“Euskal Herria nahiko herri birtuala da”

  • Ez al dira fantastikoak errealitate guztiak?

    Umetan zuen etxean ez zen euskararik aditzen?


    Ez, ama madrildarra da eta ez daki euskaraz, eta etxean gaztelaniaz egiten genuen. Haurra nintzela gure ama ere hasi zen euskara ikasten, osabak emandako liburu batzuekin oroitzen naiz... Ni ere 12 urterekin-edo hasiko nintzen gramatika zaharrak irakurtzen, baina han gelditu ziren ahaleginak. Aitak, gaztelaniaz aritu arren hainbat hitz euskaraz esaten zituen, eta hazi ahala konturatu nintzen bazeudela hitz batzuk, hamar edo hamabost hitz, euskaraz nekizkienak eta ez gaztelaniaz, nahiz eta Madrilen jaioa izan eta gaztelania izan nire ama hizkuntza. Adibidez, nik esta kili-kolo esaten nuen, edo nahiko hazia nengoela konturatu nintzen txahal bat ternera bat zela. Txahalak euskaraz ikasi nituen gaztelaniaz baino lehenago.
Henrike Olasolo
Henrike OlasoloDani Blanco

Garai hartan zer zen zuretzat Euskal Herria?


Nik bi planetaren artean bizi nintzela uste nuen. Euskal Herria zen planeta bat eta Madril ingurua beste bat, erabat desberdina. Inkontziente kolektiboa erabat ezberdina zen, hitzen esanahia ere bai... eta, egia esan, asko ikasi nuen eskarmentu horretatik, txikitatik ikasi bainuen bi munduren artean bizi nintzela, eta azkar ohartu nintzen gauzak nola zeuden. Ikusi nuen Euskal Herriko mundua oso desberdina zela, eta oso aberatsa. Alde batetik baserria zegoen, eta oso giro tradizionala, baina bazegoen Donostia ere, eta hiri industrialak ere bai. Herriko festetan baserrira joaten ginen eta han elkartzen ginen denok, klase guztietako jendea. Garai hartan Madril nahiko elitista eta klasista zen, eta niri izugarri gustatzen zitzaidan Euskal Herriko irekitasuna. Niretzat Euskal Herria nahasketa perfektua zen tradizioaren eta modernitatearen artean, eta tradiziotik modernitatera emandako pausua miresgarria iruditzen zitzaidan. Hori zen benetan erakartzen ninduena: Euskal Herria oso txikia izan arren indartsua zela gauzak sortzeko, egiteko. Niretzat Euskal Herria beti izan da oso modernoa.


Sekula ez zara bertan bizi izan?


Ez, behin ere ez.


Gaur egun Donostian duzu familia, eta emazteak, Baionan.


Bai, emaztearen ahizpa Baionan bizi da eta azken bolada honetan asko gabiltza iparraldean. Niretzat oso normala da iparraldearen eta hegoaldearen artean bizitzea. Ni erakartzen nauena Euskal Herria bera da, ez bestelako eraginak eta, beraz, nagoen tokian nagoela beti saiatzen naiz Euskal Herria bilatzen. Muga hori muga administratibo gisa bakarrik bizi dut; agian hori baino muga garrantzitsuagoak ditugu gure barnean. Azken batean, muga guztiak daude jendearen barnean, baina esan dizut, nagoen tokian nagoela euskaraz hitz egiten dut nik: hegoaldean, iparraldean... Euskal Herria nahiko herri birtuala da, baina birtualitate horretan askatasuna ematen du ez hemen ez han egoteak.

Sarrionandiak esaten zuen hiru motatako herriak daudela: herri handiak, herri txikiak eta herri ikusezinak. Euskal Herria herri ikusezina da. Euskal Herria herri fantasma dela ere esan zuen, baina hori beste gai bat da. Eta kontzeptu hori izugarri gustatzen zait. Milan Kunderak gauza bera esaten zuen, zioen nazio handiak eta txikiak zeudela, eta nazio txikia izatea ez datzala datu objektibo batzuetan, luzera edo biztanle kopurua kasu, baizik eta uste sakon batean: zure existentzia bera kolokan egotearen uste sendoan. Esaten zuen, adibidez, Espainiak eta Poloniak biztanle kopuru bera zutela, baina Poloniak badakiela zer den bere existentzia kolokan izatea, eta espainiar bati inoiz, inola ez zaiola burutik pasa bere izatea kolokan dagoenik. Kontzeptu horri oso interesgarri deritzot, nire bizitza guztian oso garrantzitsua izan da Euskal Herriari buruz pentsatzea eta hitz egitea, eta beti ari naiz saiatzen estrategiak eta kontzeptu berriak aurkitzen Euskal Herria esplikatzeko. Kunderaren kontzeptu hori oso baliagarria zait atzerrian Euskal Herria azaltzeko.

Askotan sentitu izan duzu nongoa zaren, zer zaren esplikatzeko beharra?


Bai, baina ez nigatik, besteengatik baizik. Nik ez daukat inolako arazorik neure buruarekin, nik argi eta garbi daukat nor naizen, zein den nire mundu-ikuskera. Niretzat hori dena oso argi dago baina besteentzat ez, eta bai, beti sentitu izan dut esplikatu beharra, eta nahiko deserosoa da. Nire mundu ikuskera euskalduna da, talaia edo leku honetatik begiratzen diot munduari, herri txiki batetik begiratzen diot munduari, eta leku guztietan, anekdota guztietan aurkitzen ditut ñabardurak ikuskera horrengatik.


Euskara ikasteak zure sustraiak sendotzen lagundu dizu? Zein zentzutan?


Bai, izugarri lagundu zidan. Ni betidanik sentitu izan naiz euskaldun, vasco, eta beti esaten nuen euskaldunak ulertzen nituela; baina momentu batetik aurrera vasco izatetik euskaldun izatera igaro nintzen, mugaren beste aldera igaro nintzen, eta hor kokatzen dut Atxagaren beste kontzeptu interesgarri bat. Euskal Herrian patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak daudela zioen hark, hiru motatako pertsonak, eta ni oso-oso sinpatikoa izatetik patetiko izatera pasa nintzen euskararen eskutik. Hizkuntza ikasi nuenean gauza batzuk beste modu batera sufritu nituen, adibidez, Egunkariaren itxiera. Hori pertsonalki, baina beste eremu batzuetan ere izugarri lagundundu zidan euskarak, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta mundu zabalean gauzak ulertzeko. Adibidez, nik uste Holanda besteek baino hobeto ulertu dudala euskarari esker. Orain alderantziz ere bada, Holandatik begiratzen dut Euskal Herrira eta nederlanderari esker beste modu batean ulertzen dut Euskal Herria.

Harreman emozional handia duzu hizkuntzekin.


Madrilen dena zen espainola, eta ito egiten nintzen, eta betidanik saiatu izan naiz beste leku batzuetara joaten. Beti sentitu izan naiz gustura atzerrian, bertako hizkuntza ondo menderatzen ez dudan lekuetan. Erronka pertsonala da eta hizkuntza bat ikastean zure buruari buruz gauza asko ikasten dituzu.

Gaur egun nola osatzen da zure identitatea?


Ni euskaldun sentitzen naiz, eta ez bakarrik sentitu, nik uste, praktikoki hala naizela. Nik denetarik irakurtzen dut: Holandako egunkariak, nazioarteko egunkariak... baina batez ere euskarazko prentsa kontsumitzen dut, nire informazioa hemen osatzen da, ni oso jakinaren gainean nagi hemen gertatzen diren gauzei buruz, eta beraz ni euskalduna naiz, hori da nire mundu ikuskera. Baina egia da ez naizela hemen bizi, eta holandar identitea eraikitzen ere ari naiz. Han bizi naizelako. Beraz, leku konkretu batekiko lotura eraikitzen ari naiz. Nire bizilekua Amsterdam da eta nire naziotasuna edo kultur identitatea euskalduna.

Arkitekto lanetan jardun zinen, gaur egun erabat utzita daukazu?


Ez guztiz. Orain arte bi bulegotan egin dut lan eta batzuetan deitzen didate lan konkretuetarako, baina argitaletxeari ahalik eta denbora gehien eskaintzen saiatzen ari naiz, eta gero eta gutxiago ematen arkitekturari.


Zer da “Nederland is mijn fantasie”?


Nederland nire fantasia da litzateke euskaraz. Autofikzioa da, eta bi pertsonaia nagusi daude. Bikote bat da, Holandara joaten dena bizitza berri bat hastera. Haientzat Holanda ia-ia paradisua da, fantasia bat. Horregatik, titulua. Pentsa AEBtara joan ziren italiarrentzat, edo irlandarrentzat edo euskaldunentzat... Haientzat Amerika paradisua zen, aza handien hazten zen lurraldea, aberastasunaren herria..., ba, bi pertsona hauentzat Holanda horrelakoa da, ez zentzu materialean, baina bai zentzu existentzialean. Bikoteak ez daki ziur zergatik dauden Holandan, baina badute intuizio bat, uste dute Holandan zerbait deskubrituko dutela euren buruei buruz eta aurkikuntza horrek zoriontsu egingo dituela. Egia da, zentzu batean, oso era inuzente eta naif-ean begiratzen diotela errealitateari, baina konturatuko dira euren biografiagatik daudela Holandan. Eva kataluniarra da eta Ander euskalduna, eta Holanda beste Euskal Herri bat da eurentzat, edo beste Katalunia bat. Holandan batzuek ulertu dute, baina ez nago ziur jende guztiak ongi ulertu ote duen. Batzuek pentsatzen dute Holandari buruz ari dela liburua, ez gure fantasiari buruz, eta diote Holandari buruzko apologia dela, baina ez da hori kontua, kontua gure fantasiaz hitz egitea da, eta Holandak guretzako sinbolitzatzen duenaz eta, hain zuzen, fantasia hori eraikitzeko beharraz.


Zergatik sentitu zenuten zuen alter egoak sortzeko beharra?


Esan bezala itota sentitzen ginen Espainian eta beharra sentitzen genuen beste leku batera joateko, eta Holandara iritsi ginean oso leku erakargarria egiten zitzaigula konturatu ginen. Gauza askoren artean baziren arrazoi estetikoak ere, eta guk Amsterdamen aurkitu genuen gure estetika. Guretzat oso erakargarriak ziren hainbat gauza zeuzkan Amsterdamek, eta argazkiak ateratzen hasi ginen, oharrak hartzen... jakin gabe zer egin genezakeen material guzti horrekin. Eta une batean pentsatu genuen gure bizitza autofikzionatzea izan zitekeela zerbait eraikitzeko biderik onena.

Zuen alter egoek zuen antz handia dute?


Bai, oso antz handia, geu gara liburuan gaudenak, baina orain liburu hau idatziko banu beste era batean idatziko nuke. Batzuetan nik ez dut Anderrek bezala pentsatzen. Lehen Anderrek bezala pentsatzen nuen, baina orain ez hainbeste. Esan dudan bezala herri txikien kontzeptu horri oso baliagarria deritzot holandan euskal herriari buruz hitz egiteko, baina denborarekin konturatu naiz agian Holanda ez dela hain txikia. Holandak badauka bere historia koloniala. Alde batetik herri txikia da, baina beste alde batetik ez da hain txikia, ez dauka bere existentzia bera kolokan dagoen sentimendurik, adibidez. Holandarrek ez dute desagertzeko beldurrik. Baina badago elementu bat sentimendu horretara hurbilarazten duena: ura, itsasoa. Itsasoa da Holandaren meatxua, eta zentzu horretan bada herri txikia. Urak betetzen du hemen estatu handiek betetzen duten rola. Kontua da uraren arazoa oso ondo menderatu dutela, baina beti izango da meatxu. Holanda herri txikia da beste zentzu batean ere. Herri txikietan inork ez ditu gauzak zure ordez egiten. Euskal Herrian, adibidez, euskaldunek ez badute euskararen gaineko ardurarik hartzen, beste inork ez du hartuko. Sentimendu hori ez da existitzen Frantzian edo Espainian. Holandan bai. Uraren gestioa gelditu gabe mantendu behar dute, eta norbanakoek euren gain sentitzen dute ardura hori. Dena den, esan daiteke Anderren Holanda Henrikerena baino fantastikoagoa dela, Ander berriagoa dela Holandan. Idazten ari nintzela hori banekien, Holandara iritsi berriak ginenean jokatzen genuen rola landu nahi nuen liburuan, nahiz eta jakin idazten ari nintzen momentuan bertan iragana zela liburuan jasoko nuen errealitatea. Horregatik diot autobiografikoa dela baina ez guztiz; nire ikuskeraren eta izaeraren zati batzuk landu ditut liburuan jakinik eboluzioan daudela, aldatzen ari direla.

Emaztearekin, Cristina Richarterekin batera osatutako nobela grafikoa da. Zer jarri du bakoitzak?


Beti esaten duguna da Cristinak irudiak egin zituela eta nik testua eta eszenatokia, baina nahasian dago dena. Hainbeste teknika konbinatuta, argazkiak eta koloreak Cristinak egin ditu baina nireak dira tintarekin egindako irudiak. Oso sistematizatuta egin dugu lan, garrantzitsua baitzen legoaia grafiko bat aurkitzea eta sistematizatzea. 400 iruditik gora daude liburuan, eta denek estilo berekoak izan behar zuten.


Nolatan otu zitzaizuen nobela grafiko bat egitea?


Nahiko praktikoa zen. Momentu hartan arkitektura bulego batean ari nintzen lanean, marrazkiak egiteko hainbat teknika ikasi nituen, eta hirigintza planentzako erabiltzen diren teknika batzuk lantzean pentsatu nuen komiki bat egiteko balio zezaketela. Egokia zen nobela grafikoaren ideia nire ofizioarekin lotura zuelako eta Cristinak margotzeaz gain, argazkiak eta collage-ak ere egiten zituelako. Gainera, biori ikaragarri gustatzen zaigu zinema, eta komikiei buruz ezer gutxi jakin arren gai sentitzen nintzen ginen filme baten egituran pentsatuz komiki bat egiteko. Bestalde, merkatuan nobela grafikoaren alorrean hutsunea zegoela ikusten genuen.

Euskaraz irakurtzeko modurik izango da?


Bai, nahi nuke. Gainera, herri protagonista Holanda izan arren euskaldunek hobeto uler dezaketela uste dut.

“Atzerrian zaudenean beharrezkoa da leku bat bilatzea, bertatik zure buruari begiratzeko” aipuarekin hasten da liburua. Nondik begiratzen diozu zuk zure buruari?


Ezinezko puntu batetik, oinak Holandan eta burua Euskal Herrian izatea ahalbideratzen didan leku batetik. Fantasiaren kontzeptuaz gain bi estrategia edo tesi biltzen dira liburuan. Bi tesiak liburuaren hasietako bi aipuetan laburbiltzen dira, bata Evarena litzateke, eta dio “plazera une batean kontzentratzea besterik ez da, izatetik ihes egitean datzan prozesua”. Levinasen aipu bat da. Zuk aukeratutako esaldia Anderren tesia da eta dio atzerrian zaudenean ezinbestekoa dela leku bat aurkitzea bertatik zure buruari begiratzeko. Esaldi hori Shingurena da. Identitateaz hitz egin nahi genuen bi jarrera horietatik abiatuta.

Azken batean, bi kontzeptu daude, bata, identitatearena da eta, bestea, identitate ezarena zentzu positiboan. Bi gauza esan daitezke zure identitatearen buruz galdetzen dizutenean, nik bi gauza esan baititzaket Euskal Herriari buruz: esan dezaket euskalduna sentitzen naizela, eta egia da, baina hori ez da hain garrantzitsua, askoz ere garrantzitsuagoa da esatea ni Euskal Herriaz maiteminduta nagoela. Norbaitekin edo zerbaitekin maitamenduta egotea miraria da, zure burua ahazten zaizulako. Pianoa jotzea bezala da, pianoa jotzen benetan gozatzen ari bazara zure burua ahazten zaizu, denboraren kontzientzia galtzen duzu, ez dakizu zenbat denboraz ari zaren pianoa jotzen eta bat-batean diozu nor naiz ni? Non nago ni? Eta prozesu hori askoz ere interesgarria iruditzen zait norbere buruaz pentsatzea baino. Bi prozesuak osagarriak dira, baina kontrajarrita datoz liburan. Alde batetik, Anderrek egiten duena psikoanalisi modukoa da. Nor naiz ni?, zergatik nago hemen?, zer bilatzen dut hemen?, zer da Euskal Herriaz eta Holandaz gustatzen zaidana?... Eta Evak guztiz kontrakoa egiten du: momentuari plazera hartu, momentuak atsegin egin...


Irudietako batean Anderrek Euskal Herriko mapa marrazten du hondarretan. Askotan egin izan duzu zerorrek?


Zentzu metaforikoan bai. Nederland is mijn fantasie animazioaren eta liburuaren eszena garrantzitsuenetako bat da. Mapa marrazten duen bitartean Anderrek Euskal Herria eta Holanda antzeko herriak direla azaltzen dio nederlandar bati. Hiru esalditan azaltzen du zergatik. Anderrek dio hiru motatako herri daudela: herri maskulinoak ala femeninoak, herri txikiak ala handiak eta herri indibidualistak ala kooperatibistak. Eszena horrek laburbiltzen du Anderren barne mundua. Herbeheretako mapak eta Euskal Herrikoak berez ez dute antzik, eta ez dute elkarrekin ezer osatzen ikuspegi normal batetik. Baina irudi horretako perspektibari esker bi mapak mapa bakar batean marraztea lortzen du Anderrek. Eta hau da Anderren desioa: ezinezko irudi bat osatzea, hau da Euskal Herria ikusteko gauza ez direnei Euskal Herria ikustarazi diezaiekeen prespektiba bat eskaintzea. Gertatzen dena da Holandarrek Herbeheretako mapa ikusten dutela argi eta garbi eta euskaldunek, berriz, Euskal Herrikoa, baina oraindik ez dut bi mapak ikus ditzakeen inor aurkitu.

 


 



Zer sinbolizatzen du zure aitaren xisterak?


Iaz “Small nations, big games” (nazio txikiak, joko handiak) dokumentala egin nuen Jan Kuiper zuendariarekin batera, aitaren xistera elementu sinbolikotzat hartuta. Filme honetan pilota hitzaren metafora da. Protagonistak ezin du euskal arazoaz mintzatu. Filma aurrera doan heinean ezintasun hau gainditzen du eta era berean sekula egin ez duena egiten hasten da: aitaren xistera hartu eta pilotan jokatzen. Oso planteamendu argia aukeratu zuen Janek, Nederlandarrei zuzenduta. Filma Herbeheretako tradizio “antiintelektualaren” barnean kokatuko nuke. Dokumentalgintza tradizio honetan gauzak ez dira azaltzen: erakutsi egiten dira. Eta filme honetan euskal arazoa tabu bat dela erakusteko oso indartsua den isiltasun momentu bat gertatzen da. Wittgensteinen esaldi famatuak dioen bezala: “zerbaitez ezin bada hitz egin isildu egin behar da”. Baina hori dena dokumentalaren barnean kokatzen da, ez da xisterak niretzat sinbolizatzen duena. Niretzat ere berezia da aitaren xistera, Madrildik Amsterdamera joan nintzenean eraman egin nuen. Berezia da objektu bat delako, ukigarria, aitaren munduarekin lotzen nauena. Baina nik ez dut sekula pilotan jokatu, nik benetan miresten nuena, liluratzen ninduena hizkuntza zen, euskara, kirol hori baino gehiago.

Dokumentalean Euskal Herriko politika tabua dela iradokitzen da.


Arazoa Espainiako inkontziente kolektiboa dela esango nuke. Inkontziente horren barnean hitzek beste esanahi bat dute eta guretzat positiboa dena negatiboa da haientzat. Tabua da guztiek onartutako esanahiei buelta ematea. Azken batean, benetako boterea duena hizkuntzaren kontrola duena da. Hori “Alizia mundu miresgarrian” liburuan oso ondo azaltzen da. Aliziak dio: “kontua da hitzen esanahia aldatzeko gai zaren ala ez”, eta Humpty Dumptyek erantzuten du: “kontua da nork agintzen duen, eta kitto”. Oso zaila da hitzen esanahia aldatzea, oso zaila da gidoia apurtzea. Egongo da jendea gidoia apurtuko duena, noski, baina bitartean bada gidoi bat apurtzeko. Bizitza osoan, Madrilen, beti gauza bera entzun diet politikariei, irakasleei, intelektualei, esatariei, kazetariei... kultura munduan dabilen edonori. Espainiako imaginario kolektiboan “euskal” hitza xenofobiaz erabiltzen dela esango nuke eta, gehienetan, ohartu ere egin gabe. Kezkatzen nauena da euskaldunok ez ote dugun inkonziente kolektibo hori, oharkabean, gurera inportatu. Kolonizazio mentala ikusten dut hemen.

Era berean, Euskal Herria Espainian obsesioa dela esaten duzu dokumentalean. Zein zentzutan?


Euskal Herriak Espainia hitzaren esanahia mugatzen duelako. Kataluniak eta Euskal Herriak espainolei erakusten die ez direla uste duten bezalakoak. Eta hori onartzean dago arazoa. Holandatik Espainiara begira gauza batek harritzen nau: Espainian errealitatea den bezala onartzeko ezintasuna dute. Ez bakarrik politikari eta gai handiei dagokienean, eguneroko jarrera arruntenetan baizik. Ezbehar txikien edo gaixotasun arrunten aurrean ere zeharo ezberdinak dira jarrerak Espainian edo Holandan. Eta, beste alde batetik, obsesionatuta daude interes politiko berezia dagoelako hori horrela izateko: Euskal Herria chivo expiatorio-a da Espainiarekiko: gaitz guztien iturria.

“Euskaldun gisa, beti zara barbaroa edo terrorista” ere entzungo dugu.


Euskaldun batek bi era dauzka Espainian egoteko: edo espainiar gisa (eta horrela bada munduko personarik onenea izango da: noblea, ausarta, etab.) edo “barbaro” gisa. Zaila da bigarren kasu honetan hitz bat aukeratzea. Niri barbaro hitza gustatzen zait: “ulertzen ez zaiona”, “zibilizaziaren amaiera dakarrena” da. Testuinguru horretan terrorismo hitza sinonimo bat da.


Lan hauek, ze erreakzio sortzen dituzte Euskal Herritik kanpo?


Nederland is mijn fantasie ez da ezagutzen Flandes eta Holandatik kanpo, eta han nahiko erreakzio onak sortu ditu. Small nations-ek ondo funtzionatzen du Holandan. Hortik kanpo oso positiboak diren pare bat erantzun jaso ditut Euskal Herrian eta, harrigarria bada ere, Madrilen ere bai beste pare bat. Horretaz aparte isiltasuna nagusi. Bada gaizki erantzun duen jendea ere.

“Euskal Herriak erakutsi dit nor naizen eta zer maite dudan”. Nor zara? Zer maite duzu?


Nik uste maite duguna garela gu. Filmean esaten den bezala Euskal Herria bezalako herriak maite ditut. Mundua Euskal Herrian eta Euskal Herria munduan aurkitzen saiatzen naiz beti. Pozik sentitzen naiz Holandan euskaldun bati entzun niezaiokeen esaldi bat entzuten badut. Agian inora ez doan ariketa mentala besterik ez da. Duela hiru arte Japonen izan nintzen, tren bat hartu eta Hendaia eta Donsotiaren arteko “topoaz” oroitu nintzen trena ia-ia etxeetako sukaldeen artean igaro zenean.

Orain gutxi Zirimiri Press argitaletxea sortu duzue emazteak eta biok. Zer helbururekin?


Agian, Anderren eta Evaren munduak batzeko. Alde batetik, euskal kultura zabaltzea eta ezagutaraztea da helburua eta, beste alde batetik, zoriontsu izatea. Euskara zorintasun iturri da niretzat, eta baita Cristinarekin lan egitea ere. Oso ongi ikusten dut Zirimiri Pressen egitasmoa gure ilbilbide pertsonalean.


Euskal literatura gertutik jarraitu duzu?


Bai, euskararekin dudan kontaktu bakarra irakurtzen dudana da askotan. Agian nire euskalduntze prozesuarekin lotuta dagoelako, baina, batez ere, belaunaldi batek izugarrizko eragina izan zuen nigan. Atxaga eta Sarrionandiaren eskutik hasi nintzen euskaraz irakurtzen, eta mundu berri bat erakutsi zidaten. Euskal literatura normalizatzen den heinean ez da hainbeste gertatuko, baina beti iruditu zait euskal idazleak, hizkuntza gutxitu bateko idazleak diren neurrian, lan estra-sortzailea egin behar izan dutela. Etxe handi batean bizi den idazlea gelaz-gela ibili daiteke inspirazio bila, baina gela bakar bateko etxean bizi dena konponbide erradalikagoetara behartuta dago. Adibidez, paisaia baten argazki erraldoi batekin gela papereztatzea erabaki dezake nolabaiteko irekitasun birtuala bilatzeko. Eta zein paisaia bihurtuko du bere etxea: basamortu? Itsaso? Paisaia polar edo tropikal? Horrela ikusten dut garai bateko jarrera extra-sortzaile hori.

Hasteko, 1970. urtetik aurrera jaiotako emakumezko idazleen ipuinen antologia bat itzuli nahi duzue nederlanderara. Zergatik hautu hori?


Alde batetik euskal emakumezko idazle gazte asko eta oso onak daudelako eta beste alde batetik antologia horri abiapuntu pareagabea iritzi geniolako Holandan Euskal literatura erakusten hasteko. Holandarrek duten Euskal Herrirari buruzko irudiari erreperatu genion. Euskal Herria Espainiako probintzia bat besterik ez da holandarrentzat. Haien irudirako Espainia zer zen ikertu genuen eta honako hau deskrubitu genuen: Espainia hitza aipatu eta holandarrei bi hitz etortzen zaizkie burura: bata “temperament” eta bestea “machocultuur” (matxismotik haratago doan kontzeptu bat). Guk haiek Euskal Herrira beste leku batetik begiratzea nahi genuen.


Zenbateraino esango zenuke dela erromantikoa, idealizatua Euskal Herriaz duzun irudia?


Ba agian bai, guztiz idealizatua. Baina norbaitek hori esaten didanean, idealista Ander dela erantzuten diot. Alter ego bat izatearen abantaila.


Inoiz pentsatu duzu bizitzera Euskal Herrira etortzea?


Jadanik Holandaren eta Euskal Herriaren artean bizi naiz. Nik uste Holandan egoteak on egiten didala, distantzia ona da nire fantasia mantentzeko. Izugarrizko beldurra diot hona etorri eta Euskal Herrian gero eta euskara gutxiago hitz egiten dela ikusteari, Euskal Herria gero eta espainolizatuago dagoela aurkitzeari.
Nortasun agiria
Henrike Olasolo 1966an jaio zen Madrilen eta han hazi zen, baina betidanik oso harreman estua izan du Euskal Herriarekin. Euskalduna du aita, Jeronimo Olasolo etxebarritarra, zesta-puntista ohia, eta oporraldietan aitaren baserrira edo Donostiara etorri ohi zen umetan. Arkitektoa da, baina literatura, zinema eta artea ditu pasio. 1993an hasi zen euskara ikasten Madrilgo Euskal Etxean, baita erabat euskaldundu ere. 2003tik Amsterdamen bizi da Herrialde Katalanetako Cristina Richarte emaztearekin. Bien artean sortu berri dute Zirimiri Press argitaletxea, euskal literaturako obrak nederlanderara itzultzeko. Elkarlanean idatzi eta ilustratu dute Nederland is mijn fantasie eleberri grafikoa ere. Henrikek alter ego euskalduna du: Ander. Euskal Herria eta euskara beti daude presente bere bizitzan eta imaginarioan.
OFF THE RECORD - “Hator, hator...”
Abenduaren 24an gelditu ginen Henrike Olasolorekin elkarrizketa egiteko. Goizeko 11etan. Taberna bateko mahaian eserita grabatu genituen haren hitzak, baina ez harenak bakarrik: hiru-lau aldiz baserritarrez jantzitako pertsona txikiak sartu ziren tabernara, txapel, zapi eta abarka, eta grabagailuak hiru-lau aldiz grabatu zuen: Hator, hator mutil etxera...

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude