Tximinoen ejertzitoa

Joseph Stalin
Joseph Stalin
Graz (Austria), 1910. Ilya Ivanov zientzialariak gizakien eta tximinoen arteko hibridoak sortu zitezkeela esan zuen lehen aldiz, Munduko Zoologia Kongresuan. Baina hamalau urte zain egongo zen, Parisko Pasteur Institutuak esandakoa frogatzeko aukera eman zion arte. Garai hartan, egungo manipulazio genetikorako teknikak ezezagunak ziren. Hortaz, 1926an Gineara joan zen eta han hiru txinpantze eme giza espermaz intseminatu zituen. Ez zuen emaitza positiborik lortu, eta Frantziako Gobernuak ez zion baimenik eman beste esperimentu bat gauzatzeko, hots, emakumezkoak tximino espermaz intseminatzeko.

1927an Sobietar Batasunera itzuli zen eta bertan Stalinek ez zion inolako oztopo moralik ipini. Are gehiago, pertsonalki hitz egin zuen Ivanovekin eta eskaera bitxia egin zion: gizaki mota berri bat nahi zuen, garaiezina, minik sentituko ez zuena, eta edozein elikadura motara moldatuko zena. Tximinoak eta gizakiak bat eginda lortuko omen zuen hori. Sobietar Batasunaren egoera ekonomikoa ez zen oparoegia, baina sobietarrek armada indartsua behar zuten. Ez zeukaten alemaniarren prestakuntzarik eta zaila zen AEBetako soldadu kopurua berdintzea. Stalinek gogoan zeukan hibridoa gizakien gainetik egongo zen ahalmen fisikoei dagokienez. Aldiz, mentalki, armak erabili eta borrokatzeko ahalmena izatea nahikoa zen. Bide batez, ez zuten agindurik zalantzan jarriko, eta gobernuaren esanak eztabaidatzeko gai ez ziren izango.

Georgiako Sukhumi hirian ikerketa zentroa jarri zuten abian, zientzia-fikziozko asmoak egia bihurtzeko. Emakumezko “boluntarioak” topatzeko arazorik ez zuten izan. Baina bost emakume tximino-espermaz intseminatzeko erabakia hartuta zeukatenean, 1929an, Sukhumin bizirik geratzen zen azken orangutana hil egin zen.

Urtebete geroago Ivanov atxilotu zuten, Stalinen erregimena kritikatzeagatik. Bi urte geroago hil zen, erbestean. Ivanoven heriotza-oharra Pavlovek idatzi zuen.

Stalinek ez zuen tximinoen ejertzitoaren ametsa gauzatu ahal izan, baina behintzat Pavloven txakurrak gerran erabiltzeko aukera izan zuen urte batzuk geroago.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude