Ezkutuko sufrimendua

  • Mikel Goikoetxea, Txapela, GALek hil zuen 1983an. 25 urteren ondoren, bere senideekin bildu gara berriz ere, denbora horretan bizitakoaz hitz egiteko. Gainditu ezin duten barne mina azaleratzea ez da samurra izan beraientzat: “Askotan atzera egin behar da aurrera jotzeko”.
Haize Goikoetxea eta Izaskun Ugarte
Haize Goikoetxea eta Izaskun UgarteLander Arbelaitz
1983ko abenduaren 28an Mikel Goikoetxea hil zuen GALek bere bi alaba txikien eta bikotearen aurrean, Donibane Lohizunen. Denentzat “sekulako kolpea” izan zela idatzi du berriki Joxe Mari Ostolazak orriotan. Txapelaren bizitza ezin da ulertu iraultzailearen esentzia konprenitzen ez bada. ETAn sartu zen, baina hori “koiunturala” zela aitortu zion bikoteari. “Herriagatik hil da” esan zigun Izaskun Ugartek duela 25 urteko elkarrizketan, eta halaxe dio orain ere. Herri hori aldatu egin dela garbi du baina: “Lehen eraiki egiten zen, begira ikastolak”.

Aitaren heriotzaren zama alabei ez igortzen saiatu da Izaskun, eta pozik da orain hartu duten bidearekin, baina ez da erraza izan: “Horri buruz ezin duzu hitz egin, horrela, barre eginez”. Gorrotoz hondoratu zitzaiela zauria, eman lezake. Tiro bakar baten morrontzan geratu zirela, uler liteke. Baina barne minarekin bizitzen ikasi dutela esan digute.

Haize Goikoetxeak, Mikelen alabetako batek, aita ezagutzeko bidaiari heldu dio Itsasoaren alaba dokumentalaren bidez: “Konturatu naiz jende askok nire sentimendu berdinak bizi izan dituela. Azaleratu egin behar dira, eta gizartean hitz egin, ikusteko zer egingo dugun hemendik aurrera; zerbait aldatu beharra dago”. Josu Martinezek zuzendu du hain urrun ez dagoen memoria berreskuratzeko saio hau, GITE-IPESen beka bati esker.

Irudipena daukat Izaskunek, nahiz eta gertatutakoaz kontzienteago izan, gaindituago duela Haizek baino Mikelen heriotza. Zergatik hori?


Izaskun Ugarte:
Gainditu hitza ez dut erabiltzen gauza hauetan. Barkamen hitzak zentzurik ez duela uste dudan bezala. Horrekin bizi behar dugu.

Haize Goikoetxea: Ados nago, hau ez dut inoiz gaindituko, ezin da gainditu, beti egongo da hor.

Haize, dokumentalean diozu gauzak “ezkutatu” egin dizkizutela, edo behintzat ez dizkizutela esan. Zer arrazoi dago horren atzean?


Haize: Ezkutatu hitza erabiltzen dudanean esan nahi dut sentimendu asko ezkutatu digutela. Esan izan didatena da “bere begiak dauzkazu” eta horrelakoak, baina gainerakoan inork ez dit gauza txikienik ere kontatu, amak izan ezik. Gauza txikiak dira aita nolakoa zen erakusten dizkizutenak. Hori, beharbada, ez zen aterako dokumentalik gabe.

Ezustekorik hartu al duzu? Espero ez zenuen zerbait...


Haize:
Amak transmititu didan ideia orokorra bete da. Mikel iraultzailea, erromantikoa, alaia... Beste gauza batzuk ere deskubritu ditut, ETAko kide bezala egindakoak eta abar. Horietaz ez dugu inoiz hitz egin eta ez zaizkit gehiegi interesatzen.

Izaskun: Berak esaten zidan “nire esentzia ez da ETAkoa izatea, zirkunstantzia bat da, nire bizitzaren zentzua ez da hori”. Ezin zen hori izan, bestela oker egongo zen, nahiz eta denbora luzea dedikatu horri...

Haize:
...eta horregatik hil.

Izaskun: Baina bere herrigatik hil zen. Ez dakit nola esplikatu.

Hala ere, gogorra izan behar du hortaz ohartzea: armak, entrenamenduak...


Haize:
Bai bai, niretzat gogorra izan da. Esatea hemen ibili zen eta guardia zibil hori hil zuen... Mitxelekin [Sarasketa, Goikoetxearen kidea] egindako elkarrizketatik gaizki bueltatu nintzen, ez nengoen prest eta ez nuen imajinatzen. Zaplasteko bat izan da niretzat, bete betean.

Gauza batzuk barruan eramatea ez da samurra izango... Zuk, Izaskun, ez duzu inoiz beharra sentitu zure alabei den-dena kontatzeko?


Izaskun:
Nik beharrik ez dut sentitu, hori aitortu behar dut, zerbait intimo bezala geratu zait. Gauza asko ezin dira transmititu. Ideologia transmititu dezakezu, baina pertsona baten samurtasuna... nola transmititu hitzetan?


(...)


25 urte nituen eta bi alaba, urtebetekoa bata eta lau urte egin berriak bestea. Aurrera egin behar duzu. Ez nuen eurengan zamarik jarri nahi, ez dakit nola esan... ez da erraza! Horri buruz ezin duzu hitz egin, horrela, barre egiten. Nik ezin nien nire alabei dena eman, baina beraiek gai izatea bide hori topatzeko, horrek asko pozten nau; horrelako pertsonak egin behar nituen eta uste dut orain eman duten pauso hau zerbait ondo egin dudan seinale dela.


Lehen aldia izan zen gorpua erraustu eta Bidasoan zabaltzen zela. Konturatu naiz horrek garrantzi handia izan zuela.


Izaskun:
Badakizu nola bizi izan dudan pelikularen kontu hau? Omenaldi haren bigarren momentua bezala. Hura oso hunkigarria eta benetakoa izan zen, jende askok orduan deskubritu zuen Mikel. Zeren eta bera askotan atera izan zen telebistan, ez dakit zenbat milioi ematen zituztela pistak lortzeko eta abar, horrelako kontuekin matxakatzen zuten. Baina hil zutenean egunkarian atera ziren bere idatziak eta beste gauza asko, eta errausketarekin jendeak pertsona deskubritu zuen. Bada, pelikularekin antzeko zerbait gertatu dela uste dut.


Duela 25 urte Argiak egin zizun elkarrizketan “irabaziko dugu” eta horrelakoak askotan aipatzen dira, beste hizkera bat da, bere garaikoa. Zer ikusi du gaur egungoarekin?


Izaskun:
Oso diferentea da, baina gauza askok ez du zer ikusirik e! Dena aldatu da, noiztik ez goaz, eta zorionez, ETAko kide baten hiletara? Analisiak egitean gauza guztiak ikusi behar dira: enfrentamenduak askoz ere cuerpo a cuerpo-ago ziren guardia zibilekin, interbenitzeko moduak... Gaur egun beste modu batean egingo dira gauzak, ni ez naiz horretan sartzen, baina orduan askoz garbiago zegoen, Mikelek esaten zuen: “Ez nuen uste 27 urte beteko nituenik!”, hori ea zeinek esaten duen gaur egun!

Mikel herriagatik hil zela diozue, borrokan, baina non geratu da herri hori? Babes hori?


Izaskun: Batek daki, asko aldatu dira gauzak. Ni ez naiz ETAko kide izan eta ez dut ibilbide hori baloratuko, baina bai esango dut hau: gizartean garai batean guk eraiki egiten genuen, ikastolak eta horrelakoak, gaur egun ez dugu eraikitzen eta hori da gure lana. Hori ez du ETAk egin behar, hori guk egin behar dugu, eta ez bakarrik Parlamentutik. Gu ere aldatu gara, ez gaude ezer egiteko prest eta ez badago instituzioek babesturik gutxiago. Ematen du Mikelen izateko era hori desfasatua dagoela...

Euskara klaseak ematea?


Izaskun:
Bai, eta austeroa izatea. Gaur dena da kontsumitzea, zerbait egin dugu txarto.


Biktimez asko hitz egin da azken urteetan, ETAren biktimen inguruan diskurtso oso bat eraiki da. Zer balio du horrek zuentzat?


Izaskun: Nik uler dezaket jende horren mina, onartzen ez dudana da politizazioa. Pentsa, 25 urte pasa dira eta guk ez dakigu Mikel nork hil zuen, ez da inor kartzelan bera hiltzeagatik, ez da ezer argitu... Eta jende horrek, aldiz, eskatzen du ez dakit zenbat urterako kartzela. Azkenean bide hori ez da zuzena, politikoa da eta interes batzuei begira eginda dago. Beste batzuk, berriz, hemen gaude.

Ez duzue esperantzarik inoiz argituko denik gertatutakoa?


Izaskun: Nik garbi daukat, ez dugu jakingo zer gertatu zen historia zati honi karpetazoa eman arte, eta urteak pasako dira.

Haize: Izango da ezer jokoan ez dagoenean.


Argituko balitz, horrek itxi gabeko zauri bat sendatzen lagunduko luke?


Izaskun:
Bai, garrantzitsua da hori. Baina ez dakigu ezer. Egon den kasurik larrienetakoa Lasa eta Zabalarena izan da. Haien gurasoak urteetan ezer jakin gabe egon ziren: zer tratamendu jaso dute? Eta beste batzuk dira hemen biktimarik handienak. Hori ezin da egin, ez da justua sufrimenduaren aldetik. Zer gertatu zen jakiteko eskubidea daukagu, baina nori erreklamatuko diogu? Nork esango digu? Inork ez. Eta inpotentzia berbera sentitzen du torturatua izan denak, adibidez. Azkenean denok gaude pareta baten aurrean.

Noizbait instrumentalizaturik sentitu zarete?


Haize: Ez, inork ez digu eskatu ezer egiteko biktimen senide bezala edo horrelako gauzaren bat.
Izaskun: Guk ez ditugu beste biktimek dituzten mugimendu horiek, ez daukagu asoziaziorik.


Dokumentala estreinatu da, pentsatzen dut azken aldian horren bueltan ibili zaretela. Baina orain zer?


Haize:
Lehen nire bidaia pertsonala zen, baina orain, jendearekin hitz egin ostean, ikusi dut behar bat dagoela oraindik gizartean eta ikusi dut zer sufrimendu utzi duen honek guztiak. Hasi behar dugu pentsatzen nola konpondu hau, eta hasi behar dugu alde humanotik, barrutik. Ordua da hausnarketa txiki bat egiteko. Dokumentalarekin konturatu naiz jende askok nire sentimendu berdinak bizi izan dituela.

Izaskun:
Nik gauza asko bizi izan ditut eta bizitza honetan bidea topatzeko askotan atzera begiratu eta hausnartu egin behar da. Ez da ahaztu behar zein izan den abiapuntua, askotan atzera egin behar da aurrera jotzeko... uste dut hori behar duela Euskal Herriak.
Izaskun Ugarte: "Ezin da atzera egin" (ARGIA; 1984-02-05; 1.003 zenbakia)
Jende askoren ahotan ibili da zure balorea. Inork ez zuen espero Txapelaren emazte gazteagandik holakorik.
Bai, aktibista bat besterik ez zela esaten zen. Baina zer da aktibista bat? Metrailetero bat zarela uste du jendeak, metraileta hartu eta aurrean harrapatzen duzun goardiazibil guztia garbitzen duzula. Eta hori bakarrik ez da (...).

Ez al duzue pentsatu izan zuen lan guztia alferrikakoa dela?

Ziur ikusten dut irabaztea posible dela, ez da posible galtzea (...) Une batzuk oso latzak izaten dira, mugimendua nola doan ikusten duzu, jendea... erreforma sartu da nolabait. Mikelek esaten zuen: “Egoera aldatu da, gauzak askoz zailagoak dira eta beste aldean gauzak horrela ikusten ditut...”. Baina sekula baino beharrezkoagoa ikusten duzu jarraitzea. Mikel hil dute gainera, ez da posible atzera egitea, aurrera egin behar dugu baina bukatu arte.

Zure etorkizuna errefuxiaturik bizitzea da.
Errefuxaturik ere izugarrizko lana egin dezakezu. Hor duzu Seaska, hor dituzu gau eskolak (...) Baina ez, zenbait jendek beste gauzak hartzen ditu. Badakizu? Batzuk frakasatu bezala ikusten dira, beren protagonismoa galdua da (...).

Bi haur dituzu, Hodei eta Haize. Nola pasatu dute trago txar hau?
Lau urte ditu Hodeik eta Bilbon zen momentu hartan. Ekarri zuten eta esan zidan: “Baina non da Mikel, noiz etorriko da?” eta esan nion: “Baina Mikel ez da etorriko, Hodei (...) Borroka batean gara eta momentu batean hau gertatu zaio, eta borroka hau gure Herriagatik da”.

Irakurri Iñaki Zubiondo eta Xalbardinek 1984an egindako elkarrizketa osoa

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude