Hobetzeko akuilua ikastetxeentzat

  • Kanpo ebaluazio pasa beharko dute 2009ko apirilean EAEko Lehen Hezkuntzako 4. mailakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailakoek. Konpetentziak, alegia ikaslea egiteko gai dena, neurtuko dira, ez edukiak. Ikastetxeek, jasotako emaitzen arabera hobekuntza planak egin beharko dituzte. Eskolek konpetentzien irakaskuntzari heltzeko balioko al dute? Ez al da emaitzen erabilera interesaturik egingo? Irakaskuntzaren kalitateari astindu bat emango al dio?
Kanpo ebaluazioa
Kanpo ebaluazioaIñigo Azkona
LOEk bota enbidoa eta 175/2007 curriculum dekretuak hordagoz erantzun. Diagnostiko-ebaluazioak egin behar direla dio Espainiako legeak, eta Autonomia Erkidegoen esku uzten du hauek egiteko konpetentzia. EAEko 175/2007 dekretuak kanpo eta barne ebaluazioa bultzatzearen aldeko apustua egin du.

Eusko Jaurlaritzaren Berritzegune, Ikuskari eta ISEI institutukoek (Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundea) prestatu dute azterketa eta aurtengo ikasturtean ISEIk egin du froga pilotua 150 ikaslerekin, hainbat ikastetxetako 44 geletan. Ondoren, Eusko Jaurlaritzari bere eredu proposamena helarazi dio, eta irail alderako ebaluazioak zehaztuko dituen arau edo agindu bat ateratzea espero da.

Zer da kanpo ebaluazio bat?

Diagnostiko-ebaluazioak egiten dituzten hainbat eredu aztertu ditu ISEI institutuak, EAErako izango dena diseinatu aurretik: Andaluziakoa, Txilekoa, Frantziakoa...

Barne ebaluazioak direnean, gobernuak froga bat prestatzen du eta ikastetxeei ematen die aplikatu dezaten. Ondoren, gobernuak ikastetxeen lagin bat biltzen du, eta batez-bestekoa ateratzen. Azkenik, ikastetxeen esku geratzen da bere emaitzak herrialdeko batez-bestekoarekin konparatzea. Sistema honen abantailak merke eta autonomoa izatea dira. Baina lortutako datuak ez dira konparagarriak, ez delako kontrolatzen froga nola aplikatu den eta ez nola zuzendu den.

Kanpo ebaluazioetan, aldiz, kanpotik etortzen dira aplikatzaileak, froga ondo kontrolatutako baldintzetan egitera. Eusko Jaurlaritzak froga hauek aplikatzeko enpresa bat kontratatuko du, eta azterketak zuzentzeko beste enpresa bat. Azkenik, ikastetxeek eta gurasoek txosten bana jasoko dute, herrialdeko batez-bestekoa, ikastetxearen batez-bestekoa eta ikasle bakoitzaren emaitzak biltzen dituena. Sistema honen alde txarra da garestia dela. Ordea, lortutako datuak konparagarriak eta fidagarriak dira.

2009ko apiriletik aurrera kanpo ebaluazioa pasako dute urtero LH4 eta DBH2ko ikasleek, eta barne ebaluazioa egiteko aukera ere eskainiko zaie. Horrela, kanpo ebaluazioan aztertu ezin daitezkeen alorrak osatu ahal izango dituzte barne ebaluazioarekin. Adibide nabarmenena ahozko froga da: idatzizko hizkuntz gaitasuna neurtuko da kanpo ebaluaketekin, eta ahozko gaitasuna neurtu nahi izanez gero, ikastetxeek barne ebaluazioa egiteko aukera dute.

Metodologia: zer ebaluatu eta nola baloratu

Bi egunetan egingo dituzte ebaluazioak ikasleek. Idatzizko frogak izango dira, eta galdera batzuk itxiak izango dira –test modura erantzutekoak– eta beste batzuk irekiak, nork bere erantzunak asmatu beharrekoak.

Ez dira orain arteko azterketak bezalakoak izango: konpetentziak aztertuko dira, ikaslea egiteko gai dena alegia, ez edukiak. Zortzi dira ebaluatuko diren konpetentziak, Europak hautatuak. 2009ko apirilean, zortzi konpetentzia hauetatik lau ebaluatuko dira: hizkuntz konpetentzia euskaraz, hizkuntz konpetentzia gaztelaniaz, konpetentzia matematikoa eta konpetentzia zientifikoa. Urtero konpetentzia bat aldatu egingo da, esaterako, bigarren urtean konpetentzia zientifikoaren ordez gizarte zientziak ebaluatuko dira.

Emaitzak ebaluatzerakoan, ikasle guztien emaitzak aterako dira, eta batez-besteko orokorraz gain, maila sozioekonomikoa ere kontuan hartuko da: maila sozioekonomiko antzekoa duten ikastetxeen batez-bestekoak ere aterako dira, aldagai horrek eragin handia baitu emaitzetan.
Hobekuntza planak

Kanpo ebaluaketek derrigor ekarriko dute ikastetxe bakoitzak bere hobekuntza plana egitea, antzemandako arazoei konponbidea jartzeko. Kanpoko bi eragileren laguntza izango dute plan hauek egiteko: ikuskaria eta aholkularia. Planak betetzerako orduan, kanpoko bi eragileren inplikazioak exigentzia handituko duela espero daiteke.

35.000 ikasle urtero eta baliabide piloa

Urtero 35.000 ikasle inguruk egin beharko dituzte kanpo ebaluazioak.

Oraindik ez dago kalkulua zehatz-mehatz eginda, baina baliabide asko eskaini beharko zaizkio ebaluazioari. 175 pertsona beharko dira azterketak aplikatzeko bakarrik, enpresa bat kontratatu beharko da azterketa hauen datuak digitalizatzeko, beste enpresa bat azterketak zuzentzeko... Eta behin emaitzak jasota, ikastetxeek egin beharko dituzten hobekuntza planak laguntzeko ikuskariak eta aholkulariak beharko dira. Baina ISEI institutuko zuzendari Josu Sierrak inbertsio hau beharrezko ikusten du: “Kontuan hartu behar da orain arte miseria bat eskaintzen zaiola ebaluazioari, eta bada garaia ebaluazioan inbertitzeko. Ebaluatzen ez dena ezin delako hobetu”.

Seminarioa udako ikastaroetan

Euskal Herriko Unibertsitateak Udako Ikastaroetan kanpo ebaluaketei buruzko seminarioa antolatu du. Uztailaren 10 eta 11n izango da, eta bertan Josu Sierra bera, Albertako (Kanada) Hezkuntza Saileko Jin Dueck, Andaluziako Hezkuntza Saileko Antonio Benitez eta Txileko Hezkuntza Saileko Leonor Cariolak parte hartuko dute.

Ikas komunitateari aldaketa handiak ekarriko dizkioten ebaluazio hauek, oihartzun handirik egin gabe, ate-joka ditugu jada. Hezkuntzako emaitza guztiek bezala, hurrengo ikasturtean lehen emaitzek hautsak harrotuko dituzte, baina denborarekin ikusiko da ikastetxeek irakas sistema hobetzeko baliatuko dituzten.
Josu Sierra, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko zuzendaria: “Ikastetxeentzat presioa ekarriko du, arazoen aurrean zerbait egin beharko dutelako”

Konpetentzia denak dira idatziz eta denbora mugatuan neurtzeko modukoak? Adibidez, lidergoa...


Konpetentzia batzuk idatziz bakarrik neurtzeko arazoak izango ditugu. Mugak ditugu. Beste konpetentzia batzuk, adibidez “ikasten ikasi” edo “ekintzailetza” oraindik zer esan nahi duten ere definitu gabe ditugu eta hurrengo urteetan lan handia egin beharko dugu lehenik definitzen, eta gero froga bat asmatzen konpetentzia horiek ebaluatzeko.


Emaitzak nola hartu behar dira, zehatz mehatz edo erlatiboki?


Emaitzak zehatzak izango dira, baina erlatiboki hartu beharrekoak. Ikastetxeak jasoko duena zenbaki bat izango da, eta baita mailaketa bat ere. Familiei ere txosten bana emango diegu, pertsonalizatua. Urlia eta Sandiaren egoeraren berri emango diegu. Kontua ez da izango “ikastetxe honen batez-bestekoa baxua da” esatea, baizik “Urlia eta Sandia dira lagundu beharreko pertsonak, hauek ez dira konpetentzia matematikoan hau eta beste egiteko gai”. Emaitza maila horretaraino zehaztuko dugu.
Baina erlatiboak ere izango dira, kontuan hartuko delako maila sozioekonomikoa, hau da nondik abiatzen den ikaslea, bestela injustua izango litzateke. Ezin dugu konparatu besterik gabe auzo pobre bateko eta Neguriko ikasle baten emaitza, desberdina izango baita dudarik gabe. Bakoitzari, batez besteko orokorraz gain, bere maila sozioekonomiko antzerakoen batez bestekoa ere emango diogu.


Ebaluazio hauek hezkuntza sisteman zer eragin izango dute? Eskolentzat ez al da presioa izango?


Agian bai, baina nik uste presio ona izango dela. Presio iturri nagusia da lehen aldiz jakingo dutela euren emaitza modu konparagarrian. Eta ez gaude ohituta horretara, ez gaudelako ebaluaziora ohituta, eta emaitzarik jakin gabe funtzionatzen dugu. Baina eskolaren misioa hori da, ez jantoki politak eta autobus luzeak edukitzea, eskolaren misioa da ikasleen konpetentziak bermatzea. Informazioa ez da fiskalizatzailea izango, zentroentzako izango delako informazioa, baina presioa ekarriko du, arazoen aurrean zerbait egin beharko duelako zentro bakoitzak. Urtero arazo berak ateratzen badira eta hori konpontzeko ezer egiten ez bada, orduan etorriko dira kontuak. Nik espero dut hau iraultza txiki bat izango dela hezkuntzan. Aldaketa globala da, azentua ikasleen konpetentzietan jartzen delako eta ez orain arte izan ditugun eztabaidetan, alegia, zer gai irakasten dugun eta zer ez dugun irakasten. Eztabaida hori bukatu da. Irakatsi nahi duzun gaia, baina zure ikasleen %30ak ez daki testu batetik ideia nagusiak ateratzen. Zer egingo duzu hori konpontzeko? Jada gauza garrantzitsuak planteatzen dira.


Eskolak ez al dira froga horiek pasatzera bideratuko?


Agian hori ez da hain negatiboa, hain zuzen aldaketa delako konpetentziak ebaluatzea. Beraz, bi urte pasatzen badituzte konpetentziak bermatzen, ez zait hain gaizki iruditzen.

Ikastetxeak orain arte edukietan oinarritu dira. Aldiz, ebaluazio hauek konpetentziak neurtuko dituzte. Lehen ebaluazioak ezustean harrapatuko ditu ikastetxe batzuk...


Bai, ikastetxe askorentzat sorpresa izango da. Baina lehen ebaluazioan ez da ezer bukatzen, urtero ikusiko dugu elkar, beraz, lasai hartu.

Ikastetxeen rankinga egiteko arriskua dago?


LOEk esaten du, eta 175/2007 curriculum dekretuak ere bai, ezin direla ikastetxeen rankingak egin. Gu ere saiatuko gara hori saihesten. Ikastetxe bakoitzari bere emaitza emango diogu, ez ikastetxe denen emaitzak biltzen dituen txostena. Rankingak injustuak dira, ez delako matizatzen ikastetxe bakoitza zer ingurunetan dagoen. Beste kontu bat da ikastetxe bakoitzak bere emaitzarekin zer egiten duen. Ikastetxe batek publiko egin dezake matrikulazio garaian “nire emaitza hau da”, eta nire iritziz eskubide osoa du horretarako, rankingik egiten ez badu, esanaz “ni hogeitabigarren nago”. Orain, zainduko dugu egia esan dezala. Ikastetxe batek esan dezake “nire batez-bestekoa 500 da”, baina isildu bere maila soizioekonomikoko batez-bestekoa 560 dela. Guk esan egin beharko genuke berari dagokion batez-bestekoa askoz altuagoa dela eta egia isiltzen ari dela.

Urtero jasoko dute emaitza, eta orain nobedadea da baina ikusi behar da urteen joanean zer joera duen ikastetxe bakoitzak, eta LH4an ebaluatutako ikasleek zer eboluzio egiten duten DBH2 mailara arte. Beraz, ikastetxeek ez dute bakarrik jakingo non dauden, nora doazen ere jakingo dute.
Ebaluatuko diren 8 konpetentziak:
  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Matematikarako gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
Espainiako ebaluazioak 3 urtez behin
LOEren arabera, hiru urtez behin Espainiako Estatuko ikasle denei diagnostiko ebaluazio orokorra egingo zaie, erkidego bakoitzaren datuak konparatzeko. Azterketa hauek LH4 eta DBH2 mailako ikasleei egingo zaizkie, eta beraz, urte horietan ikasle hauek bi ebaluazio egin beharko dituzte, EAEkoa bata eta Espainiakoa bestea.
Lehen aldiz errolda-ebaluazioa,eta diagnostikokoa
Lehen aldiz historian ikasle denei azterketa bera pasatuko zaie, zentsu-ebaluazioak izango dira. Eta lehen aldiz, ikasle berak ebaluatuko dira bi aldiz, 4. LHn eta 2. DBHn. Horrek aukera emango du ikasleek tarte horretan zer garapen izan duten ikusteko. Beraz, kontua ez da “ea nola bukatu duten” ikustea, baizik “bukatu aurretik, ea nola doazen”.
Kanpo ebaluaketen ezaugarriak
  • LH 4 eta DBH 2 mailako ikasle guztiek egingo dituzte, urtero.
  • Oinarrizko konpetentziak ebaluatuko dira, ez edukiak.
  • Idatziz eta denbora mugatuan egingo dira frogak, bi egunetan.
  • Barne ebaluazioak ere egitea aukeran emango zaie zentroei.
  • Froga hauek diagnostikoak dira. Ez dira bukaeran egiten, prozesuaren erdian baizik. Ikasleak nola doazen ebaluatzea da helburua, hobetu beharreko arazoak detektatuz.
  • Ikastetxeek hobekuntza planak egingo dituzte diagnostikatutako arazoak zuzentzeko.

Azkenak
Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois talde ultrako kideen kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan: pikete eta mobilizazioekin hasi dute eguna irakasleek

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Sara Torres. Potentzia eta desira
“Desirak ez du berezko objekturik: polimorfoa da, eta desbideratzera jotzen du”

Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


Eguneraketa berriak daude