Kapitalismoaren babesleku

  • Banka handia salbatzeko helburuarekin funts publikoetatik bilioika dolar jartzen diren bitartean, hortxe jarraitzen dute munduko zerga paradisuek, munduko aberastasunaren laurdenaren ezkutaleku. Haietara jotzen dute banku gizon-emakumeek, multinazionalek, espekulatzaileek eta narkotrafikatzaileek, zergak saihestu eta zuritzeko.
Augusto Pinochet
Pinochet: Txiletik kanpo 125 banku konturekin "harrapatu" zuten diktadorea.
Ekonomia eta industriaren gaur egungo krisia eragin duen munduko finantza krisia 2008aren hasieran sortu zen, eta planetako finantza, ekonomia eta politika erakunde guztietako alarmak piztu ditu. Bilioika dolar eta euro darabiltzate finantza kapitalismoa erreskatatzeko, eta batez ere banka eta munduko aseguru etxe handiak zulotik ateratzeko. Bitartean, bizkor baino bizkorrago hazten ari da langabezia mundu osoan; orain arte ezagutu gabeko mailetara iristen ari da. Krisi hau 1929ko Depresio Handia baino larriagoa da. Mundu osoko estatuburuek ezohiko goi bilerak egin dituzte eta bi aste barru G-20a biltzekoa da Londresen. G-20ak zerga paradisuen aurkako neurririk hartuko al du? Beldur gara ez ote duen beste alde batera begiratzen jarraituko…
 
Munduko aberastasunaren laurdena gordetzeko lekuak

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak nahiz Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak iradoki dutenaren arabera, baliteke banka pribatua erreskatatzeko erabili beharreko diru publikoaren zati bat zerga paradisuetara desbideratu izana. Nazioarteko Moneta Funtsaren (NMF) datuek erakusten dutenez, paradisu horietan ezkutatzen da munduko aberastasunaren laurdena. NBEk egindako kalkuluen arabera, zergak ordaintzea nahikoa litzateke horiek osatzen duten zenbatekoarekin milurtekoko helburuak erraz betetzeko. Michael R. Krake nazioarteko adituak dioenez, aberatsek eta ondasun kopuru handiak dituztenek ondarearen %30 daukate jarrita paradisu edo offshore finantza plazetan. Gordailu eta inbertsio gehienek Ekialde Ertainean, Asian eta Mendebaldeko Europan daukate jatorria, eta Suitzako banketxeek kudeatzen dute gordailu horien zati handi bat.
 
Munduko banku gordailu guztien bosten bat baino gehiago (%23) zerga paradisuetan dago; kalkulu kontserbadoreen arabera, gutxienez 3 bilioi dolarreko kopurua da hori. Atzerriko kapital eta mota guztietako ondaretan 11-13 bilioi dolar osatzen duen kopurua horrelako “finantza” zentroetan dago ezkutatuta. Mugaz gaindiko munduko finantza transakzioen ia %50 pasatzen da halakoetatik –esate baterako, Kaiman uharteak dira munduko bosgarren banku zentroa–. Tax Justice Network elkartearen analisi zuhurren arabera, kapital ihesak jasotzen dituzten herrialdeek urtean 300.000 milioi dolar inguruko zerga galerak eragiten dituzte.
 
Zerga oasi hauen garrantziaz ohartzeko, 22.000 biztanle besterik ez dituen Birjina uharteetan atzerriko 500.000 enpresatik gora daudela erregistratuta aipatu besterik ez dago. Gibraltarrek, 30.000 biztanlerekin, 70.000 sozietate baino gehiago dauzka erregistratuta. Kaiman uharteetan 544 banketxe daude, eta denen artean 420.000 bat milioi dolar dauzkate gordailatuta; uharte horietan 30.000 enpresatik gora daude erregistratuta. 2006. urtean, Espainiako IBEXen kotizatzen duten 18 enpresak izan zuten presentzia zerga paradisuetan. Besteak beste BBVA, Santander, Banesto, Sabadell eta Popular banketxeek, Prisa taldeak, Iberdrolak, Repsolek eta Telefónicak.
 
Zer dira zerga paradisuak?

Wikipedia entziklopediaren arabera, zenbait zerga oso txikiak dituen edo ez dituen lurralde edo estatua da zerga paradisua. Zerga motaren arabera jurisdikzio bat edo bestea izaten da zerga paradisua. Hortaz, pertsona eta konpainia motaren arabera, zerga paradisu batera edo bestera jotzen da. Zerga paradisuez baliatzeko modu bat, pertsona edo konpainia herrialde horretara joatea da, edo bertakotzea, zergen onuradun izateko. Zerga paradisuan aparteko entitate juridiko edo subsidiario bat ezartzea da beste modu bat (lurraldeaz kanpoko konpainiak –offshore– edo fundazioak).
 
Zergei garbi-garbi edo ez hain erraz saihets edo ihes egitea herrialdeetako legeen eta konpainia edo norbanako inplikatuen egoera berezien araberakoa izaten da. Herrialde askok, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolamenduko (ELGA) kide direnek gehienbat, bertakoak konpainien jabe egiteko –edo inbertsioak egiteko– trabak jartzen dituzte legeen bitartez, zerga paradisuetan edo herrialdean bertan zergarik ordaindu gabe gera ez daitezen. Bestalde, herritarrek zerga bikoitzak ordaindu behar ez izateko, zenbait herrialdek bi aldeko zerga itunak izaten dituzte, baina gutxi dira zerga paradisuekin horrelako itunak dauzkatenak.
 
Nola funtzionatzen dute?

Aberatsentzat eta ondasun kopuru handiak dituztenentzat oso erraza da zergak saihesteko zerga oasietara jotzea. Gainera, guztiz legezkoak dira –estatu bakoitzak subiranotasuna dauka bere lurraldean; beste kontu bat da zergak saihesten dituena bere herrialdean delitugilea izatea– eta, hortaz, Interneteko atariak izaten dituzte bezeroei zerbitzuak libreki eskaintzeko. Esate baterako, Googlen “offshore banking” hitzak sartu besterik ez dago Panamako zerga paradisu batera iristeko. Financial Timeseko edo Wall Street Journaleko orrialdeetan ikus daitezke zenbait ehunka libraren truke Bahama uharteetan, Gibraltarren edota Jerseyn norberaren enpresa haien izenean erregistratzea eskaintzen duten konpainien iragarkiak.
 
Abokatuen bulego batek konpainia fantasma bat eratzen du (fideikomisoa edo trusta), eta zenbait ehunka edo milaka eurorekin –diru gehiago edo gutxiago behar izaten da zerga paradisuaren arabera– legezko aholkularitza eta kontu numeratu bat lortzen da. Konpainia fantasmen konturako bidalketak finantza pasabideen bidez egiten dira, herrialdetik herrialdera, kontutik kontura, diruaren arrastoak ezabatzeko. Inprimaki bat Internet bidez bete eta martxan jartzen da herentzien, zergarik ordaintzen ez duen diru beltzaren, kaudimen gabeziarengatik arriskuan dagoen ondarearen, ondasun higiezinetako komisioen eta abarren aitorpena saihesteko mekanismoa.
 
Zerga paradisuak propio diseinatuta daude administrazio kontseilu handiek, diktadoreek, narkoek, trafikatzaileek… behar ez bezala irabazitako edo saihestutako dirutzak gordailatu, gorde, inbertitu edo berreskuratzeko. Aholkularitza zerbitzu sofistikatuak, zerga bulegoak, auditoria enpresak eta, nola ez, eragiketa mota honetan espezializatuta dauden legezko bankuen sukurtsalak dauzkate. Banku, merkataritza, administrazio eta erregistro sekretua darabilte, eta herrialde horietako zerga administrazioak ez du inolako elkar laguntza, lankidetza edo informazio trukerik onartzen beste administrazioekin.
 
Batzuk, harrapatuta

Txiletik kanpo 125 banku konturekin “harrapatu” zuten Pinochet; 27 milioi dolar gordetzen zituen beroietan. Deigarri ez gertatzeko gezurrezko izenak erabiliz hainbat zerga oasitan sozietate fantasmak sortzen lagundu zion Washingtongo Bankuak diktadore txiletarrari. Banketxeei dagokienez, Deutsche Bank banketxe alemaniar nagusia eta 10.000 bezero 200 milioi eurotik gora ordaintzera kondenatu zituzten 2003an, zergak ez ordaintzeagatik. Emilio Ybarra BBVko lehendakari ohia ere, ikertua izan zen Liechtensteinen eta Jersey uhartean zeuzkan kontu sekretuetan bere administrazio kontseiluaren pentsio handien mesedetan egindako “finantza ingeniaritzako” eragiketengatik. Urrutira joan gabe, aurtengo otsailean bertan azaleratu da PPren inguruak zipriztindu dituen zerga paradisuei lotutako azpilana.
 
G-20aren goi bilera

Orain arte estatuek beste alde batera begiratu dute, banku gizon-emakume boteretsuak eta multinazional handiak, hau da, estatuen sostengatzaileak izan baitira zerga paradisuak erabili dituztenak. G-20aren azken goi bileran, 2008ko azaroan Washingtonen egindakoan, esaldi hau bota zen azken adierazpenak egiteko garaian: “Behar-beharrezkoa da zuzentzea gardentasun falta eta zerga informazioa elkar trukatzeko zailtasunak”. Hitz horiekin nolabaiteko erreferentzia egin zitzaien “oasi” horiei. Beranduago, “koroaren menpeko lurraldeetako arautegiak berrikusiko ditugu” iragarri zuen gobernu britainiarrak, Kanaleko uharteak, Man uhartea eta Gibraltar ere tartean sartuz. Londresko The Times egunkariak ziurtatu duenez, ekimen britainiar horren ondorioz “zerga paradisuen kontrako neurri gogorrak” ezarriko dira. Lehendakari iparramerikar berria ere porrot egin duen “zerga paradisuen neurrigabekeriaren aurkako” lege proiektuaren alde azaldu da.
 
Apirilaren 2an egingo du G-20ak hurrengo goi bilera, Londresen. Zerga paradisuei buruzko erabakirik hartuko al du? Zalantzazkoa dirudi, orain arte, kapitalismoaren, ondasun kopuru handien, multinazional handien, banka handiaren, espekulatzaile handien babesleku diren zerga paradisuei errotik eraso egiteko borondate politikorik ez dagoela erakutsi baitute horrelako goi bilerek.
Zerga paradisuen munduko mapa
G-20ak zerga paradisu diren munduko 42 herrialdeko zerrenda ofiziala darabil; ELGAk zerrenda 47koa dela dio. Zerga adituek diote, ordea, gutxienez 70 unitate politiko bizi direla funtsean atzerriko diru eta kapitala erakarri eta babestetik. Mapan ikus daiteke zerga oasien kokapen geografikoa. Hona hemen garrantzitsuenak: Bahamak, Bermuda uharteak, Gibraltar, Jersey uhartea, Man uhartea, Kaiman uharteak, Birjina uharte britainiarrak, Liechtenstein, Malta, Panama eta Seychelleak. Erresuma Batua ere zerga paradisua da egoitza atzerrian duten pertsonentzat. Bertan bizi direnek ere ez dute zergarik ordaintzen Erresuma Batura bidaltzen ez dituzten atzerriko diru-sarrerengatik. Irlandako egoera berdintsua da. Suitza zerga paradisua da bertako bihurtzen diren atzerritarrentzat. Horretarako, zein kantoitan bizi nahi den, kantoi horrekin negoziatu behar da lehendabizi diru sarreretatik zenbateko kopurua ezarri nahi den zergapean. Monakok eta Andorrak ez dute norberaren diru sarreren gaineko zergarik kobratzen.
Petrolioaren trikimailutik gaur egungo paradisuetara
Bada oraingo zerga paradisuen jatorria Erdi Aroan edo Delaware eta New Jerseyko estatuetako XIX. mendearen bukaera aldeko dumping fiskaletan kokatzen duenik. Beste batzuek, banku sekretua urratzearen aurka 1934an Suitzan ezarritako legean ikusten dute jatorri hori. Alabaina, zerga paradisuen sareak 60ko hamarkadan izan zuen benetako abioa. Petrolio enpresak izan ziren urte haietan zergak saihesteko eskema eragile bat diseinatu zutenak. Sistema hark, gainera, petrolio gordina erauzten zuten herrialdeei ahalik eta gutxien ordaintzeko balio zien. Itsas garraioko istripuen ondorioak saihesteko, kasuaren arabera komeni den banderadun itsasontziaren (Liberia, Panama…) trikimailua asmatu zuten. Egoitza herrialde horietan zeukan enpresa pantaila batek petrolio-ontzia pleitatzen zuen eta petrolio enpresak garraio enpresei saltzen zien petrolio gordina. Exon Baldez-ena bezalako hondamendiren bat gertatuz gero, erantzuleak ondarerik gabeko konpainia fantasmak izaten ziren eta hala zirenez, ezin izaten ziren enbargatu. Horrela, aseguru gastu itzelak saihesten zituzten petrolio enpresek. Nazioarteko agentziek eta estatuek sistema onartu egiten zuten, modu horretara petrolioa merkeagoa izaten zelako. Berehala sortu ziren imitatzaileak meatzaritza multinazionaletan, eta antzeko sistemak ezartzen hasi ziren. 22 herrialdetan banatutako 476 multinazionalei Ernst &Young-ek 2005ean egindako inkesta batek adierazten du %77k transferentzia prezioen estrategiak erabiltzen zituztela zergak saihesteko.
 
Offshore finantza zentro modernoak (zerga paradisuak) jokoan sartzeko, beharrezkoa zen AEBetatik kanpo eta AEBen finantza arautegitik kanpo dolarren kontu “pribatuei” eustea ahalbidetuko zuen egitura instituzionala. “Pribatutasun” horrek banku sekretupean dauden kontu numeratuak esan nahi du. Justifikatzeko zailak diren funtsak gordailatu eta transferitzeko lekuak sortu nahi zituzten. Eurodolarren merkatuak eragin zuen lehenengo toki “bereziak” agertzea. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak dolarretan zeuden kontuak behar zituen munduko gainontzeko herrialdeekin merkataritza eragiketak egiteko, baina ez zituen AEBetako banketxetan eduki nahi, errepresalien beldur. Banketxe ingelesek heldu zioten negozio horri, arautegi estatubatuarren atzaparretatik at egongo ziren dolarretako kontuak irekiz horretarako propio sortutako sukurtsaletan.
 
Banka estatubatuarrak, negozioaz jabeturik, kontu numeratu sekretuak zeuzkaten sukurtsalak ezarri zituen gero Londresen. Gobernu britainiarrak kapitala sartzea behar zuen liberaren parekotasunari eusteko eta, horregatik, eurodolarren merkatua babestu –kasu honetan euroliberarena– eta Mantxako Kanaleko uharteetan nahiz Ipar Itsasokoetan zerga paradisuak sortzea bultzatu zuen, mafiaren, narkoen, diktadoreen eta abarren kapital fluxu gero eta handiagoak bere monetara erakartzeko. Alabaina, agintari estatubatuarrak izan ziren beranduago antolakuntza instituzional hori sustatu eta zerga paradisuak ugaritzea eragin zutenak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude