«Gure publikoa aldatzen ari da»

  • Seaskako ikastolek, Ipar Euskal Herrian bereizgarriren bat duten ikastetxe askok bezala, ateak zabaltzen dituzte urtero garaiotan. Zentroetara bertaratzen direnei murgiltze sistemaz, haur txikien harreraz, antolatzen diren kanpo ekintzaz, dena delakoaz ematen dizkiete azalpenak guraso eta irakasleek. Matrikulazio kanpaina baino gehiago, 35 urtetako esperientzia taularatzea izaten da.
Henriette Aguerre
Henriette Aguerre

Nola antolatzen da Ateak Zabalik eguna?


Lehen urratsak Garapen taldeak egiten ditu, hau da, ikastoletako irakasle nahiz gurasoz osaturiko lan taldeak. Gure mezua nola eta zein egunetan zabaldu nahi dugun finkatzeko, hainbat bilera egiten ditugu.
Orain dela hiru urte, eskualdeka biltzea erabaki genuen. Pentsatu genuen ikastola bakoitzak bere esfortzua egin beharrean hobe zela ekintzak multzoka prestatzea. Gure kasuan, sei ikastola bildu ginen: Sara, Senpere, Azkaine, Urruña, Hendaia eta Donibane-Ziburu.

Nola egiten da deialdia?


Herri ttikietan ahoz aho, pankartak ere baliatzen dira... Gure eskualdean afixak eta triptikoak inprimatu izan ditugu. Lehenak saltokietan eta jendea biltzen den guneetan ipintzen dira eta triptikoak banatu egiten dira. Prentsari dagokionez, zentro bakoitzak komunikabide baten ardura hartu zuen orain hiru urte eta horrela banatu zen lana.

“Egiazko elebitasuna” saltzen duzue.


Haurrek euskara ikasteko eskolarik efikazena ikastola dela zabaltzen dugu gure mezuan, ikastolan ikasten dela hobekien, baina ez euskara bakarrik, baita frantsesa ere. Horrek erran nahi baitu, hamaika urte bete eta hemendik ateratzen direnean, haurrek bi hizkuntzak berdin menperatzen dituztela, bai ahozkoan eta bai idatzian.

Guraso erdaldunei bereziki nabarmentzen diegu ikastola ez dela euskaldunen eskola bakarrik. Batzuek pentsatzen baitute euskaraz ez dakienak ezin duela bere haurra ikastolara ekarri, ezingo dutela ikasketetan segitu.
Pasa nahi dugun mezua horixe da: gurasoek ez badakite ere, haurrek ikastolan ikasiko dutela euskara, horixe baita gure komunikazio hizkuntza.

Bistan dena, haiek ere indar apur bat egin beharko dute, irekiak izan beharko dute eta haurrari euskara ikasteko baliabideak ipini: CDak eta DVDak erosiz, euskaraz egiten diren agerraldietarat joanez, euskal telebista begiratuz... Gurasoek laguntza handia eman diezaiokete haurrari, nahiz eta haiek euskaldunak ez izan.

Zer esaten diezue frantsesari buruz?


Frantsesa beste eskoletan baino guttiago eta beranduago lantzen den arren, besteek bezala menperatzen dute. Azken finean oren horiek ongi emanak badira, aski izaten da, frantsesa ikastoletatik kanpo denean entzuten baitute eta gehienentzat etxeko hizkuntza ere bai baita. Familia batzuetan biak dituzte, frantsesa eta euskara. Oso gutti dira euskara hutsean aritzen direnak. Horixe da gure errealitatea.

Garapen taldeak, beraz, zabalduko den mezua eta modua lantzen ditu. Hortik sortzen diren gastuak nork ordaintzen ditu?


Garapen taldeak proiektua eraiki behar du eta aurrekontua prestatu, zenbat kostako den jakiteko. Hori Seaskari aurkezten zaio, eta Seaskak daukan buxetaren araberako laguntza ematen du. Aurten eskatu dugun guztia onartu zaigu.


Emaitza ona izaten al du kanpainak? Jende asko hurbiltzen al zaizue?


Hurbiltzen dira, bai. Ez dira anitz, beharbada, baina hurbiltzen dira eta balio handikoa dela pentsatzen dugu. Gure ikastolak normalizatzen ari dira, gizartean beren lekua hartzen ari dira eta jendea beldurrik gabe etortzen da orain.

Lehen militanteen eskola zela pentsatzen zen. Orain gure publikoa aldatzen ari da. Ikastolak ireki egin dira eta denetarik heltzen da.

Zer egiten da ikastolako ateak zabaltzen direnean?


Irakasle eta gurasoek elkarrekin, kanpoko jendeei harrera egiten diegu. Irakasleok gure hezkuntza proiektua eta sistema nola diren azaltzen dugu: haurrek zer eta nola ikasten duten. Gurasoei, berriz, lekukotasuna ematea eskatzen diegu, ikastolaren izatea nola bizi duten, euren haurrei nola dihoakien... Haurrek ere beren lantxoak prestatzen dituzte zenbaitetan –antzerkiak, poesia emanaldiak...–


Zeintzuk dira gurasoen kezka nagusiak?


Erdaldunentzat etxeko lanak dira kezka nagusia, euskaraz jakin gabe haurrak nola segitzen ahal diren, ariketekin nola lagundu... Kasu horretan inportantea da esperientziak azaltzea, gurasoak euren artean mintzatzea, hobeki ulertzen baitute elkar.


Nola hartzen dituzte azalpen horiek?


Gehienetan ongi pasatzen da, haurrek izaten dituzten lanak errazak izaten baitira, ikastolan landutakoak, irakurtzeko edo buruz ikasteko lantxoak, euskararik ez dakienak ere segimentua egiteko modukoak.

Gerta daiteke zailtasuna duen haurren batek laguntza handiagoa behar izatea. Arazoa denean gurasoengana jotzen da berehala. Elkarrekin mintzatuz eta oztopoak ikusten dituztelarik, aterabideak miatzen dituzte elkarrekin. Konponbideak beti badira.


Ikasle talde ttipiak izan ditu beti Seaskak, bereziki Ama Eskolan. Ikastolen aldeko publizitaterik garrantzitsuenetakoa izan da hori, hain justu. Baina egoera aldatzen ari da, Hezkunde Nazionala irakasle lanpostuak kentzen ari da…



Egia da. Ahal bezain baldintzarik onenak eskaintzen saiatzen gara beti. Irakasle posturik aski ez delarik laguntzaileak hartzen dira, haur asko diren geletan irakasleari laguntzeko.

Horiek ez ditu Hezkunde Nazionalak bere gain hartzen, ezta bi urtetik beherako haurren irakasleak ere. Lanpostu horiek ikastola bakoitzak ordaintzen ditu, alegia gurasoek, edota bestela Seaskak, inoiz Herriko Etxeak, Miarritz kasu, baina oso guttitan.
Postu murrizketari buruz, dena den, erran behar da ez dugula amore emanen; behar diren salaketa, aldarrikapen eta mobilizazio guztiak eginen ditugula, gure hezkuntza kalitatea ezin baita jokoan jarri.

Azkenak
Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Eguneraketa berriak daude