Gerrillek lapurturiko haurtzaroa

  • Bizimodu oparoago baten promesarekin, Kolonbiako gerrillak berekin eraman ohi ditu Venezuela eta Kolonbiaren arteko muga inguruko gazte asko. Geroz eta gazteagoak eta geroz eta gehiago dira egun batetik bestera desagertzen direnak, familia puskatua utziz.
ELN gerrilla kolonbiarreko irudi honetan, oraindik ume aurpegia duten gazte ugari ikus daitezke. 10 urtetik gora, gerrillan sartzeko hautagai dira mutikoak.
Tropikoko euria epela izaten da larruazala ukitzen duenean eta ozena talka egiten duenean zinkezko teilatuen kontra, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan. Euri garaian, urak sabai horien kontra talka egiterakoan, sortzen den burrunba jasanezina izaten da. Euria egiteari uzten dionean, zinkezko teilatuek beroa eta hezetasuna gordetzen dute, eta etxebizitzak sauna jasanezin bihurtzen dira. Zinkezko teilatu horien erabilera sistematikoak agerian uzten du, beste behin ere, aurrerapenaren katean sartu behar horrek suntsitu egin duela platanondoen hostoekin teilatuak eraikitzeko ohitura indigena zahar eta jakintsua. Hosto horiek iragazgaitzak dira eta euriaz, zarataz, hezetasunaz eta beroaz babesteko oso egokiak.
 
Babes eske joandako desplazatu kolonbiarrak hona datoz bizitzera; hiriaren kanpoaldeko inguru honetan sortzen diren auzoek xakeko taula irregularren itxura dute: ur putzuak eta lokatzezko irlatxoak tartekatzen dira. Lur zanpatuzko zorua, egurrezko makilez eta plastikoz egindako hormak eta, nola ez, zinkezko teilatua dituen txaboletako batean bizi da bere herrialdeko gatazkaren erruz Venezuelara alde egin behar izan duen andre kolonbiar bat, hogei bat urteko semea eta luma berde eta gandor horidun loroa lagun dituela.
 
FARCekin mendira

Nirekin hizketan aritu den andreari bi seme erreklutatu dizkio gerrillak; bi trauma latz. Lehenengo trantzea Kolonbian, FARCek kontrolatutako inguru batean bizi zirela pasatu zuen; bigarrena berriz, Venezuelan babes eske ari zirela. “Egun hartan, Kolonbian, semea enkargu batera bidali nuen, jateko gauza batzuk erostera” kontatu du; “baina ez zen itzuli. Gero jakin nuen mendian zegoela. Hamabi urte zituen eraman zutenean. Venezuelan geundela, berriz etorri ziren. Bigarren semea konbentzitu nahi zuten, beraiekin joan zedin. Lortu izan balute niretzat izugarria izango zen; ordurako galdua nuen seme bat…” azaldu du andreak. “Talde armatuak hamar urtetik gorako gaztetxoei begira egoten dira. Kirola egiten duten jendea nahi dute, baldintza gogorrak jasateko gai izango den gorpuzkera izango duten gazteak”.
 
Ile kizkur eta gorpuzkera gihartsuko gazte bat zuhaitz azpitik ari da amaren esanak entzuten, burumakur. Badaki bera dela hizketa gaia. Erreklutamenduak nola funtzionatzen duen galdetu diot. “Dirua eskaintzen dute, neska politak bidaltzen dizkizute ‘amu’ gisa, ‘goxatzeko’…”. Hain zuzen ere nire hizketakideari irakurtzen eta idazten ba ote zekien galdetu zioten eta baietz erantzun zien. “Caracasera, zein sartu eta zein ateratzen zen begiratzera, joan nahi al nuen galdetu eta motor eder bat eskaini zidaten”. Gazteak ez joatea erabaki zuen, badakielako bera dela amari aurrera egin ahal izateko gelditzen zaion bakarra.
 
Minez asko dakien ‘chamoa’

Lur honek, hainbeste ur, hain berde, bestelakoa iradokitzen du, baina egia esan, ez dira finkak edo nekazaritza eta abeltzaintzako enpresak Venezuelako Goi Apureko lautadak zeharkatzen dituen errepide ertzeko eraikin guztiak. Horien artean bada etxalde xume bat, hondar asko eta porlan gutxirekin egindako blokez eraikia eta leku guztietan dagoen zinkezko teilatuarekin estalia. Patioak ematen du eskulanetarako trebetasuna duen txatar biltzaile baten erresuma txikia. Hain zuzen, etxaldetxoan bizi den desplazatu kolonbiarrak burdina zaharra eraldatu eta aulkiak egiten ditu. Etxeko jauna atera zaigu ongietorria ematera, anaiarekin eta 18 edo 19 urte inguruko beste gazte batekin. Triste dago, etxeko bat galdu berria du eta. Chamoa (mutikoa) errekaren beste aldera joan zen arrantzara, Kolonbiara, kontatu dit. “Baina ez dakit zer gertatu zitzaion… Akaso txigireren bat sumatuko zuen —txigirea munduko karraskari handiena da, oso haragi gozokoa; oso ohikoa izaten da eskualde honetan—. Agian, txigirea harrapatu nahian sartuko zen basora. Kontua da mina batek gainean eztanda eginda hil zela”, azaldu du eztanda goitik behera imitatzeko keinu adierazgarriak egiten dituen bitartean. Xehetasun batek eman dit atentzioa: minek normalean alderantziz egiten dute eztanda, behetik gora…
 
“Txapela txinatarra” esanez eten dio azalpena artisau-txatar biltzaileari senitarteko gazteak. Egiten duen goitik beherako kono itxurako eztandaren itxurarengatik ‘txapela txinatarra’ deitzen zaion tramankulu hiltzaile berriak nola funtzionatzen duen azaldu dit orain arte isil-isilik egon den chamoak. Egia da, bai, eztanda mota horrek Asiako arroz soroetako langile txinatarrek erabiltzen duten txapela tradizionala ekartzen du gogora. Lehergailuaren deskribapena eta funtzionamendua oso zehatzak iruditu zaizkit, zehatzegiak. Gainera, lehergailuen funtzionamenduan aditu den gazte honek badu susmagarria den zerbait. “Hor ondoko” herri venezuelar batekoa dela esan digu, baina joan denean, “atzo gauean bertan iritsi zen Kolonbiatik” adierazi du txatarra ahulki bihurtzen duen eskulangileak.
 
Nolanahi ere, denek dakiten sekretua da Kolonbia eta Venezuelaren arteko muga inguruko gazte askorentzat gerrilla kolonbiarra bihurtu dela gizarte-erreferentzia eta askok aukeratzen dutela bizimodu hori. Gazteek gerrillan pertsona gisa errealizatzeko eta dirua nahiko erraz lortzeko tokia aurkitzen dute. Mugan diotenez, gero eta haur eta nerabe venezuelar gehiago sartzen ari dira Kolonbiako gatazkan.
 
Desertzio susmagarria

Batzuetan zuzenean hasten dira Kolonbiako borroketan, baina maizago zeharkako bidetik sartzen dira gatazkara, informatzaile, espia edo sikario lanak eginez, edo gasolinaren kontrabandoan arituz. Egiaztatzeko zailak diren baieztapenak dira, baina zenbait iturrik dio Venezuelako mugan dauden eskoletan hamabi urtetik aurrerako gazteen desertzio susmagarria sumatzen dela. Hala ere, ez dago ziur jakiterik eskolara joateari uztea gerrillarien erreklutamenduarengatik gertatzen den edo familiak muga ingurutik beste eskualde batzuetara joaten direlako bizitzera. Arrazoia barruko migrazioa izanda ere, atentzioa ematen du umeak erreklutamendurako adinean daudenean joaten direla familiak.
 
Erreklutatutako gazteei buruzko istorio ugari daude. “13 eta 15 urteko nire chamoak gizon batekin joan ziren” dio, penaturik, andre batek. “Ustez juka garbitzeko kontratu bat begiratzera joan ziren… Hori aste barruko egun batean gertatu zen; hurrengo larunbatean itzuli behar zuten, baina ez ditut geroztik berriz ikusi”. Andreak ozta-ozta eutsi die malkoei eta honelaxe jarraitu du: “Handik denbora batera gizonaren iloba aurkitzea lortu nuen, juka garbitzeko ustezko kontratu hura egin behar zuena. Oso deseroso zegoen nire semeengatik galdetu nionean; azkenean, bere osabak gerrillak agindutako eginkizun bat zeukala aitortu zidan: gazteak erreklutatzea”. Andrea Puerto Contrerasera arte joan zen, Venezuela eta Kolonbiaren arteko muga markatzen duen Arauca ibaiaren alde kolonbiarrera. “Elenoei –ELNko gerrillariei deitzen zaie horrela– galdetu nien, baina esan zidaten nire semeak ez zeudela beraiekin”.
 
Leku eta denbora berean izandako gertaera pertsonal batengatik, atentzioa eman dit beste testigantza honek: “Egun batean kamioi urdin bat iritsi zen barazkiak saltzen zituen gazte baten kaleko saltokira, eta hantxe eraman zuten”. Nonbait, gazteari amaren egunerako etxera itzuliko zela zin egin zioten, eta hain justu ere, data horretantxe ari naiz ni orain hitz hauek idazten, mugako leku horretatik. Inoiz ez dut jakingo amak semea gaur besarkatu ahal izango duen, baina ez dut uste.
 
Eta beste istorio bat: “Ama, FARCera noa. Ikusiko duzu, telefonoa jarriko digute, baserria hobetu ere bai; motor bat emango didate eta hamabost egunetik behin etorri ahal izango dut zu ikustera”. Andreak atzo entzun izan balitu bezala gogoratzen ditu semearen hitzak; orduan 17 urte zituen. Orduz geroztik hiru urte igaro dira eta ez du berriz semea ikusi; bere berri ere ez du inoiz izan.
 
‘Baserritxo’ polita, ‘goxatzen’ zaituzten neskatila ‘lirainak’, amaren etxean telefonoa, motorra eta armak. Nonbait, Pinotxoren ipuineko Jostailuen herrialdearen bertsio maltzurra hitz ematen die gerrillak gazteei, guztiek errespetatuko dituztela eta jolsasezko bizitza izango dutela, alegia.
 
“Kontsumismoaren aroan bizi gara, baloreak galtzen ari dira eta aukera falta eta etsipena dira nagusi; garai hauetan, mistikoak behar dira bizitza errazaren promesei aurre egiteko”, esan dit andre espainiar batek. Errukiaren Amaren Ordenako serora espainiarra da, jaiotzez palentziarra, eta 32 urte daramatza Venezuelan, misiolari lanetan. Jesusen Lagundiko Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak bilera komunitarioak egiten ditu. Gauzak bere gordinean aztertzen dituzten bilera horietako batean, gazteei gizarteratzeko guneak eskaini behar zaizkiela aipatu du mugako jendeak, euren ustez horrela lortuko dutelako talde armatuek agintzen duten bizitza errazari muzin egitea. Agian gune horietan sortuko dira misiolari palentziarrak espero dituen mistikoak.

* Hurrengo astean, erreportajearen bigarren zatia: neskatilen erreklutamendua.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude