Pasa den martxoan, irakasle propioak eta unibertsitate autonomia eskatzen zuten EHUko irakasle taldea kaleratu zela hamasei urte bete ziren. Ordutik, egunero-egunero, hamasei urtez dagoeneko, talde horretako batzuek pankarta bera zabaltzen dute Leioako unibertsitateko campusean.
Batzuek miretsi egiten dituzte, beste batzuek gorrotatu. Kontua da intsumisio bidezko borroka luze eta isil horren atzean aldarrikapen sakona dagoela, gutxienez errespetua merezi duen aldarrikapena.
Ezetz esan zioten ezegonkortasuna eta diskriminazioa ekarriko zien kontratu administratiboari eta ezezkoa eman zioten baita ere, gutxieneko duintasunean lan egiteko aukera bakarra den funtzionario ereduari.
Lan kontratu iraunkorra eskatzen dute. 1987an greba orokorra egin zuten horren alde. Utopikoak? Hamasei urtez pankartaren atzean egonda ere helburu nagusia lortu ez duten arren, euren borrokak eragina izan du egungo unibertsitateko lan harreman sistema eraldatu duten erabaki batzuetan. Kaleratutako intsumisoek espero dute, laster, Euskal Herriko unibertsitate publikoetan funtzionarioen pareko lan baldintza eta baldintza politikoak izango dituen irakasle kontratatuak izango direla. Euren utopia egia bihurtzen ari da eta duintasuna mantentzen jarraitzen dute. Pankarta arrazoi batengatik edo bestearengatik utzi zutenek ere mantentzen dute duintasuna. Nola batzuek, hala besteek, errespetua eta mirespena merezi dute.