Behin desbideketa?: Arabako Laudioko kronika


2007ko urriaren 28an
Felix Muguruza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Duela hilabete batzuk, zaborra biltzeko sistema pneumatiko bat ezartzeko obrak hasi ziren Laudio (Araba) nire herrian. Eta arau orokorretan jasota egon arren, ez zitzaion inori burutik pasa lan horietan erabiliko ziren kartelak euskaraz “ere” ageri behar zirela.

Horrela, “desvío provisional” bakarti batzuk izan genituen aste batzuez kale nagusien sarreretan. Ez zen inor okerraz ohartu, antza. Eta are gutxiago kezkatu. Ustezko zorioneko euskaltzale bat izan ezik, gehienetan eta tamalez gertatu bezala. Ustezkoa diogu, nor den ez dakigulako. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskubideak babesteko bulegoaz baliatuta, kexa bat ezarri zuen herri elebidun batean ele bakarreko kartelak jarriak genituelako. “Jaurlaritza”. Orduan bai! Udaletxera iritsi eta alarmak, alarmarako tokirik baldin badago administrazioa bezalako tokietan, piztu egin ziren. Obretarako udal zerbitzu eta enpresaren arteko harremanak hasi ziren eta kartelaren gainean euskarazko testua edukiko zuen xafla bat itsastea erabaki zen.

Hala egin, ozeano-ekaitzak baretu ziren eta... horra hor, inaugurazioetako gortina korritzean “behin desbideketa” barregarri bat ageri zela, herriaren lotsarako. Zentzurik gabeko mezu idatzia baino zentzugabeagoa oraindik hor mantentzea. Dagoeneko eginda daudenez, antza, mantendu behar ditugu.

Hori da Arabako –eta seguru asko gainontzeko herrialdeetako– euskara teknikariok behin eta berriro aurkitzen dugun panorama: euskarari ez zaiola merezi eta behar duen garrantzia ematen.

Eria zaintzeko kolore guztietako enplastoak

Estratosferatik harago dauden agintariek ezagun dute bizi dugun egoera tamalgarri hau, bai. Baina, halere, ezer gutxi –ezereza adierazteko eufemismoa– da egoera hori bideratzeko egiten dutena. Bitartean, eria zaintzeko kolore guztietako enplastoak asmatzen dituzte egun batean bai eta bestean ere: euskara lege, hizkuntza-eskubide, era guztietako siglak (EBPN, HPS, AEBEMET...), berripaperak, hizkuntza eskakizun eta ez dakit zer demontre gehiago sortzeko, jakin badakitenean zauria aurretik garbitu barik, alferrekoa dela tiritak ezartzea.

Zer egin dezake herritar euskaltzale batek EITBren egoitza berrira hurbildu eta harrerarako gunearen atzean “prohibido fumar” erraldoi bat besterik ez duenean aurkitzen? Edo eta bere inguruetan –San Mames futbol zelaia dago gertu– ez aparkatzeko seinaleak “Excepto en días de partido / Alderdi egunetan ezik” mezuarekin nahastuta sentitzen denean?

Euskalmet-ekin gertatua

Lau haizetara zabaldu dira, bestetik, Euskalmet izeneko meteorologia zerbitzuaren abantailak eta onurak. Zinez aitortzen dut erabilgarria eta txukuna dela. Eta xehetasun eta bazter guztiak zaindu direla... hizkuntzari dagozkionak izan ezik, jakina!

Idazki bat baino gehiago bidali behar izan nuen meteorologia zerbitzu horrek eskaintzen duen eguraldiari buruzko herriz herriko informazioan, kontsulta bat egiteko erdal izenak baliatu behar zirela salatzeko, hau da, ezinbestez “Llodio” izena aukeratu behar nuela Laudiori buruzko informazioa bilatu nahi nuenean. Zergatik webaren oinarri eta egituraketa gazteleraz eraiki eta gero euskara agertzeko –agertu “behar” duelako– geruza batez makilatu?

Zer esanik ez, ez nuen erantzunik izan. Etsituta, goragoko mailetara jo nuen, ate joka, ea konponbide bat bilatzen zen, modu batez zein bestez. Eta ereiteak igaliak ekoitzi ditu: duela gutxitik hona euskal izenak –ofizialak direnak baino ez jakina: ea infernura zigortzen gaituzten!– erabil daitezke euskararen bitarteko kontsultak egitean. Baina... erdal izendapenen alfabetoaren araberako hurrenkeran ageri dira, hots, “Laudio” agertzen da “Llodio”-k okupatuko lukeen tokian; argiago esanda: alfabetikoki, Laudio Lesaka baino geroago dugula. Eta tratu iraingarri hori, euskal herri-izen guztiekin. Ondorioa: nahikotxo korapilatsuagoa dela euskaraz bilaketa bat bideratzea gazteleraz baino. Berriz, arbuioa gure hizkuntzari.

Merezi al du gutun gehiago idazten jarraitzeak? Ez al da inor, honenbeste politiko, izendapen zuzeneko kargu, langile, teknikari, kalitate-kontrol edo jesukristoren artean hori gaizki dagoenaz ohartu? Zenbateraino jasan behar dugu herritar euskaldunok oinaze hori?

Aurrekari hau ikusita, zein hizkuntzatan egongo dira herri izenak ondare dokumentalak –Irargi zerbitzuaz ari naiz– kontsultatu nahi ditugunean? Gazteleraz, jakina.

Eta zergatik salatu behar izan nuen, nire herriaren izen ofiziala ez zidatela onartzen NAN egitean? Nork idatzi die Renfe, Repsol, Iberdrola... eta beste batzuei herri izen ofizialak erabil ditzaten? Herritar edo euskara teknikari gizajo baten ardura al da hori? Ala asmatu duten itxurazko kredo horretan sinesten duten gu baino gorago daudenena?

Agintariek ez dute berdintasuna bermatzen

Agintarien zenbat oihu entzun da salatzeko Bilbo euskarazko izenarekin –duela gutxi eta arau izaeraz Euskaltzaindiak berretsia– egiten ari den sarraskia? Bat ere ez. Zergatik jasan behar ditugu “Bilbao gaua”, “Bilbao kultura”, “Bilbao dendak”, “Bilbao garbi”, “Bilbao euskara” izugarri, mingarri, nahasgarri eta ezinezko horiek? Hizkuntza politikan agintea dutenen artean zein alderdikidek esaten dio Bilboko alkateari ez dela zuzena bide seinale guztietatik euskarazko izena ezabatzeko agindua ematea eta “Bilbao izena ere ondo dago euskaraz” dioen zurrumurru hori gezur borobila dela?

Honi lotua, artilleria berbera al darabil Euskaltzaindiak izenen zuzentasunaz hitz egitean Guardia (eta ez Biasteri), Iruñea (eta ez Iruña) edo Bilbo (eta ez Bilbao) direnean? Ala egia esateari beldur diogu, aurrean dugunaren giharren tamainaren arabera?
Zeinek egin dio errieta bere herriaren euskarazko izena “galiziar soinua” hartzen zuelako hedabideen aurrean gaitzetsi eta uko egin zuen zinegotzi, ustez, abertzaleari?

Zein hizkuntzatan aurkitzen ditugu herritarrok abisu, ohar, kartel eta gainontzekoak sendagile, ospitale, Ertzaintza edo antzekoetara goazenean? Ez al da errealitate hori berori ematen Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian bertan? Non geratzen da berdintasuneko tratua hizkuntzez ari garenean? Dugun egoera hori dugula, premia larriena al da etorkinentzako euskarara hurbiltzeko ikastaroak antolatzea? Zergatik ez horrelakoak agintean daudenentzat? Ala hizkuntza normalizazioan eragin bera dute batzuek eta besteek hartzen dituzten erabakiek?

Udal euskara teknikarien funtzioa

Zer egin daiteke euskararen inguruan gutxienekoak betetzeko ere, funtzionario baten ezezko harroari aurre egin behar diogunean? Zertarako nahi ditugu barne, kanpo, zeharkako edo goitik beherako euskara planak administrazioak berak euskaldundu duen funtzionario batek euskara ez duela sekulan eta ezertan ere erabiliko esaten duenean eta ausardia horrengatik zigor-mehatxuen ordez agintarien errukitze eta lasaitzeak lortzen dituenean?

Eta tartean, hizkuntza-politika eta hizkuntza-politikoen artean dagoen bateraezintasun hori agerian jartzen inor ausartzen ez den bitartean, euskara teknikarion figura asmatu da Manchako Kixoteak goraipatzen zuen Fierabrás baltsamoa bezalaxe, munduko gaitz guztiak sendatzeko balio duena. Hemen gaude, goitik, behetik eta alboetatik datozen frikzioak leuntzeko, amortiguadore lana egiteko, euskararen inguruan presiorik dagoenean teknikariok jasateko, politikarien bizkarrera ez delako sekulan ere eramango.
Egin gabe egin behar da. Itxurak bai baina arazo bihurtu barik. Araban, gainontzeko leku gehienetan bezala, “ez egite gozoa” egoeran eduki nahi da gure hizkuntzaren normalizazioa. Bai euskarari... baina muga batzuekin. Ondo normalizazioa ludikoa den bitartean baina kontuz ahalegin edo konpromisoak inplikatzen dituenean.

Kanpora begirako ekintzak, barrua ukitu barik

Egoera horretan, ekintza magikoen atzetik gabiltza, etengabeki, euskara teknikariok. Beti aldamenekoek egin dutenari begira ea gure udalerrian, euskal artxipelagoko gure irla isolatuan, gauza bera klonatzeko aukerarik dagoen. Beti frustrazio giroan, munduko ahalegin guztiak eginda ere, emaitzak eskasak izango direlako. Baina zer espero zitekeen?

Horregatik, euskararen inguruko ekintzak egin behar dira nahi eta nahi ez: areto hustuetako hitzaldiak, hartzailerik gabeko kanpainak edo aharrausi, –barka–, bertso-saioak. Nola edo hala. Ume eta gazteei zuzenduak, batez ere eta lehentasunez. Ahalik eta gehien. Ez gaude, aitortu behar dut, euskara teknikariok udalekuetako begiraleek darabilten planifikazio estilotik oso urrun. Titulazio gutxiagorekin... Baina egin egin behar dira, hori baita inon idatzita ez dagoen agindu sekretua. Kanpora begira beti, barrukoa larregi ukitu barik.

Eta bitartean eta nahi gabe, negozio errazak eta borobilak egiteko giroa sortu du euskara teknikarion ezinak. Guregana hurbiltzen dira, uneoro, era guztietako eskaintzak, euren benetako prezioa bikoiztu edo hirukoiztuta, kalitate eskasekoak askotan...

Baina berdin dio, “zerbait egin” behar denez, lotsagabe batzuen lapurreta horiek ere onartu behar ditugu. Gaur egun, “euskara” etiketa jartzea nahikoa da erakundeekin negozio ona egiteko. Ez naiz zerbitzuak errentagarri bihurtzearen kontra, baina bai sarritan egiten diren gehiegikerien aurka. Hausnartzeko kontua.

Arabako teknikari urrien prekariotasuna

Gasteiz hiriburua alde batera utziz, bost besterik ez gara berrogeita hamar udalerriz osatutako Araban gauden udaletako euskara teknikariak. Bakar batek ere ez du bere lanpostua jabetzan eta, kasu gehienetan, era guztietako trikimailuak erabili izan dira euren lan-kontratuak “justifikatu” ahal izateko. Hori, ez ahaztu, oro har, agintea abertzaleen esku dagoen probintzia (o! barka: herrialde) batean. Gauzak horrela, nola ez zuten gaizki hartuko Nafarroako agintariek duela gutxi HPSk hara bidalitako ebanjelizazio ordezkaritza? Dugun miseriarekin hangoei erakutsi behar diegu nola egiten den hizkuntza politika duin eta zuzen bat? Ez al da bertakoak iraintzeko modukoa?

Baina, tira. Hauxe da Araban dugun giroa. Ez da txalotzea merezi duen horietakoa baina, hala ere, pozik goaz goizero gure lanera, jakinik hobe dela gutxi egitea ez egitea baino. Gainera, administrazioan ez bezala, irakaskuntzan nabaria da euskararen normalizazioan egindako ahalegina, eta bere fruituak dastatzen hasiak gara.

Ez nuke berriz berakatz-zopa deskubritu nahi izango baina egia da, gauzak daude moduan, normalizaziorako bidean lehenengo eta ezinbesteko urratsa agintariei dagokiela eta ez teknikariei. Kredoen kontua da: esatea ez ezik sinetsi ere egin behar da. Bestela, malkartsu suertatuko zaigu harriz beteriko bide hau.

Zero azpitik abiatu behar

Euskarak, amaitzeko, indarra eta ez ahulezia behar du mendeetan gaztelera nagusi izan den gure herrialdean berpiztu ahal izateko. Zerotik behera dago gure abiapuntua, ondoko herrialdeetan ez bezala. Horregatik, laguntza berezia behar dugu, dela giza baliabideetan dela dirutan, orain arte egin denaren guztiz kontrakoa hain zuzen ere.

Eta Olentzerori zuzendutako desio zerrenda honen barruan, nahiko nuke eskatu, baita ere, hautagai politikoei euskara maitatzearen eskakizuna exijitzea zerrendetara igo ahal izateko. “Maitatze eskakizuna” eta ez “hizkuntza eskakizuna”. Ez al da egokiagoa eta ederragoa normalizazio baterako? Eraiki diezaiogun Arabako euskarari etorkizuna irabazteko behar duen bide zabal eta hornitua eta utz dezagun atzean nire herrian behin batez egin zitzaion “behin desbideketa” hura.


* Felix Mugurutza, Laudioko euskara teknikaria eta Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea.

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude