Biarritzeko aeronautika industriaren aspaldiko irudiak. 1936an hasi ziren Louis Bréguet eta Marcel Dassault.Dassault Aviation
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ipar Euskal Herrian ere aeronautikaren gune oso garrantzitsu bat dago, Baiona, Angelu eta Biarritz inguruan; eta badirudi etorkizun handia duela. Berrogei bat enpresa ez oso handi ari dira lanean aeronautika sektorearentzat, eta 2.000 enplegu inguru sortu dituzte. Lan hori Dassault Aviation enpresa multinazionalera bideratzen da, batik bat. Hain zuzen ere, Dassault Aviation da Ipar Euskal Herrian enplegu gehien sortzen duen erakunde pribatua, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren informazioaren arabera.
Sortu zenetik (1936), multinazional horrek arlo militarrean zein espaziokoan dihardu lanean. Frantziako hainbat tokitan ditu enpresak (Ipar Euskal Herrikoa Biarritzen dago), bai eta bost kontinenteetako beste 70 herrialdetan ere. Mundu osoan, enpresa-talde horrek bakarrik diseinatzen eta ekoizten ditu borroka eta negozio-hegazkinak. Hain justu, gama altuko negozio-hegazkinak ekoizten dituen enpresa nagusietakoa. Hona hemen bere hegazkin-eredu garrantzitsuenak: Mirage, Rafale, Falcon eta nEUROn. 1975etik hona, beren salmenten %67 esportatu egin dute. Falcon hegazkinak soilik aintzat hartuz, ordea, salmenten %90 esportatu dute. Hain zuzen ere, azken bost urteotan Falconek betetzen du, batez beste, fakturazioaren %58, eta eskaeren %80.
Dassault Aviation-en Ipar Euskal Herriko egoitza Biarritzen dago, esan bezala. Planta horretan, orain arte behintzat, arlo zibilera bideratutako lanak egiten dituzte, arlo militarrera baino areago. Hegazkinak mihiztatzen eta Falconen fuselajeak bateratzen jarduten dute, beste hainbat pieza eraikitzeaz gainera. Orobat, ekipamenduak eta egitura-osagaiak konpontzeko eta ikuskatzeko sail bat daukate. Aeronautika-multinazional horrek enplegu asko sortzen ditu Ipar Euskal Herrian, bere enpresako langileak ez ezik azpikontratatzen dituen beste enpresa batzuetakoak ere zenbatu behar baitira. Hala, Biarritz, Angelu eta Baiona inguruan 40 bat enpresa ari dira aeronautikaren sektorean, lehen aipatu dugunez, eta 2.000 bat pertsonari ematen diote lana.
Joan den urtean Technocité izeneko poligonoa sortu zuten inguru horretan, jarduera aeronautikorako. 28.000 metro koadro hartzen ditu, eta Akitania eta Midi-Pyrénées eskualdeek erdibanatzen dute. Bukatzeko, esan daiteke poligono aeroespazial horrek mundu mailako lehiakortasunerako bokazioa duela.