Eraikin galduen bila Malerrekaren gainetik

  • Urumearen goi arroa, Bortziriak eta Malerrekaren arteko mendi-multzoaren gailur esanguratsu eta aldi berean ederrenetakoa da Mendaur. Iturendik abiatuta, gailurra menperatzen duen Trinitatearen ermita izango dugu lehen helburua. Jarraian, Makilipurdin edukiko dugu mugarria. Han, Orzorrotz gaztelua eraiki zuten duela zortzi bat gizaldi, eta bertaraino igoko gara gazteluaren harriek ea hor dirauten ikusteko.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mendaurrera igotzeko abiapunturik ohikoena Aurtitz auzoa izan arren, Ituren eta auzo horren erdibidean dagoen San Martin eliza hautatu dugu ibilbidearen abiagunetzat. Hala, pinturaz markaturiko ibilbidea jarraitu beharrean, harri-pilak izango dituzue bidelagun, bordaz borda, Mendaurreko magalak babesten duen urtegiraino igotzerako orduan.

San Martin elizatik (230 m), eskuinetik edo ezkerretik, kanposantu atzeko bidera irten behar duzue, eta mazelan gora hainbat bihurgune eginez igotzen den pistari eutsi. Gorabidean, ermita traza handirik igartzen ez zaion San Joakin utziko duzue lehenik, ezkerrean, eta beste borda bat, aurrerago eskuinean. Lehen bihurgune itxian, nahi izanez gero, lasterbidea hartu dezakezue, eta pistarekin berriro bat egitean, bizkarrean gora zuzenean igotzen den bigarren bat. Garai bateko bide zaharraren arrastoei segika edo emeki-emeki, pista zabalean gora bidegurutze garrantzitsu batera iritsiko zarete (500 m).

Pista erabat utzi eta bide zaharrari heldu behar diozue hor, nahitaez. Baina adi ibili! Beherago geratzen den borda bateraino iristen den bidea ez hartu. Gorantz abiatzen denetik jo.

Bizkarrera zuzenduko da lehenik bidea, eta bizkarrean gora zuzenean igo, ondoren, gero eta aurrerago are eta nabarmenago. Urrunean, txiki-txiki oraindik, tontorreko ermita zuria bistan duzuela, ezkerretara egin behar duzue jarraian (620 m), eta mendia inguratuz urtegiraino eramango zaituzten sakanean barneratu. Bide zahar polit eta jatorra, amildegia ezkerrean duela doa gora, gehientsuenak aurri egoeran dauden bordatik bordara.

Urtegitik Trinitatera

Haitz konglomeratu puska bitxiek eta aurrerago pagadiak, urtegiaren ondora iritsi zaretela adieraziko dizuete (750 m). Hor behean ikusi ahalko duzue argindar zentrala hornitzen duen urtegia, sasoiaren arabera goraino beteta edo ia urik gabe. Pagoen gerizpean zehar aurrera jarraitu, erreka-zulo bat zeharkatu eta mendi-pista batera irtengo zarete. Behera egin hor, borda luze eta bidegurutze bateraino (740 m). Mendaur eta Mendieder tontorrak lotzen dituen Buztizko lepora igotzen den bidea topatuko duzue, nabarmena eta garbia, oso erabilia baita. Horixe hartu, beraz. Laster utziko duzue urtegia behean, gaindituko dituzue azken pagoak, eta ikuspegia izugarri zabalduko zaizue belardi berdeen etorrerarekin bat. Orduan hartuko diozue ibilbideari zentzua, orduan ikusiko baitituzue, lehenbizikoz, Ekaitza eta Makilipurdi eta Mutilnako haitz berezia.

Lepo zabal eta belartsura iristen zaretenean, edo iristear zaudetela, borda baten hondarretan (930 m), eskuinera hartu eta berehala egingo duzue bat tontorrera sigi-saga igotzen den zidorrarekin. Malda pikoan gora, astiro-astiro, harkaitz arteko igarobidea den harrizko mailetako eskaileretara iritsiko zarete. Hortik igo, beste isurialdera igaro eta bigarren eskailera tartea gainditzea besterik ez zaizue geratuko tontorreko Trinitatearen ermitara iristeko (1.131 m). Ermita dago batetik, eta hari erantsita aterpea jarraian, lehenaren barnean dioen moduan “1692an egina eta 1963an berritua”. Eraikinaren atzealdean daude postontzi eta gurutzea. Ikusmira lau noranzkoetan da ederra, eta batik bat hegoaldera: Malerrekako herri guztiak txiki ikusten dira, behe-behean; Urumearen goi arroko gailurrak, ekialdean; Baztan-Bidasoa aldeko tontorrak mendebalean, eta aurrez aurre uren banalerroa osatzen duen gailur-lerro osoa. Harago, urrutian, primeran ikusten dira nafar Pirinioak ere. Badakizue hortaz, jaso burua eta begiratu luze bat eman, merezi du eta. Esanak esan, ez ote garen alperrik ari iruditzen zaigu, tontorreko oroigarrian idatzirik dagoena irakurrita: “Mendizaletasuna bizi dutenek zuk bezalaxe sentitzen dute eta ez zaitez ezagutzen ez dutenei azaltzen saiatu, ez baitzaituzte ulertuko”.

Ekaitza eta Makilipurdirantz

Igotako bide beretik egin behar duzue behera, Buztizko leporaino (930 m). Besteak beste, mugarria eta zutarri itzela dituzue hor. Mendiederreko tontorrera ere igo zaitezkete, baina Ekaitzarainoko bide zatia erraza eta desnibel handirik gabekoa izanagatik, ibiltzeko tarte luze samarra da, eta beraz, hobe ipar-ekialdera, mazela erditik tontorra inguratuz doan zidorrari heldu eta aurrera egitea.

Luze gabe, mendi bizkar etzanera irtengo zarete (980 m). Hortik, betiere ikuspegi zabalekin, jarraitu gainez gain punturik baxuena hartu arteraino (960 m), eta ekin, ondoren, aurrez aurreko bizkarrean gora Ekaitzako tontorrerainoko (1.047 m) maldari. Bide beretik, metro batzuk egin behar dituzue atzera, eta hegoaldera irteten den mendi adarrean behera jo, malda leunean Makilipurdiraino. Lepo batera iritsiko zarete (845 m), eta zertxobait aurrerago haitzaren oinarrira (835 m). Tartean Zubietako (eskuinean) eta Iturengo (ezkerrean) muga-lerroa jarraitu baduzue behintzat, harrizko bi gurutze topatuko dituzue, bata bestetik aldenduta.

Mendaur bezain garaia ez izan arren, Malerrekako edozein herritatik gora begiratuz gero, beti da nabarmena eta deigarria Makilipurdi. Forma berezia eman dio naturak, amildegia iparraldetik eta erabat malkartsua hegoaldetik, harritsua alde guztietatik. Hortz zorrotza benetan. Iritsiezina dirudi, urrutitik behintzat. Mendebaldetik du igoera samurrena, eta handik zuen, antza, gazteluak ere sarbidea. Haitzari begira, beraz, eskuinera eta gora jarraitu eta laster gora egiteko bide posible bakarra aurkituko duzue, ongi markatu gabea baina zailtasun berezirik jarriko ez dizuena. Zertxobait ezkerrera jo eta berriro eskuinera egin ondoren, gainaldera igoaraziko dizue. Ezkerrean duzue tontor nagusia, ordea, eta akaso hara igotzea izango da koskarik handiena. Hor dagoen zuhaitz bakarraren ondotik gainditu daiteke eragozpen handirik gabe koska, eta hortik maldan gora tontorreraino (890 m).
Gazteluaren arrastoak

Gainean, gutxi gorabehera hamasei bat metro luze eta hamabi metro zabal den oinarri erabat horizontala topatuko duzue, gizakiak zelaitua, dudarik gabe. Adi begiratuz gero, berriz, hego-ekialdeko hegian, harresiak izan zirenaren oinarriaren hondarrak aurkituko dituzue: gutxi landutako harriekin osatutako bi ilara, bata bestea baino beherago. Gazteluak bi harresiko babesa izan zuela dirudi. Bestalde, ekialdean, goitik behera bota edo amildutako harritza dago. Bistan denez, gotorlekuaren harresi eta eraikinetako harriak dira. Ez dago besterik, hondarrik esan nahi da, ikuspegia hemen ere zoragarria baita. Burua jaso berriz ere, zabaldu begiak eta gozatu.

Beherakoa zuzenean hegoaldeko malkarrean behera jaitsiz egin dezakezue. Harritsua izanik, baina, tentuz ibili behar da, heze dagoenean batez ere. Lurrazaleratzen diren harlauza handien arteko pasabideak baliatu eta bata bestearekin lotuz ireki behar duzue bidea. Kontuz! Azken koska jaitsita, garoz estalitako hegietan behera egitea besterik ez duzue, saroi multzo bateraino (550 m). Harrizko itxitura-hormen ondotik behera egin Mareneko bordaraino, eta hortik beherako pista segi urtegira igotzen den bidearekin bat egin arte (400 m). Porlanezko bidean behera egin beharko dituzue Aurtitzerainoko azken urratsak. Izan ere, bide zaharrak egon badaude, baina zoritxarrez sasiak jota, erdi galdurik.
Orzorrotz gaztelua, ganadu lapurrak zelatatzeko talaia
Bertakoek haitza Mutilna edo Makilipurdi izenarekin ezagutu arren, testu zaharretan Orçorroz izeneko gaztelua aipatzen da. Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugaren zaintza lanak egiteko Goi Erdi Aroan eraiki zituzten gazteluetako bat da. Gipuzkoako lurraldea ebatsita zela, handik etor zitezkeen etsai edo ganadu lapurrak zelatatzeko erabiliko zuten soldaduek, ziur asko, talaia.

Iñaki Sagredok Nafarroa, erreinua defendatu zuten gazteluak lanean dioenez, XIII. mendean eraiki zuten Orzorrotz, mendearen hasieran beharbada, nahiz eta lehenengo dokumentu idatziak 1298koak direla argitzen duen. Bertan hamar edo hamabost soldadu egoten zela dio, eta garai liskartsuenetarako soldadu kopurua 40ra igotzen zela dioten dokumentuak badirela gehitzen du. 1400. urtearen bueltan berreraiki eta Nafarroa konkistatu ondoren desegin zuten, 1522 urtearen inguruan.

Azkenak
Labrazako parke eolikoa 2025eko azken hiruhilekoan eraikitzen hastea espero du Eusko Jaurlaritzak

2006az geroztik EAEn martxan jarriko den lehen parke eolikoa izango da, 59 milioi euroko inbertsio publiko-pribatuarekin abiatuko dena. Siemens Gamesak eraikitako zortzi aerosorgailu izango ditu, bakoitzak bost megawatt ekoitziko dituelarik –30.000 etxe hornitzeko... [+]


‘Between Goodbyes’ dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025eko sari nagusia

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak 2025eko edizioko sariak iragarri ditu. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira palmaresaren irabazle nagusiak.


2025-07-01 | ARGIA
Zordun handiek 1.300 milioi euro zor dizkiete Hego Euskal Herriko Ogasunei

1.150 enpresa edota norbanakok ia 1.300 milioi euroko zorra dute Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunekin. Erdia, gutxi gorabehera, Bizkaian. Gora egin du zifrak lurralde guztietan, Gipuzkoan izan ezik.


EEPren aurrekontuaren eztabaidan, egitura “iraunaraztea” du helburutzat Behotegik

"Egungo baldintzetan" EEP Euskararen Erakunde Publikoak berritzeko hitzarmena sinatuko ez duela mehatxu eginda, Euskal Hirigunearen Elkargoak sei hilabete eman die erakunde publikoa osatzen duten partaideei Parisekin negoziatzen jarraitzeko. Astelehenean agerraldia egin... [+]


Petronor findegiak du ingurumen inpaktu handiena eragiten Euskal Herrian

EHUko Ekopol ikerketa taldearen datuen arabera, Bizkaia da Euskal Herrian ingurumen inpaktu handiena eragiten duen lurraldea, guztizkoaren %52 izanda. Euskal Herrian ingurumen-inpaktu handiena duten 25 industria-instalazioen artean, Muskizeko Petronor petrolio-findegia da... [+]


2025-07-01 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Japoniak ikusia du jada film hori

Duela astebete Hagan egindako NATOren goi bilera historia handian gogoratu beharko da –batez ere egitasmoa egikaritzen bada– “BPGaren ehuneko 5aren bilkura” izan delako.


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Epaileak Cerdán espetxera bidali du behin-behinean

Fiskaltzak Santos Cerdán PSOEko antolakuntza idazkari ohi nafarrari fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea eskatu dio astelehen goizean, eta ordu batzuetara, epaileak Cerdán espetxeratzea erabaki du. Cerdánek epailearen aurrean esan du legez kanpoko ezer... [+]


Trantsizio energetikoa deseraikitzen

Manuel Casal Lodeiro (Barakaldo, 1970) informatikaria eta gai energetiko eta ekosozialen inguruko aktibista eta dibulgatzailea da. Besteak beste, 15/15/15 aldizkari eleanitza eta Galiziako Instituto Resiliencia koordinatzen ditu, eta Véspera de Nada por unha Galiza sen... [+]


Seaskak bigarren lizeo bat irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun

Kanbon egin duten urteko biltzar nagusian ontzat jo dute lizeo berriaren garapenari buruzko txostena. Donapaleuko ikastolaren ondoan egongo da, eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu, Seaskako arduradunen arabera. Lizeo berriaz gain, urteko biltzarrean azken... [+]


Bizitza arriskuan jarri behar dute palestinarrek Gazako elikagai banaketa guneetan

Laguntza humanitarioa banatzen duten puntuetan 50 palet inguru jartzen dituzte. Bertara elikagaien bila joaten direnek ahal dutena hartzen dute israeldar eta AEBko mertzenarioen erasoen artean.


Harrotasunez bete dituzte Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, E28ko manifestazioetan

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek... [+]


Rosa Zarraren familiak Atutxari eskatu dio “barkamena eskatzeko aukera” ez galtzeko

Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.


Eguneraketa berriak daude