«Ni beti kontrolpean, bai Euskal Herrian eta bai Habanan!»

  • Habanan diren frantziskotarretan euskaldun bakarra. Makina bat ziren garai batean! Egun, hilzorian dagoen espezie bateko kide. Goizetik arrats, behartsuenei laguntzen ematen du eguna. Euskal Herriaz hizketan lotu eta hitz inkontinentziak jotzen omen du. Orduan, puska baterako erretolika du…
Pedro Angel Garcia Chasco
Pedro Angel Garcia ChascoZaldi Ero
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Frantziskotar euskalduna Habanan.


Garai batean berrehun baino gehiago ginen frantziskotarrak hemen. Gehienak euskaldunak. Donostian frantziskotarren probintzial izandakoa, Pablo Lete, Arantzazuko basilika egin zen garaiko nagusia, Ameriketara etortzen zen hango amabirjinaren zenbait oroigarri hemen saldu eta dirua biltzeko. Harako ari zen, jakina, Arantzazuko basilika egiteko. Bada, hegazkina hartu eta Bermudako Triangelu inguru horretan itsasora jausi! Istripuan hil zen Pablo Lete, beste askorekin batera. Arantzazun sartu berri nintzen. Ni 1952ko irailean sartu eta hegazkina abenduan itsasora erori. Kaperara joan ginen, ohera baino lehen errezatzera, eta zaintzen gintuen fraideak esan zigun: “Kubatik heldutako azken berriek adierazi digutenez, hegazkin istripuan hil da aita probintziala. Harekin batera hil da idazkaria zuena ere”. Nik hiru hilabete eskas neraman Arantzazun eta “aita probintziala” aditu nuenean, “horixe izen arraroa!”, pentsatu nuen. Gero, Leteren ondorengo probintziala Arantzazuko lanak ikustera etorri zenean esan zidaten: “Hik aita probintziala zer ote zen jakin nahi huen, ezta? Bada, hortxe probintziala!”. Orduan ulertu nuen: aita probintziala gainerakoak bezalako fraidea zen, baina agintean zegoena. Hamar urte nituen!

Labrazatik heldu zinen zu Arantzazura.


Bai. Madrilen jaio nintzen baina bost urte nituela gurasoak Labrazara joan ziren. Han, sei urte nitueneko banekien irakurtzen, eta apaizak lehen jaunartzea egiteko baimena eman zidan, beste zenbaitekin batera. Eskolara baino lehen elizara joan eta apaizari laguntzen nion. Akolito izan nintzen, eta giro horretan sartuta nengoelarik, apaiz izan nahi nuen. Amak ere jakin zuen eta “hi, lupua baino gaiztoago eta egunero jaunartzen!?”. Eta nik, “bada, Teresa andreak komulgatzen du bada, egunero!”. “Bai, baina hura santu handia duk!”. Eta arrazoi zuen, oso ona zen, santua. Ni ez, nonbait.

Etxean eliz giroa, beraz.


Gure aita, adibidez, oso zen sinestuna. Labrazatik Logroño osoa ikusten da kataloxa bidez. Francoren gerra garaian han ikusten nuen aita, hiri hartara begira. “Halako eliza eraitsi ditek!”, batean. “Halako eliza jo ditek!”, bestean. Erlijioa eta aberria salbatu behar omen zituzten nafar erreketeek! Bai, horratik! Gure aita gazterik hil zen, 49 urte zituela, metraila zuen-eta gerraz gero. Gainera, harriak giltzurrunetan. Azkenean, minbiziak hil zuen. Gertatu zen gure familia Madrildik Labrazara etorri, etxea egin eta zorretan sartu zela. Dirurik ez, hortaz, gu umeok hara edo hona ikastera bidaltzeko. Orduan, gure aitaren lagun batek, Arabako Diputazioan lan egiten zuenak, urtean beka bat ematen zuen, mutikoak Gasteizko apaizgaitegira joateko. Nonbait, laguntza haietako bat niretzat izango zela agindu zion gure aitari. Ikasketak doan izango nituela, alegia. Aita oso pozik, jakina! Bederatzi urte nituen nik. Urte hartan bertan, gure herriko gazte bat apaiztu zen, Pedro Amillano. Nik ez nuen ezagutzen, noski. Horrekin batera, sasoi hartako predikatzaile ospe handiko bat etorri zen Labrazara, Aita Ezkurra… Baina ezin zuenez aste osoan hitzaldi egiten jardun, Arantzazun apaiztu berri ziren bi gazte ere etorri ziren. Haietako batek, hitzaldian, euskaraz egin zuen pasarte bat. Eta haren laguna barrez sakristian! Guk ez genekien latinez ari zen edo zertan… Nonbait, haria galdu eta euskaraz jardun zuen, batek daki zer esaten, harik eta atzera hariari heldu zion arte; orduan, gaztelaniaz segitu zuen. Prediku egiten zuen lehen aldia zen. Nik, orduan, ez nekien euskara bazenik ere. Arantzazura heldu eta orduantxe jakin nuen. Hura ustekabea! Izan ere, gutxiengo ginen euskaraz ez genekienok…

Horrela joan zinen fraide…


Bai. Labrazako hura apaiztu, Arantzazuko predikatzaileak herrira etorri, herriko abadeak haiekin hitz egin, haiek nire eskola-koadernoak ikusi... Azkenean, ni ere berotu, eta Arantzazura! Aitaren disgustua! Hark Gasteizko apaizgaitegirako nahi ninduen, Diputazioan lan egiten zuen lagunaren bekaren bitartez ikasketak doan egiteko moduan… Baina nik, Arantzazura nahi nuela. Bestalde, Arantzazun denetarik zegoen, pobre eta aberats: Azpeitiko Loiolako Kiruri jatetxeko semeak hainbat pagatzen zuen. Gure aitak, aldiz, zorretan, ez zuen modurik. “Tira, ahal duzuna egin ezazu, pezeta bat eguneko”, esan zioten Arantzazun. Horixe pagatzen zuen gutxien ordaintzen zuenak: pezeta bat eguneko. Aitak pena izan zuen hasieran, apaiz joan beharrean fraide joan nintzelako, baina gero oso gogo onez hartu zituen fraideak, misiolari joango nintzela-eta, Ameriketara. Horiek denak bederatzi urte nituela! Hortik atera kontuak!

Eta Ameriketara joan zinen, misiolari.


Orain Kuban naiz, baina ez pentsa Arantzazutik zuzenean etorri nintzenik. Baita zera ere! Arantzazun teologia bukatu eta Bilbora joan nintzen, pastorala eta gainerakoak zegozkidan… Ikasketak bukatuta ere, artean gazte nintzen apaizteko. Nire ikaskideak apaiztu ziren, ni ez. 1965a zen, nik 23 urte nituen. Ameriketara etortzeko eskaria egin nuen. Borondatezkoak eskatu zituzten Korea, Kuba eta Boliviarako. Nik ez nuen Korea nahi, hizkuntzagatik. Nahiago nuen leku errazagoa. Kuba, esaterako, baina ez zidaten utzi. Zientziatik egin nuen batxilergoa, eta adar hartako irakasle gutxi zituzten Arantzazuko apaizgaitegian. Ez zidaten alde egiten utzi nahi. Unibertsitatera joan nendin nahi zuten, zientziak ikastera. Nik esaten nuen bazitekeela ikasteko balio izatea, baina ez irakasteko. Besterik ez bazen ere, uzteko pare bat urte Arantzazun irakasten, ikusiko zela balio nuen ala ez. Nik uste ez nindutela Arantzazun nahi, jenio bizikoa nintzen-eta. Aita probintzialarekin hitz egin behar izan nuen, Aita Mendiarekin. Entzun zidan, baina kasurik egin ez. “Arrazoi sendoak dituzu, baina probintziaren premiei ere kasu egin beharra daukat”. “Hor konpon zeure kontzientziarekin, nik esan beharrekoa esan dut!”, esan nion, frantziskotar jarrera txikia erakutsiz eta haserre. “Zarautza joango zinateke?”, galdetu zidan. Haren gelatik irten eta zain nituen lagunak. “Eta, zer esan dik?”. “Zarautza bidali naik!”. Haren galdera ez zen-eta galdera. Izatekotan ere, galdera erretorikoa. Agindua zen!



Zarautzen kaleko giroa ezagutu zenuen. 60ko hamarkadaren amaiera, 70ekoa… Garai beroa Euskal Herrian.


Sistema zaharrak agintzen zuen han. Baina bazetorren krisi garaia… Baziren bi lagun, Koxme eta Txanton, herrian oso ezagunak. Tabernatik tabernara ibiltzen ziren iragarki jartzen, Juventud Antoniana izenekoaren egintzak eta gainerakoak zabaltzen, hitzaldiak antolatzen eta. Eta bete egiten zuten antzokia. Haiek kaleko lana egiten zuten; nik, hitzaldiak. Bi talde genituen, batean gizonak, bestean andreak. Tartean ziren ELAko batzuk, HOAC-ekoak, ETA Berrikoak… Bide batez esanda, majo izorratu gintuzten ETA Berrikoek.

Konturatzen ziren gurea zela Zarautz osoa, eta ezin eraman! Gure kontrako salaketak egin zituzten. Maiatzaren lehenengo baten biharamunean, egunkarian: “Hamahiru atxilotu Zarauzko frantziskotarren egoitzan”. ETA Berriko haien azpilana izan! Horiek eta handiagoak egin zizkiguten... Kontu zaharrak dira.


Kontu zaharrak, baina berriak ere bai. Saltsan zaitugu beti. Han borrokan, hemen borrokan… Agintedunekin ezin konpondurik.


Izaera kontua… Apaiztea gazteegi nintzelako atzeratu zidaten. Baina diakono egitea, aldiz, gaizto izateagatik. Ez ninduten onartzen.


Gernikako Institutuan ere jardun zenuen, Erlijio irakasten. Han ere arazoak…


Bai, bi apaiz ziren han, nirekin batera. Bien artean bota ninduten. Franco hil zen urtean gertatu zen. 1975ean.

Leku guztietan arazoak.


Kar, kar, kar… Baina inoiz ere ez ninduten kartzelara sartu! Behin, hitzaldi bat egin nuen, giza eskubideak eta hau eta hura. Lagun batek, Alejandro Oiartzabal donostiarrak, nire hitzaldiaren eskema jaso eta hitzaldi bertsua egin zuen beste zenbait lekutan. Gure arteko batzuei ez zitzaien gustatu. “Nola liteke horrelakorik orain esan?”. Eta nik: “Eta noiz, bada? Orain ari dira jendea atxilotzen!”. Poliziak ere fitxa egin zidan: “Garcia Chasco, Madrilen jaioa...”...


(Gelara etorri zaigu atezaina. Emakume bat etorri omen zaio. Aita Chascoren beharrean da. Utzi nau eta irten da gelatik. Hamar minutu, ordu laurdenera itzuli da)


… Hemen, etxea konpondu eta iruzur egin omen duzu. Ez omen da legezkoa. Estimatu beharrean! Han dator, gobernuaren salataria, kontu eske! Inprimakiak bete behar ditugula diote: zehatz adierazi zertan ari garen, nondik inguratu dugun zementua edo dena delako materiala, zein etxetan egin dugun obra. Ezin nahi bezala lagundu jendeari…


Hori ilegala da?


Hemen dena da ilegala! Baita etxea erostea ere. Trukatu besterik ezin duzu egin. Eta nola lagundu oraintxe etorri zaidan andreari, adibidez? Eta, askotan, ez dakizu jendea onez datorren, edo amarrukerian. Seguritateko bat, esaterako, bi urte eta erdian jardun zitzaidan diru ateratzen. Dirua, jendeari lagun geniezaion galarazteko, ez beste ezertarako. Behin, kazetari bat ekarri zidan, esanez herrialdetik alde egin nahi zuela eta laguntza eske. Nik 300 dolar inguratu nizkion, hemendik irteten laguntzeko asmotan. Dirua seguritateko hari eman –artean nik ez nekien zerbitzu sekretukoa zenik, jakina–, eta, zer egin zuen diruarekin? Oporretara joan Costa Ricara. Horrela. Ez dute nahi guk jendeari laguntzerik.

Amarrukeria?


Kazetaria etorri zitzaidan, artikulua idazten ari zela esanez. Uhartean gauza asko gaizki zeudela salatu nahi omen zuen, nire laguntza nahi zuela. Hark nire kolaborazioa nahi zuen, bai, baina ni kakazteko, gobernuak aitzakia izan zezan ni hemendik kanporatzeko. Amarrua zen, jakina. Kazetaria ez zen ur garbia. “Eskerrak frankismoan zaildu ginen eta badugun salatarien berri!”, esan nion neure buruari.


Seguritatekoak ondoan dabilzkizu…


Bi urte eta erdian dirua atera zidan hura, seguritatekoa! Hala zela esan zidatenean, joan eta zuzen-zuzen esan nion: “Seguritatekoa haizela esan zidatek. Kontuz ibiltzeko hirekin”. “Alaba preso diat Camagüey-n eta badakik, ni ere honetara behartzen naitek!”. Bai, alaba preso zuen, baina presoen artean nahastu eta haien mugimenduak zaindu eta kontrolatzeko. Sator lanean, alegia. Eta jakin ere, ezustean jakin nuen. Haren etxepean, goiko solairuan bizi zen emakume batek eman zidan albistea: “Habana Zaharreko itsua zela eta ez, bostehun atera genizkion Aita Chascori. Beste zera horretan, berriz, hobe dugu tentuz ibili…”, ari omen ziren, eta zer ari ziren esaten auzoko emakumeak entzun! Katekistari hots egin zion: “Ezin dizut telefonoz adierazi. Kontu larria dut, Aita Chascori dagokiona”. Joan nintzaion delako emakume hari eta kontatu zidan: “Begira, gure aita erretretan sartua da, baina seguritatekoa zen. Eta zuk ondoan dabilkizun laguna ere seguritatekoa da!”. Delako morroi hori hona etorri zen hurrengoan esan nion: “Merke saldu nauk! Horixe zuan, beraz, hire egitekoa! Batean eta bestean lortzen dudan diruaren herena heure sakelan gorde, heuk gastatu, nik ongia egiterik izan ez dezadan! Alde egik hemendik, egin ezak nahi duan bezalako txostena, bidal nazatela Kubatik nahi badute, baina alde egin hemendik, urruti!”. Hamaika horrelako, motel! Beste behin, barnealdeko probintzietan, gazte katolikoak aztoratzera bidali zuten nik izandako apaizgai bat. Logopeda zen, oso sortzailea, artista, irakaslea… Bizian ikusi dudan gaitasun handieneko mutila. Bada, satorra gertatu hura ere! Nonbait, hebain-hebain egin zuten, eta salati lanetara behartu. Ezin fidaturik gabiltza. Esana dut lehen ere, eskerrak frankismoan zaildu ginen! Ongia egin nahi, kasu mordoa laguntza behar dutenak, ezin iritsi, eta gainera seguritatekoak barruraino sartuta!

Kontrolpean…


Ni beti kontrolpean! Bai han, Zarautzen, Donostian eta bestetan, eta bai hemen, Habanan. Zarautzen, eliztarretako batek 500 pezeta kobratzen omen zituen nire sermoien ordainetan –poliziari laburpen egitearren, alegia–, eta “substantzia” izanez gero, 2.000.

Substantzia?


Bai, ohi baino zer edo zer gogorrago esan banuen, alegia. Dena dela, hemen askoz ere antolatuago dago hori. Horra CDR-ak (Comité de Defensa de la Revolución, Iraultza Defenditzeko Batzordea). Frantziskotarrak fitxatuta gaude hemen. Telefonoa ere kontrolpean. Eta e-posta ere bai!


Euskaraz jardunda ere?


Nolako tenplean dauden euskaldun batzuk…

Euskaldun batzuk?


Euskaraz dakiten batzuk! Nire mezu eta solasak itzuli ezinik ez dute, agintzen badiete, behintzat. Elizari dagozkion gaiak edo bestelakoak lantzen ari ote naizen jakiteko! Dena dela, ez dugu paranoian ere erori behar: mezuren batzuk itzularazi dizkietela esango nuke nik, baina askorik ez.
AZKEN HITZA
CIAkoa
Habanan errefuxiaturik dagoenaren hitzak: “Behin, txakurrak etorri zitzaizkidan, grabazio batzuk transkribatzeko esanez. CIArentzat lanean ari zen batenak omen ziren. Hasi naiz entzuten, eta apaiz biren arteko euskarazko elkarrizketa, Habanatik Euskal Herrira, hemengo bokazioak gora eta behera. Han ez zen CIAkorik ez antzekorik. Joan eta horixe esan nien, eta ez etortzeko berriz euskarazko elkarrizketak itzultzeko esanez”.

Habanatik hizketan ari zen ahotsa Chasco zen, jakina. Nor bestela?
“Aizu, aizu!”
“Habanara etorri nintzenean, hiru xahar ziren komentu honetan. Bata, Elgetakoa. Iluntzean, telebista ikusi beharrean, oinez irteten nintzen. 1995. urtea zen eta jendea, hemen, dena beharrean zen. Afalondoan, ni pasieran eta emakume baten hotsa: ‘Aizu, aizu, eraman nazazu zurekin, zuk nahi duzuna egingo dut!’. ‘Ez, ez, honezkero zahartuta nago!’”.
Joxemari Larretxea
“Hemen hil zen, 1997an. Hileta meza egiteko hots egin zidaten eta joan nintzen. Ni beti konpondu naiz ondo hemen dauden ETAkoekin, nahiz eta badakiten biolentziaren kontra nagoela. Bada, Larretxearen senideak etorri, ni hara azaldu eta gaztelaniaz hasi zitzaizkidan. Hitz egiten hasi orduko jabetu nintzen eta: ‘Zuek euskaldunak zarete, ezta?’. Errenteriakoak… Inguru honetan bizi zen, baina bisitan joan nahi izan nuenerako, hila! Pena…”.
Kanabera ebakitzen
“Garai batean neska eta emakume mordoa zebilen auzo inguru honetan. Norbaiti, ahala zuen norbaiti, esan nahi dut, ez zitzaion gustatu, eta protesta jo zuen, edo auskalo. Bada, ostegun batean, polizia etorri eta parean harrapatu zituztenak sartu eta eraman zituzten. Trena bete eta kanabera ebakitzeko lanean jarri omen zituzten!”.
Nortasun agiria
Pedro Angel Garcia Chasco (Madril, 1942). Labrazan (Araba) hazi zen, bederatzi urte zituela frantziskotarren bidea hartu zuen arte. Arantzazun eta Zarautzen (Gipuzkoa) egon zen, eta Habanara heldu 1995ean. Behartsuentzako lanean ari da Kubako hiriburuko Paduako San Antonioko parrokian, zerbitzu sekretuekin hamaikatan borrokan. Erreferentzia da euskaldunentzat, bera nahi izaten dute aberri eguneko ospakizunean, komunitateko kideren baten heriotzan, edo gisakoetan. “Txasko”, ikusten duen errealitatearekin konforme ez dagoen frantziskotarra.

Azkenak
Konstituzioa aldatu eta betiereko presidente bihurtzeko ateak zabaldu ditu Nayib Bukelek

Bigarren aldiz da El Salvadorko presidente Bukele, konstituzioak legegintzaldi bat baino gehiagoz presidente izatea debekatzen badu ere. Orain, konstituzioa aldatu eta nahi beste aldiz hautatu dezakete presidentea.


20.000 sinadura bildu dituzte txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzeko

Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten... [+]


Sarek eta Etxeratek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan

Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte. 


NBEren Segurtasun Kontseilua Gazan bahituta dauden israeldarrez mintzatuko da asteartean

Bahituen "egoera larriaz" eztabaidatuko dute biltzarrean egongo diren herrialdeek, Danny Danon Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera. Hamasek adierazi du bahituek osasun arreta jasoko dutela baldin eta Israelek Gazara laguntza humanitarioa... [+]


AEBn euskararen irakaskuntza bultzatzeko akordioa sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk

Euskal diasporaren Boiseko Jaialdiaren testuinguruan, Etxepare Euskal Institutuak eta AEBetako euskal erakunde NABOk euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa sinatu dute. Hori horrela, AEBetako Euskal Etxeek euskara "sustatuko eta trinkotuko" dute, eta Jaurlaritzak... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Turismoaren negozioaren aurka mobilizatu dira Zarautzen

"Gure herria izugarrizko irabazi-iturria da turismotik negozioa egiten dutenentzat. Bertako langileok, berriz, horren albo-kalteak jasaten ditugu: miseria eta esplotazioa", seinalatu dute mobilizazioa deitu duten Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu... [+]


Requiem batekin abiatzea?

Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]


Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


2025-08-04 | Gedar
“Sinpatiaren Festak” Lizarran: erasoak Bajadika alternatiboari

Ukabilkadak, bultzadak, blokeoa, izotz jaurtiketak eta abar jasan behar izan dituzte Bajadika aldarrikatzailea egin duten pertsonek.


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


Auzo ibilbideak (V)
Baiona Ttipia: babes eta arnasgune

Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]


Auzo ibilbideak (IV)
Adurtza: adreiluzko itsasoa

Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


Eguneraketa berriak daude