Imajina ezazu Lehendakaria (I)


2008ko azaroaren 30an
Ur Apalategi
Dani Blanco
Benetan berdin zait Francisco, Patxi ala Hussein deitzea gure hurrengo Lehendakaria –“gure” diot, Juanjo, nahiz, ez den benetan EAEko periferian bizi garenona, baina, zer demonio, nireago dut Lehendakariaren figura Errepublika frantseseko Presidentearena baino eta mentalki bederen beti bozkatzen dut EAEn ere–.
 
Berdin zait bere jaioterria, berdin ere bere erlijioa, bost axola zein arrazakoa den eta gauza bera gustu musikalei dagokienean ala bere joera sexualei. Ez ordea euskaldun izaera. Lehendakarigaiak euskalduna izan behar du, hitzaren zentzu lehenean, hau da, euskara hitz egin behar du. Eta ondo –gaztelera jakin behar duen moduan–. Hortik beherako Patxi bat ez zait inoiz Patxi 2.0 irudituko, baizik eta Patxi 0.2. Penatu nau, bidenabar, zure lovestory birtualaren amaierak, Katixa. Udazken euritsu hauek ez dute ezer onik ekartzen...
 
Nolako Lehendakaria behar genuke guk Obama efektu bat sortzeko? Horra nire buruari –eta zuei bioi– egiten diodan galdera. Inoren baitan zentralismo edo periferismo susmorik sortuko ez lukeen hautagaiak, Obama lez, erresuminik gabea izan beharko luke batez ere. Hots, aurretik baztertuta geratzen dira presondegian egondakoak edo hurbilekoren bat izan duten guztiak, torturatuak, atentatuz hildakoen ahaideak, bahituak eta beren hurbilekoak, diskriminazio linguistikoen biktimak, karlistaden edo gerla zibilaren oroitzapen mingarria duten familietakoak…
 
Onena, beraz, etorkin iritsi berri bat litzateke, aukeran urrutitik etorria –zeren, hurbilegiko herrietan gehiegi ezagutzen dute gure arazoa eta aurreiritzia izan dezakete– baina ez hispanoamerikako herri batetik, noski. Asiar bat, demagun. Horrek duen abantailetarik bat da asiarrek erraz ikasten dituztela hizkuntzak eta otzan-otzan egokitu ohi direla dauden tokiko lege eta ohituretara. Kontuz, halere, ez luke Asiako herri-inperio batetik etorri beharko –honek identifikazioa sor baitezake hemengo zentralistekiko–, ezta, jakina, herri menperatu batetik –euskaldunekiko identifikazioa ziurra bailitzateke orduan–. Herri ertain eta demokratiko batetik etorri behar luke beraz. Demagun…
 
Beno, utz dezagun alde batera demokratikotasunaren irizpidea edo har dezagun zurruntasunik gabe, bestela ez dugu ezer aurkituko. Ea orain. Malasia izan liteke aukera polita. Formalki demokratikoa da, geopolitikoki nahiko autonomoa inguruko potentzia handiekiko, eta bai etnikoki bai erlijio aldetik anitza. Bestalde, ze kasualitate, ongi etorria, nazio malasiarraren definizio plurietniko baterantz bideratu da azken urteotan –oztopo zenbaitekin, hori bai– hango politika. Asiarren merkatari sena eta lanerako presdisposizioa gustatuko litzaieke hemengo bando bietako gorbatadunei, eta gorbatagabe guztien antikonformismo egarria asetzearren emakumezko bat ekarriko genuke, musulmana baina laikotasunaren aldekoa.
 
“Euskaying, euskayang” izango litzateke bere hauteskunde kanpainaren lelo bateratzailea eta denoi batera lan egitea proposatuko liguke helburu berarekin: euskal gatazkaren inguruko merchandising eraginkor bezain emankorra antolatzea, kontuan izanik hori dela nazioarteko merkatuari begira gure produkturik originalena. Euskara denok ikastea eta erabiltzea makro enpresa turistiko honen arrakastaren baldintza ezinbestekoa litzatekeenez, euskalgintza despolitizaturik geratuko litzateke, baina ez horregatik ahuldurik.
 
Zuen txanda orain, Juanjo eta Katixa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude