"Gogorrena da gurasoak ezagutzen ari zaren aldi berean haiengatik dolu egitea"

  • Argentinako diktaduran desagerrarazi zirenei erregimenak ostu zien idealen alde emandako bizia. Bahiturik zeuden emakume haurdunei mundura emandako bizia ere lapurtu zieten eta militarren familietan hazi zituzten haien seme-alabak. Mayo Plazako Amonek, bahitutako biloba horiek berreskuratzeko lana hasi zuten urte haietan eta oraindik ere lan horretan dihardute. Otsailean aurkitu zuten 101. biloba. Martin Amarilla 98.a da.
Martin Amarilla
Martin AmarillaGorka Berasategi
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Marcela Molfino eta Guillermo Amarilla desagertuen semea zarela jakin duzu duela hilabete gutxi. Nola jaso zenuen albistea?


Iazko azaroaren 2an jakin nuen. Banku genetikoko emaitzak eman zizkidaten. Aurretik CONADIra (Nortasun Eskubidearen Aldeko Batzorde Nazionala) joan nintzen zalantzak bultzatuta. Ustez nire gurasoak zirenen seme ez nintzela pentsarazi zezaketen frogak aurkeztu nituen bertan eta segituan eskaini zidaten arreta, gauza askok sostengatzen baitzuten nire ustea.


Nola joan zen ikerketa prozesua?


Hasieran analisiaren emaitzek ez zuten lotura positiborik eman, nire ama bahitu zutenean astebete eskas baitzeraman haurdun. Inork ez zekien haurdun zegoenik, berak ere ez agian.

Non jaio zinen?


Campo de Mayo atxilotze zentroan. Ospitale militarra zegoen bertan eta hantxe jaio ziren gatibu zeuden haurretako asko. 1980ko ekainean jaio nintzen ni. Ziur aski azkenetarikoa izango naiz, edo azkena agian. Urterik gogorrenak 76tik 79ra izan ziren. 80an ia ez zen haurrik bahitu.

Hasiera batean inork ez zekien zure ama haurdun zegoenik. Nola lortu zen orduan zure familiaren eta zure arteko lotura?


Campo de Mayon egon zen pertsona baten lekukotasunari esker. Esan zuen Marcela Molfino ospitale militarrean haurra erditu izana posible zela. Nire amaren eta aitaren aldeko osaba-izebei hots egin zieten eta frogak egin zituzten. Imajina ezazu “hau zure familia da” esan zidatenean… Ospitaleko orrietan “%99,9ko probabilitatea” jartzen zuen, zenbakiak gerturatu eta urrundu egiten zitzaizkidan!

Albistea jakin zenuenetik gaur arte nola bizi izan dituzu hilabete hauek?


Hainbat etapa pasa ditut. Orain ere etapa horietako batean nago murgilduta eta, beraz, ezin dut deskribatu oraindik. Baina aurrekoez hitz egin dezaket. Lehenengo etapan kanpotik begiratzen duzu dena, ez duzu ezer ulertzen. Zorionez, beti alai, nik bilatu dudan zerbait izan delako. Ondoren, nire familia aurkitu nuen, oso jende ona da, maitasun handia eman didate, behar nuen denbora errespetatu dute… eta Mayo Plazako Amonak zer esanik ez, behar dudan edozertarako.


Lehen etapa hori pasata zure gurasoen eta familiakoen inguruko kontuak ezagutzeko irrikaz zaude?


Gurasoei buruz detaileak interesatzen zaizkit orain gehien. Joera nagusia lehenengo haien militantzia politikoari buruz hitz egitea da, baina intimitatean, familian, gauza txikiek pisu handiagoa hartzen dute. Zein janari zuten gustuko, denbora zertan ematea gustatzen zitzaien, zein musika entzuten zuten eta halakoak.

Eta zer jakin ahal izan duzu?


Adibidez, familiarekin elkartu nintzen egunean gauza sinesgaitza gertatu zen. Zer egiten nuen galdetu zidaten. Nik musika egiten dut eta orain gutxi akordeoia ikasten hasi nintzen, piano itxurako teklak dituena. Buenos Airesen ez da instrumentu ezaguna eta jende gutxik jotzen du. Zer pentsa jakin gabe gelditu nintzen nire amak instrumentu bera jotzen zuela esan zidatenean.

Familia ezagutu zenuen eguna aipatu duzunez, nolakoa izan zen momentu hura?


Amonen egoitzan izan zen. Oso momentu tentsua, noski, eta oso urduri geunden denok. Halako batean, anaietako bat hurbildu zitzaidan belarriak ikustera eta belarriko gingila aurpegiari itsatsia nuela ikusi zuenean ADN frogaren beharrik ez zegoela esan zidan. Barre algaran lehertu ginen denok eta orduan hasi ginen apur bat lasaitzen.

Beste antzekotasunen bat aipatu dizute familiakoek?


Bai. Hasierako egunetan familiakoei ni ikustea ez zitzaien erraza egiten zenbait momentutan. “Zure aita bezalaxe esertzen zara” esaten zidaten, adibidez, edo hark bezala jaten ditudala azazkalak. Haientzako gogorra zen. Hitz egiteko modua ere aipatu izan didate. Nik uste nuen keinuak imitazioaren ondorio zirela eta honek guztiak harrituta nauka.

Eta zuri zer da gehien kostatzen zaizuna?


Kasu hauetan gogorrena gurasoak ezagutzen ari zaren aldi berean haiengatik dolu egitea da.


Asteburua Chaco probintzian eman duzu, familiarekin batera. Zer moduz ibili zara?


Ongi. Anaietako baten etxean izan naiz. Orain harremana eraikitzea da garrantzitsuena, haiekin egon eta lotura elikatzea. Ez da gauza erraza izango. Ia 30 urtez falta izan naiz eta denbora asko da. Baina harremana eraikitzea da helburua. Gainera, oso bitxia da zu bezala mugitzen den norbaitekin topo egitea, zuk bezala hitz egiten duen norbaitekin!

Zure gurasoen bizimoduaz, “Montoneros”-eko militantziaz (peronismo ezkertiarrarekin bat egin zuen gerrilla) eta haien ibilbide politikoaz pentsatzen duzunean zein ideia etortzen zaizkizu burura?


Errespetua eta miresmena sentiarazten didate. Haien ideiekin identifikaturik sentitzen naiz %100 eta pentsatzen dut egin zuten borroka neurri batean niregatik ere egin zutela eta orain gure herrian bizi garen gazte guztiengatik. Garai hura bizi izan zutenek (senide asko nire gurasoen kide izan ziren orduan) denek kontatzen dute oso garai erromantikoa izan zela. Borroka justua izan zen.

Zure amaren aldeko amonak ere diktaduraren errepresioa jasan zuen.


Bai. Nire amona Perun zegoelarik 601 batailoiak bahitu zuen eta Espainiara eraman zuten. Hasiera batean harritzekoa zen nire amonak Espainiara iritsitakoan bahiturik zegoela ez salatu izana, kodigo hori adostu baitzen militanteen artean eta berak ondo zekien. Baina orain pentsa liteke segur aski nire ama haurdun erakutsi ziotela eta estortsioaren bidez behartu zutela isilik egotera. Madrilen agertu zen gorpua pozoiturik. Nazioarteko erakundetan salatzen ari zen nire amaren bahiketa eta Argentinan gertatzen ari zena.

Zure gurasoak nor ziren jakiteak ideia asko nahastu dizkizu ala gehiago dira argitu dizkizunak?


Gauza asko argitu dizkit egia jakiteak. Eremu askotan. Nire pentsamendu politikoan, mundua eta bizia ikusteko moduan, eta beste mila kontutan. Barnean pasatzen zitzaizkidan gauza asko ulertzen ditut orain. Zenbait gai pertsonaletan pentsatzen nuenean, liburu apalategi baten irudia etortzen zitzaidan burura. Liburuak gaizki ipinita zeuden irudi hartan eta apalak oker-oker eginda. Orain irudi hori pixkanaka konpontzen ari da eta gauza bakoitza bere tokia hartzen.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?


Zebraren antzera, ez dakizu zuria edo beltza den. Oroitzapen oso onak dauzkat eta ez hain onak ere bai. Ustez nire aita zena militarra zen, alde administratiboan egiten zuen lan baina gertatzen ari zen guztiaz jakitun zen. Arazo larria zuen alkoholarekin, segur aski kontzientziak min handia egingo zion. Beraz, harreman gaixo baten erdian nengoen ni. Emaztea bere menpeko bizi zen. Gizonarekiko ditudan sentipenetan ilun dago dena, gezurraren gainean josi baita gure harremana. Eta emakumearekin, oroitzapen onak dauzkat eta, tira… Zorionez haurtzaro ona izan nuen. Horregatik jasan ahal izan dut aldaketa hau guztia lasaitasunez. Ez ditut egitura asko hautsi behar izan. Bahituak izan ziren gazte askok zoritxarrez oso hezkuntza militarra jaso dute eta eraiki duten pentsamoldea oso zaila da hausten. Ez dakit zer pasako zen gizona 14 urte nituenean hil ordez hiru edo lau urte beranduago hil izan bazen.

Desagertuen gaiaz hitz egiten al zenuten etxean?


Gizonarekin ez. Emakumeak, berriz, ez zuen gaia ezkutatzen. Telebistan-edo agertzen bazen, nik agian komentarioren bat egiten nuen eta kito. Horretan geratzen zen. Baina ez zuen sekula ezkutatu. Ez baitzekien desagertutakoen semea nintzenik. Pasa zitzaion burutik baina hainbat arrazoi medio, beldurra gehien bat, ez zidan sekula Amonenera joateko esan. Hain justu, atzo pelikula bat ikusten izan nintzen, La historia oficial. Bikote baten istorioa da. Emakumeak ezin du haurrik izan eta gizonak armadarentzako egiten du lan. Egun batean, gizona haur batekin iristen da etxera, esanez amak ez zuela haurra hezi nahi eta eman egin zietela. Antzeko istorioa da hazi ninduten bikotearena ere. Gainera, militatzen ez zuen jendeak, denek ez baino askok, ez zekiten zer ari zen gertatzen. Edo benetan sinesten zuten “terroristen” aurkako borroka zela.

Noiz hasten zaizkizu zure jatorriari buruzko zalantzak sortzen?


Betidanik izan ditut zalantzak. Haurra nintzenean ere pentsatzen nuen agian haiek nire aitona-amonak zirela eta nire gurasoak hil egin zirela. Izan ere, nagusiak dira. Emakumeak 80 ditu orain. Pentsa zein gertu nengoen orduan egiatik! Sinestezina da! Baina orain ulertzen dut pentsamendu hura, orduan “erotuta nago” pentsatzen nuen. Aurrerago, zerikusi handia izan zuen Bigarren Hezkuntzan irakasle izan nuen gizon batek. Eskolako liburutegian, sekretuan, diktadura garaiko pelikulak erakusten zizkigun. Gainera “adin hori” genuen mutilak ginen! “Adin hori”! Tipoak lepoa jokatu zuen, izaera katolikoko eskola baitzen. Literatura irakaslea…

Zalantzak buruan gelditu zitzaizkidan bueltaka eta azken bultzada telebista saio bat ikusten jaso nuen. Mayo Plazako Amonek babestutako saioa zen eta bahitutako seme-alaben istorioak kontatzen ziren. Saio horietako batean azaldu zen tipo baten istorioarekin oso identifikaturik sentitu nintzen eta ezin izan nion barruari eutsi. Nire neskalagunarekin nengoen eta berak lagundu zidan egiaren bila abiatzen. 2007ko urrian CONADIra joan nintzen.

Elkarrizketa honetarako Mayo Plazako Amonen egoitzan elkartu gara, aurretik eurak bisitatu ditugu. Zein harreman duzu haiekin?


Haiek gabe ez nuen ezer ere lortuko. Motorra dira. Egiten duten lanarengatik, haien balio humanoarengatik, laguntza, borroka, eredua… Dena. Gainera, beti maitasun handiz tratatu naute. Amonen maitasunarekin.

Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude