Etxetik kanporatuak Jainkoaren izenean

  • Nasser Ghawik eta bere familiak sei hilabete daramatzate kalean, euren etxearen aurrean jarritako kanpin-dendan. “Oraindik ere, nire etxea da”, dio palestinarrak. Hala ere, 2008ko abuztuaren 2tik aitzina, bere bizilekuko balkoietan Israelgo bandera eskegita dago eta giltzak ultraortodoxo talde batek ditu. Etxea Jerusalem mendebaldeko Sheikh Jarrah auzoan dago.
Nasser Ghawi eta alaba
Nasser Ghawi eta alabarekin, euren etxearen aurrean.Alberto Pradilla
Ghawitarrek pairatzen duten egoera ez da bakarra inguruan. Auzoak 28 familia ditu guztira, eta horietatik lau euren etxeetatik kanporatuak izan dira. Eta gehiago izan daitezke. Jerusalemeko eremu palestinarrak jomugan jarri ditu Israelek eta 1981ean legez kanpo batu ziren auzoak “juduztatzeko” prozesua ziztu bizian ari da gauzatzen. ICAHD-ek, etxeak suntsitzearen kontrako komiteak, egoera hau salatzera bideratzen ditu esfortzuak, beste hainbat erakunderekin batera. Izan ere, prozesu horrek ondorio bakarra dauka: bulldozer-ek txikitutako etxe gehiago, eta haien familietatik eta bizilekuetatik baztertutako palestinar gehiago. Nasser Ghawiren familia adibidez, egun batetik bestera kale gorrian geratu zen. Euren logeletan, dozenaka pertsona arrotz daude orain.

“1956tik, etxe hau nire familiarena da”, azaldu du Ghawik, emaztea eta bost seme-alaba dituen 46 urteko palestinarrak. “Hementxe jaio nintzen, etxean, ez ospitalean”. “Auzo hau babesteko nago hemen”, jakinarazi zuen iazko urtarrilaren 25ean, bere kanpin-dendaren aurrean ipinitako aulkian eserita. Orduan, ordea, ez zekien auzoan igaroko zuen denbora hain laburra izango zenik. Esku tartean, sua bizirik mantentzeko burdinazko makila zuen. “Behar izanez gero, neure burua babesteko ere balioko dit honek”, zioen. Bost metro eskas daude dendaren eta etxearen artean, bidearen beste aldean baitago orain ikur israeldar eta judutarrez josita dagoen etxea. “Israelgo bandera ez da inoiz Sheikh Jarrah auzoan bezain modu nazkagarrian mugitu”, ohartarazi du Haaretz egunkariko zutabegile Gideon Levy-k.

Nasser Ghawiren historia ez da berria. XX. mendean hasi eta 1948. urtean, Israelgo Estatua izendatu zutenean, sistematikoki ezarri zen palestinarren exodoari lotutako historia da. Urte horretan, Safarand Al Amar-etik kanporatu zituzten 2.000 pertsonen artean zegoen Ghawiren familia. Tel Aviv-etik gertu dago herri hori, eta urte haietan tropa sionistek bere gain hartu zuten. Mende erdi geroago, aurretik bere gurasoek egin antzera, Ghawi kanpin-dendara itzuli da orain. Urte haiek “Palestinako garbiketa etniko” bezala definitu zituen Ilan Pappé historialari israeldarrak. “NBErekin akordioa egin ostean eskuratu zuen nire aitak etxe hau”, dio Ghawik, serio jarrita. Palestinako errefuxiatuendako agentziarekin, UNRWArekin, negoziatu eta gero joan ziren familia horiek guztiak Sheikh Jarrah auzora bizitzera. Erbesteratu gisa identifikatzen zituzten txartelak ematearen truke lortu zituzten NBEk eta Jordaniako Gobernuak eraiki zituzten etxeak. Orain, 62 urte iragan ostean, errefuxiatuak dira, beste behin ere.

Judutasunaren izenean kaleratuak

Ghawi eta Hanoun familiak euren etxeetan finkatu ahal izateko bidea ireki zuen epaia 2008ko abuztuaren 2an ailegatu zen. Hanoundarrek “beste odol bat daukate, baina anaien gisako harremana dugu”, adierazi du Ghawik. Palestinarrak beren etxeetatik kanporatzeko lanetan 70eko hamarkada hasieratik diharduten kolonoen alde egin zuten epaileek. Posible al da, Jainkoak lur horiek eman dizkiela argudiatuta, 37 lagun euren etxeetatik kanporatzeko helburua duten pertsonekin arrazoitzea? Kontua da Israelgo epaileek arrazoia eman zietela: auzo horretako juduen presentzia 1967ko okupazio militarrarekin batera hasi bazen ere, Sheikh Jarrahren “judutasuna” ziurtatzen omen duten paper otomandar batzuk atera zituzten epaiketan. Zantzu guztien arabera, baina, dokumentu horiek faltsuak dira. Orduan, zein izan zen arrazoia? Palestinarrek ere paper horiek dauzkate, baina, beraien kasuan, Turkiatik iritsi zaizkie, eta bertako gobernua, poliki bada ere, etxe horien benetako jabegoa zeinena den erakusteko frogak helarazten ari da. Ahatik, Ghawidarrak eta Hanoundarrak beren etxeetan ‘okupa’ bilakatu dira, Israelek erabiltzen dituen hitz berak aukeratuta.

Eurena ez da halako historia triste bakarra. Al Kurds familiak, esaterako, kalte bikoitza izan du. 2008ko azaroan, Abu Kamel eta Umm Kamel kalean geratu ziren, kolonoek euren etxeetatik bota eta gero. Etxean sartu, eta gutxika, gela gehiago hartuz joan ziren kolonoak. Azkenean, familiako bi adinduendako ez zen tokirik geratu: gizonezkoak 69 urte zituen, gaixotasun larria zeukan eta kanporatuak izan eta egun gutxira bihotzekoak jota hil zen. Umm Kamelek bizilagun baten lur-eremu pribatuan jarri zuen kanpin-denda. Emakumea ikur bilakatu da dagoeneko Sheikh Jarrah auzo palestinarra izaten jarraitzeko borrokan. Senarra hil zela esan ziotenean ere, ez zen handik mugitu, eta hilotza kanpamenduraino eraman behar izan zuten, emaztearen agurra jaso zezan.

“Milioi bat urte kostata ere, nire etxea berreskuratuko dut”, aditzera eman zuen Kamelek, orain kolonoen esku dagoen bere semeetako baten etxearen aurrean. Iazko abenduan, kolonoek Al Kurdsen kontrako bigarren erasoa jarri zuten martxan. Etxearen beste zatiak familia palestinarrarena izaten jarraitzen duenez, bertan kokatu dute bigarren kanpin-denda. Kanporaketa sinatu zuen Israelgo epaileak judutarrei etxebizitzan egoteko baimena ukatu zien, baina Daviden izarra daukaten banderak bertan daude, ‘eremu askatua’ dela erakusteko. Umm Kamelen semeak hamar urte eman zituen pareta horiek eraikitzen eta orain kolonoen biltegi eta bulego bihurtu dira. Halaber, inprobisatutako komisaldegia hartzen du etxeak. Sheikh Jarrahko errefuxiatuak laguntzen dituzten internazionalak atxilotzen dituztenean, hara eramaten ditu poliziak.

Israelek egiten duen Sheikh Jarrahren kontrako erasoak dozenaka lagun mobilizatu ditu. Baina fronteak dibertsifikatu egin dira. Silwan-en, hiri zaharreko harresiaren ondoan, 88 etxebizitza daude mehatxupean. 500 bat pertsonak astero manifestazioa egiten dute auzo horren kolonizazioaren aurka. Hori bai, arraroa izaten da parte-hartzaileen artean palestinarrak ikustea. Izan ere, nola mobilizatuko dira? “Gure bizilagunak beldurtuta daude. Edozein egunetan beraiei gerta dakieke”, kexu da Ghawi. Auzokideak atxilotzen hastea da daukaten beldur nagusia. Sheikh Jarrahn mundu guztiak daki ez dela gauza bera komisaldegitik pasatzea Israelgo edo nazioarteko ekintzaile izanda, ala palestinarra izanda. Azken horien kontrako ikerketak beti egiten du aurrera, eta aldiz, ekintzaileak 24 ordutan askatzen dituzte.

Zeintzuk dira kolono hauek?

Nondik atera dira Nasser Ghawiren etxea hartu duten kolonoak? Meir Margalit-ek erantzun digu: “Israeldarrak daude, baina Frantziatik etorritako judutarrak ere bai”, azaldu du Jerusalemen Meretz alderdi ezkertiar eta sionistaren zinegotzi eta etxeen suntsipenaren kontrako komitea sortu duenak. Kasu honetan, ‘okupak’ ultraortodoxoak dira eta Jainkoak lur horiek judutarrei eman zizkiola argudiatzen dute. Yeshivetan ikasi dute, eskola ultra-abertzaleetan; orain, eremu okupatuetan Israelgo abangoardia bilakatu dira eta erabiltzen dituzten uniforme beltzek nabarmen uzten dute nortzuk diren. Sheikh Jarrah kolonizatzearen helburua honakoa da: 28 etxeak beren gain hartu, suntsitu, eta bertan, Jerusalem mendebaldean, auzo judutar bat eraikitzea. Proiektua dagoeneko idatzita dago eta Simon Hatzidic izena hartu du. Alegia, ustez eremu horren lurpean dagoen bigarren tenplu bateko apaizaren izena hartuko luke auzo judutar berriak.

Kolonoekin hitz egitea ez da batere erraza. Haiei zuzentzea, eta egunero Ghawiren etxetik ateratzen direnean zer sentitzen duten galdetzea, pentsaezina da. Ondoko kalean eserita egon ohi da Ghawi, suaren ondoan, begirada bere etxean finkatua duela, mugitu gabe. Kolonoek horren guztiaren inguruan ez dute hitzik egiten. Are gehiago, haien begiradetan mespretxua ikusten da, eta irribarreetan, probokazioa. Azken asteetan, gainera, laguntza handia jasotzen ari dira; esate baterako, Baruch Marzel ultraeskuindarrarena. Hebrondik iritsi da Marzel, palestinarren kontrako indarkeria bortitza dela-eta ezagun egin den koloniatik. “Jaungoikoak lur hauek eman zizkigun eta arabiarrek suntsitu egin nahi dituzte”, erantzun du suminkor, manifestari batzuen aldarrien aurrean. Protestan ari direnek Itun Zaharrean agertzen diren aginduak gogorarazi dizkiote: “Ez duzu hilko, ez duzu lapurtuko, atera zaitezte Sheikh Jarrahtik”.

Gauetan, kolonoak kaleetara ateratzen dira. Horietako paseo batek eraman zuen Nasser Ghawi kanpin-dendara, erbestera. Iazko urtarrilaren 31n, behin Shabbat festa judutarra amaitua zela, hebrear bat Ghawiren semeetako bat erasotzen saiatu zen. Semearen garaiera ez da metro erdira iristen eta berau defendatzera hurbildu zen aita; esku artean zuen burdinazko makilak kolonoaren M-16arekin topo egin zuen, aurrez aurre. Azkenean, ez zen ezer gertatu, baina antzeko beste egoera batzuetan, kolonoek palestinarrak metrailatu izan dituzte. Urtarrilaren 31n, kolonoak arma prestatu zuen, desafioan, baina zorionez, ez zuen tiro egin. Hori bai, hurrengo egunean, bi astez Sheikh Jarrahtik urrun egotera kondenatu zuten Ghawi. Gainera, Israelgo poliziaren hainbat patruilak haren kanpin-denda eraman zuen. Hamaikagarren denda zen hura.

“Kentzen duten aldiro, ordu bat ere ez da pasatzen berri bat jarri arte”, adierazi digu, harro, Ghawik. Egun horretan ez ziren 60 minutu izan, baina arratsaldeko lauretarako denda dagoeneko zutik zegoen, beste behin ere. Bitartean, israeldarrek mehatxu egin zieten, Ghawi familia kikildu nahian: “Berriro kenduko dugu”. Eta berriro paratuko du Ghawik kanpin-denda, aitaren bizilekuaren aurrean. Berea den etxea itzuli arte.

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude