Sakabiren oinen arrastoan

  • Oinak urratsari bezala ikasi dio bidea, denborarekin eta hemen ere, errepideak zidorrari.    Orain ez aspaldira arte oinez-bidea zen Deba eta Urola arroak, Azkoitia eta Elgoibar-Mendaroak, Lastur eta Itziar Azkarate gainarekin lotzen dituen errepide hau. Bideak elkartzen zituen etxeak; jendea elkartzeko egin izan dira bideak. Eta Izarraitz magalean barrena doan bide honek asko ditu istorioak. Bakarra ekartzearren: bide honetatik sartu zen Bizkaiko trikitixa Gipuzkoan.
Jende-bide hau hartzen zuen, konparazio batera, Faustino Azpiazu “Sakabi”-k, orduan Eibarren bizi zen Elgetarengana joateko soinu txikia ikastera. Gerra atarian gaude, eta ordu eta erdiko bidea dago oinez sortetxe duen Sakabia baserritik Azkarate gaineraino. Han autobusa hartu eta Elgoibarrera. Elgoibarretik trena Eibarrera.

Eibarretik etxerakoa bueltan egiten zuen bakoitzean, berriz, mundua zen bizkarreko soinu txiki hartan zetorrena: pasodobleak, foxak, tango aireak. Eta noski, fandangoak, porrusaldak, arin-arinak, trikitixak. Bi ordu eta erdiko bidea bi entsaio egiteko Untzaga plaza ondoko apopilo etxe bateko gelan. Eta beste horrenbestekoa arratsaldeko seietako trena hartuta, bidea desibiltzen etxera itzultzeko. Soinua bizkarrean beti.

Afizioa, esango zuen. Afizioa.

Afizio berak bultzatu zuen urte batzuk lehenago Madariaga auzora. Han erakutsi zizkion Jose Manuel Aranbarri “Madarixa Txikixe”-k lehenbiziko piezak. Eta Azkoitiak eta Elgoibarrek banaturik duten Madariaga izan da zerbait trikitixarentzat. Plaza ona izan da. Mundua bildu izan da dantzara bertan. Soinujoleak Azkoitia partean. Baltseorako bildutako jendea, Elgoibarkoan. Tartean, “duintasunaren eta ohitura onen” paraleloa zaintzen, aguazila. Arrazoia: soinujoleek lotua jotzen zutenean, Elgoibarren libre zela dantza, eta Azkoitian ez. 1955era arte iraungo du debekuak, Azkoitian Zubillaga fundizioko lehen harria jarri zela ospatzeko Pedro Alberdi “Peron Txiki” alkateak baimena eman zuen arte. Ordainetan, erretoreak udalak zuen aulkia erretirarazi zuen parrokiatik.

Madarixatik gora Aittola

Gaur egun ez da trikiti-doinurik Madariagan. Urteak dira frontoi aurrean ziren benta biak itxi zirela. Taberna berria zabaldu zen orduan. Giltzatuta dago hura ere. Salda eta haragi egosiaren usain beroak hoztu ahala joan dira jende-hotsak. Zorte pixka batekin, norbait ariko da bi frontoietako batean. Eta oinezkoak baino, automobilak dabiltza gora eta behera, Izarraitzera doazen mendizaleenak asko. Beste toki frankotan bezala, iraganaren itzalak baino ez ditu aurkituko bertaratzen denak.

Bidea dugu Sakabiaraino, ordea. Madariagatik gora, aldapa dago Aittola gaineraino. Ostatua han dago orain, Azkoititik abiatuta Olason barrena datorren pistak Otarrerakoarekin bat egiten duen gurutzean. Gure bidea gorakoa da, ez dira aparte aurreneko pagoak eta artzain txabolak. Baina merezi du Otarrerantz desbideratzea, Larraskandako putzuaren ondoan, antena bidean diren harri zabalak ikusteko besterik ez bada ere. Lurrean landatuak, bi metrotik gorakoak batzuk, itxitura ikusgarria osatzen dute harri lauza ederrok. Ez da ohikoa horrelako egiturak ikustea kostaldeko mendialdean.

Egindakoa desibili beharra dago, lehengo bidera iristeko ostera ere. Konturatu orduko hartuko dugu gaina. Begiek zerua jotzen dute, eskubi aldean lagun elkarte bihurtutako txabola bat ageri da sakonaren sabelean, eta ezkerrean, putzu bat. Marikutzen zaude, eta egin beharra duzu. Hartu harri bat eta bota, zeharka dezala aire garbia, ahalegindu putzuaren beste aldera iristen. Alferrik. Sakabik bezala, bide honetatik igaro diren gizon-emakumeek urteetan egin duten bezala, botako duzu, indarrez sobran jaurti ere, baina ez zara beste muturrera helduko. Neur ezazu oina erabiliz: 75 urrats da luze. Putzua zaintzen, gainez gain, Neolitikoko bi tumulu, 1958an aurkitu zirenak zientziarako. Ele zaharrek diotenez, harriak beharrean ontzurreak botatakoak badira, orain norbaitek jaso zain daudenak Marikutzeko lokatzetan, urpean ehortziak.

Ezin aitzurtzan gelditu baina, Sakabiren oinen urratsean dabilena. Zuhaitzen itzala gertuago dugu hemendik, igaro dugu Zorrozpe beltza, begiak betetzera datorkigu Izarraitzen ederra. Duela urte batzuk egin zutenetik, automobilentzako parking batek itsustu du ingurua. Hemen uzten dira lau gurpilak Erlori, Xoxoteri zein Kakutari neke handirik gabe ekiteko. Pasiera bat baino ez da Aittolatik.

Lasturrera bidean

Eta errepideak errekaren bila egiten duelako hemendik aurrera, lasaitua hartuko zutela datorkit Sakabiren hauspo-oinek Eibartik bueltan. Aittolako gurutzea atzean utzi eta Mugarriko zabalgunean gara. Hamaika aldiz jo zuen Sakabik bertako txabolako teilatu gainera igota, eta Egañazpi zuela lagun, Sanjuanetan edo Korpuseko Oktabetan. Denbora bestela neurtzen zen garaiak ziren. Ez da orain, nahita ere, erromeria haien itzalik. Beste batzuk dira orain mendiko jendearen dibertsio moldeak. Urratu dira orduko abarketak, abarkak eta zapatak. Trikitixa hori izan baita hemen bidean lagun daramatzagun itzalentzat, ondo pasatzeko, eguneroko martxa hausteko, harremanetarako bide, ez besterik. Elizak jazarria, folklorismotik urrunago ezin, bizi-poza aurrena.

Segitu beharra dugu, ordea. Zuloan da Aittola Zahar. Zuloago Soldadusoro, Goltzibar eta Sastarrain. Han da Ekain. Aurrean ditugu Izarraizko tontor menoxtuak, hain antzekoak biak non jendeak nahastu ere egiten dituen, Sesiarte eta Agido. Karehaitz gordinezko, igoera korapilotsuagoa Agidok. Mendizalerik gabeko labirinto harritsuan, Arrateko-sakonako pagoen usainean, bada bisita merezi duen elurzuloa. Haren txapelik gabe, ez da Xoxotekoa bezain ikusgarria, baina 80 urte igaro arren azken langileak joan zirenetik, ez da zaila egiten oraindik norbait sumatzea, elurra zulootan gordeka neguan, udan Zestoara jaisteko, bainuetxean udatiarrek izozki freskoa har zezaten.    

Laster gara Lasturren. Moxalak agertuko zaizkizu bidera, ardiak abaro bila uda sargoritsuan. Lehenago, Aittola Berritik igaroko da errepidea, ordea. Hemen egin zioten omenaldia 1962ko abenduan Arbizkua bailarako lagun eta senideek Sakabiri. Bazkalostean, dagoenik eta piezarik luzeena jo zuen honek, El sitio de Zaragoza. Bukatu orduko, aldamenetik Pedro Gelatxok: “Joko al zenuke berriz?”. Eta Faustinok berehala erantzuna, “bai soinuari ezer galdu ez bazako”.

Aittola Berritik bertan, eskubira hartuta, hahor Sakabia baserria. Hor jaio zen Faustino Azpiazu, eta bertan bizi Azpeitira ezkondu zen arte. Bide asko heltzen zen sasoi batean Sakabiara, beharrak eraginda. Sakabian medikuek ezin senda zezaketena sendatu izan baita belaunaldiz belaunaldi belarrez eta ukenduz, tifusa eta pulmonia batez ere, baina baita erreuma batzuk ere. Ezkutuan egin beharreko bidea beti ere, salaketen beldur.

“Zer Faustino, belarrekin-eta hasi nahi?”.

“Ez, nik soinua”.

Lastur, mundua

Eta soinu txikiak Lasturrerako izan du joera Sakabian. Errekak lagunduko zaitu bertaraino, larre-behiak izango dituzu begira. Argazki zaharrei hizketan uztea bezalakorik ez dago. Sanikolasetan ez bada inauterietan, beti izan da erretratuak ateratzeko ohitura Lasturko plazan. 60 urtetik gora igaro dira kamera aurrean jarri zirenetik. Bakanen batzuk izan ezik, joanak dira guztiak. Bailarako neska-mutilak indar betean ageri dira argazki-paper zahartuetan, gorbata, gona luze eta abarketa zuri, dotore jantzita beti. Tartean, denborarekin jolas egiteko gai zen gizon bakarra: soinujolea. Batean Jacinto Rivas, Elgeta agertzen da. Bestean, Gelatxo zaharra. Ia beti, bertakoa egiten zen Faustino Azpiazu, Sakabi. Horra Bizkaiko trikitixa Gipuzkoan sartu zuen hirukotea Lasturren.

Donostiarentzat, probintziako Far Westa izan da hau guztia orain ez aspaldira arte. 1970eko irail hartan Trinidade plazan Trikitilarien I. Txapelketa egin zenean, sei bikote aurkeztu ziren bertara, Urolaldekoak seiak. Sakabik eta Egañazpik eraman zuten saria etxera. Orain Donostiatik, Bilbotik eta nonahitik ateratako autobusak heltzen dira astebururo Lasturko plazara, bertan bazkaldu eta larre-behiekin jolas egin nahi duen jendez beteak. Parke tematikoak sortu ditugunetik, bestela tratatzen gaitu denborak. Bidea amaitu dugu. Non dauden itzalok, ez dakit, baina ez da zaila, gogoa jarrita, haien hotsak entzutea mendi barren honetan euri langarretan bideotan zabiltzala.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude