«Desioa salbazioa da»

  • Hitz egin dizue sekula filosofo batek ezpainetako margoa eskuan duela? Guri bai, eta kasu honetan gizonezkoa da.
Francis Diez
Dani Blanco

Mirariak Lourdesen?


82a zen eta autostop egiten ari nintzen Lourdesen, Gabarnie aldera eskalatzera joateko. Bilboko matrikula zuen auto bat ikusi eta keinuka hasi nintzen gelditu zen arte. Auto hartan ezagutu nituen okindegian sozio izango nuena eta Doctor Deseoko aurreneko gitarra-jolea. Mirariak Lourdesen: hantxe sortu ziren Doctor Deseo eta okindegia. Meñakabarrenako baserri batean bizi nintzen orduan. Antigoaleko labe handi bat zeukan, eta han egiten genuen ogia. 25 urtean jardun nintzen astelehen, asteazken eta ostiralez lan egiten. Gustatzen zitzaigun lana egin nahi genuen, eta guk markatu nahi genituen lan-baldintzak eta lanegunak. Ni nintzen enpresa, langilea, banatzailea...
 

Zergatik utzi zenuen okindegia?


25 urte eta gero musikak gehiago eskatzen zidan, okindegiak ere gehiago eskatzen zidan… eta erabakia hartu behar izan nuen, kostata. Okin lana gustuko nuen eta, gainera, musikan ere asko laguntzen zidan: ogia lurra zen, errealitatearekin kontaktua; musika lurrarekiko harremana gal dezagun egina baitago. Beti eskertu dut gauza primarioak eta fisikoak egitea: ogia egitean banekien zertarako balio zuen, osagaiak zeintzuk ziren... Utzi nuenean astebete egin nuen okindegian lotan, erabakiaren kontzientzia hartzeko.
 

Arriskuak ere bazituen erabakiak...


Oso argi dut munduan bi eratako jendea dagoela: korrontearen menpe doazenak eta beren bizitzaren kontrola eramaten saiatzen direnak, sentsazio hori ameskeria hutsa den arren. “Nire bizitza” deitzen diodan denbora horren pautak neure kabuz markatzen saiatu naiz ni: ez naiz sekula etorkizunen, iraultzen edo zeruen zain egon. Zerua daukagun hauxe da, ez dago besterik. 51 urte ditut eta ez dakit zer diren ordaindutako oporrak, paga estrak, Gizarte Segurantzan izena emanda egotea... Gaztea nintzenean hilezkorra nintzela uste nuen, eta ez zitzaidala sekula ezer gertatuko. Ondorioz, arriskuak har nitzakeen. Eta gaur arte asmatu egin dut.
 

Baina ez zara hilezkorra... Zenbat aldiz hil zara Bilbon?


Egunsenti bakoitzean [barrez]. Momentu emozionalik gogorrenetan benetan sentitzen dugu hil egingo garela: banaketetan, lagunekiko arazoetan... eta egia da, benetan hiltzen gara apur bat. Baina berriro jaiotzeko gaitasuna ere badugu eta, minak ondo kudeatzen jakinez gero, indartsuago jaioko gara eta pertsona hobeak izango gara. Hiltzen gaituzten minak gaizki metabolizatuz gero izugarrizko letxe txarra garatzen da munduaren eta norbere buruaren kontra, eta beldurrez beteriko zakuak bihurtzen gara. Eta benetako heriotzaz ari bazara... Iaz bete nituen 50 urte zuzeneko kontzertu batean eta esan nuen: “partiduaren aurreneko zatia amaitu da, orain hasiko da bigarrena eta interesgarriena”. Hori da bizitzarekin eta heriotzarekin dudan kontzientzia: badakit bigarren zatian nagoela.
 

Gaur egun nolakoa da zure egun arrunt bat?


8:30ean jartzen dut iratzargailua eta 8:45ean edo 9:00etan jaikitzen naiz, eta egiten ez badut, nire burua zigortzen dut. Munduan dagoen gauzarik zailenetakoa da norbere burua antolatzea. Askoz zailagoa da norbere bizitza antolatzea kanpotik antola diezazuten baino. Goizean, ordenagailua pizten dut, eta gitarra hartuta konposatzen saiatzen naiz, zerbait idazten, konponketaren bat egiten, melodiaren bat markatzen, musika entzuten, irakurtzen... Goiz erdian-edo tabernara jaitsi ohi naiz burua argitze aldera: kafea hartu, tortilla pintxo bat jan eta egunkaria irakurtzen dut. Eta ondoren lanean segi. Orain entseatzen ari gara eta astean hiru arratsaldetan joaten gara lokalera. Edozein behargin bezala egiten dugu lan, edo pixka bat gehiago.
 

Zure musika ibilbidea Doctor Deseori lotuta egon da beti. Ez duzu behin ere taldea utzi eta beste zerbait egiteko tentaldirik izan?


Ez. Musika uzteko tentaldia askotan izan dut, krisialdiak izan ditut, baina gaur egun ez naiz kezkatzen, bai baitakit, interesgarria eta garrantzitsua den edozerk aldian-aldian krisiak izaten dituela. Eskatzen duen ahaleginaren ondorio da. Baina Doctor Deseotik aparte beste zerbait egitea ez zait sekula burutik pasa, Doctor Deseo musikari gisa eta pertsona gisa hazten lagundu didan proiektua izan da. Oso argi daukat musikaren garapena garapen pertsonalarekin lotuta dagoela: benetako musika egin nahi baduzu eboluzio pertsonalari lotuta egon behar du sorkuntzak.
 

Okin kabaretaria da Francis?


Bai, bizitza apaintzen duten kontraesan horietakoa litzateke. Kabareta betidanik gustatu zait. Oso gaztea nintzela ikaragarri erakartzen ninduen jada desagertuta dagoen Bilboko auzo txinatarrak, “music hall”a zegoen han... Bertan ezagutu nuen “Colorines”, Gorteak-eko aurreneko transformista. Horrek guztiak liluratu egiten ninduen: literarioki, bekatua zen hura. Bekatua han zegoen, eta erakargarritasun hori zuen. Erreala baino literarioagoa zen, han gertatzen zen guztiaren gordintasuna ere ezagutu bainuen. Baina asko liluratzen ninduten trabestien eta transformisten espektakulu horiek guztiek: miretsi egiten nuen zuzeneko emanaldietan agresibitatea, probokazioa eta samurtasuna elkartzeko zeukaten arteak. Nola batzen zituzten ustez hain kontraesankorrak ziren elementuak formatu berean. Gerora, jakina, asko interesatu ninduten gerra arteko Alemaniako kabaretak, Marlene Dietrichen filmek, Cabaret filmak berak... Adierazteko modu histrioniko hori, probokazioa eta samurtasuna batzen dituena, dena nahastuta. Eta hori guztia dotoreziaz aurkeztuta. Elementuen nahasketa horrek bizitza azaltzen zuen, sorkuntza... eta gizarte kritika ere itxura batean kontraesankorrak ziren parametro horietatik egiten zuten.
 

“Transformista punttu bat dut” irakurri nizun; “egunen batean nire izaera eta homosexualitatea aztertu behar nituzke nirekin zer gertatzen den jakiteko”. Zer gertatzen da zurekin?


Neuk baneki! Batzuetan, agertokian sexualitateaz hitz egiten dudanean, esan ohi dut ez zaidala asko interesatzen homosexualitate/heterosexualitate binomioa, baina egia da taula gainean gaudenean sexualitate poliedrikoaren irudikapena dagoela: femeninoa eta maskulinoa berdintasunez adierazten dira. Rock & Roll-aren historian ere gertatu izan da anbiguotasun hori islatzea, eta une horietan gizonek eta emakumeek euren femeninotasuna eta maskulinotasuna proiektatu ditzakete agertokian, biak batera agertzen baitira, biak batera eta nahastuta, eta naturaltasunez, gainera. Metamorfosisen galtzak jaitsi eta galtzerdiak igotzen nituen sinbolikoki. Beheko aldean galtzerdiak, beren liga eta guzti, eta gainean alkandora txuri bat... Bi gauzak integratzeko modu hori oso garrantzitsua izan da nigan betidanik. Ni ezaugarri jakin batzuekin nator “fabrikatik”, eta ezaugarri horiek zerikusia dute nire gizon izatearekin, jaso dudan kulturarekin, nire gurasoekin... Eta gauza jakin batzuetarako gaitua nator a priori; baina beti erakarri nau printzipioz ez dagokidan horrek, fabrikatik ekarri ez ditudan gaitasunek.
 

Zertarako gaitu zara a posteriori?


Ikasteko gaitasuna dugun zomorrotxoak gara beste ezeren gainetik, eta a priori zerbaitetarako gaitasunik izan ez arren, ikasi egin dezakegu, horretarako prestatuta dagoenak baino are hobeto ikasi ere. Ni, esaterako, segurtasun gutxiko pertsona izan naiz beti, lotsatia, barnerakoia..., baina ikasiari esker, malguki efektua sortu dezaket, eta guztiz kontrakoa proiektatu: izaera irekia, komunikatzeko gaitasuna... Hori maila guztietan da aplikagarria. Gizon bezala fabrikatik botererako eta akziorako prestatuta banator, niretzako oso garrantzitsua da kontrakoa ikastea: abandonurako eta sumisiorako jarrera. Hori muturreko jolasetara eraman daiteke: sadomasokismora, esaterako. Sadomasokismoan ez zait sekula interesatu minaren alderdia, baina bai botere-rolak elkartrukatzearena.
 

Oraindik moral kristauaren pean bizi dugu sexua?


Kristauak izango gara hiltzen garen arte, estigma hori ez dugu sekula kenduko. Ez da gauza bera ateo katolikoa edo ateo protestantea izatea; ateo musulmana edo ateo judua izatea. Kulturalki markatuta gatoz eta gugan, esaterako, kulpa sentimendua gainetik kendu ezinda ibiliko gara beti. Hobe da hortaz jabetzea eta horrekin bizitzen ikastea. Markatzen gaituzten elementu kulturalak ezagutzea garrantzitsua da: errua, penitentzia...
 

Zer sendatzen du Doctor Deseok?


Ez dakit musikak orokorrean ezer sendatzen duen, baina bizitzen laguntzen du. Rock & Rolla erritual garaikidea delakoan nago: agertokian zeremonia-maisuarena egiten dugu guk eta garrantzitsuena katarsia eragitea da, katarsi horrek taula gainean eta azpian eragin dezan. Ematen duenaren aurka, horretarako egoa galdu behar da: nik neure pena kontatzen badut, egiten dudana pena ematea da. Eta hori oso ondo dago lagun artean, baina musikaren eremuan patetikoa litzateke. Katarsiak eta emozio-jarioak sortu behar dira edozein tributako erritualetan edo tragedia grekoetan egiten zen gisan: herri osoari eragingo zioten katarsiak sortzen ahalegintzen ziren.
 

Eszenatokira igotzea eta jaistea. Goian eta behean egotea. Nola bizi dituzu gorabehera horiek?


Egin daitezkeen akats guztiak egin ondoren ikasten da oso garrantzitsua dela goian eta behean gertatzen dena bereiztea. Goian oso gauza magikoak gertatzen dira, oso sentsazio berezia da, hor goian norbait berezia zara eta oso egoera biziotsua da: bi orduko kontzertu batean sentitzen dena bizitzeko hilabeteak behar dira bizitza errealean. Taula gaineko egoera berezi horretan jendeak gauza pila bat proiektatzen ditu zugan: desioak, amorrua... Dena. Baina ez dira zugan proiektatzen ari, zuk une horretan jokatzen duzun pertsonaiaren gainean baizik. Hori guztia eszenatokitik kanpo mantendu nahi baduzu, zureak egin du. Kontua da, hori ez dizula inork azaltzen mundu honetan sartzen zarenean.
 

Agertokia droga da?


Bai, drogaren bi zentzuetan. Oso erakargarria da, egoera oso biziak eta interesgarriak biziarazten dizkizu, baina adikzio oso gogorrak sortu ditzake eta ezin da etengabe eszenatokian bizi. Edozein drogaren eragina puntualki baino ezin daiteke bizi. Ohitura bilakatuz gero apurtu egingo zaituzte, deuseztu. Aurpegi bikoitz hori du. Badago fisikan lege bat edozeri aplikagarria dena: gehiegizko estimuluak kontrako eragina lortzen du.
 

Nola azaltzen duzu taula gaineko metamorfosia?


Transformazio bat dago, eta aurrez erritual bat egin ohi dugu. Liga janzten dudanean, makillatzen ari naizenean igarri egiten dut transformazio hori gertatzen ari dela. Baina hori eszenatoki gainera igotzen den edonori gertatzen zaiola uste dut. Kamerinoko eraldaketa horretan zerbait gertatzen da, hain zuzen, zu beste zerbait izan zaitezen. Askok galdetu ohi didate: “Eszenatoki gainean zeu izaten zara?”, eta ez, agertokian ni naizena baino askoz gehiago naiz. Niaren kontzeptua oso txikia da. Nire egoaren mugak aparte gelditzen dira jendeak nigan ia nahi duen guztia proiekta dezan.
 

Zeintzuk dira musikari ofizioaren arriskuak?


Asko. Nik bi pasio ditut: eskalada eta musika, eta eskalada arrisku altuko kirola izanagatik, askoz lagun musikari gehiago hil zaizkit lagun eskalatzaileak baino. Jendeak ez die halako gauzei erreparatzen, baina jendeari erakargarri iruditzen zaion guztia da, hain zuzen, arazo potoloak ekartzen dituena: famarekin zerikusia duen guztia, banitatez gainezka egitearen arriskua, zugandik espero den estatus horri eusteko dauden droga mota guztiak, jendeak zugan proiektatzen duen horren guztiaren arriskuak, sexua eskura izatea maila ikaragarri desproportzionatuan eta, ondorioz, galduta egotea, leku askotan eta inon ere ez egotea, jendez inguratuta eta bakarrik egotekoa... Arrisku dezente ditu, baina konpentsazio izugarriak ere bai. Gauza interesgarri guztiek bezala.
 

Zerrenda jarraituko? Doctor Deseo da samurtasuna, agresibitatea, zikinkeria, iluntasuna, dibertsioa...


Sexua, kontraesana... Kontraesan horiek bilatzeko saiakera, pertsonen arteko komunikazioan dauden klabeen bilaketa... Eta oraindik dena asmatzeko dagoela. Maitasunaren bilaketa ere bai, beti. Desioaren kontzeptua arakatzeko ahalegina ere bada. Desioa aldez aurretiko energia bezala... Desio hitzaren inguruan nahasmen handia dago. Oso zaila da benetako desioak desio prefabrikatuetatik bereiztea. Desioetatik bizi gara, desioak dira jaten ematen digutenak, bizia ematen digutenak baina, ere berean, errealitatearekin konfliktoan daude. Hori da bizitzaren artea: desioak erreprimitu gabe errealitatearekin jokatzen jakitea. Gizarteek, normalean, arma asko aplikatzen dituzte desioaren errepresiorako. Haientzat desioa arriskua da; baina ez: desioa salbazioa da.
 

Arimaren aldirietan paseatzen du Doctor Deseok. Non daude errebal horiek?


Arimaren aldiriak gure eremu inkontzienteari eta ametsetakoari dagozkio. Oso barruko errebalak dira, eta haietan sartzeak min handia eragiten du, baina haiek dira gure deabru guztiak sortu eta gure izaera markatzen dutenak. Zerbaitengatik daude estalita: une jakin batean min handiegia egin zigutelako, baina alde horiek sortzen dute gure izaera, eta batez ere, gehien izorratzen gaituen izaera hori. Horregatik da inportantea arimaren aldirietan sartzea, horrek min egin arren. Arimaren aldirietan, txoko galdu, ilun, arriskutsu horietan lasaitasunez paseatu ahal izateak merezi du: askatasunerako bide bakarra da.
 

Erromantikotasuna ez dago modan.


Erromantikotasunaz interesatzen zaidan kontzeptu bakarra beti amildegiaren ertzean ibili beharra da.
 

Euskal Herriko talde askok arazo sozialei, politikoei... kantatu izan diete. Zuek barrura begiratzen duzue, sentimenduetara, desioetara, erraietara.


Ez dut horretan kontraesanik ikusten. Uste dut gure barruetan oso estu lotuta daudela alderdi indibiduala, politikoa eta soziala. Oso kristaua iruditzen zait mundua banatzeko modu hori: gorputz eta arima; ar eta eme; sexua eta maitasuna... eta baita indibiduala, soziala eta politikoa ere. Nik uste denak elkarrekin doazela, nahita ere ezingo genituzke bereizi. Ez dut ulertzen politikoki oso aurrerakoia, ezkertiarra eta abangoardista den tipo bat indibidualki karkamal hutsa izatea.
 

Bat baino gehiago dira, ba...


Izugarri pila. Baina ez dago iraultza politiko posiblerik barne iraultza indibidualik gabe. Iraultza indibidualek iraultza sozialak sor ditzakete, eta haiek iraultza politikoak. Esklusiboki politikoak izan diren iraultzek izugarrizko tragediak ekarri dituzte eta munstroak sortu dituzte: zer dira Stalin, Pol Pot edo Mao Tse Tung bera? Transformazioak, eraldaketak, iraultzak bateratua izan behar du. Ni emozioez ari naizenean politikaz ere ari naiz, iraultza emozionalik gabe ez baitago bestelako iraultzarik. Beste edozein talde bezain politikotzat dugu gure burua.
 

Doctor Deseok biluzik kantatzen du?


Sofoclesek zioena aplikatzen dugu: “Jarridazu maskara bat eta egia esango dut”. Katamaloa janzten dugunean transformazio bat dago, gure kasuan fisikoa ere badena, eta horrek biluzten laguntzen digu, abandonatu egiten gara neurri batean, eta geure buruari ordura arte debekatu dizkiogunak baimentzen hasten gara.
 

Odoletan, izerditan eta malkotan idazten omen duzu. Literatura sufrimenduari lotuta bizi duzu?


Amorrua ematen dit aitortu beharrak, ez dakit kultura judeokristauagatik den, baina egia da baietz, asko kostatzen zait kantuak erditzea. Badut ofizioa enkarguz sortzeko, baina benetan interesatzen zaidanari buruz idaztea oso gogorra egiten zait. Gauza gutxi dira benetan interesatzen zaizkidanak, beti dira antzeko kontuak, obsesiboak dira, eta ez da erraza ikuspegi berri batetik azaltzea... Idazten dudana nire garapen pertsonalari lotuta doa beti, eta hori asko-asko kostatzen zait. Idazten ere mantsoa eta dorpea naiz eta asko sufritzen dut.
 

Eskalatzeak arintzen dizu mina?


Buruari buelta asko ematekoa naiz, horrek ez du esan nahi ondo pentsatzen dudanik, baina eskaladak funtsezko gauzetara itzularazten nau. Eskalatzen ari naizenean oinarri-oinarrizko gauzak baino ez ditut buruan: ez hiltzea, keinuarekin gozatzea, harkaitza eta haizea, nekatzea eta atseden hartzea... Osasungarria da noizbehinka animalia bihurtzea.
AZKEN HITZA
Bilbo
“Ez naiz chauvinista, nik Bilbori abesten diodana berdin kanta liezaioke new yorktar batek New Yorki, buenosairestar batek Buenos Airesi... Norbere hiriaren sentimendua da aberriaren kontzepturik argiena, emozioarekin baitago lotuta, ez ideologiarekin. Bilbon paseatzen dudanean nire bizitzako eszenatokia dela ohartzen naiz. Txoko bakoitza, bazter bakoitza, jada existitzen ez den toki bakoitza nire mundu emozionalari estuki lotuta dago”.
Nortasun agiria
Bilbon jaio zen 1958ko apirilaren 20an, eguerdiko 14:00etan. Amak etxean erditu zuen, bazkaria egiten amaitu eta gero. Hamaika lanbide izan ditu: gitarra irakasle, berotegietan behargin, atun-arrantzale Bermeon, igeltsero, mahats-biltzaile Bordelen... Baina, batez ere, musikari eta okin izan da. 25 urtean uztartu ditu okin lana eta Doctor Deseo taldekoa, orain urte batzuk okindegia utzi eta musikan buru-belarri hasi zen arte.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude