Maria San Gil, ihesaren hipotesia

Rajoi eta Ruiz-Gallardon
Rajoi eta Ruiz-Gallardon
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
PP moduko alderdi handi batek hauteskundeetan bigarrengoz bere helburu nagusia –gobernua– lortzen ez duenean, barne mugimenduak izatea eta lidergoak zalantzan jartzea normala da. Baina hauteskundeen biharamunean nekez pentsa zitekeen lurrikara alderdia zatitzerainokoa izan zitekeenik.

Lurrikararen epizentroa, gainera, euskal lurretan izan da eta protagonista Maria San Gil. Leopoldo Barreda buruzagi bizkaitarrak argi esan du EAEko PPren baitan ulertzen ez den aldegitea dela San Gilena. PPko eskuindarrenek hobeto ulertu dute antza denez eta Cope-k eta El Mundo-k gidatutako konspirazio mediatikoak ondo baino hobeto baliatu du San Gilen ihesa.

Ihesa bai, batzuen ustez hori baita EAEko PPko lehendakariaren erabakiaren azpian dagoen benetako jarrera. Politika utzi nahi omen zuen, baina horretarako aitzakia edo arrazoi indartsuak ere bilatu behar zituen alderdia eta politikaren lidergoa heroien estilora gidatu duenak. Bere gaitza medio politika uztea inork baino samurrago zuen San Gilek eta alderdi barruan ezezik gizartean ere ondo ulertuko zen bere erabakia. San Gil bera izango litzateke, ordea, arrazoi handiagoen beharrean legokeena eta horretarako primeran etorri ei zaio PPren oinarrizko printzipioen desbideraketaren auzi hau.

Aipatutakoa egiten den interpretazioetako bat bada, eta logika maila bat izan badezake ere, zaila da pentsatzea Mariano Rajoyren aurkako konspirazio honetan San Gilek ez duela zeresan sakonagoa. Areago ezaguna denean Jaime Mayor Orejarekin duen lotura ideologiko eta harreman estua. Duela egun batzuk entzun nituen Popular tv-n Isabel San Sebastianek gidatutako tertulian Mayor Orejak esandakoak eta Rajoy aipatu gabe ere, argi adierazten zuen alderdiaren zuzendaritzatik bideratu nahi zena PPren politikaren esentzia aldaraztea zela. Mezua ez da hitzez hitzekoa, baina hala zioen gutxi gorabehera: Espainiaren defentsa izan da PPren lehentasuna eta ardatza, eta orain horren ordez ekonomia, hezkuntza eta eguneroko bizitzako beste gai batzuk jarri nahi dira lehen lerroan; akatsa da hori, areago Zapaterok bigarren trantsizioarekin jarraitzen duenean eta horrekin azken 30 urteetako Espainia konstituzionala eta autonomikoa arriskuan jartzen denean.

Ez da erraza irudikatzea PPn zer gertatuko den, ezta zatiketaraino iritsiko ote den ere, baina Rajoyren barne oposizioa irudi mediatikoak erakusten duena baino ahulago eta sakabanatuagoa ei da. Rajoyren benetako helburua aznarismoaren amaiera gidatzea litzateke, baina ez bera izatea hurrengo hauteskunde orokorretarako hautagaia. Horretarako, prentsa eskuindar eta espainiarra jarraituta bederen, gero eta indar handiagoz entzuten dira Alberto Ruiz-Gallardon edo Francisco Camps Valentziako buruzagia moduko pertsona pragmatiko eta zentristagoak. EAEko PPren lehendakaritzarako, ordea, maiatzaren 16an El Diario Vasco-k zioenaren arabera, Gasteizko alkate ohi Alfonso Alonso izan daiteke San Gilen ordezkoa.

Popularren krisi honek guztiak nola eragin dezake euskal politikak egun bizi duen egoera nahasi eta garrantzitsuan? Patxi Lopezek Ajuria Enea inoiz baino gertuago ikusten duen honetan, PPren boto emaile mordoska bat erakarri ditzake, batetik, barne liskarrek popularren irudia kaskartzen jarraitzen badute eta, bestetik, PSEk eta Lopezek abertzaletasunaren aurkako hesi sendoaren irudia gizarteratzen badute.

Ezaguna da boto konstituzionalistak aparraren gainean dagoen alderdira jo ohi duela eta hori une honetan PSE dela. PPk, gainera, hemen duen irudiarekin denbora gutxi du zentrorainoko bidaia sinesgarritasunez egiteko eta horrek ere PSEren alde egiten du. Sozialisten zailtasun handiena? Lopez ez dela Zapatero.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude