Legeak eta usadioak traba egiten diote heriotza ekologikoari

  • Mendebaldeko kulturak heriotza kudeatzeko ezarrita daukan sistema ez da jasangarria. Ezaguna da heriotzak zer nolako zauria egin diezaiokeen familiaren ekonomiari; ez da hainbeste aipatzen ingurumenari ere ordainarazten diogula heriotza hori. Sortu dira horren aurrean aukera ekologikoak, baina Euskal Herrian legedia eta tradizioa oztopo dira azken bidaia bide horretatik egin nahi dutenentzat.
Dani Blanco
Norbait ehorztean, hilotzarekin batera hainbat elementu kutsatzaile txertatzen dira naturan. Ecosofia.org webgunean irakur dezakegu AEBetan, urtero, 3.130 milioi litro jariakin toxiko, 90.272 tona burdina, 2.700 tona brontze eta kobre eta 30 milioi tona zur lurperatzen direla, besteak beste. Gero eta jende gehiagok errausketa hautatzen du ehorzketaren ordez, eta pentsa liteke aukera garbiagoa dela: hilotz baten hautsak guztiz inerteak dira, eta ez da hondakinik uzten lurzoruan. Ez da erraza Euskal Herrian egiten diren errausketen kopuru zehatzak jakitea, ez baitago estatistika ofizialik. Espainiako Ehorztetxeen Elkartearen arabera, 2006an hildakoen laurdena errausten zen Espainiako Estatuan, eta urterik urte igo egiten da portzentajea. Hoberik ezean, balio beza Gipuzkoako ehorztetxe batean jaso dugun datu honek: gaur egun iristen zaizkien hilotzen %40 errausten dituzte, orain dela hamar urte %10a.

Edozein errauste-prozesuk kutsadura sortzen du, eta gorpuena, ehorzketa baino jasangarriagoa izanda ere –baldin bada–, ez da salbuespena, are gutxiago kontuan izanda legediak hilkutxa eta guzti erraustera behartzen duela, gurean behinik behin. Era horretan, konbustioak nahitaez sortzen duen CO2-ari kutxek dituzten hainbat produktu kutsatzaile gehitu behar zaizkio (karbono monoxidoa, merkurioa, beruna...). Suediako Ingurumen Zuzendaritzaren arabera, herrialde horretan atmosferara botatzen den merkurio guztiaren herena hilotzak errausteko labeetatik dator.
 
AEB eta Suedia, lekutara joan behar izan dugu datu bila, Euskal Herrian ia ez baitago gai honi buruzko eztabaidarik. Aldiz, sarean pixka bat nabigatzea aski da konturatzeko zenbait herrialdetan aspalditik daudela kezkatuta hilotzen kudeaketak ingurumenari eragiten dion inpaktuaz. Bestelako bideak gauzatu dira, mainstreametik aparte baina arrakastaz. Gugandik hurbilen dagoen adibidea Britainia Handia da. Haiek izan ziren aitzindariak, gainera: 90eko hamarkadaren erdian hasi ziren ehorzketa ekologikoak egiten, eta 2007rako 214 gune zituzten funtzio horretarako atonduta. Gerora, AEBek eman zieten berebiziko bultzada ehorzketa ekologikoei. Ecosofia.org-ek diosku Osaba Samen lurraldean, hala nola Australian eta Zeelanda Berrian, zabalpen handia erdietsi dutela hilerri “berdeek”. Baina zer da ehorzketa ekologikoa?

Heriotza beste era batera bizi

Green Burial Council enpresak sustatzen ditu ehorzketa berdeak AEBetan. Izan ere, horixe esan nahi dute green burial hitzek: ehorzketa berdea. Ekimenaren xedea ez da inpaktu ekologikoa saihestea bakarrik, heriotza ulertzeko filosofia oso bat dago hor. “Argi dago naturak gure gorpuei ematen dien patua Lurrarekin batzea dela”, irakur daiteke euren webgunean, “noizbait bizi izan diren organismo guztiak hil egin dira eta zorura itzuli dira, birziklatzeko”. Ecosofia.org-en zabalago esplikatzen dute hau: “Hilerri berdeak alternatiba etiko, ekologiko eta jasangarri gisa jaio dira, ehorzte-industriaren ohiko jardunari aurre egiteko. Ehorzketa arruntetan, hilotza lurretik aldentzen/babesten da, luzaz irauten duen hilkutxan sartuz, edota baltsamatu egiten da, gehiago kontserbatu dadin. Hilerriak hirietatik urrun daude, eta gorpu asko sartu ahal izateko diseinatutako leku hotzak dira”. Hilerri berdeak, aldiz, gune naturalak dira, eta haien sustatzaileek halaxe mantendu nahi dituzte, hilotza biziaren berriztatze prozesuaren parte bihurtuz, hain justu.

Green Burial Councilek dio alternatibaren alternatiba izan nahi dutela. “Familia askok erraustea aukeratzen dute, ohiko ehorzketak baino kalte gutxiago egiten diolakoan ingurumenari. Ehorzketa berdeak bestelako bide bat eskaini nahi du”. Hilotza zuzenean sartzen da lur azpian, eta ez hormigoizko lau hormaren artean. Ez da aldez aurretik baltsamatzen, eta beraz ez darama inolako produktu kimiko kutsatzailerik –batez ere formaldehidoa erabiltzen da baltsamenduetarako–; gorpua hilkutxa biodegradagarri batean sartuta egon daiteke, edo besterik gabe oihal batek inguratuta. Hilobia non dagoen adierazteko ez da erabiltzen elementu arrotzik. Kasu batzuetan, inguruko harri bat jartzen da hildakoaren izenarekin, beste batzuetan zuhaitz bat landatzen dute. Green Burial Councilek azpimarratzen duenez –azken batean enpresa dira beraiek ere–, ekologikoa ez ezik askoz merkeagoa da aukera hau.

Euskal Herrian ehorzketa ekologikoen arrasto handirik ez dugu momentuz. Legeak kasu batzuetan, eta gurean nagusi den pentsamoldeak beti, ez dute bidea errazten. Hego Euskal Herrian indarrean dauden araudiek diote hilotz guztien zoria baimendutako lekuan ehorztea edo erraustea izan behar dela; beste horrenbeste gertatzen da Iparraldean, baina han, gainera, ehorzten diren gorpu guztiak baltsamatu egin behar dira. Baimendutako lekua, hau da, hilerria, honela definitzen du EAEko araudiak: “Hilotzak, hilotz-hondarrak eta gorpuzkiak, edo horien hautsak, osasun publikoarentzat arriskurik gabe ehorzteko atontzen den eremu mugatua”. Green Burial Councilen baso idilikoak hortik kanpo geratzen direla esan gabe doa.

Hilotzak ez dira kutsadura

Osasun publikoaren babesarekiko grinak gidatzen ditu erakunde publikoen urratsak, eta horrek eragiten du, hilobiak hormigoizkoak izateaz gain, gorpua hilkutxan dagoela ehortzi edo erraustu beharra. “Hilotz batek sor dezakeen arriskuak heriotzaren zergatiarekin zerikusi handia dauka”, diosku Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko Javier Aldazek, “baina istripuan hildakoaren gorpua agerian edukitzea, esaterako, ez zait iruditzen oso atsegina denik. Osasungintzaren ikuspuntutik arrazoizkoa dirudi hilotza edukiontzi hermetikoan gordetzeak”. Hori esan aurretik, hala ere, Aldazek onartu du zuzenean lurrarekin kontaktuan dagoen hilotzak ez duela zertan lur hori kutsatu.

Francisco Etxeberria auzitegi medikuntzako irakasle ezagunarekin bildu gara bere bulegoan. “Hilotzek ez dute inolako arazorik sortzen kutsadura kimikoari dagokionez”, esan digu. “Gorpua usteltzearen emaitza, berez, konpostaren oso antzeko hondakina da; alde horretatik, ez zaio naturari gehitzen aurretik ez zeukan ezer. Arazoa bakterioen ugaltzea izan daiteke, hori da kontrolatu behar dena”.

Erromatarren garaitik, hildakoak gutxienez metro bateko sakoneran lurperatzea izan da legea, dio Etxeberriak. Horrela eragozten da animalia batek, usainak erakarrita, hilotza kanpora atera ahal izatea. Arau hori betez gero, Etxeberriaren ustez hilotz batekin egin daitekeen gauzarik onena zuzenean lurrean sartzea da, inolako sofistikaziorik gabe. “Hori egin izan da betidanik”. Irakasleak azpimarratzen du, baina, gaur egun Euskal Herrian ezinezkoa litzatekeela hori, legeak hala baimenduko balu ere. Ez dago leku nahikorik bakoitzak nahi duen lur puskan ehorzteko hiltzen zaizkion senideak. Horregatik nahitaezkotzat jotzen du araudia.

Plastiko, nylon, berniz, margo...

Nolanahi, gaurko sisteman akats ugari ikusten ditu Etxeberriak. Larriena plastikozko estalkien erabilera da. “Ospitale batean hitzen den oro horrelako batean sartzen da arrazoi higienikoengatik eta erosotasunagatik. Kontua da askotan hilotzak poltsa horren barruan jarraitzen duela ehorzteko unean, legeak kendu behar dela dioen arren inork ez duelako kentzen”. Urte batzuk igarotakoan, hilotz horren hondarrak lekuz aldatu behar direnean, arazoa sortzen da: “Gorpua ez da behar bezala usteldu, eta hori bada osasungintzako arazo larria, mikrobioentzat ugaltze foku izugarria delako. Gaur egun etengabe gertatzen da hori”.

Hilobitik ateratzen diren hondar horiek erre egiten dira ia beti, eta haiekin batera hilkutxetako pintura, berniz eta nylonak, plastikozko estalkiak eta, Iparraldearen kasuan, baltsamatzeko erabilitako substantziak (Hego Euskal Herrian oso gutxi baltsamatzen da). Horrek kutsadura sortzen du, zer esanik ez. Hala ere, bai osasun publikoko arduradunek bai ehorztetxeetakoek diote gero eta produktu “garbiagoak” erabiltzen direla hilkutxetan zein baltsamenduetan. Bigarrenen kasuan, produktu bera da, baina kontzentrazio txikiagoetan.

Hilkutxa biodegradagarria ez da dotorea

Inguru naturalean ehorzterik ez dagoenez eta hilkutxaz ez garenez libratuko momentuz, hilkutxa hori ondo aukeratzea da Euskal Herrian heriotza ekologikoagoa eduki nahi duenari uzten zaion zirrikitu bakarra. Aipatu ditugu honezkero AEBetan erabiltzen dituzten hilkutxa biodegradagarriak; bada, hemen ere badira, eta legeak baimentzen ditu, hermetikoak izateko baldintza besterik ez dute bete behar. Biodegradagarriak ez, baina nolabaiteko ukitu “berdea” daukatenak ere badaude: zuhaitz-mozketa kontrolatuetatik ateratako zuraz egindakoak, metalezko atalik gabeak... eta baita zurezkoak ez direnak ere. Kartoiz, banbuz edo artoz egindakoak eskuragarri daude gaur egun. Eskuragarri, bai, baina ez oso.

Legeak ez du eragozpenik ipintzen, baina bai tradizioak, batetik, eta merkatuaren lege zorrotzek, bestetik. Hildakoari behar bezalako omenaldia ez ematea leporatuko digutelakoan nonbait, hilkutxa “onena” aukeratzeko joera izaten dugu, edo behintzat ordaindu dezakegun onena. Hau da, garestiena eta, normalean, ingurumenarentzat kaltegarriena, material sintetiko gehien dituena delako. Inork ez digu debekatzen, demagun, lehengusu arotzak egindako pinuzko kaxa sinple batean joatea hilobira, baina nork egingo hautu hori? Ehorztetxeek behintzat ez zaituzte animatuko, euren negozioa aurrera atera behar dute eta. Adibide bat: Espainian bizi den Mauricio Kalinov argentinarrak kartoizko hilkutxa biodegradagarriak diseinatu ditu; zuhaitz bakar batekin 100 egin daitezke eta 50 euro balio dute. Huts bakarra dute: ehorztetxeek ez dituzte nahi.
Heriotzarekiko obsesioak bizirik geratu direnei egin diezaieke kalte hondamendi handietan
Solasaldiaren amaieran, Francisco Etxeberriak liburu bat erakutsi digu: Manejo de cadáveres en situaciones de desastre (Hilotzak nola erabili hondamendi egoeretan), Osasunerako Panamerikar Erakundeak argitaratua. “Bogotan egindako bilera batean eman ziguten hau; pasarte batean dio ez dela egia hilotz asko pilatzeak berez arriskua dakarrenik. Hondamendia gertatzen denean hildakoen gorpuak lehenbailehen erretzeko gobernu guztiek duten obsesio hori akats handia da. Ni bat nator. Horren oinarrian dagoena beldur atabikoa da, ez besterik”. Hori esanda, liburua laga digu, guk lasai irakurtzeko. Lasai edo.

 “Hondamendi batek eragindako gorpuen presentzia soilak ez du eragiten gaixotasun kutsakorrak zabaltzea”, hasten da Etxeberriak aipatutako kapitulua. Egileek azaltzen dutenez, gizakien zein animalien hilotzak osasun publikorako arriskutsuak direla pentsatzeak hainbat kalte eragin izan ditu hondamendi handi bat jasan duten lekuetan. Lehentasunak finkatzean irizpide okerrak erabili izan dira, salatzen dutenez. Esaterako, 1998an Mitch urakanak Ertamerika suntsitu zuenean, eskura zegoen erregai apurra hildakoak zientoka kiskaltzeko erabili zen. Sarritan, hildakoen kudeaketan jarri izan da bizirik geratu direnen egoera hobetzeko balio behar zuten baliabideen zati bat, eta era horretan hondamendiaren ondorioak aregotu dira.

Honek ez du esan nahi hilotzei lotutako inolako arriskurik ez dagoenik. Egon daiteke, baina baldintza jakinetan, ez beti. Haatik, mitoak ebidentzia zientifikoa estaltzen du, eta oztopo handia da hilotz kopuru handia erabili behar duten agintari eta osasungintzako profesionalentzat. Gehienoi kosta egiten zaigu sinestea milaka hildako dagoen tokian ez dela nahitaez epidemia bat zabalduko.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude