Boisetik jarriak

I
Mekara joan behar den legez
musulman bekataria,
inoiz azaltzen den gisan Halley
kometa hegalaria,
nola taldera itzuli ohi den
apartatu den ardia…
Bost urtean behin mundu osora
zabaltzen da deialdia,
euskaldun denok Ameriketan
dugun hitzordu handia,
gutxienez behin bizi behar den
Boiseko euskal jaialdia.
II
Bilbao-Paris ordu bi dira,
siesta on bat bestela,
Paris-Seattle egun erdi bat,
iragarkiak bezela,
Seattle-Boise bi ordu t’erdi,
erromerian Kupela,
pasaportea esku batean
bestean bidai-txartela,
bide luzea egin ondoren
Idahora goazela…
hona helduta ia ematen du
Munitibarren gaudela!
III
Dantza-taldeak, ikastola bat,
ikurriñak alboz albo,
Ameriketan batzen gaituen
herria bizirik dago,
inork epaitu ezin dezakeen
nortasunaren abaro.
Nola ote da posible egun,
(seko harriturik nago!?)
asaben lurra utziagatik
Atlantikotik harago
Boise sentitzen dudala hura
baino Euskal Herriago?
IV
Euskara erraz galtzen den arren,
(hori ez da nobedade)
Boisen oraindik hiztun ugari
dira hizkuntzaren jabe.
Bizkaitar, baxe-nafar, lapurtar…
Zenbat gizon eta andre
“erran gura dot” gisako moldez
mintzo direnak halere!
Batua propio bat sortu dute
Euskaltzaindiarik gabe,
elkar ulertu nahi den garaian
arauak soberan daude.
V
Boisek badauka altxor handi bat
zelosamente gordea,
mendebaldeko edozein urre
pipita baino hobea:
alkate jauna gizon ona da,
pertsona paregabea,
euskaraz aise egiten duen
demokrata dotorea.
Hobe Euskadin alkate gisan
dugun maketo taldea
ausartu balitz segitzera Dave
Bieterren adibidea.
VI
Presente egon arren aizkorak
eta zilindro astunak,
iraganeko estanpa honen
zerbait du etorkizunak.
Amerikarrak dira jaialdi
honetan dauden lagunak
baina eurengan lekua dauka
izaera euskaldunak;
nola Amerikan geroa duen
euskaldunen nortasunak,
guretzat zerbait izango ahal du
Europako Batasunak?

Doinua: “lbizturtikan Bidaniraino”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude