Zerk eragin diezaioke taldeari “dardara bat ur bareenean”?
Hainbat gauzek eragin dezakete dardara, bizitzaren parte gehiena dardararekin alderatzen da. Hala ere, disko honetan ur bareetara heldu garen ideia gailentzen da, badaukagu gure soinua eta abestiei aurre egiteko gure era, bostok uler dezakegun lengoaia propioa, eta horretaz baliatuz egiten diegu aurre eta sortzen ditugu dardarak.
Distortsio eta dezibelioetatik at, sonoritatearen gardentasunak erakartzen zaituzte?
Guk ez daukagu hain gardenak garen ideia hori, alde basati bat ere badugula pentsatzen dugu, non perfekziotik urruntzen garen. Zuzenean aurkezten dugu gure aurpegi hau eta gure erronka da alde hori diskoan isladatzea.
Nolako erronka izan da Amerikanoak filmaren soinu banda egitea?
Oso aberasgarria. Gure musikak beti izan du kutsu zinematografikoa. Aurretik antzezlan zein film laburren bati musika jarri diogu, baina film luze baterako musika originala sortzea aspalditik eskatzen ibili garen proiektua izan da. Gainera, lagunen proiektua da. Irudiek eta musikak joan eta etorriko bidaia planteatzen dute, joana, euskal emigranteak bizi berri baten bila egindako bidaia, bueltako bidaia AEBetako eraginak jota Gernikako bost lagunek sortutako musikak islatzen du.
Betiko kantuak iluntasun eta intentsitate karga badu ere, abesteko eran eta melodiatan Iparraldeko folka gogora ekarri dit…
Ez zara horretan erreparatu duen bakarra... Ez daukagu hain argi, baina hain da txikia musiken arteko distantzia... Edozein kasutan Betiko abestia oso berezia eta bitxia da, abesti psikodelikoa. Euskal folklorea geure parte da eta gauza bikainak aurkitzen ditugu bertan. Adibidez, bertsoak, poesia, musika eta inprobisazioa nahasten ditu. Bestalde, Eusko gudariak abesti bikaina da, Euskal Herriko Blowing in the wind.