Itzalak Guggenheimen gerizpean

  • Euskal Herriko hiri bakartzat jotzen dena laudorioak jasotzen ohitua dugu azken boladan. Industriaren aroa gainditzeko Bilbok egindako eraldaketa oraindik burutu gabea txalotua da nonahi, non ez zuzenean saritua eta eredu modura hartu izan da munduan. “Bilbo efektua” esamoldea nazioartean erabiltzen da orain. Bada, ordea, alfonbra azpian zer estali.

Gorteetako kalea, San Frantzisko auzoan. Bertako elkarte askok salatzen dute Udalak ez duela plan eraginkorrik egiten azken hamarkadetan jasaten duten gizarte-bazterketari behingoz  aurre egiteko. Bilbo berriak nazioartera esportatzen  duen distiratik gut
Gorteetako kalea, San Frantzisko auzoan. Bertako elkarte askok salatzen dute Udalak ez duela plan eraginkorrik egiten azken hamarkadetan jasaten duten gizarte-bazterketari behingoz aurre egiteko. Bilbo berriak nazioartera esportatzen duen distiratik gutxi dago kale hauetan, oraindik piztuta irauten neoizko argi bakanetakoa ez bada.Iñigo Azkona

“Eraldatu ala hil” esaldiarekin amaitzen da aurreko orrialdeko elkarrizketa. Hiriak beste irtenbiderik ez zeukala dio Bilboko alkateak, Iñaki Azkunak. Bilbao esaten dio berak. Historia ezaguna da, zertarako denbora gehiegi galdu berriz gogoratzen: behinolako hiri industrial oparo bezain zatarrak, orduko eredu ekonomikoaren krisiak jota, birmoldatzeari ekitea beste irtenbiderik ez zuen izan 80ko hamarkadan, munduan beste askok bezala. Emaitza industria-oste aroko metropoli dotorea da, munduan harro erakustekoa, are harroago berriki jasotako sariek beraren curriculuma edertzen dutenetik. Bisitariak erakartzeko gauza bihurtu da Bilbo, eta transformazioaren onurak eta merituak behin eta berriz gogorarazten dizkigute masaren iritzia moldatzen duten hedabide nagusiek. Hala da oraindik, transformazioa ez baita burutu, etengabe gauzatzen ari da azken hiru hamarkadetan. Lerro hauek idazteko unean kasik, Garellanoko ingurua eraldatzeko planen berri eman du Bilbao Ría 2000k, 1992an erakunde publikoek sortutako sozietate anonimoak. Haren eskutik etorri dira Bilbori aurpegia aldatu dioten ekintza gehienak. Iragan industrialak utzitako espazioak eraldatzeaz arduratzen da elkartea, haien lekuan plaza, parke, auzune, azpiegiturak... jarrita. Lan eskerga: iragan industrialak utzitako espazioa oso handia da Bilbon eta inguruko hirietan.


Joan gaitezen historiaren hasierara. Bilbok, edo zehatzago esanda frankismoak Bilbo Handi modura bataiatu zuenak, bere burua eraldatu behar izan zuen industria oinarri zeukan ereduarenak egin zuenean. Hori horrela da, baina interpretazioa desberdina izan daiteke, nork egin. Ibon Areso arkitektoak, Bilbo berriaren ideologo nagusietakoa denak –eta Ur Partzuergoko presidente, eta Bilboko Udaletxeko alkateorde, bere curriculum ikaragarriaren ezpal bi besterik ez aipatzeagatik–, honela esan zion hau sinatzen duen kazetariari, beste garai batean eta beste hedabide batentzat: “80ko hamarkadaren erdian argi zegoen industria ardatz zeukan hiriaren eredua behin betiko galduta zegoela. 70ekoan uste genuen petrolioaren krisiak zeukala errua, eta igaroko zirela garai txarrak, baina 85erako garbi zegoen ezetz. Egokitu beharra zegoen. Hori ez zaio Bilbori soilik gertatu, munduko industria-hiri guztiei baizik: Pittsburgh, Glasgow, Rotterdam, Manchester…”. Arazoa ez zen, Aresoren esanetan, industria bera agortua zenik, lanposturik sortzen ez zuela baizik. Mekanizazioari esker, aberastasun gehiago sortzen zen baina langile gutxiagorekin. “Kontua, guretzat, aberastasun hori banatzea zen, eta horretarako industriak dagoeneko ematen ez zituen lanpostuak sortu behar ziren”.

Transnazionalek jotako doinuan

Ikus dezagun orain nola deskribatu zuen prozesu bera Soledad Frías izenarekin sinatzen zuen barakaldarrak, Ekintza Zuzena aldizkari libertarioaren 1995eko zenbaki batean: “Industria tradizional eta kutsatzaileak soldata merkeak dituzten Hegoaldeko herrialdeetara joaten dira. Iparraldeko herrialdeek goi-mailako teknologia daukaten industria bakarrik atxikitzen dute; prozesuak robotizatuta daude eta apenas sortzen duten enplegurik. Transnazionalek ondutako munduko ekonomia berri horretan, industriaren gainbehera jasan duten eskualdeei hirugarren sektorera lerratzea dagokie”.


Bilboren eraldaketaz asko idatzi eta gehiago berba egin da, baina, esan dugu lehenago, ia beti onerako. Soledad Fríasena bezalako testu kritikoak aurkitzea, aldiz, oso zaila da. Froga ederra da 1995etik hona ildo berean idatzitako ia ezer aurkitu ez izana, bilaketan orduak eman arren. Frías bera, bere analisia idatzi zuenerako, jabetua zen horretaz: “Transnazionalen egitasmoa onartua izan da, azterketa kritikorik egin gabe”. Izan ere, hiriaren transformazioa nola gauzatu erabaki den guneetatik at egon dira auzotar elkarteak, sindikatuak eta talde ekologistak, orain dela hamasei urte Fríasek aipatzen zituenak aipatzeagatik. Eta, erabaki-guneetan egoten utzi dietenean, horixe besterik ezin izan dutela egin –alegia, egon– salatzen dute horietako batzuek.


Gutxi hitz egin da, esaterako, bigarren sektoretik hirugarrenera egindako bidaiaren ordainaz. 1995ean, hipermerkatu handi bi eraiki berri zeuden Sestao eta Barakaldo arteko ibarrean. Soledad Fríasek ondo aurreikusi zuen geroa: “Gehiago etorriko dira, duda barik. Eta behin-betiko sareak era guztietako sarbideak izango ditu; zerbait izan nahi duen metropoli batek hala behar du”. Behinola padura eskerga zena gaur egun ikusi besterik ez dago: hasierako hipermerkatu bi haiek tantatxoak dira orain, hiri berria bailitzan altxatu den merkataritza-gune erraldoiaren barruan. Eta Ezkerraldekoa nahikoa ez balitz, azalera handiko salerosketa guneak eraiki dira halaber Uribe Kostan, Hego Uriben... Bilbo Handiko 900.000 biztanleen “beharrak” ase behar dira; zerbitzu-hirien ezinbesteko osagaia kontsumoa da eta. Prozesuaren ondorio nagusiak ezagunak dira: milaka eta milaka bidaia autoz, uniformizazio kulturala, hiri barruetako denda txikien gainbehera... Enpleguaren ikuspuntutik, berriz, bigarren sektoretik hirugarrenerako jauzia ez da erakunde publikoek aldarrikatzen duten bezain aseptikoa izan. Berriro ere Soledad Frías profetarena egiten: “Eroskin dauzkaten lan-baldintzak ikusita, merkataritza-gune handietan lanpostua lortzeko asmoa dutenak beldurtzeko arrazoirik badute”. Horren baieztapena, besteak beste, aldizkari honetan bertan argitaratutako Kontsumo merkea garesti ordaintzen da erreportajean aurkitu dezakezue.

Bilbo efektua

Hala ere, Bilbok munduari saldu diona ez da bere eraldaketa sozio-ekonomikoa, hirigintzaren arloan egindakoa baizik. 2004an Ibon Aresok egindako adierazpenek argi uzten zuten, badaezpada bere begiz ikusita konturatu ez zen norbait gelditzen bazen, hiriaren metamorfosian garrantzi handia zutela ikono arkitektoniko handiek, eta errealitateak erakutsi du, erakutsi duenez, agintariak ez direla hitzetara mugatu. Ospe handiko eraikin zerrenda ezagun bezain luzea da, baina bat gailentzen da ezbairik gabe: Guggenheim museoa. Hari egozten zaio nazioartean “Bilbo efektua” izenez ezagutzen den fenomenoaren jatorria izatea. Efektu hori definitzeko modu bat hau da: hiri industrial periferiko bat, 90eko hamarkadaren hasieran krisi sozial eta ekonomiko larrian zegoena, hamar urteren buruan bere aktibitate kulturalagatik, bere bizi-mailagatik eta bere ingurumenagatik ospetsu bihurtzen deneko prozesua. Bada beste definizio hau ere: kulturaren erabilera espekulatibo, instrumental eta instituzionalizatuaren bidez gauzatutako efektu triunfalista eta irudipenezkoa. Hots, lehenbiziko definizioa bada zuzena, orduan Bilbo efektua ez da oraindik Bilbo osora iritsi. Zuek aukeratu.

Guggenheimek onura handirik ez arteari

Komeniko litzateke, behin hona ailegatuta, eta labur-labur bada ere, Guggenheimek artearen esparruan izan duen eragina neurtzea, eraikina, turistak saldoka erakartzen dituen ikonoaz gain, arte-edukiontzia denez gero. “Uste dut Guggenheimek arrakasta mediatiko eta ekonomiko handia izan duela, eta beraz helburua bete duela, horretarako egin zuten eta”, iritzi dio Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako irakasleak. “Baina ez dio eman bultzadarik euskal arteari; alderantziz, diru gehiena berak xurgatu du eta beste ekimenetarako tarte txikia geratu da. Eta museoak berak ez du sortu, iragartzen zuten bezala, artearekiko interes izugarria gurean. Horretan lehen bezala gaude, edo antzera. Hori bai, hedabide kontserbadoreak arte garaikideaz hitz egiten has daitezen balio izan du behintzat, lehen tabua baitzen haientzat”. Manterolaren hitzak baino erabatekoagoa da bere fakultateko ikasle bat prestatzen ari den doktorego-tesiaren ondorio nagusia: “Arte garaikide museo batek izan behar ez duenaren eredua da Guggenheim”.

Arkitektoak entzutetsua behar du

Gehryren titaniozko ontzia ez doa bakarrik bidaia honetan. Nortasun handiko eraikinek bete dute industri ehunak utzitako lekuaren zati bat: Euskalduna Jauregiak, Isozaki dorreek, Calatravaren zubiak, bere polemika eta guzti, Loiuko aireportuak... Metroko sarrera-irteerek eurek ere. Nazioarteko ospea duten arkitekto entzutetsuei eskatutako lanak. Iñaki Uriarte bizkaitar arkitekto eta, beraren berbak erabilita, hiri-behatzailearekin jardun dugu honetaz. “Izen handiak kontratatzeak zer ekarpen egiten du? Sentsazionalismoa. Baina autoestimu falta adierazten du. Badirudi uste dutela bertoko arkitektook ez garela gauza proiektu horiek aurrera ateratzeko”. Bestalde, aipatutako proiektuetako asko lehiaketa publikorik gabe ematen ari direla azpimarratu du Uriartek. “Ez doa legez kontra hala egin dutenetan, baina garbiena lehiaketa litzateke”. Lehiaketarik gabe esleitu diren egitasmoen artean, Uriarteri bereziki aipagarria iruditzen zaio Zorrozaurreren birmoldatzea. “700.000 metro koadroko penintsula bat berriz diseinatzeko eskatu diote hirigintzan eskarmenturik ez duen Zaha Hadid arkitektoari, herritarrei kontsultatu gabe”.

Bilboren gentrifikazioa

Esan dugunez, industria aroa agortzeak espazio asko utzi zuen libre. Espekulaziorako, esan nahi baita. Aipatu berri dugun Zorrozaurre, hasieran gogora ekarri dugun Garellanokoa, edo San Mames berriarena, esaterako, higiezin-operazio erraldoi baten azkenaurreko pasarteak baino ez dira. Horixe da Bilbao Ría 2000 elkarteak kudeatu duena, beren bozgorailu apaletatik ahots kritikoek diotenez. Metro koadro asko birsailkatu dira, eta finantzazio publikoz ordaindu da Bilbo berria, bilbotar guztientzat ez dena, bide batez esateko. Halaxe gogoratzen dute, berbarako, Garikoitz Gamarrak eta Andeka Larreak Bilbao y su doble liburuan. ¿Regeneración urbanística o destrucción de la vida pública?, hala dio liburuaren azpitituluak. Hiriaren birsortzea ala bizitza publikoaren suntsiketa? Galderak badu mamia. Larreak berak liburuaren aurkezpen-testu batean dioenez, “helburua operazio ekonomiko-urbanistiko handia egitea zen, zeinak itsasadar ertzeko degradatutako industria-guneak luxuzko inguru bihurtuko baitzituen”. Operazio horri eman zaizkion izenak, Larrearen ustez, eufemismoak baizik ez dira: “Hor dagoena zera da: espazio publikoaren pribatizazioa”.


Ondorioetako bat gentrifikazioa da. Gutxi entzuten den hitza. Batzuek elitizazio proposatzen dute, gauza bera adierazteko, agian horrela hobeto ulertzen da. Ahalik eta modurik laburrenean esanda, gentrifikazioa da hiriko alde bat berrituz jatorrizko biztanleak bertatik alde egitera behartzea, haien lekua maila ekonomiko handiagoa daukaten beste batzuek hartzeko. Egin izan dira ekintza sinbolikoak, gogorarazteko orain Guggenheim dagoen lekuan ez dabiltzala lehen zebiltzan pertsona berak, txoko diskretuagoak bilatzera behartuta, baina oro har ez da asko eztabaidatu gentrifikazioaz Bilbon, nahiz eta mundu guztiak dakien agertu diren –eta agertzeko dauden– auzo berrietan bizitzea ez dagoela herritar arruntaren esku, legeak ezarritako babes ofizialeko etxebizitzen kuota aparte utzita.

Auzo baztertuen aldarria

“Pentsatu izan dugu ea hori ote zen Udalaren plana gure auzoetarako”, diosku gentrifikazioaz Patxi Manriquek, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko taldeen koordinakundeko kideak. Bilboko bazterretako auzo elkarte guztiek diote hiriaren oparotasun berri hau ez zaiela beraiei nahi luketen neurrian heltzen, baina kasu lazgarri bat badago, aipatutako hirurena da. Egin diren inbertsio publikoek, bertatik dabilen edonor berehala ohartuko denez, dezente edertu diote bisaia etxaurreei eta baita, Manriqueren esanetan, etxe barruei ere. Baina benetako arazoari ez zaiola heltzen salatzen du gure mintzakideak: “Bazterketa sozial latza jasaten dugu aspalditik, eta Udaletxeak ez du horren kontrako plan eraginkorrik diseinatzen, irudia saltzen ari dira, besterik ez. Ez dakigu gentrifikazioa duten helburu, baina izan planifikatutako zerbait, izan gauzak gehiegi planifikatu gabe egiten dituztela, hartutako zenbait politikaren ondorioa horixe izaten ari da”.
Betiko kontuak, esango du baten batek. Udalak eginahalak eginda ere, beti egongo da kexatzen denik, auzoek beti eskatuko dute gehiago. Ukaezina da hiri handi guztietan daudela kontrasteak, eta Bilbo ez da salbuespena. Ez gaitezen harritu. 1995ean Soledad Fríasek ohartarazi zigun transnazionalen planen arabera ari zela Bilbo aldatzen, eta guregana iritsi dena ezin zitekeen izan neoliberalismoaren ezaugarririk behinenak biltzen dituen hiri bat baizik: Bilbao.

Sexu-askatasuna mugatuta dago Bilbon?

Imanol Alvarez EHGAMeko kideak ez du zalantzarik: Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza berria sexu-askatasunaren aurkakoa da. “Orain dela lauzpabost urte saiatu ziren kaleko prostituzioa debekatzen eta porrot egin zuten”, adierazi digu, “ordenantza labur bat egin zuten propio horretarako, baina zenbait elkartek lortu genuen geldiaraztea”. Iazko irailean indarrean sartu dena, berriz, Udalaren B plana da, Alvarezen ustez. “Ez ziren konforme geratu eta nola edo hala egin nahi izan zuten ordenantza hura, bide batez beste gauza batzuk sartuz”.


Azkenean, totum revolutum bat da argitaratu dena: musika, jolasak... Kalean egin litekeen edozer dago araututa eta, dagokionean, zigortuta, ez nolanahiko isunekin, bidenabar esateko. 16. artikulua da sexuari dagokiona, eta horretaz mintzatu zaigu Alvarez: “Debekatuta daude, ordenantzaren arabera, ‘sexua esplizituki jende aurrean eta era nabarmenean azaltzen duten jardute eta ekintza guztiak’. Honen interpretazioa oso zabala da”. Hain zabala, non dagoeneko behin jazo baita udaltzain batek isunarekin mehatxu egitea emakume bikote bat, kalean musu emateagatik. “Ordenantzarako alegazioak aurkeztu genituenean Udalak erantzun zigun ez zirela nahastu behar musuak eta laztanak sexu esplizituarekin, baina honezkero ikusi dugu arauaren aplikazioa udaltzain bakoitzak une bakoitzean desegokitzat daukanaren araberakoa izan daitekeela”.
 


Azkenak
Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


Ondo ereindako uzta

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Zure onurarako da

Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.


47 milioi euro gehiago Esako urtegiaren segurtasuna bermatzeko

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.


2025-05-09 | Arabako Alea
Gasteizko lorezainak udalarekin bildu dira lehen aldiz

Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.


“Txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekimena egingo dute maiatzaren 31n Bilbon

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.

 

 


Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”

Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]


Soluzioa ez da teknikoa, soziala da; Arnaldo Otegiri erantzuna

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


Robert Prevost estatubatuarra izango da aita santu berria, Leon XIV

"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Sorionekuak: “Ekitaldi alaia antolatu dugu euskara gu guztiona dela aldarrikatzeko”

Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]


Eguneraketa berriak daude