Kontsentsuaren haritik tiraka hautatu da EAren zuzendaritza berria, azken zortzi urteetan ez bezala. EAJrena ere molde beretik atera zen. Barne egoerari indarra ematen dion formula da eta egungo egoera politikoan EAk zein EAJk beharko dute kohesio maila sendoa.
Kontsentsua kontsultaren erronkari aurre egiteko, besteak beste.Unai Ziarreta atera da lehendakari eta Joseba Azkarraga idazkari nagusi. Datu esanguratsua Azkarragaren kasuan: ez du lortu hirugarren bidea finkatzea eta, EAko buruzagi historiko eta karismatikoa izanik ere, bera izan da zuzendaritzako kide berrietatik batzarraren sostengu gutxien lortu duena.
Begoña Erraztik arrazoi pertsonalak argudiatu ditu lehendakaritzara ez aurkezteko, baina EAren ofizialismoaren sostengu eza ere suma liteke jarrera honen atzean. Iragan udal hauteskundeetan EAJrekin batera aurkeztearen alde agertu izanaren ondorioak.
Ziarretak oposizioa zuzendaritzan bertan dauka orain. Egia da asmatzen bada indar askoz handiagoarekin abiatuko direla erabakiak; egia da ere lehengo molde bereko zuzendaritzan baino gehiago kostako dela erabakiak ebaztea.
EAko lehendakari berriak egin ditu urte batzuk idazkaritza nagusian, baina lehen lerroan aritzeko oraindik zaildu gabeko politikari gisa agertzen da. Batzuetan lehendakaritzara modu behartu xamarrean ere iritsi dela irudi luke. Lidergoa finkatzea izango da bere barne mailako erronka nagusia. Kanpora begira, 2008ko urte korapilatsuan EAren zuzendaritza berriaren erabakiak kontsentsuaren soinutik gidatzea.
Lehenbiziko erronka martxoko Espainiako hauteskundeetan dauka EAk eta koalizio abertzalearen aldekoa bada ere, ez dirudi EAJ, EA eta Aralarrek era lezaketen ekimen berriak aukera handirik duenik. Bigarren desafioa galdeketarena da. Noraino joan nahi du Ibarretxe lehendakariak kontsultaren eremuan? Ekimenak oraindik lausotasunean jarraitzen du, baina EAk argi ditu berau sostengatzeko bere baitan izan behar dituen hiru printzipio nagusiak: kontsultagai izango den proposamenak erabaki eskubidea onartu behar du, eskubidearen gauzatzea bideratu eta lurraldetasunaren ateak irekiak izan behar ditu.
ETA-ren azken agiriak ere ez du guztiz argitu Capbretongo guardia zibilen heriotza, baina gertatu zenera hurbiltzeko pista gehiago ematen dituzte pasartea azaltzeko erabiltzen diren bi berbak: enfrentamendua eta exekutatu. Agiriko enfrentamendu hitzaren testuinguruak ez du aditzera ematen guardia zibil eta etakideen artean tiroketarik izan zenik, enfrentamenduari kutsu orokorragoa ematen dio. Exekutatu-k, ordea, etakideek guardia zibilak ezagutu egin zituztela adierazten du eta haiek hiltzea erabaki zutela. Aurretik kontrolatu eta atentatua prestatu zuten edo dena bat-batean gertatu zen, hor ez da argibiderik, baina ihes egiteko moldeak azken hipotesia indartuko luke.
Urtebete joan da iazko Barajasko T4-ko atentatutik gaurdaino eta ETAren jardun armatuak lau hildako utzi ditu bidean. Sestaon joan den asteburuan izandako atentatuak ere argi erakusten du gaur gaurkoz ETAren posizioa non dagoen.
Espainiako Gobernuak ere argi adierazi du bere apustua errepresioan dagoela. Martxoko hauteskundeak irabazi arte bederen. PP eta PSOE estu doaz lehiara, baina Jose Luis Rodríguez Zapaterok irabaziko bide ditu hauteskundeak. Thomas Catan The Timeseko Madrilgo korrespontsalak bederen oso argi islatu du iritzi hori Courrier International eta The Economistek 2008az elkarrekin atera duten prospekzio aldizkarian. Inkestek ere hori adierazten dute, baina tartea handia ez dela argi dago eta PSOEk bere boto emaileak mugitzeko PPk baino ahalegin handiagoa egin beharko duela ere bai.
Oraingoz bederen, errepresio judizialaren bideak kolpe latza jaso dezake Estrasburgoko Auzitegian. Ilegalizazioen inguruan ezker abertzaleko abokatuek jarritako helegiteak tramitera onartu izana urrats garrantzitsua da eta hala hartu dute alde guztiek. Hilabeteak beharko dira oraindik azken emaitza ikusteko, eta okerrena, ez dirudi honek eraginik izango duenik EAE-ANVren ilegalizazio urratsetan.