Energia berriztagarrietan oinarritutako mundu berria iragartzen zaigu, petrolioa urritzen hasia delako. Baina hartara iristeko trantsizioa gogorra izanen dela diote adituek. Inork ez duenez hasi nahi gehiegizko energia kontsumoa txikiagotzen, latzak izango dira borrokak.
Petrolioagatiko gerra berriak ikusteko gaude, egunkari serio eta kontserbadorea den La Vanguardia Bartzelonakoak joan den irailaren 27an iragarri zuenez: Hacia las nuevas guerras del petroleo. Mendebaldeko potentzia handiek Iranekiko daukaten tirabira edo potentzia horiek berek Libiako Muammar el Gadafi lehen madarikatuarekin sinatu duten bakea aipatzen ziren hartan, azken aldiko sintomatzat.
Energia denez herrialde ororen gai estrategiko nagusietakoa, eta gero eta begien bistanago dagoenez hemendik aurrera petrolio produkzioa ez dela handitu ahal izango, potentzia nagusiak jabetuta daude arazo gogorrak datozkiela. La Vanguardiak espreski aipatu du Britainia Handiko energia ministro Malcolm Wicks-en aginduz burututako analisi bat.
Ingelesen energia hornikuntzak arrisku geologiko, geopolitiko eta ekonomikoak nozituko omen ditu ondoko hamarkadetan. Petrolioa ekoizten duten herrialdeetako arazoak, alegia. Geopolitika alorrean agintari ingelesei kezka eragiten die petro-nazionalismoa indartzeak, herrialdeotako ezegonkortasunak, produktore batzuen artean bilduta joera monopolistak hartzeak... Baina, harrigarria dirudien arren honela esanda, kezkatuta daude ekoizleek erabaki dezaketelako petrolioa mantsoago ateratzea kontsumitzaileek nahi dutena baino.
Ondo pentsatzen jarrita, energia noiz iritsiko zain dagoen herrialde batentzako aski motibo gerta liteke petrolioa ekoizten duen herrialde batek, dena delakoagatik baina seguruenik lurpeko aberastasunaren etekinak hobeto kudeatu nahi dituelako denboran, hornikuntzan bestelako epeak ezarri nahi izatea. Gaurko eta biharko gerrak ulertzeko kontutan edukitzeko faktorea da.
Mendebaldeko potentzia guztiak, handi eta txiki, energia berriztagarrietarako trantsizioa ari dira iragartzen. Nabarmenago AEBetan Barack Obama presidente denetik. Berriztagarrietan oinarritzeak arindu beharko lituzke, teorian, erregai fosilen inguruko gatazkak. Nahiz eta istilu berriren batzuk sortu, hala nola pila elektrikoetarako hain beharrezkoa den litioa amorrazioz bilatzen delako. Hala ere, arrisku handienak etor daitezke eskuragai dauden azken energia iturri fosilak harrapatzeko borroketatik. .
Hala uste du Michael T. Klare irakasleak. Klare unibertsitateko irakasle estatubatuarra famatua da giza eskubideez, armagintzaz, geopolitikaz eta azken urteotan energiaz idatzi dituen ehunka artikuluengatik eta liburu andanagatik. Hauetako azkena Rising Powers, Shrinking Planet: The New Geopolitics of Energy (Potentziak goraka, planeta hondora: energiaren geopolitika berria). Irailean TomDispatch gune aurrerazalean artikulu txit argigarria plazaratu zuen, ondoren Sin Permisok gaztelaniaz ipini duena: La era del exceso energético o la vida después de la era del petroleo. Ingelesezko orijinalak titulutzat dauka The Era of Xtreme Energy, euskaraz “Energiazko gehiegikerien aroa” edo “Energiazko extremismoen garaia” ipini genezakeena.
Urrun, kario eta zikin
Klare ados dator esaten dutenekin politena litzatekeela mundua petrolioarekiko menpekotasunetik energia berriztagarrietara trantsizio txukun batean pasatzea, baina seguru dago ez dela horrela gertatuko. Horren ordez, gero eta garestiagoak, eskuratzen nekezagoak eta kutsakorragoak izango diren petrolio, gas eta ikatzak eskuratzeko borroka bortitzak bizi beharko ditugu.
Sorterri duen AEBetara begira, Klarek nabarmendu ditu agintariek 2030rako eginak dituzten kalkuluak. Alegia, 2030an amerikarrek energiaren %37 petroliotik eskuratuko dutela, %23 ikatzetik, %22 gas naturaletik, %8 nuklearrettik, %3 hidraulikotik eta %7 baino ez eoliko, eguzkitiko, biomasazko eta beste iturri berriztagarrietatik.
Baina 2030an fosiletatik eskuratu beharreko %82 hori gaurkoak ez bezalako baldintzetan ekoiztu eta banatuko da. Peak Oil fenomenoagatik, hogei urte barru petrolioa eta gasa lurpean, askotan itsaso sakonetan, askoz azpirago aurkituko da, neke handiagoz eskuratuko, kutsadura handiagoa eraginez... eta gaurko aldean oso garesti.
Ingurumenak jasango dituen kalteak are beldurgarriagoak izango dira ondoko hamarkadetan. Klare ez da ari klimaren beroketaz, edo ez horretaz soilik. Ikatza gero eta gehiago lurrazaleko meategi erraldoietatik eskuratzen da, mendi osoak eraitsita. Petrolioa lortzeko area asfaltodunak tratatu behar dira, edo gero eta sakonago zulatu, ur gehiago usatu, birfintze prozesu kutsakorragoak erabili.
Hala ere, energiatan ari diren korporazio erraldoiek segitzen dute erosten munduko lekurik bazterrenekoetan petrolioa, gasa edo ikatza ateratzeko baimenak erosten. Kario pagatzen dituzte eskubideok sarritan, elkarren arteko lehiagatik. Baina badakite kontsumitzaileak energia monoz egongo direla 2030an eta geroago ere.
Beraz, oraindik energia berriztagarrien loralditik urrun bizi gara. Iristekotan, ez dute gure ondorengoek ikusiko mende erdi aldea baino lehen. Bitartean, gero eta eskuratzen zailagoak diren energia iturriekiko are menpekoago biziko da gizakia. Alde batetik ingurumenean eragingo dituen kalteek borroka sozialak eragingo dituzte, bestetik petrolio eta ikazkintzan ari diren korporazioak are erraldoiago bihurtuko dira. Eta prezioak asko garestituko.
Geopolitikan ispilatuko da guztia, dagoeneko ikusten den moduan. Kontsumitzaile diren heinean tirabirak dituzte AEBek, Txinak, Europar Batasunak, Errusiak, Indiak eta Japoniak. Produkzioa eskuratu nahian, itsasoko gasak liskarrean dauzka Errusia eta Norbegia, munduaren beste aldean Txina eta Japonia ere bai. Artikoan disputan ari dira Kanada, Dinamarka Norbegia, Errusia eta AEBak. Ez gerran sartzeko adina, baina beharrak eraginda jenioa bizituko zaie lehiakide guztiei. Ez dira ahaztu behar, gainera, gaur sutan diren gerra eta gatazkak, Nigeriakoa, Ekialde Hurbilekoa edo Kaspio ingurukoa.
“Gutako askorentzako –laburbildu du Klarek– energiazko desmasien aroan bizimodua ez da gozoa izanen. Prezioak garestituko dira, ingurumenaren arriskuak gehituko, atmosferara doan karbono dioxidoa ugarituko eta gatazka arriskua handituko”. Soluzioa badakigu zein den, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitu, gure bizimodua eta zibilizazioa berrantolatuz. Baina esaten erraza bezain zaila da egiten.
“Ez da itxaropena galdu behar eta lan egin behar da aldatzeko. Baina bitartean, lotu ditzagun segurtasun uhalak. Hastera goaz bidaia mendi errusiarrean barrena”.
Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko... [+]
Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidente den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra... [+]
Maiatzaren 10ean egingo dute: Bardean hasi eta Donostiako manifestazioraino. Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista izango ditu ardatz.
Giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna neurtu dute: leku jakin batean bizi daitezkeen baina bizi ez diren espezieen... [+]
Tentsioa goraka ari da bi herrialdeen artean, Pakistango talde armatu batek 26 zibil hil zituenetik apirilean. Indiak bederatzi guneri egin die eraso eta beste horrenbeste hildakorekin erantzun du.
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Kalean nindoan geneetan daramagun dispertsio joerara guztiz emana, bide fisiko eta curricularretatik desbideratzen zaituen abstrakzio alferrikakoren batean. Aurretik hogeita hamarrak bete gabeko neska bat. Zerbait erori zaio poltsikotik. Neska ez zen ohartu. Item bat zen... [+]
Yanis Varoufakis-ek DiEM25 mugimenduaren Youtubeko kanalean elkarrizketatu du Columbiako Unibertsitateko Jeffrey Sachs irakaslea. Horrek azaldu du nazioarteko politikan Amerikako Estatu Batuek pokerrean jokatzen dutela, Errusiak xakean eta txinatarrek Go jokoan. Azken hori... [+]
Bi toki diferentetan egokitu zait garbiketa egitea aldi berean. Ez garbiketa arrunt bat, baizik eta egunerokoan inguratzen gaituzten paisaiak beste era batean arakatzera behartzen gaituen hori, kanpoko objektu fisikoekin batera norberaren baitako egiturak ere mugiarazten... [+]
Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak... [+]
Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]
Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain”. Horrela hasi... [+]
Euskadi markak, eraikuntza sektoreko ekonomiaren estrategian, “industrializazioa” mantrarako hitz gisa hartu duela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza publikoaren eraikuntzan industrializaturiko prozesu eta elementuak lan guztien %65a izatea... [+]