"Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik"

  • Iraindua sentitu zen; marimutila, tortillera, deitu zioten. Sexualitateaz, generoaz, gorputzaz mila galdera zituela New Yorkera abiatu zen. Han queer mugimenduaren erdi-erdian egokitu zen. Orain, Parisen, galdera berberen erantzunak aztarrikatzen segitzen du unibertsitateko irakasle eta ikasleekin batera.

Jose Ramon Gomez

Duela gutxi hautsak harrotu ditu Thomas Beatie “gizon haurduna”ren egunkariko albisteak. Zergatik aztoratu da jendea?


[Prentsako orria eskura eman diogunean irribarre zabal-zabala atera zaio].
San Franciscoko lagun batek bere adiskide baten argazkiak bidali zizkidan, haurdun zegoen eta gero haurra izan zuen. Argazkia Testo Yonqui liburuan sartzea pentsatu nuen, baina Beatieren argazkiarekin jendeak nola erreakzionatu zuen ikusita ez sartzea erabaki nuen. Jendeak liburura joko zuen argazkia baino ez ikusteko, morbo erraza eragingo zuen.

Bada jendea uste duena gizon bakarra dagoela haurdun, alegia transexuala bakarra haurdun, baina San Franciscon adibidez, aita haurdunen komunitatea dago.

Beatieren gaiari helduta, oinarrizkoena azaldu beharko nuke gertaera hori ezagutzen ez dutenentzat. Beatie, beste transexual asko bezala, transexual hormonatua da, baina obulutegiak mantendu ditu. Hormonak hartzeari uzten badio hilekoak izan ditzake eta umetokia erabil dezake haurdunaldirako.

Beatiek, beste transexual askok bezala, adierazten duena da ez diogula gorputzari begiratu behar jarraipen zorrotza duen sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko bloke moduan. Beatieren gorputza ez da ez maskulinoa ez femeninoa, potentzialitate ugari duen gorputza baizik, norbanakoarena bezalaxe. Zentzugabea da pentsatzea testosterona maskulinoa dela eta estrogenoa femeninoa, edo umetokia femeninoa. Umetokia hainbat gorputzetan dagoen organoa da eta orain arte kulturalki gorputz horiek femeninotzat hartu dira. Ezerk ez digu esaten umetokia berez eta historikoki femeninoa eta femeninoa baino ez denik. Beatieren haurdunaldia feminitatetik eta maskulinitatetik harago doa, amatasunetik eta aitatasunetik harago. Testo Yonqui liburuan teknoaitatasuna eta teknoamatasuna aipatu ditut. Hau da, baldintza teknologikoak daude tartean eta ez biologikoak soilik. Beatieren kasuan teknologia hori oso agerikoa da, baina haurdunaldi askotan dago. Esate baterako, intseminazio artifiziala ez zen asmatu transexualentzako, ezta homosexualentzako ere, nahiz eta askok hala uste. Pildora bezalaxe asmatu zen; familia zuri, heterosexual eta klase ertainekoentzat ugalketarekin lotutako ikerketak egiten ari zirela. Beraz, ugalketa sexualarekin zerikusia duten prozesu teknologiko horiek, zeinak sexua, generoa eta sexualitatea banatzen dituzten, gorputz guztietan ageri dira, ez anormaltzat eta duintasunik gabekotzat hartzen ditugun gorputzetan soilik. Nire babesa eta esker ona luzatu nahi diet halako eraldaketa eta berrasmatze prozesuetan ari diren transexualei.
 

Prozesu teknologikoa diozunean zer adierazi nahi duzu?


Sinetsi dugu gorputza eta sexualitatea naturalak, berezkoak direla, hala erakutsi digu tradizio historikoak. Identitate sexualaren, gorputzaren eta sexualitatearen nukleo gogorra irudikatzen da. Nukleo hori kultura eta eraldaketa teknologiko guztietatik banandua legoke.

1970eko eta 1980ko hamarkadetatik aurrera, feminismoaren alorreko hainbat pentsalari hasi ziren ikertzen diskurtso zientifikoetan ageri ziren metaforak (generozkoak, arrazazkoak eta kolonialak). Hori batetik, eta bestetik Michel Foucault historialari eta filosofoaren eskutik, adibidez, teoria deseraikitzaileagoak agertu ziren. “Sexuaren egia” ekoizten duten prozesuak aztertu zituzten: gorputzak normalizatzen dituzten, maskulinitatea eta feminitatea kontzeptuak asmatzen dituzten, homosexualitatea eta heterosexualitatea asmatzen dituzten prozesuak ikertu zituzten.

Esate baterako, heterosexualitatea/homosexualitatea kontzeptuak XIX. mendearen bukaeran asmatu zituzten sexualitatea kontrolatzeko eta normalizatzeko, –horrek ez du esan nahi ordura arte sexu praktika aniztasunik ez zegoenik; bazegoen noski–.
70eko eta 80ko hamarkadetako analisi garrantzitsuenetakoa eta zeharo berria da –gero queer teoriak muturreraino eramango duena– jabetzea sexualitatea eta subjektu sexualak formazio historikoen eta irudikapen politikoen ondorio direla. Beraz, ez dago entitate naturalik, ez dago naturan homosexualitaterik eta heterosexualitaterik, ezta feminitaterik eta maskulinitaterik ere. Orain naturaltzat ditugun subjektibitate horiek prozesu politiko eta teknologikoek eragindakoak dira.

Teknologiaz galdetu didazu lehen. Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak aztertu ditut. Teknologia horiek eta XIX. mendekoak oso desberdinak dira. XIX.ekoak kanpotik diziplina ezartzen zuten gailuak ziren: kartzela, eskola, ospitale psikiatrikoa, tortura, zigor metodoak... Arkitektura multzo horrek norbanakoa babesten zuen eta hainbat subjektibitate sortu: histerikoa, eroa, ume masturbatzailea, etxekoandrea... Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak molekularrak dira, bizidunaren egituran infiltratzen dira, gorputzarekin nahasten dira.

Pildora da, zalantzarik gabe, sexuak eta generoak ulertzeko dugun eredua modu erradikalenean aldatu duena.
 

Nola eragin du bada pildorak?


Teknologia molekular eta biomolekularrek sexualitatearen kontrol eta normalizazioan nola eragin dutenaren adibide bat baino ez da pildorarena. Hormona koktela, estrogeno eta progesterona koktela besterik ez da, 1940ko hamarkadan asmatutakoa. 1960ko feminismoak, bitxia da, sexu askatasunerako tresna gisa onartu zuen.

Asko harritu ninduen, baina kontua da pildora laboratorioan sintetizatu zela, fundazio katoliko baten diru-laguntzari esker. Familia katoliko, klase ertaineko eta heterosexualen ugalketa programan ari ziren lanean. Ikerketan aurkitu zuten estrogeno eta progesterona konbinazioak ugalketarako baino, antisorgailu gisa balio zuen.

Amerikako Estatu Batuetan 1947an asmatutako lehen pildora hori Puerto Ricon probatu zuten. Teknika eugenesiko gisa erabili zuten, arraza beltzaren hazkundea murrizteko, beltz eta zurien familia estatubatuarrak purifikatu eta banatzeko. Niretzako ustekabea izan zen erabilera horren berri izatea. Jaiotzak kontrolatzeko 60ko talde feministen aldarrikapenak ezagutzen nituen; gorputzaren politizazioa, kontzientzia hartzea... eta pildorarekin egindakoa justu kontrakoa da. Erabilera psikiatrikoa –homosexualitate maskulinoa tratatu nahi zuten– eta eugenesikoa izan zituen.

AEBetako Osasun Sailak ez zuen baimenik eman lehen pildora komertzializatzeko hilekoak guztiz ezabatzen zituelako eta beraz emakume amerikarrak desfeminizatuko zituelako. Berriz ere gauza sinesgaitza egin zuten. Lehen pildora hark %99ko eraginkortasuna zuen, alde batera utzi zuten eta hileko artifizialak eragiten zituen bigarren pildora asmatu zuten.

Zer adierazi nahi dut pildoraren historia honekin? Bada 1950eko urteetatik aurrera, jakinaren gainean abian jarri zela emakumeen gorputzaren kontrol hormonala. Kurioski feminismoak sexu askatasun bidetzat hartu zuen pildora. Noski badituela sexu askatasunerako bideak, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik hausnartu behar alor politiko, generozko eta arrazazkoei buruz.
Beraz, eta pildoraren adibidetik orokortasunera jauzi eginda, sexualitatearen bestelako konfigurazioaren aurrean gaude, Foucaultek XIX. mendean deskribatutako eredu diziplina ezartzailetik harago. Nik eredu farmakopornografikoa deitzen diot, kontrola ez delako kanpotikakoa, arkitektonikoa, diziplinarioa, baizik eta molekularra, infiltratua, arina, nahi baduzue baita lagunkoia ere. Nik kontrol horri “pop” deitzen diot, “Mickey Mouse” kontrola, plazera eta askatasuna emango dizkigun konfiantzazko lagun gisa agertzen dena.
 

Eredu farmakopornografikoa aipatu duzu. Zer duzu esateko pornografiaz?


Teknika oso berria da pornografia, masa kulturatzat hartuta. Lehenengo aldiz masturbazioa kapitalaren ekoizpenerako produktu bihurtuko du pornografiak. Ideia hori oso berria da zeren XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte masturbazioa gaixotasuna zen, gaitz soziala, lanerako eta ugalketarako behar den energia alferrik galtzen baita masturbazioaren bidez. Norbera bere buruarentzako arrisku sexuala zen, “esku masturbatzailea” lotu beharreko deabrua zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, sexualitatearen kontrolerako moduak zeharo aldatu ziren. Orduan kontua ez zen masturbazioa eragoztea baizik eta masturbazioa masa kultura bilakatzea.
 

...


Nik ez daukat erantzunik. Ez dakit zer gertatu den, nahiko nuke jakin. Beno, nik uste kapitalismoaren aldaketa dagoela, kapitalismoak nolabait gorputza, subjektibitatea eta sexualitatea produkzio bide gisa integratzen ditu. XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte sexualitatea kapitalaren etsaitzat hartu zen. XX. mendearen erditik aurrera kapitala jabetzen da sexualitatea etekin bihur daitekeela, gorputza, plazera, sexualitatea, baita generoa ere, kapital ekoizpenaren iturri berriak bihurtuko dira.
 

Madrilgo Chueca auzoarekin gertatu da hori, esate baterako.


Horixe bera. Alabaina, Chueca ezin duzu Disneyworld heterosexualarekin alderatu. Jendea aztoratu egiten da Chueca ezagutzen duenean, uste duelako sexualitate homosexualak gheto baztertua izan behar duela, eta beraz kapitaletik at egon behar duela. Inolako identitatek ez dio ihes egiten logika horri. Lehen uste zen bazterreko identitate batzuk bazirela kapitaletik kanpo geratzen zirenak. Noski ezetz. Identitate horiek ere sistema farmakopornografiko berberaren eta kapitalaren ondorio dira. Kontua da identitate oro normalizatzeko gaitasuna dagoela, bai bazterrekoak diruditen identitateak eta baita normalizatuagoak diruditenak ere.
 

Subjektibitateak prozesu politiko eta teknologikoek eragin dituztela eta deseraiki behar direla diozu. Zer gertatuko da orduan borroka identitarioekin? Kolektibo minorizatuekin? Feminismoa subjektu politikorik gabe uzten baduzu armarik gabe geratuko al da?


Bai zera. Inoiz ez dugu orain baino arma gehiago izan. Lehen genituenak armak ere ez ziren. Feminismoaren subjektua emakumea zela genioen, eta ni adibidez, ezin izan naiz sekula feminismoaren subjektuarekin identifikatu, inoiz ezin izan dudalako nire burua emakumetzat hartu. Eta hortaz gain, bai feminismoaren diskurtsoek zein genero normalizazioaren diskurtsoek irainaren bidez baztertu ninduten: marimutila, lesbiana... Emakumearen eremutik baztertu ninduten. Emakumearen alor hori ere fikzio normalizatzailea zen.

Borrokarako armak galtzen ari garela diozu? Nik uste dut ezetz, guztiz kontrakoa. Konturatu gara fikzio horrek borroka politikorako beharrezkoak ziren identitateak, plazerak, gorputzak... baztertzen zituela. Gainera, borroka feministaren subjektutzat hartu genuen emakume hori, zuria, heterosexuala eta klase ertainekoa baino ez zen –ez dakit egiatan existitzen den irudi idealizatu hori–.
Oposizio dialektikoa irudikatzen zen: emakume biktima/gizon zapaltzailea. Egoera askoz korapilatsuagoa da. Kontua ez da zapaldua/zapaltzailea dialektika. Gorputz, sexualitate eta subjektibitate anitzekin egin beharko dugu lan, emakume subjektuak bere barruan bildu ezin dituenekin. Feminista heterosexual asko iritzi honekin bat etor daiteke. Zeren guk uste genuenaren kontra, agian, emakume subjektua borroka politikorako arma ez da izan, eta beharbada gainera, feminismoak burutzeke duen iraultza eragotzi du. XXI. mendeko iraultza horixe da, emakumea ez dela feminismoaren subjektua, feminismoaren subjektua etortzeko dago. Hori da behintzat nik espero dudana.
 

manifiesto contra-sexual liburuaz

Manifiesto contra-sexual, zure lehen liburuan, generoaren eta sexualitatearen historiaren berrirakurketa proposatzen duzu. Hiru ardatz aukeratu dituzu horretarako. Zergatik horiek?


Ezer ez da absolutua. Liburuan hiru ardatz horiek aipatu ditut uste dudalako desnaturalizatzen, desorekatzen eta desantologizatzen dituztela ikuspegi heterosexualeko sexu praktikak. Eta baita ikuspegi homosexualetik begiratuta ere.

Dildoa
Sexualitatearen eraketa farmakopornografiko berri honetan, dildoa gorputzaren kontzeptu berria da, gorputza ez da bukatzen azala bukatzen den tokian, gorputza teknologiarekin eta teknologiarentzat dago osatua. Dildoa protesi sexuala da, sexuaren luzapen sintetikoa. Gorputz sexuala beste modu batera eratzeaz ari naiz dildoaz ari naizenean, muga naturala gainditzeaz, maskulinoa eta femeninoa kontzeptuetatik harago.
 
Dildoaren historia ikertu nuenean, pildorarekin bezala, gauza bitxiak topatu nituen. Jende gehienak uste du dildoak zakilaren imitazioak direla. Bada, konturatu nintzen dildoak medikuntzako laboratorioetan agertu zirela, esate baterako, krisi histerikoak eragiteko teknika moduan. Histeria femeninoa sendatu nahi zuten dildoen bidez. Beraz, konturatu nintzen dildo elektrifikatua plazera eragiteko teknologiatako bat baino ez zela XIX. mendean eta gero sexualitatearen normalizazio eta patologizazio zirkuituak jabetu ziren horretaz. Gaur egun, mikrokomunitate gay, lesbiana, transexual eta transgeneroek bereganatu dute eta baita kultura zabalagoak ere.

Uzkia

Ez da ez maskulinoa eta ez femeninoa, gorputz orok dauka uzkia, ahoa bezala. Uzkia, eskua bezala, XIX. mendeko sexualitatearen medikuntza diziplinarioaren ardi beltzetakoa da. Oso zaila da kontrolatzea eskuzko eta uzki bidezko plazera. Zaila da jakitea plazer maskulinoa ala femeninoa den, onartu gabeko plazera da... mespretxugarritzat joa.

Lesbianen arteko praktika sadomasokistak
Hitzarmenaren ideia interesatzen zait, sexualitateari eskaintzen zaion begirada teatralizatua, performatiboa. Sadomasoak sexualitatea ekintza kultural eta kodifikatu gisa ulertzen du, ez zerbait naturala eta berezkoa balitz bezala. Sexualitate hori beti jendaurreko eszena da. Praktika horiek oso garrantzitsuak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan Amerikako Estatu Batuetan, eta gauza funtsezkoa ekarri zuten: identitate sexualarekiko konfiantza eza. Kultura sadomasokistek ez dute sinesten sexuen eta generoen arteko diferentzietan. Ez dute uste homosexualak eta heterosexualak daudenik, zartadak eman eta jasotzen dituzten menpekoak eta damak baizik. Posizioak fikziozkoak dira, antzeztuak. Erritua da.


Liburuaren gaztelaniazko bertsioan kontratu kontra-sexual baten adibidea agertzen da. Helbide elektronikoa idatzi zenuen. Nolako erantzuna jaso duzu?


Liburua frantsesez argitaratu zen lehenbizi eta lehen hiru hilabeteetan mezu oldea jaso nuen. Denetarik bidali zidaten, kontratuak eta zorakeria batzuk ere bai. Azkenean helbidea itxi behar izan nuen kudeatu ezin nuelako. Kontratua erakutsi nion lehen pertsonak (ez dut esango nori erakutsi nion ezaguna delako eta agian ez zaiolako gustatuko) hauxe esan zidan: “Sinatuko nuke, baina ezkutuan”.
 
Antzeko proiektuak izan dira ondoren. Javier Saezen taldeak Europako Parlamentuan aurkeztutakoa adibidez. Nortasun agirian “sexua” laukitxoan emakumea edo gizona jarri beharrean “uzki bidezkoa” jartzea proposatzen dute, esate baterako. Zergatik ez eraman horrelako proiektuak eremu politikora? Kontu serioa iruditzen zait nortasun agirian sexua eta generoa eskatzen segitzea. Genero biolentzia iruditzen zait hori (bestea biolentzia heterosexuala deitu beharko litzateke eta kito). Laikotasuna printzipio demokratikotzat jotzen dugun modu berean, norbera sexualki definitzearen eskubideak ere printzipio demokratikoa izan beharko luke.

Hamar urte pasa dira Manifiesto contra-sexual idatzi zenuenetik. Denbora hori pasata orain nola ikusten duzu egindako lana?


Bigarren liburua (Testo Yonqui) lehenengoaren jarraipentzat daukat. 90eko urteetan hainbat mugimendu kritiko agertu zen. Horietako bat queer mugimendua izan zen. Mugimendu postkoloniala ere garrantzitsua izan zen. Azken horrek kritika egiten dio arrazaren kontzeptuaren asmakuntzari.
 
Beste mugimendu bat testu zientifikoen analisi deseraikitzailea egin dutenena da, Donna Haraway eta beste. Mende hasieran, lehen liburua idatzi nuen garaian, analisi horiek gurutzatu ziren. Dagoeneko kontua ez zen identitateaz, subjektuaren eta legearen arteko harremanaz hausnartzea, baizik eta gorputz praktiketaz eta gorputzen biziraupenaz hitz egitea, hau da, gorputz batzuk nola zeuden osatuta ikustea, zein zen haien zaurgarritasuna, zein zen gorputz horien estatusa. Esate baterako, transexualen gorputzak ezin dira homosexualitate/heterosexualitate eta zuriak/beltzak terminotan ulertu.
 
Manifiesto contra-sexualen protesiarekin, gorputzaren luzapen teknologikoarekin zerikusia zuen guztia interesatzen zitzaidan. Testo Yonquin beste protesi batzuk landu ditut. Horietako batzuk mikroak dira eta beste batzuk kanpotikako ikusentzunezko gailuak. Lehenengoa hormona litzateke eta bigarrena pornografia, ikusentzunezko protesi telemasturbatzailea.
 
Manifiesto contra-sexual gaztaroko zorakeria izan zela esan nezake. Ordutik ildo oso antzekoetan lanean aritu diren taldeak asko ugaldu dira. Plazera izan da konturatzea lan hori ez dela nire delirio hutsa izan.
Nortasun agiria
Espainiako Burgosen jaio zen 1970ean. Filosofoa eta queer aktibista da. Orain, Frantzian, Université Paris VIII-n Generoaren Teoria eta Gorputzaren Historia Politikoa irakasten ditu. 2002an Manifiesto contra-sexual. Prácticas subversivas de identidad sexual liburua argitaratu zuen. Queer garaikideaz teorizatzeko ezinbestekotzat jo zuten lana. Berriki Testo Yonqui kaleratu du. Egitura politiko eta boterezkoek gorputzaren bizipenean nola eragiten duten aztertu du eta bere buruari testosterona emanda egin duen esperimentua kontatu du. Teoría King Kong (Virginie Despentes) itzuli du eta 12 urteko neska-mutil guztiei gomendatu die genero biolentziaren kontrako kit moduan.
Judith Butler
“Lehenengo aldiz eskolak ematen ikusitakoan pentsatu nuen ordura arte egindakoak bazuela zentzua. Pentsatu nuen egunen batean berak egiten zuenaren tankerako zerbait egin ahal izango nuela, modu xumean. Ezagutzen dudan pertsona sexienetakoa da”.
Gorputz paristarra
“Bortizki ari da aldatzen Paris, politika kontserbadore beldurgarriekin. Arraza, klase eta sexualitatearen araberako banaketa oso gogorra da. Pribilegiatu senti naiteke, besterik gabe zuria naizelako eta goi mailako ikasketak ditudalako. Batzuetan ordea, ditudan lagunak ditudalako beste aldean sentitzen naiz. Sarkozyk boterea hartu zuenean esan zuen 68ko kulturarekin amaitu nahi zuela, orduz geroztik pentsatu dut 68 berria iritsiko zaiola. Gorputz paristarra? Gorputz iraultzailea da”.
“Bollera”, “dyke”...
“Espainiatik alde egin aurretik marimacho, tortillera, lesbiana... deitu ninduten, aberrazio beldurgarri horiek guztiak. AEBetara joan nintzenean bollera hitza modan jarri zen Espainian eta hitz ederra iruditu zitzaidan, beste guztiarekin alderatuta. Dyke [bollera ingelesez], sexuaren aristokrazia izan da. Hala pentsatu izan dut: “Dyke, ezin naiteke hori baino gauza hoberik izan”. Hitz ederretan ederrena, alegia. Azken aldian, izendapen horiek trans-aren ikuspegitik begiratzea atsegin dut, hartu ditudan hormonengatik, transexualekin ditudan harremanengatik, nire gorputza ulertzen dudan moduagatik...”.
Gizon/emakume
“Genero biolentzia iruditzen zait nortasun agirian sexua edo generoa jarri beharra. Ekintza iraingarria, diziplinatzailea, normalizatzailea da”.
Motzean
Comillaseko Filosofia Fakultatea
Paco Vidarterekin lotzen dut. Ikaskidea nuen, aurten hil da. Comillaseko gaya eta lesbiana ginen. Hura gure futbol zelai queerra zen.

New Yorken bizitzea

Hiri kanibala da, gogorra da han bizitzea. Ondoren egin dudan guztia han ikasi dut. 1991-1992an lehertu zen queer teoria hiri hartan eta ni 1993an iritsi nintzen. Han aurkitu nituen Judith Butler, Nancy Frazer, Jacqui Alexander... nire maisu bihurtu zirenak.

Jacques Derrida irakaslea
Hark erakutsi zidan irakurtzen. Oso eskuzabala zen. Gogorra da, jende hori dagoeneko ez baitago hemen.

Princetoneko arkitektura
Kartzelaren modukoa. Jakintzaren eta subjektibitatearen diziplinaren espazio garrantzitsuena. Unibertsitate amerikarrek kontraesan hori daukate: oso kontserbadoreak, Bushen programaren tentakuluak dira, eta era berean, han ezagutu ditudan irakasleak zoragarriak ziren. Gerrako bunkerrean irautea bezala da.

Paris eta Le Zoo taldea

Queer kultura ez zen Parisera iritsia, ez zuten Judith Butler ezagutzen, testuak ez zeuden itzulita... Ilargitik itzultzea (New Yorketik Pariserako bidaia) bezala izan zen. Mundu berria ezagutua nuen nik, imaginario politikoa eta Parisen nirekin hori egin nahi zuen jendea aurkitu nuen. Sormen handiko garaia izan zen.

Ikasle izatetik irakasle izatera
Ez naiz aldaketa horretaz ohartu. Ikasle sentitzen naiz. Inoiz ez duzu ikasten ikasi duzula uste duzun horretatik eta ez dizu erakusten irakasten ari zaizun horrek.

Donna Haraway
Asko maite dut. Bera ikusi nuen lehen aldian ulertu nuen zerbait nire gorputzaz, nire matraileko protesiaz. Gorpuztasunarekin zerikusia duen guztia niri ondoen azaltzen jakin duena izan da.

Azkenak
Elikagaiak jasotzeko “diru-txartelak”, familia zaurgarrienentzat Nafarroan

Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak

Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi... [+]


Mecaner Herriarentzat
“Fabrikaren erosketa publikoa behar dugu”

Stellantis multinazionalak Mecaner lantokia itxi eta 148 behargin kalean utzi ditu Urdulizen (Bizkaia); horren aurrean, "Mecaner Herriarentzat" alternatiba ekosoziala sortu dute hainbat eragilek. LAB sindikatuko Iraide Juaristik eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallastegik... [+]


Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita

Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.


2024-10-14 | Julene Flamarique
Udalatx mendiko gurutzea eraitsi eta... idazki misteriotsu bat utzi dute

Arrasateko Udalak sare sozialetan jakinarazi duenez larunbat goizaldean kendu zuten ezezagunek gurutzea. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zegoen kokaturik, 1.120 metroko garaieran. 1971. urtean jarri zen eta 250 kiloko pisua eta 10 metroko luzera zituen. Oraingoz ez da gurutzea... [+]


Zer esan nahi dute ‘begiratu’, ‘ulertu’ eta ‘pertsona’ hitzek?

Ez da akaso harrotasun seinale nire aurrean dauden pertsonak pertsona izango ez balira bezala begiratzea? Bai, noski baietz. Baina nola espero dugu bestela besteak ulertzea? Ulertu, behatu, begiratu. Besteak ulertu nahi izateak, ez du jarrera harro hau eskatzen? Ni pertsona... [+]


Genozidioaren egunkariak

Urtebete igaro da, diotenez. Ez dut sekula ulertu mendebaldarrok daukagun ohitura harroputz hau: nahiz eta gatazkak ia mende bateko iraunaldia izan, datak nahierara moldatzen ditugu, garrantzia nolanahi oparituz. Azkeneko sasoia ezberdina izan al da beren lurraldean preso... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Gasteizko euskalgintzak egun osoko egitaraua antolatuko du urriaren 19an

“Gasteiz euskararen hiria” ekimena ospatuko dute urtarrilaren 19an Arabako hiriburuan. Euskaraz egingo diren ekintza ezberdinek osatuko dute hamabi orduko egitaraua. "Euskara protagonista izatea" da ekimenaren helburua.


2024-10-14 | iametza
Educamadrid eta MAX: burujabetza teknologikoa Madrilgo hezkuntza sisteman

EducaMadrid software librean oinarritutako hezkuntza plataforma 2002an jarri zen martxan Madrilgo Erkidegoan eta egun milioi bat erabiltzaile inguru ditu. Bertako kide Daniel Estebanek plataformaren aurkezpen praktikoa egingo du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo... [+]


2024-10-14 | ARGIA
40 estatuk “gogor gaitzetsi” dute Israelek NBE-n kasko urdinei eraso egin izana

Azken egunetan gutxienez Nazio Batuen Erakundeko bost kasko urdin zauritu ditu Israelgo armadak, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiaren kontrako erasoetan, Naqoura herrian. Netanyahuk esan du kasko urdinak “giza ezkutu” gisa... [+]


Eguneraketa berriak daude