Larrun, Larrun...

  • Zapaltzen duen zango bakoitzak beherantz pusatzen balu mendia, eta milimetro bat galtzen balu urratseko, Larrun lur azpiratua litzateke jadanik. Baina oraino gora eder ageri da, merezi du bisitaren egitea.
Larrun
Larrun
Ez zuen Sarako apez berriak deusik konprenitzen. Etxalde batean hiru edo lau mutil ikusten zituen, edo berdin bost, seikoak ere baziren. Alta, laboreen merkatua ez zen hoinbertze buru mantentzeko heinetan. Justu-justuan bizi ziren laborariak ondoko herrietan. Eta Saran etxalde batzuetan behi-buru bezainbat mutil bazen. Ez zitekeen. Azken afariko mirariak gertatzen ziren herri hartan.

1993an Espainia delakoaren eta auzo duen Frantzia harroaren mugak guziz ireki ziren artio, egunez bezainbat lan egiten zen gauez Sara inguruetan. Baina urte horretan finitu ziren istorioak; kargamentu galtze zorigaitzeko, gaua Anttonen Bentatik Donibanerainoko bidean iragan ilargi berriko egunak, udan gau goxoak bai baina sobera labur eta nahiago negu gau hotz bustiak, eta guarden eskuetan erori kamaradak, hilak ere bai... Orain gaueko loak hartua badu ere herria, egun ere seinale da Sara kontrabandisten herri izana dela. Ez etxe ederrengatik, ez xenda ttipiengatik. Mintzoak du ageri. Guarden eta salatarien beldur bizi zenak ez du hitz-erdi bat debaldetan erranen, eta dion hitz-erdi hori ere ongi neurtua. Ez du bere burua salduko. Saratarrak badaki nora nondik joaten den, eta zer nola erran daitekeen.

Gizonak izaiten ziren karga eramaile, pisu handiak erabiltzen zituzten bizkarrean. Bidoiak zirelarik hogeita hamabortz kilo izaiten zituzten bederen. Eta hiru lagunen artean eramaten zituzten bi. Ez zuen bizkarrak guti sufritzen. Eta lorik ezin egin gainera. Baina emaztekiek ere ez zuten lo gehiago egiten. Noiznahi entzuten zen ate-soinua, kontrabandistaren bat babes eske, edo zerbait jatera heldu indarren hartzeko, gau oro izaiten ziren halakoak, eta batzuetan gauean behin baino gehiagotan. Guardek ere joko zuten atean, eta haiek ere ohildu behar bi gezur erranik. Edo eltzekaria bazuela eta nahi zutenez eskaini, senarra eta lagunak pasatuak baldin baziren orduko, ez zen guardak sukaldean atxikitzea bezalakorik.

Urte luzez xaguxahar anitz ibili da Sarako mendi muino eta ordokietan, orain bide arrasto zahar horietan itxiturak eginak dira, jendeak lurrak erosiak eta hetsiak ditu. Beraz ez daitezke bideak lehen bezala kurri. Baina zangoz ez daitekeena egin daiteke begiz, eta Larruneko maldetarik apreziatzen ahal da non gaindi ibiliko ziren gaueko iheslari haiek. Larrun inguru osoko zaindaria baita.

Plazatik parti

Sarako herriko plazatik Larruneko kaskora joan-jina hamazazpi kilometrok egiten dute. Zango sagarrak berotzeko bidea da, baina urrats lasaian nornahik egin dezake. Sarako plazan plantatu, eta carpe diem mezuak ematen ditu eliz hormak: “Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenak du hobirat igortzen”. Ikus daiteke eliza gorputz zahar eta kasko berrikoa dela. Duela lauzpabost urte su batek hartu baitzuen kanpandorrea, eta zikoinak eskapatu ziren, baina habiak, eta zurtoin eta habeak erre ziren. Eliza soildua gelditu zen. Eta hala pasa zituen bi negu. Gorriti eskultoreak bizi berria eman zien egur zahar erre haiei. Herriko Etxean bada bat ikusgai eskaileren artean.

Plazatik mendebalderako bidea da hartu behar, GR-10 delakoa, Larrunen bizkar konkortuak erakusten duen norabidean. GR-10 hori segitzea aski da, lehenik beherantz, eta Portun erreka jotzeraino heldu da. Erreka gainetik jauzi, eta handik ehun-berrehun metrora ipar-mendebalderantz da pausoa zuzendu behar. Bide horri jarraiki behar zaio, berak bide berriraino eraman arte. Eta San Inazio lepoko geltokia agertuko da bidearen buruan. Beroketa ttipi bat izan da, etapa orain hasiko da zinez, Larruneko maldak aski pikoak baitira. (Mendizale kartsuentzat, edo hats berri bila doazenentzat aholkua: hobe da ez uda betean joaitea, ekainetik buruilera arte turista folkloriko frantses andana bat izaten baita, eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian besta egun diren astegunetan ere hobe da Larrunera ez hurbiltzea. Mukuru izaten da jendez, ez du mendia ere iduri. Egunez milako bat igaten da trenez goraino, halako kontrabandorik ez da sekula izan...).

Hiru iturriak

Larrunek, udako egun ederretan, Parisen eite handiagoa du Sararena baino. Trenak ezagutarazi du frantsesen artean, eta egun oro jiten da jende berria. Baina hori hala izanik ere, meritu bat aitortu behar zaio. Trenari esker, adinekoak, eta elbarriak ere, mendira igan daitezke, bestela debekatua zaien lekura. Aski kario da, igan eta jautsi hamabortz bat euroren gastua ateratzen da, baina jendeak errazkiago jotzen du sakelara zangoetara baino. Alta, trenak bere xarma baduela aitorturik ere, Larrun mendia, politena, pausoan berdintzea da.

Pauso bidea hautatu duenak tren geltoki gibeletik doan oinezko bidea du hartu behar. Zuhaitzen artetik egiten dira lehen metroak, eta hostoen artetik trena azalduko da mandoak bezala karga bizkarrean harturik. Gora fite hasten da, eta tragoa ere galdegiten du gorputzak, hala du bere izena hartua bide zati horrek: Hiru Iturriak. Doanak jakinen du zergatik.

Garo, gaztaina, pago... eta gure zango, beti gora doa bidea, behetik gora. Baina Larruneko maldek bi zati dituzte, erdian badute halako pausaleku gisako bat, hats eta ur berritzeko. Hara buruz, beti, eta ez galtzeko pistan, GR-10 bidelagunari zaio segitu behar. Momentu batez erreka baten kantua sentituko dugu beharrietan, ur pasabide mehe batetik hurbiltzen ariko gara, eta hura gainetik trabeskaturik mendebalderantz segitu behar da. Bidegurutze batek dudan emanen gaitu, eta GR-10 lagun fidela bazter utziko dugu. Orientazio oneko jendeak aise asma lezake, baina buruan GPSrik ez dutenentzat, hegoaldea da hartu behar den norabidea. Eta hala, emeki-emeki, Larrunen gandorra begien artera azaltzen ariko da. Handik goiti ez da erran beharrik ere nora buruz den hartu behar, trenbide zaharrak egur ohol pisuak gurutzatuak ditu lurrean burdinbideen erdian, eta horietan eskailera bat ikusten ahal da, eta hala igan, azken urratsak neurtuz. Ez da begiek uste bezain fite arribatzen gor-goraino, baina azkenean tontorra bera hasten da zangoetara hurbiltzen.

Mendi punta komertziala

Souvenirs, Liqueurs, Pastis...
Ez da mendi eder batek merezi lukeen azken argazkia. Komertziorako ustiatua da mendi gaina, eta xarma guzia galtzen du begietara, baina hari sobera so egin gabe hobe da burua gibelera itzultzea. Halako paisaiarik! Lapurdiko kostalde osoa, eta Gipuzkoako itsas bazterraren zati handiena begietara sartzen dira Larrun gainetik. Zeru argiko eguna bada, ez da halako talaiarik Euskal Herri osoan, eta lainoak bista armiarma saretzen badu, Artzeren poemak kontsola lezake bisitaria: “Maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean...”.

Begiak, sabela, aseak direlarik, behera bidea aise egiten da. Lehengo bera da, baina Newtonen sagarrak laguntzen du, eta kilometro kopuru bera egin behar bada ere denbora erdian urra daiteke bide osoa. Gainera inguru osoa ikusiz doa pausoa aitzina, eta Sara aldeko mendi apalagoak ere panoramika polita osatzen dute: Zugarramurdi aldea, Etxalar bidea, Senpere ingurua... Kontrabandistek begiak hetsirik ere eginen zituzketen bideak, baina merezi du begiak zabalik eramaitea. Bideak on dagizuela.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude