Pozoia

Esan ohi denez, ez du beti hiltzen pozoiak, neurrian administratzen jakinez gero. Era askotakoak daude: solidoak, likidoak eta gaseosoak. Organismo batean, asaldura larriak eragin ohi dituen substantzia toxikoa da pozoia.

Artseniko zuria, uretako astaperrexila, lupu beltza edo antraxa, estriknina... Toxikatu, gaixotu eta, deskuidoan, akabatu egiten duten substantziak dira horiek. Bere bidea egiten du pozoi bakoitzak, propio berea, eritasunetik heriotzaraino.

GAROÑA. Itxi behar zutela, baina ez dute itxi: “Ay, si, si! Ay, no, no! Markeroliño marketxuleta marketxo txuriano...” Agintariek diotenez, denon hobe beharrez mantentzen dute zabalik eta martxan. Pozoia zerbitzatu digute, zilarrezko plateretan bada ere.
Pozoi aktiboa da Garoñakoa. Pozoi politikoa. Gezurraren pozoia. Energia-ekoizle diren enpresa ahaltsuen pozoi esanguratsua, geure buruetara tantaka isuria.

Ez dute ezertarako balio izan ekologisten protestek. Ezta politiko batzuenak edo herri-administrazioen izenean mintzatu diren hautetsienek ere. Ez du balio izan, herritar askoren ahotsak. Ezta milaka manifestazio egiteak ere. Pozoia, beti pozoi.

GORBEIA. Mendi enblematikoa pozoitzen ahalegindu dira: “Gorbeiako larrean, aker bat dago erdian, atso herrena dabil bere aurrean dantzan” kantatu izan dugu umetan, gurutzera ailegatu izan garenean, Arratia sakonetik hurbilduta edo Mairulegorreta iradokitzailetik. Edo Orozkotik. Edo Barazarretik. Edo...

Aker, atso, lami, basajaun eta era guztietako izpirituak uxatu dituzte militar espainiarrek Gorbeiatik. Derrepentean. Piperpotoa administratu diete denei eta gurutzea prezintatu.

Konstituzio hitza ahoan ailegatu dira militarrak. Bakean dagoenari, bakean utzi behar zaio. Baina, batzuek ez jakin hori. Metroka ehundutako bandera triste hori ezarri digute han, Euskal Herriko paisai ederrenetakoa duen gailurrean. Ortziaren muga besterik onartzen ez duen amestoki ederra pozoitu gura izan dute.

MUGAREN MUGAK. “Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?”. Eguraldiaren eta giroaren azalpena egiteko, esatariek erabiltzen dituzten telebista-mapa horietara ere heldu da alkaloide suntsitzaile bat. Lardaska sinboliko berria.

Euskal Herriaren forma-aniztasun beti eztabaidatuaren baitan, orain beste bariante bat erakutsi digute ETBn. Hirurak-bat, laurak-bat, zazpiak-bat, seiak-bat... ezagunak genituen mapa horiek guztiak euskararen herriaren mapa marraztu gura genuenean, Euskal Herria irudikatu gura genuenean.

Orain, sorgin ilunen alkimia politikoak hala eskatuta, inongo abertzalek pretenditzen ez dituen lurraldeak erantsi dizkiote Euskal Herri telebisatuari: Biarno, Errioxa, Burgos…

Geografia ikas dezagun egingo dute, seguru asko.

ARROSAREN IZENA
. Umberto Ecoren nobela horrekin akordatu naiz. Ecoren eleberri famatuan, rol garrantzitsua betetzen zuen pozoiak. Baita gezurrak ere.

XIV. mendeko eztabaida erlijioso nahasietan giroturik, Alpeetako abadia batean gertatutako zenbait heriotza ilun kontatzen ditu idazleak. Eleberri horretan, fikzio horretan, bibliofagiak akabatu zuen abadia horretako Jorge de Burgos fraide itsua, liburuzain zaharra, Aristotelesen Poetika denen begietatik ezkutatu nahi zuena.

Eleberriak azaltzen duenez, arrastoa uzten du beti gezurrak. Baita pozoiak ere. Gogoratu fraide haren lerde urdina, inork ez irakurtzeko, Aristotelesen liburua jan zuenean, pozoi eta guzti.

XXI. mendean bizi gara. Baina akordatu, nobela horrekin akordatu naiz.

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude