Harribitxi berrienak, zuzenean

  • Ez duzu gustuko talde berririk aurkitzen, betiko diskoekin aspertu zara baina nobedadeek barruko garrik pizten ez. Askori gertatzen zaio. Gehiegiri? Euskal musikak eman ote ditu onenak? Ezkortasun horren kontrako errezeta modura sortu da Harrobia Zuzen kontzertu egitasmoa Donostian. Belaunaldi berriari musika berria dagokiolako.
harrobia zuzen
Harrobia Zuzen
Herri Irratiko Sektor Rock irratsaioan hasi zen kontua. Saioa Inaxio Esnaolak eta Gregorio Galvezek (ikusi Argiaren 2.245. zenbakian Iker Barandiaranek egin elkarrizketa) gidatu dute aurtengo maiatzera arte –Herri Irratia Noticias taldean sartu arte, alegia–, baina mikrofono aurreko lanaz gain bazuten bestelako xederik. Kontzertuak bultzatzea, kasu. Donostian Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi zieten eta lehen saiakera iazko urrian egin zuten Dokan, Grises eta Focusin taldeekin. Esnaolaren ustez, horren beharra badu Easo Ederrak, hirian kontzertu ugari antolatzen badira ere, eta kanpoko talde interesgarriak ezagutzeko parada eskaintzen badute ere, ez dutelako bertako taldeentzat sobera lekurik uzten. “Zilborrari begiratzea: hori zen orduan geneukan helburua; ze orain, kontrakoa egitea bihurtu da tendentzia”.

Helburu hori beste irratsaio batean gorpuztu zen: Sektor Rock uhinetatik desagertu aitzin, martxan zegoen Harrobia saioa Herri Irratian bertan, oraingoan Esnaola kapitain bakar. Galvezekin batera egiten zuen programarekin alderatuta diferentea da errezeta: elkarrizketa gutxiago eta musika gehiago jartzen du kazetari donostiarrak; eta euskara hutsean egiten da, aurreko eredu elebidunaren ordez. Bigarren denboraldia Info Zazpi irratian hasi du uda honetan Esnaolak, baina Sektor Rocken jaio zen asmo hura ezin bazterrean utzi: Donostiako kontzertuen panorama Euskal Herriko taldeekin aberasteko grinaz jarraitzen zuenez, urri honetan jarriko du martxan Harrobia Zuzen egitasmoa, Willis Drummond eta Yelow Page taldeek Dokan eskainiko duten kontzertuarekin. “Euskal Herriko eszenako talde esanguratsuak ekartzea da helburua, eta horiekin batera gonbidatu gisa jartzea Donostia inguruko taldeak, hasiberriak, edo behintzat ibilbide luzea egin ez dutenak”.

Jotzeko aukerak bai, baina...

Zergatik lehen urratsak ematen ari diren taldeei eskainitako kontzertu programazio bat? Lehen bezain zaila ote da zuzenean jotzea talde hasiberrientzat? Esnaolak ez du uste. “Esango nuke aro hori pasa dela: bai grabatzeko zailtasunena, bai zuzenean aritzearena. Gaur egun badaude lekuak jotzeko, tabernetatik hasi eta lokal autogestionatuetaraino”. Baina, edonola, haren ustez Donostia ez da hiririk aproposena, zuzenean jotzeko lokalak ez direlako gehiegi ere. Hegoaldean panorama nola dagoen marraztu du gainera: “Gasteizen geroz eta mugimendu handiagoa dago; Bilbon egon da, baina badirudi orain, talde hasiberriei dagokienez, jaitsi egin dela pixka bat; Nafarroan kontua erdi hila dago...”.

Ez da zaletuek eta taldeek amestuko luketen egoera, baina promotora askeagoak egoteak eta baliabide teknikoen demokratizazioak, besteak beste, lagundu dute egoera hobea izaten. Musika egin, jo eta zabaltzeko bideak asko erraztu diren arren, problema bestelakoa da: “Hasi berri direnek ba ote dute aukerarik beraien musika jendearengan hedatzeko? Ze, bai, jo ditzakete kontzertuak; egin ditzakete mila kontzertu herri batean, baina inork entzuten ez baditu alferrik da”. 

snaolak auziaren iltzea seinalatu du: babesa. Kontzertuak antolatzeaz gain, prentsan eta irratian proposamen berriak aupatzea. Hala ere, kazetari donostiarrak ez du uste erruaren zati gizena informazioaren gremioarena denik, bere osoan. Gizartean kulturak bizi duen debaluazioaz hitz egin du, eta kaleko jendeak horren aurrean hartu duen jarreraz. “Gaur egun Berri Txarrakek jotzen du edo Ken Zazpik, eta jendea mugitzen da. Baina Sorotan Babies ikustera ez dira 100 pertsona baino gehiago joango”. Beraz, jotzeko aukerak bai, baina kontzertuetara joan daitezkeen horiek ez dauzkate belarriak zabal haien proposamenentzat.

Rocka oinarri, baina mugarik gabe

Estilo mugarik gabe jaio da Harrobia Zuzen kontzertu saila, baina rocka izango du oinarri. Lehenengo kontzertua halakoa da, nahiz eta musika ulertzeko bi modu diferente diren Willis Drummondek eta Yelow Pagek agertokira eramango dituztenak. Proposamen zuzenagoa Lekorneko taldearena; Yelow Pagena aldiz, post-rocketik edaten duena, Fugazi eta Radiohead taldeengana hurbilduz, Esnaolaren esanetan.

“Ez dugu baztertzen pop-a; metala ere egongo da –gutxixeago, hori bai–, baina ez dugu pentsatu oraingoz, adibidez, jazz talderik sartzea, edo soula, edo bakarlariak... Baina sor daiteke, eta izango luke lekua. Mugarik ez dugu”. Erabat zehazteke dagoen arren, hilean behin izango dira Harrobia Zuzen-eko kontzertuak Dokan. Urtean sei saio gutxienez antolatu gura lituzke Esnaolak, eta ahal dela, gehiago egiten saiatu.
Donostian aretoak behar dira
Dokan izango dira Harrobia Zuzeneko kontzertu guztiak. Antiguako aretoak badaramatza urteak martxan, talde asko pasa dira, baina problemak ere ez dira falta izan. Urrutirago joan gabe, aurtengo uztailean Udalak aretoko bafleak zigilatu zituen, ordutegiz kanpo bolumena handiegia zela argudiatuta. Gipuzkoako hiriburuan ez dira gehiegi kontzertuak eskaintzeko aukera ematen duten lokalak, eta Esnaolak uste du Udalak ez duela apustu berezirik egiten horren alde. “Dauden beste baliabide batzuk erabiltzeko ere ez dira gauzak errazten” azaldu du, eta Gazteszena aipatu. Edonola, Donostian Doka bezalako zerbait behar zela uste du kazetariak, bai taldeei eta bai ikusleei baldintza egokiak eskaintzen dizkielako.
Eszena ez da behar bezala ezagutzen
Maiz entzuten da: Euskal Herrian musika egin bai, baina noiztik ez da talde interesgarririk atera? Tankerako adierazpenak egin zituen Kaki Arkarazok maiatzean Berrian egindako elkarrizketa batean: “Faltan botatzen dut belaunaldi berriak gauza berriak eskaintzea, eta gazte jendea mugitu, oldartu edo motibatuko duten proposamen berriak. Lehen baziren boladak, eta agertzen ziren talde berriak”.

Negu Gorriak taldeko gitarra-jotzaile ohia kexu zen, Berri Txarrak eta Ken Zazpi direlako azken talde garrantzitsuak, eta hamarkada osoa pasa delako sortu zirenetik. Esnaolak, horri buruz galdetuta, bestelako iritzia agertu du. Bere esanetan talde interesgarriak badira, izan. Ezagutzera ematea falta zaie. “Euskal Herriko eszena ez da behar bezala ezagutzen, baina badira talde oso interesgarriak. Beste batzuek, Arkarazok dioen moduan, patroi batzuk jarraitzen dituzte. Eta agian rockean ez zaizu talde originalik sortuko, zaila da, baina nazioartean berdin; indie estiloan sor daitezke gauza originalagoak, baliteke nazioartean egiten denaren antzekoak izatea, baina Euskal Herrian landu gabeko estiloak dira, azken finean”.

Eta fenomeno hori ere ez da berria Esnaolaren ustez. Hemen beti berdina gertatu dela dio, musika elektrikoa eta distortsioa sartu zirenetik: “Kanpoko erreferentziak baliatu izan dira beti, eta horrela jarraitzen dugu. Baina hala izanda ere, batzuek asmatu dute pauso bat ematen”. Berri Txarrak aipatu du, euskal taldeen artean; baina ingelesez ari direnak ez ditu ahaztu: We Are Standard, Delorean... “Arkarazoren irakurketa ulertzekoa da, neurri batean egia da; baina era berean, jendeak ez du eszena ezagutzen. Eta pena da, sortzen den iritzia ez delako bidezkoa”

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude