Urtaroei jarriak

UDABERRIA
I

Bere garaira heldu denean
naturaren erlojua,
urtarorikan dotoreenak
hartu du bere lekua.
Zuhaitzik zuhaitz, basorik baso
ujua eta ujua:
Udaberria aldarrikatzen
gustora dabil kukua.
II
Zuhaitzak berde, loreak garden
ta egunsenti urdinetan
abereen dunben doinu gozoek
oihartzun mendi gainetan.
Odola ere berritzen zaigu
izaki denon zainetan
esango nuke ludi osoa
degula maiteminetan.
UDA
III
Hiru hilabete pasa ondoren
udaberriko zirraran,
bat joan eta bestea heldu,
aroak datoz ilaran.
Garagar eta gariak heldu
ta arto soroak garan
udaberrian jaio zen hura
gorpuzten doa udaran.
IV
Luzatzen dira egunak eta
laburtzen dira arratsak,
eguzkiari begira daude
guztion ipar orratzak.
Aukera ona jartzen duenez
hain urtaro aberatsak,
betetzen dira mendiak eta
betetzen dira hondartzak.
UDAZKENA
V
Arto, babarrun, sagar ta gaztain
nonahi bada zer jasoa
zuhaitz bakoitzak bere kolorez
dotoretu du basoa.
Hego haizeak epelerantza
gonbidatu du usoa.
Denok benetan miresten dugu
hain da urtaro gozoa.
VI
Mundu honetan sortuak geran
izaki denok bezela,
urtea ere egunik egun
zahartzen doa horrela.
Udaberrian orri sortua
bilakatzean orbela
bere hizkeran esaten digu
negua badatorrela.
NEGUA
VII

Ta negu hori heltzen denean
zer da berak dakarrena?
Elurra eta kaskabikoa,
izotza berdin hurrena.
Eguzkiaren hurruntze horrek
eragindako herrena
bere xarma’re badauka baina
urtarorik gogorrena.
VIII
Soildu zaizkigu zuhaitzak eta
zuritu dira mendiak;
gailurretatik urrundu dira
behor, behi eta ardiak;
lehortu dira nekazarien
bekokiko izerdiak;
beretzat gaua hau da agian,
lo hartu du izadiak.


Doinua: “Pello Joxepe” edo “O baserritxo”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

ASTEKARIA
2010ko uztailaren 11
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude