Gizakien aztarnak Gorbeiaren atarian

  • Garrastatxuko Naturbidea 2005. urtean zabaldu zen, etxekoei zein bisitariei Amurrioko inguruak erakusteko helburuarekin. Baranbio aldeko txango honek hamabost kilometroko ibilbidea burutzeko aukera eskaintzen digu, Garrastatxuko baselizaren inguruetan eta Gorbeiako Parke Naturalean barrena.
Garrastatxu baseliza
Garrastatxuko Andra Mari Errukizkoaren baseliza 1626. urtean eraiki zuten. Zaharra da beraz, hari atxikita dagoen zezen plaza bezala, Arabako zaharrena baita. Barruan XVII. mendeko Andra Maria Errukizkoaren tailu bikaina dago, txurrigereskoa. Kanpoan aterpea, asteburuetan irekita egon ohi dena eta enkargatuz gero bazkariak prestatzen dituena.

Baranbioko herritik bi kilometro eta erdira dago Garrastatxu, 600 metroko altueran. Behatoki eder honetatik Gorbeia, Altube eta Orozkoko mendiak ikusten dira, baita Salbada mendilerroa ere. Gure ibilbidearen zehaztasunen berri ematen duten paneletako lehenengoa aurkituko dugu hemen.

Baselizaren eskuinean, harrizko harresi baten alboan, ibilbidearen hasiera erakusten duen haga dago. Lizar artean jaisten hasi eta luze gabe, hainbat harrobi eta errotarriren aztarnak aurkituko ditugu. Bide erdian dagoen informazio-panel batek emango dizkigu harrobi horietan egiten zen lanari buruzko azalpenak.

Gailur-lerroan aurrera, gaztainondo eta haritzek inguratzen gaituztela, artalderen batekin topo egin genezake. Azkenean Artabila baserritik datorren bidera helduko gara. Ezkerrera egingo dugu orduan, hurrengo haga ikusi arte.

Fauna zein industriaren aztarnak

200 metroko jaitsiera egingo dugu naturak berak sortutako eskaileretatik. Lurzoruari erreparatuz gero animalien arrasto ugari antzemango ditugu, inguruetako fauna aberatsaren erakusgarri: oreinak, basurdeak eta basakatuak bizi dira inguruotan, besteak beste. Gizakiek ere ez dute gutxitan zapaldu lur hau: bidean aurreraxeago, haien jardueraren gaineko beste panel bat aurkituko dugu. Gaztaina-hobi –kirikiñousi izena ere badute– eta meatze-ahoez mintzatuko zaigu ibilbideko hirugarren errotulu hau. Une batez gure bidetik irten eta ehun metro ibiliz gero, panelak dioena geure begiz ikusteko aukera izango dugu gainera: gaztaina-hobi ederra eta meatze-ahoa, hauek benetakoak.

Ostera gure bidera itzulita, haren paralelo doan lurrezko pista ikusiko dugu ezkerrean; horretatik joango gara aurrerantzean, haritz artean gorantz, ibilbidearen laugarren mugarrira heldu arte. Antzinako goldeen eta gaztaina-hobi gehiagoren arrastoak ikusiko ditugu, baita biodibertsitatearen ikuspuntutik interes handia daukaten gaztainondoak ere. Azkenik, gora iristean, Garrastatxuko baseliza agertuko zaigu berriz bistara, ezkerreko aldean.

Hemendik aurrera leunagoa izango da bidea. Pikaza baserritik behera lehenengo pagoak ikusiko ditugu, Pagasaun errekaren haranean. Ezkerrera joanda, pagoek Garateko bidea erakutsiko digute. Gune honetan aukera bi ditugu; lehena, eskuineko pistatik txangoa jarraitu; bigarrena, Pikaza baserritik abiatuta Garrastatxura bueltatu eta ibilbidea bukatutzat ematea.

Gorbeiako Parke Naturalaren atean

Txangoa jarraituz gero, Gorbeiako Parke Naturalaren atarira helduko gara. 8 zenbakidun hagak adierazten duen bidetik abiatuta, pago artean, ur-jauzi txikiak eta erlategiak ikusiko ditugu. Aurrerago, ur-jauzi indartsu batek sortutako errekastoa zeharkatuko dugu, Domaikorta iturrira heldu arte. Burdina-ura dario Domaikortari.

Ehun urteko pagadi zoragarritik gora, eskuinetik datorren bideari jarraitu eta Otegiko Txabolaren aztarnetara helduko gara. Ur-arroak banatzen dituen lerrotik, Bihozbizkar mugarritik eta Gainbideta lautadatik joanda, ibilbideko altuera handienera ailegatuko gara: 917 metro. Hemen, errotulu batek Nafarkorta tontorrera (1.017 m) heltzeko azalpenak emango dizkigu. Gu, ordea, hurrengo abiapunturantz hasiko gara jaisten, eskuineko ur baltsari jarraituz.

12. hagan, berriro ere, aukera bi ditugu: batetik, 7. abiapunturantz joan eta Garrastatxura itzultzea; bestetik, gure eskuinean dauden seinaleei jarraituz bidean aurrera egitea, Arlamendi baso-mintegirantz. Bidean, panel batek basogintzaz zerbait esplikatuko digu, eta inguruan antzinako mintegi bat eta harrobi bat aurkituko ditugu, biak Bizkaiko mugan.

Mintegia ezkerreko aldean utzi eta harriz beteriko bidetik jaisten hasiko gara, Anzulueta errekarekin topo egin arte. Hemen 7-15 haga bikoitza ikusiko dugu, Gorbeiako Parke Naturalaren irteera erakusten diguna. Gorostien artean, eskuinerantz igo eta ur-biltegitik igarota, Katzabaso tontorrean izango gara. Azkenik, begiak Katzabasoko ikuspegi ederrekin ase ondoren, gailurraren kontrako isurialdetik behera egingo dugu. Gutxi falta zaigu Garrastatxura itzuli eta ibilbideari amaiera emateko.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude