Josu Santesteban
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Autobusean aukeran nahiago dut gibelaldean eseri. Erditik harago jarri naiz. Moja bat igo da, eta bizpahiru atso. Moja ere atsoa da. Ez daitezela, Jainko maitea, ondoan eseri.
Jende gehiago sartu da. Haien artean punky gazte bat. Planoak edo margoak sartzeko erabiltzen den plastikozko tutu horietako bat darama. Arkitekturako edo, neure burua konbentzitu dut, arte ederretako ikaslea izanen da, G-ko fakultatekoa. Ez litzaidake inporta hurbil esertzea, eta are oso hurbil ere, nire ondoan, adibidez, asperraldian –ez baitut musikarik ez libururik ekarri– noizbehinka berari begiratu ahal izateko, eta haren planoak edo, seguruago, margoak ikusi, haiek ordenatzera edo baten bat ahantzi ote zaion ziurtatzera deliberatuko balu, eta horrela asmatu –ziurtatu– zer ikasten duen, nik bera ikasi bitartean.
Alabaina, urrun samar eseri da. Moja edo atsoengandik hurbilago niregandik baino. Eta nagoen lekutik gandortxoa baino ez diot ikusten, bost lerro aurrerago. Gero ez da inor gehiago igo. Ateak itxita autobusa abiatu da. Aspertuta, pasaiari begira jarri naiz baina kristala segituan lanbrotu da. Hemen oso bero da. Punkyaz ikus dezakedan gutxia behatzen dut. Behera ari da begiratzen. Zer eginen ote du? Ilea gaztaina kolorekoa du. Lokartu naiz.
Autobusaren astinaldi ezusteko batek, suposatzen dut, esnatu nau. Oraindik ordu erdi luzea falta da. Paisaia aldatu da. Iluntzen hasi da. Baina... ez dut... punkya non da? Badakit txorakeria dela baina ezinegona nabari dut nire baitan. Hor behar du baina ez dut ikusten. Eserlekuan etzan izan balitz, zertxobait, hanka, beso bat, zerbait, ikusiko zitzaion. Nire lekuan zutik jarri naiz. Ez dago bere eserlekuan. Eserleku guztiak arakatu ditut begiradaz. Atzealdekoetan ere ez. Jendeak arraro begiratzen nau.
Txoferrari abisu eman beharko nioke, bidaiari bat falta dela. Baina, ez dut ero eman nahi, hori baino lehen, neure burua lasaitu eta logika erabiliko dut. Diotenez, ezinezkoa behin baztertuta, gelditzen zaigunak, egiantzik ez badu ere, gertatutakoa izan behar du. Adibidez, ezin izan da autobusetik jaitsi. Autobus honek ez baitu geraldirik egiten, eta leiho irekigarririk ere ez dauka. Ergo, autobusean dago. Baina, non?
Ez dut denbora askorik. Metodoz behar diot arazoari ekin. Nire zentzumenez zalantza izan, ez utzi aurreiritziek tronparazi nazaten. Ez dut, azken batean, deus egiazkotzat hartu behar argi eta garbi neure adimenean hala dela ezagutu arte.
Horrela, gure zentzumenek batzuetan engainatzen gaituztenez, suposatu nahi izan dut ez dagoela ezer horien bidez irudikatzen dugunaren modukoa. Baina, berehalaxe ohartu naiz dena faltsua dela pentsatu nahi dudan bitartean, nik, hori pentsatzen duenak alegia, derrigorrean zerbait izan behar dudala. Eta ohartu naiz “nik pentsatzen dut, beraz, banaiz” delako egia hain sendoa eta segurua dela, non eszeptikoen aieru bitxienek ere ezingo zuketen ahuldu, eta hau bilatzen ari naizenaren lehenbiziko hastapentzat jo dezakedala kontuan izanik, kezkarik gabe iritzi diot.
Hamar minutu G hirira iristeko. Nire arrazonamenduek mantso baina geldiezin egiten dute aitzina, autobusak bezalaxe. Dagoeneko ondorioztatu dut Jainkoa badela eta gauza materialak ere –autobus hau, adibidez– badirela. Punky, punky maitea, zure bila nabil, ez kezka.