Gatza oparitzen digun herria

  • Erreportaje honen izenburua ez da eman dezakeen bezain metaforikoa. Gatza, antzina aberastasun ikur eta iturri, ia-ia “oparitu” egiten da gaur, hain da merkea. XXI. mendean, gatzgintza ez da aski herri oso bati jaten emateko, nahiz eta, Gesaltza-Añana bezala, gatzari esker ospetsua izan, eta nahiz eta, Gesaltza-Añanak bezala, 100 biztanle inguru besterik ez eduki. Amore eman beharrean, herritarrak bide berriak bilatzen dabiltza gatzak lehengo balioa berreskura dezan.
Gesaltza-Añana
Gesaltza-Añana Arabako herriaIñigo Azkona
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Arabako hego mendebaldean, Gasteiz, Burgos eta Urduñatik gertu, Añana dago. Herri bik osatzen dute udalerria: Atiega eta Gesaltza-Añana. Bigarrena da ezagunena, haren azpian lo dagoen gatz domoari esker. Edo hobe litzateke esatea, gertakarien kronologiari iruzurrik ez egiteko, gainean eraikitako herriak bihurtu zuela domoa ospetsu. Gatzaren “erruz” sortu baitzen Gesaltza, eta ez alderantziz.

Faktoreen ordenak, edozelan, bost axola gesaltzarrei, ez baitu beren historia aldatzen: mendetan zehar gatz eginez biziraun duen herria, azken hamarkadotan migratzera behartuta. Arazoa ez da gatza agortzea, haren prezioa zeharo amildu izana baizik. Gatzak petrolioaren balioa balu, Gesaltza Irak izango litzateke.

Domoak bost kilometroko luzera du alde batera, eta sei bestera. Sakonera beste bost kilometrokoa da. “Milaka eta milaka urterako gatza dago hemen”, dio Juan Carlos Medinak, gaur egun gatz biltzeaz bizi diren hiru gesaltzarretako batek. Bera jaio zenean, eta 38 urte besterik ez dira igaro, hori zen herritar gehienen lanbidea.

Historia apur bat

 


“Hau da Arabako hiribildurik zaharrena. Izan ere, herririk zaharrena da”, dio Medinak. Herriaren forua XII. mendekoa da, baina erromatarren garaiko aztarnek askoz lehenago hasitako historia baten berri ematen dute. Ez da ahaztu behar erromatarrentzat gatzak balio handia zeukala, soldata ordaintzeko ere erabiltzen zuten eta. Hortik dator salario hitza.

Aipatu ditugu, honezkero, mendetan zehar Gesaltza elikatu duen domoaren neurri eskergak. Baina gatza ezin daiteke nongura har. Lur azpiko urak desegiten du domoa, gatza berarekin eramanez, eta gero nahi duen lekuan azaleratzen da. Inguru osoan hiruzpalau iturrik ematen dute ur gazi antzina preziatua, eta garrantzitsuena Gesaltzakoa da, noski.

Iturria non, lana han. Erdi Aroan, Gaztelako erresuma zen Añanako gatzagaren jabea, Medinak esan digunez. Erregeek, mesedeak ordaintzeko, gatzaga zatiak ematen zizkieten jauntxoei, Elizari... Baina bizkarra ez zuten nobleek eta abadeek tolesten, jopuek baizik. Haiek biltzen zuten gatza, eta langileek lanetik hurbil behar dutenez, herria sortu zen. Alde batean etxeak zeuden, bestean Haran Gazi deritzona. Gaur egun, oraindik, halakoxea da Gesaltza.

Haran Gazia

 


Pobesetik (Araba) etorrita, Gesaltza zeharkatzen duen bidearen eskuman dago herria bera, oso ederra bide batez esanda, eta ezkerrean Haran Gazia, guztiz paisaia berezia. Haran erditik doa ur gazi errekastoa, eta haren alde bietan gatza lortzeko erabiltzen diren (edo ziren) zurezko sail txikiak daude. Larrain esaten zaie sail horiei, eta ia 5.500 daude haranean.

Hain aspaldi ez dela, gesaltzarrek larrain guztiak ustiatzen zituzten. “Garai onenetan, familia batek 200 edo 300 larrain zeuzkan bere gain”, gogoratzen du Medinak. Ordurako erabat ahaztuta zeuden feudalismoko sasi-esklabutzak, denboraz, apurka-apurka, herritarrak eurak larrainen jabe bilakatu baitziren. Inoren esklabu izatekotan, lan gogorrarenak ziren. Argitu behar baita gatzari esker bizitzeko modua izan dutela gesaltzarrek, baina ez oparo. “Hemengo jendeak, edonongoak bezala, gose handia jasan behar izan du; gatza ez zen nahikoa, nekazaritza eta abeltzantza ere beharrezkoak ziren bizi ahal izateko”.

Aberats izan ez arren, lapikoa betetzerik bazuten behintzat orain mende erdi-edo Gesaltzan bizi ziren 1.000 inguru lagunek. Baina 60ko hamarkadak hondamendia ekarri zuen. Lehen, elikagaiak gordetzeko gatza erabiltzen zen, baina hozkailua asmatzearekin batera, gatz bilketarenak egin zuen. Gazteak berehala ohartu ziren hartaz ez zegoela gehiago bizitzerik, eta hiriburuetara jo zuten lan bila. Zaharrenak geratu ziren larrainak ustiatzen, baina aurrerantzean etxeko ekonomiarako laguntza txikia baino ez zen izan gatza, eta inolaz ere ez ekonomia horren zutabe.

Hamabost urteko etena

 


Egun batez, azken larraineko azken langilea ez zen lanera joan, bi milurteko ohitura etenaz. Hala igaro ziren hamabost urte, eta hala igaro ziren milaka tona gatz gesaltzarren aurretik, Haran Gaziko errekatxoan inorako bidean, batuko zuten eskurik gabe. Herritar askok ere inorako bidea zuten hartua, eta Gesaltza hustuz joan zen. Medinaren esanetan, gaur egun 90en bat lagunek dute herrian eguneroko bizilekua, eta horietatik 30 inguru daude lan egiteko adinean, gainerakoak zaharrak dira.

Orain dela zazpi urte, gesaltzarrek Gatzaga elkartea sortu zuten. “Haren bitartez, akordioa egin genuen Aldunduarekin, hark izan zezan 25 urtez gatzagaren gozamena, baina herritar bakoitzak bere larrainen jabetzari eutsiz”. Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak eskubidea dauka Haran Gazia ustiatzeko, eta horretan ari da. Asmoa ez da, inondik inora, hozkailua asmatu aurreko garaietara itzultzea, gatza turistentzako amu bihurtzea baizik. “Horrez gain, hemengo gatzak balio erantsia daukala zabaldu nahi dugu, kalitatezko produktutzat saltze aldera”, dio Medinak. Dagoeneko, herriko taberna bietan eskuragai dago bertako gatza, zorro txiki bezain dotoreetan gordeta eta supermerkatu batean eskandaluzkoa litzatekeen prezioan.

Langile bat larrainetan, bi fabrikatan

Zaharberritze lanak hasiz geroztik, langile bat dabil Haran Gazian, soldata baten truke. 70 larrain ditu bere gain. Gainerako ia 5.500etatik, beste 500 baino ez daude ustiatzeko moduan. Helburua den-denak berrosatzea da, baina ez gatza ekoizteko, garai batean nolakoak izan ziren ikusteko baizik. Etorkizunean, gatz bilketa turismoaren ardatza izatea nahi lukete: “Jendea etor dadila gatza zelan batzen den ikustera, eurek ere eduki dezatela aukera larrain batean lan egiteko, beha dezatela gatzuna zelan bihurtzen den gatz, eta azkenik beren gatza eraman dezatela etxera”.

Gatz bilketan diharduten beste langile biak Salinera Añana enpresan dabiltza, herriko irteeratik metro gutxira. “Guk, dagoeneko, ez dugu ia gatzik saltzen, gatzunea baizik”, azaldu digu Medinak. Hau da, gatza uretatik atera eta gero, berriro nahasten dute urarekin.

Gatzaren prezioa, hutsaren hurrengoa

Gatzunea kamioi handitan eramaten da bezeroengana: gaztagileak, okinak… %90a kontserba industriara joaten da. Neguan, berriz, errepideetan botatzeko saltzen da asko, elur egiten duenean. Errepideetarako gatz zikina erabiltzen da, eta ez zikoizkeriaz: kilometroko ehun kilo gatz. Guztira, ia 30 milioi litro gatzun ateratzen da urtero enpresatik. Litro bakoitzak kilo eta 300 gramo gatz dauka, egin kontuak. Eta hala ere, bi lagunek baino ezin daitezke bizi horretaz. “Jakina! Gatz zikin kiloa lau zentimo ingurutan saltzen da. Gatz garbiaz egindako gatzun kamioi bakoitzeko, berriz, 75 euro ordaintzen digute, zerga guztiak barne. Eta 24.000 litro dira” dio Medinak.

Gesaltzan, honenbestez, aurrera doaz gatzaren salneurria igotzeko ahaleginak, berez duen zaporeari historiarena erantsiz. Garai hobeen zain daudela, bertakoek harro esan dezakete, behintzat, orain arte ez dutela inongo dendatan sekula gatzik erosi behar izan.

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude