoaldeko emaitzak ikusi ondoren, inkestek diote balitekeela Sinn Fein lehen indarra izatea iparraldeko hauteskundeetan. Zein aldaketa aurreikusten dituzu Martin McGuinness ministro nagusi bilakatzen bada?
Lehenik eta behin, horrek esan nahiko luke Sinn Feinek ministeritza gehiago kudeatu ahalko lituzkeela. Herritarren berdintasunaren alde pauso gehiago eman ahalko genituzke.
Londresetik ezartzen diren murrizketei aurre egiteko aukera gehiago egonen lirateke?
Horien aurkako ahotsa indartsuagoa izanen litzateke. Zoritxarrez, ordea, murrizketak, batzuk behintzat, ezin dira saihestu.
Oraindik ere badira borroka armatuarekin jarraitzen duten talde batzuk.
Bai, baina ez dute herriaren sostengurik, oso minoritarioak dira eta ez dute inolako estrategiarik. Indarra dutela erakutsi nahi badute, hauteskundeetan aurkeztu daitezela. Hedabideek beren indarra neurriz kanpo balioztatzen dute.
Euskal Herrian bake prozesu bat hasteko beharra betidanik babestu du Sinn Feinek. ETAk su-etena iragarri ondoren eta ezker abertzaleak Sortu aurkeztu eta gero, zein unetan ikusten duzu euskal gatazka?
Ezker abertzalea legeztatzea ezinbestekoa da. Hori izan beharko litzateke hurrengo pausoa bakea lortzeko. Gure kasuak gauzak aldatu ahal direla erakutsi duela uste dut: Sinn Feinek hedabideetan hitz egitea debekatua zuen 1990eko hamarkadan, eta orain, egunetik egunera gero eta gehiago indartzen ari da.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]
https://www.argia.eus/albistea/estatu-terrorismoa-harro-babestu-du-barrionuevo-barne-ministro-ohiakDatorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria,... [+]
Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.
Berrehun lagun hurbildu dira Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.
Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]
Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]
Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]
"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea.
Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, parte hartzera eta kaleak ikurrinaz betetzera dei egin du herri mugimenduak.
Ehunka lagun mobilizatu dira asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan barrena, Korda espazioaren desalojoaren aurka. Manifestazio amaierako hitzartzean, goizeko desalojoan ertzainek buruan zauritu duten Kordako kidea jada etxean eta "ondo" dagoela... [+]